2020(e)ko urtarrilaren 1(a), asteazkena

Olaitturri Kultur Elkartea

Olaitturri Kultur Elkartea

Oñatin, 2009ko urtarrilaren 24an, goizeko 11etan, ondoren azaltzen diren pertsonak bildu dira: Jabier Altube, Jabier Atxa, Antton M. Elortza, Jerardo Elortza, Iñazio Irizar eta Andres Zabala. Batzarra bideratu dezan, Iñazio Irizar jauna batzarburu aukeratu da eta Andres Zabala jauna idazkari.

Batzarburuak hitza hartu eta ekitaldiaren helburua elkartea sortzea dela adierazi du, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin eta Legebiltzarrak onartu eta uztailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 134. zenbakian argitaratutako Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearekin bat etorriz.

Jarraian, elkartea arautu behar duten Estatutuak irakurri dira eta ondoren estatutu horien edukiari buruzko eztabaida-saioa zabaldu da. Eztabaidatu ondoren, honako erabakiak hartu dira aho batez:

- LEHENA: “Olaiturri Kultur Elkartea” izena izango duen elkartea sortzea. Elkarteak Oñatiko herrian izango du egoitza soziala eta bere helburua Estatutuetako bigarren artikuluan adierazten dena betetzea izango da. Elkartea zabalik egongo da bazkide berriak onartzeko.

- BIGARRENA: elkartearen barne-araubidea eta moldaera arautuko dituzten Estatutuak onartzea. Akta honi erantsi zaio estatutu horien testua.

- HIRUGARRENA: elkartearen kudeaketa arruntaz arduratuko den Zuzendaritza Batzordea izendatzea. Aipatutako batzordeko partaideen izenak eta karguak erantsi zaizkio agiri honi.

- LAUGARRENA: Iñazio Irizar jauna ahalmentzea, akta hau izenpetzen dutenen izenean eta haien ordezkari gisa, eratutako erakundea, soilik publizitate ondoriotarako, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan inskribatzeko beharrezko eta komenigarriak diren izapideak egin ditzan. Horretarako, honakoak aurkeztu beharko ditu: bazkide sortzaile guztiek sinatutako eraketa-akta honen jatorrizko testuaren bi ale, sortzaile horien NANen fotokopia bana, eta Estatutuen jatorrizko testuaren bi ale, Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak eta idazkariak orrialde guztiak sinatuta.

Eta eztabaidatzeko beste gairik ez zegoenez, batzarra bukatutzat eman da egun bereko 12etan, eta azpian adierazitakoek sinatu dute akta, hartutako erabakiekin ados daudela adierazteko.

ERATZE EGUNA
Gaur goizean, 2009.01.30, eratua geratu da Oñatin kokatutako eta Makalena elkarteko adiskide batzuen artean sortutako irabazi-asmorik gabeko "Olaitturri Kultur Elkartea". Zorionak lagundu duzuen guztioi!


ELKARTEAREN ESTATUTUAK

LEHENENGO KAPITULUA
1. Artikulua.- Irabazi-asmorik gabeko “OLAITTURRI KULTUR ELKARTEA” izeneko elkartea eratu da; Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.13 artikuluetan oinarri izanik, Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea, eta, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin bat etorrita. Elkarteak honako araubidea izango du: aipatutako elkarteei buruzko legeak; Estatutu hauek; gobernu-organoek behar bezala hartutako erabakiak; eta, Eusko Jaurlaritzak onesten dituen erregelamenduzko xedapenak.

ELKARTEAREN HELBURUAK
2. Artikulua.- Elkarte honen helburuak honako hauek dira: Herri antzerkiko emanaldiak prestatu eta eskaini euskaraz, Oñatiko eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura sustatzeko.

Helburu horiek lortzeko, jarduera hauek egingo dira, ezarritako legezko betekizunak bete ondoren:
- Herri antzerkiak idatzi.
- Herri antzerkiak prestatu eta eman.
- Antolatutako herri antzerkien inguruan sortzen diren liburuak, artikuluak,ikusentzunezko materialak eta dibulgazio materialak egin eta banatu.

Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerak gorabehera, elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:
· Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatu.
· Era guztietako ondasunak edozein tituluren bidez eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak egin.
· Nolanahiko ekintzak burutu, betiere legeekin eta Estatutuekin bat etortzekotan.

ELKARTEAREN EGOITZA
3. Artikulua.- Elkarte honen egoitza helbide honetan egongo da: Euskadiko Etorbidea 8, 20560 Oñati, Gipuzkoa.
Elkarteak beste lokal batzuk ere eduki ditzake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu.
Bere Identifikazio Fiskaleko Zenbakia honakoa da: G75003608.

LURRALDE-EREMUA
4. Artikulua.- Elkarte honek nagusiki lurralde-eremu honetan gauzatuko ditu bere zereginak: Gipuzkoa.

IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA
5. Artikulua.- Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta IV. kapituluan esaten den bezala ezohiko batzar orokorrean hartutako erabaki bidez baino ezingo da desegin, edo legeetan aurreikusitako arrazoiren batengatik. Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoa izango da, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.

BIGARREN KAPITULUA
AGINTE- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK
6. Artikulua.- Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo da:
•Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena.
•Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.

BATZAR OROKORRA
7. Artikulua.- Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, eta organo honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak. Batzar Orokorraren ahalmenak:
a) Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea.
b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea.
c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Elkartea desegitea.
f) Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko gainontzeko kideak, baldin badaude, izendatzea eta kargutik kentzea.
g) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
h) Ondasun higiezinak erabili edo besterentzeko erabakiak hartzea.
i) Aginte-organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea.
j) Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hau, hala ere, Batzar Orokorrak aginte-organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez.
k) Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
l) Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.

8. Artikulua.- Batzar Orokorrak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.

9. Artikulua.- Batzar Orokorrak gutxienez urtean behin egin beharko du ohiko bilkura: lehen hiruhilekoan izango da, 7. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan zehaztutako erabakiak hartze aldera.

10. Artikulua.- Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean bilduko da bilkura berezian, bere ekimenez edota bazkideen %20ek eskatu duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko, bilkura berezia egingo da:
a)Estatutuak aldatzeko.
b)Elkartea desegiteko.

11. Artikulua.- Batzar Orokorra biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilkurak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik gutxienez hamabost egun pasatu beharko dira bilkura lehen deialdian egiteko. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez ordu erdiko tartea utzi beharko da.
Batzar orokorrak, arruntak nahiz bereziak, lehenengo deialdian balio osoz eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten elkartekideen kopurua edozein dela ere.

12. Artikulua.- Batzar Orokorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Alabaina, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo kualifikatua beharko da erabaki hauek hartzeko:
a) Elkartea desegitea.
b) Estatutuak aldatzea.
c) Ondasunak erabili edo besterentzea.
d) Ordezkaritza-organoko kideei ordaintzea.

13. Artikulua.- Bazkideek beste edozein bazkideren esku utzi dezakete batzar orokorretara joateko ordezkaritza. Ordezkaritza hori idatziz eskuordetu beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino gutxienez bi ordu lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herritik kanpo bizi diren bazkideek ordezkaritza beste norbaiten esku uzteko agiria postaz bidali dezakete.

ZUZENDARITZA BATZORDEA
14. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordea da Batzar Orokorraren xedapen eta zuzentarauei jarraikiz elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen organoa. Elkartekideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa. Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak honako seiak izango dira:
- Lehendakaria.
- Lehendakariordea.
- Idazkaria.
- Diruzaina.
- Batzordekidea.
- Batzordekidea.
Gutxienez urtean sei aldiz bildu beharko dute, bai eta, elkartearen jarduerak bideratzeko beharrezkoa den guztietan.

15. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara hiru aldiz jarraian, edo, tarteka sei aldiz agertzen ez bada, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.

16. Artikulua.- Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak. Kargu horiek lau urterako izendatuko dira, Batzordeak berariaz baliogabetu ezean. Kargudun berbera behin eta berriro hautatu ahal izango da.

17. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, ezinbestean baldintza hauek bete beharko dira:
a) Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean dauden legeetan bildutako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea.
b) Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea.
c) Elkarteko bazkidea izatea.

18. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde Nagusiak izangaia hautatu behar du eta, gero, izendatu horrek kargua onartu behar du. Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak ordaintzea erabaki dezake Batzar Orokorrak.

19. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dituzte karguak:
a) Agintealdia bukatzen denean.
b) Dimititzen baldin badute.
c) Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun-arrazoiak dituztenean.
d) Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Orokorrak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean.
e) Hiltzen baldin badira.

“a)” idatz-zatian agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehenengo batzar orokorra egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun berriak.
b), c), d) eta e) idatz-zatietan agertzen dena baldin bada arrazoia, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu, behar diren kargu izendapenak egingo ditu.
Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.

20. Artikulua.- Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen zereginak:
a) Elkartearen eguneroko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideekin bat etorriz eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
c) Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari aurkeztea, hark onar ditzan.
d) Batzar Orokorraren bileretako gai-zerrendak egitea, eta ohiko nahiz ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egitea erabakitzea.
e) Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea.
f) Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat etorriz.
g)Batzar Orokorrak berariazko erabakien bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

21. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordearen bilkurak lehendakariak erabaki edo batzordekide batek eskatzen duen bakoitzean egingo dira. Bilkurako buru lehendakaria izango da, edo, bertan ez balego, lehendakariordea, eta horien faltan, batzordekide zaharrena. Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak aldeko botoa eman behar du.
Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du bilkuran. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitateko botoa izango da erabakiko duena.
Idazkariak bilera-aktak egingo ditu eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.

KIDE BAKARREKO ORGANOAK
LEHENDAKARIA
22. Artikulua.- Lehendakariak beregain hartuko du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatuko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako lehendakaria izango da.

23. Artikulua.- Lehendakariak honako hauek denak egiteko ahalmena izango du:
a) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilera-deiak egin, bilerak bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu, eta boto-berdinketa gertatuz gero kalitate-botoarekin erabakitzea.
b) Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea.
c) Baliozki erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
d) Sortzen diren premiazko arazoak konpontzea, eta egiten den lehenengo bilkuran Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea.
e) Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

LEHENDAKARIORDEA
24. Artikulua.- Lehendakariordeak lehendakariari lagunduko dio, eta lehendakariak aldi batean bere kargua bete ezin badu, lehendakariordeak ordezkatuko du. Era berean, lehendakariak berariaz eskuordetzen dizkion ahalmen guztiak izango ditu.

IDAZKARIA
25. Artikulua.- Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.
Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko jakinerazpenak eginez agintari eskudunari.

DIRUZAINA
26. Artikulua.- Egindako diru-sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu behar dizkio, eta horrek Batzar Orokorrari, hark onartu ditzan.

HIRUGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK: ONARTUAK IZATEKO BALDINTZA ETA PROZEDURAK, ETA BAZKIDE-MOTAK
27. Artikulua.- Elkartekide izan nahi eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiak izan daitezke elkarteko bazkide:
- Adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua izatea, norberaren eskubideak erabiltzeko inolako lege-baldintzaren menpe ez egotea eta ebazpen judizial irmoaren bidez eskubideen erabilera mugatuta ez edukitzea.

28. Artikulua.- Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko dio lehendakariari bere eskabidea, bi bazkideren sinadurarekin. Lehendakariak eskaeraren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
29. Artikulua.- Elkarteko bazkide guztiek honako hauek denak egiteko eskubidea dute:
1) Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak inpugnatzea, inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik egutegiko 40 eguneko epean.
2) Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaera, elkartearen kontu-egoera eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.
3) Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan.
4) Batzar orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea.
5) Elkartearen Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea.
6) Indarrean dauden legeetan zehaztutako bazkideen fitxategian agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.
7) Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
8) Elkartearen talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta bazkideentzako tresnak erabiltzea (elkartearen egoitza, liburutegiak, eta abar).
9) Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
10) Edozein unetan baja ematea. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.

30. Artikulua.- Bazkideen betebeharrak hauek dira:
a) Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
b) Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea.
c) Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.
d) Elkarteko zuzendaritza-organoek baliozki hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.

BAZKIDE IZATEARI UZTEA
31. Artikulua.- Bazkide izateari uzteko arrazoiak honakoak izango dira:
1. Hil egitea.
2. Bazkidea bere borondatez joatea.
3. Zuzendaritza Batzordeak elkartetik bidaltzeko zigorra ezartzea, arrazoi honengatik: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausteagatik.

ZIGOR-ARAUAK
32. Artikulua.- Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak, Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu.
15 egunetik hilabetea bitarte eskubideak kentzetik elkartetik betiko kanporatzea izan daiteke zigorra, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.
Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egin dadila erabaki dezake lehendakariak. Ikerketaren instrukziogilea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.
Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango, eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.

33. Artikulua.- Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, lehendakariak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita, lehendakariak jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake.

34. Artikulua.- Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta Batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du parte hartuko espedienteko instrukziogilea izan den idazkariak.
Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzar horretarako deirik egiten ez bada, errekurtsoa ebazteko batzarrerako deia egin beharko da. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide-eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.
Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.

35. Artikulua.- Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia legearen edo Estatutuen aurkakoa bada.

36. Artikulua.- Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan —berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio.

LAUGARREN KAPITULUA
SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK
37. Artikulua.- Elkarteak ez dauka sortze-ondarerik.

38. Artikulua.- Elkarteak, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:
a) Sarrera-kuotak.
b) Erabakitzen diren aldizkako kuotak.
c) Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
d) Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru-sarrerak.
Elkarte- eta ekonomia-ekitaldia urtekoa izango da, eta ekitaldia urte bakoitzeko abenduaren 31an itxiko da. Elkarteak, jarduera ekonomikoak (zerbitzuak ematea barne) gauzatuz lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira elkartekideen artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko afektibitate-harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.

BOSGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
39. Artikulua.- Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen ezohiko batzar orokorrean erabaki behar da. Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzorde berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.

40. Artikulua.- Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, lehendakariak Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartuko du. Zuzendaritza Batzordeak egitasmoa onartuko du edo, bestela, lantaldeari itzuliko dio, berriz aztertu dezan. Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo batzar orokorreko gai-zerrendan sartzea erabakiko du edo, bestela, horretarako propio batzar orokor baterako deia egitea.

41. Artikulua.- Batzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Orokorrari helaraziko zaizkio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira Idazkaritzan. Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz, eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera baino ez du eragina izango hirugarrenengan.

SEIGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA
42. Artikulua.- Elkartea arrazoi hauengatik desegingo da:
1. Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako ezohiko batzar orokorrean azaldu beharko da.
2. Estatutuetan finkatutako epea edo baldintza bete delako.
3. Beste elkarteren batek xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako.
4. Legez ezarritako gutxieneko bazkide-kopururik ez duelako.
5. Epai irmo batek elkartea desegitea agintzen duelako.
6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.

43. Artikulua.- Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen ezohiko Batzar Orokorrak Kitapen Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da. Bazkideekiko eta besteekiko elkarte-betebeharrak bete ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, irabazi-asmorik gabeko elkarte bati edo irabazi-asmorik gabeko ekimenen bati eman beharko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA
Eraketa-aktan behin-behingoz izendatuak agertzen diren Zuzendaritza Batzordeko kideek egiten den lehenengo batzar orokorraren esanetara jarri beharko dute beren izendapena.

AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du, baina horrek inolaz ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.




Estekak, argazkiak, bideoak eta esaldiak

Estekak, agazkiak, bideoak eta esaldiak  

ESTEKAK
- Aloña mendikatea
- Oñatiko historia
- Lope de Aguirre, hidalgo vasco
- Fernando Urkia 

ARGAZKIAK eta BIDEOAK
- 2010: 1760 - Lizargarateko Txamao - Jon Marko.
- 2011: 1845 - Anexiñua - Jon Marko.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Jon Marko.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Goiena, prentsaurrekoarren bideoa.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Julio Bikuñaren bideoa.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Goiena, emanaldiaren ondoren.
- 2015: 1880 - Iparragirre Oñatin - Goiena, liburuaren aurkezpena.
- 2016: Lantzean behin - Goiena, prentsaurrekoaren bideoa.
- 2016: Lantzean behin - Goiena, azken entsaioaren bideoa.
- 2016: Lantzean behin - Goiena, hurrengo eguneko kronika eta argazkixak.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, lehen zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, bigarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, hirugarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, laugarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, bosgarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, seigarren zatia.
- 2017: Hiru antzerkiak jarraian, Zumeltzegin, Unibertsitatean eta Lazarragan - Arantza Atxaren bideoa.
- 2018: R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia - Goienako bideoa.
- 2018: R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia - Goienako argazkiak.
- 2019: Oñatiko ituna Lehen Karlistaldian - Goienako argazkiak.
- 2019: Oñatiko ituna Lehen Karlistaldian - Arantza Atxaren bideoa.
- 2019: Oñatiko ituna Lehen Karlistaldian - Anjel Lera eta Xanti Ugarteren bideoa.
- 2021: 1562- Lope Agirreren estatua - ABAO-GOIENAren bideoa


ESALDIAK
"Aurrera, beti aurrera."
On Jose Mª Arizmendiarrieta

"The National Theatre
is a place of satisfaction for the old,
and revelation for the young,
not to mention those in between."
Alan Bennett
National Theatre, London

"Dabilen harriari
ez zaio goroldiorik lotzen."
Axular

"Auzolana da gure iraganaren ondarea,
orainaren lanabesa
eta etorkizunaren giltza."
Amaiur

"We can determine what people's values are by observing how they act in their daily lives.
If an idea is not somehow manifested in action, then it is not a value.
"
Greg MacLeod

Emanaldiak eta liburuak

Emanaldiak eta liburuak

A- EMANALDIAK
1- 1977- Herri ezteia / Herri eguna, eguerdian, kaleetan eta enparantzan.
2- 1978- Kondearena 1500 / Herri eguna, eguerdian, Foruen enparantzan.
3- 1980- Unibertsitatea. Oñati 1760 / Herri eguna, eguerdian, unibertsitateko klaustroan.
4- 1981- Oñati Gipuzkoan 1845 / Herri eguna, arratsaldean, enparantzan.
5- 1983- Txomin Agirreren “Garoa” 1912 / Herri eguna, arratsaldean, institutuaren aurreko aldean.
6- 1984- Bustinzurietako Amaia 1984 / Herri eguna, arratsaldean, Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan.
7- 2002- Anexiñua oñatiarrez / Herri eguna, eguerdian, enparantzan.
8- 2003- Anexiñua oñatiarrez / Ihauterietan, gauean, Zubikoa kiroldegiko kantxan.
9- 2009- Hitzarmena / San Migel eguna, arratsaldean, enparantzan.
10- 2010- Lizargarateko Txamao / San Migel eguna, arratsaldean, unibertsitate aurreko aldean.
11- 2011- Korrika / Apirilaren 3an, arratsaldean, Donostiako Doka Kafe Antzokian.
12- 2011- Anexiñua oñatiarrez / San Migel eguna, arratsaldean, enparantzan.
13- 2014- Iparragirre Oñatin / Irailaren 27an, arratsaldean eta gauean, Santa Ana antzokian.
14- 2015- Iparragirre Oñatin / Abenduaren 5ean, arratsaldean eta gauean, Santa Ana antzokian.
15- 2016- Lantzean behin / Irailaren 24an, arratsaldean eta gauean, Santa Ana antzokian.
16- 2017- Oñatiko zertzeladak / Irailaren 24an, hiru antzerki laburrak bakarka Zumeltzegin, Unibertsitatean eta Lazarragan, bakoitzean hiru bider 12:00etan, 13:00etan eta 15:30etan.
17- 2017- Oñatiko zertzeladak / Irailaren 29an, hiru antzerki laburrak jarraian, arratsaldean, Santa Ana antzokian.
18- 2018- R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia / Irailaren 27an aurre-estreinaldia, arratsaldean, Santa Ana antzokian, eta irailaren 29an estreinaldia, arratsaldean, San Migel parrokian.
19- 2019- Oñatiko ituna Lehen karlistadan / Irailaren 26an aurre-estreinaldia, arratsaldean, Santa Ana antzokian, eta irailaren 29an estreinaldia, arratsaldeko 19:00etan, Santa Anan,
20- 2021- 1562. Lope Agirreren estatua / Abenduaren 23an aurre-estreinaldia, arratsaldean, Santa Ana antzokian, eta abenduaren 26an estreinaldia, arratsaldeko 19:00etan, Santa Anan.

--------oOo-------

B- LIBURUAK

1- KARITATEKO ALABEI ESKER ONEZ - TRIBUTO A LAS HIJAS DE LA CARIDAD

Hemendik liburua irakurri edo jaitsi dezakezu PDF formatuan - De aquí puede leer o descargar el libro en formato PDF


2- OÑATIKO ZERTZELADAK

Liburua, “2017ko Kilometroak” egunean Oñatira joan zirenei zuzenduta zegoen bereziki. Olaitturri Kultur Elkarteak eman zituen hiru antzerki laburren bidez, bertako historia ezagutzeko aukera izateko:
1- 1542. urtea: Gebaratarrak, konderriko jaunak.
Oñatiri buruzko lehen albiste idatzia 1149. urtekoa da, eta jadanik gebaratar kondeen leinua ageri da, herriko lur eta etxalde gehienen jabetzarekin. Euskal Herrian barneratuta egon arren arlo gehienetan, berezko lege eta arauekin bertako gizartea ia erabat menperatzen zuen kondeak. Antzerkia Erdi Aroko Zumeltzegi dorretxean eman zen.
2- 1760. urtea: Unibertsitateko amodiozko istorioa epaitu zenekoa.
Euskal Herriko lehen unibertsitatea Sancti Spiritus da, 1545. urtean Rodrigo Mercado Zuazola apezpikuaren ekimenari esker eraikia. 1918an Eusko Ikasketen lehen Kongresua egin zen Oñatin, eta bertan, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu ziren. Antzerkia unibertsitateko klaustroan eman zen.
3- 1845. urtea: Gipuzkoan anexionatu zen.
Gebaratarren menpe hainbat mendeetan egondako konderria izanik Oñati, ez zuen inongo probintziatan parte hartu 1845. urtean Gipuzkoara anexionatu zen arte. Antzerkia karlistadan hain garrantzitsua izan zen Lazarraga jauregiaren lorategian eman zen.
Laugarren antzerki bat ere jasotzen da liburuan, 2016an Olaitturrik jaietan antzeztu zuen “Lantzean behin” izenekoa. Arantzazuko eta Oñatiko literaturari zein musikari eskainitako omenaldi txiki bat da, honakoa izanik liburu osoaren aurkibidea:

Sarrera.
Historia
1.“1542.urtea: Gebaratarrak, konderriko jaunak”.
1.1.Egitura.
1.2.Hasierako bertsoak.
1.3.Batzarrean.
1.4.Ganboatarrak.
1.5.Kondesarekin.
1.6.Oinaztarrak.
1.7.Hitzarmena.
1.8.Amaierako bertsoak.
2.“1760.urtea: Unibertsitateko amodiozko istorioa epaitu zenekoa”.
2.1.Egitura.
2.2.Hasierako bertsoak.
2.3.Errektorearen gelan.
2.4.Olazarandarrak.
2.5.Mendizabaldarrak.
2.6.Rafaelekin.
2.7.Erabakia.
2.8. Amaierako bertsoak.
3.“1845.urtea: Oñati Gipuzkoan anexionatu zen”.
3.1.Egitura.
3.2.Hasierako bertsoak.
3.3.Udaletxeko aretoan.
3.4.Artazkotzekin.
3.5.Kaletarrekin.
3.6.Auzotarrekin.
3.7.Jauntxoekin.
3.8.Erabakia.
3.9.Amaierako bertsoak.
Literatura
4.“Lantzean behin”.
4.1.Egitura.
4.2.Joxe Mari Anduaga. Abestia.
4.3.Kandido Izagirre. Olerkiak.
4.4.Txomin Agirre. Eszenak.
4.5.Luis Villasante. Ipuina.
4.6.Salbatore Mitxelena. Olerkiak.
4.7.Antonino Ibarrondo. Abestiak.
4.8.Manuel Umerez. Ipuina.
4.9.Salbatore Mitxelena. Olerkia.
4.10.Joxe Mari Anduaga. Abestia.
4.11.Iñazio Irizar.Eszenak.
4.12.Bitoriano Gandiaga. Olerkiak.
4.13.Ruper Ordorika. Abestia.
4.14.Jerardo Elortza. Ipuina.
4.15.Pello Zabala. Olerkia.
4.16.Iñazio Irizar.Eszena.
4.17. Inaxio Ibarrondo. Abestia.

Argitaratzailea: Olaitturri Kultur Elkartea, Oñati, 2017.
Liburuak 128 orri ditu, eta 10 eurotan dago salgai, bidaltze gastuak barne. Erostea nahi izanez gero, mesedez bidali e-posta bat helbide honetara: olaitturri@gmail.com


3- IPARRAGIRRE OÑATIN

Liburuak antzerki bakarra du, eta lehen zazpi atalak blog honetako aurreneko etiketan ageri diren era berean daude. Partiturak eta bilbiografia berriz, liburuan soilik daude. Bere aurkibidea honakoa da:

1- Sarrera
2- Pertsonaiak eta parte-hartzaileak
3- Antolaketa
4- Akzioa eta dekoratua
5- Hizkuntza: oñatikoa eta batua
6- Lehen ekitaldia
7- Bigarren ekitaldia
8- Abestien partiturak
9- Bibliografia eta web orriak
.
Argitaratzailea: Olaitturri Kultur Elkartea, Oñati, 2015.
Liburuak 94 orri ditu, eta 10 eurotan dago salgai, bidaltze gastuak barne. Erostea nahi izanez gero, mesedez bidali e-posta bat helbide honetara: olaitturri@gmail.com
.
--------o0o------------
.
4- OLAITTURRIREN HERRI ANTZERKIA

Liburuak bi antzezlan ditu:

A- “Oñatiko hitzarmena”. XV. mendetik XIX.era arte Oñati konderria izan zen. Lehen antzerkia 1542. urtean kokatuta dago. Sasoi hartan gebaratar kondeen dinastiak Oñatiko herria menderatzen zuen, eta horretaz gain, Erdi Arotik zetozen oinaztarren eta ganboatarren leinu aberatsek ere bazuten eraginik gizartean. Antzezlanak kondearen eta herriaren artean sinatu zen lehenengo hitzarmeneko giroa ekartzen du gogora.

B- “Lizargarateko Txamao”. Euskal Herriko lehen unibertsitatea Oñatin eraiki zen XVI. mendean. Bigarren antzerki hau 1760an gertatzen da, eta ikasleen eta herritarren arteko harremanak azaltzen ditu. Lan biak historikoki benetakoak diren pasartetan oinarrituta egon arren, egokituta daude, gaur egungo ikuslearentzako atseginagoak bihurtzeko asmotan.

Antzeztu direnean, Oñatiko euskaraz agertu dira. Liburuan, ezkerreko orrialdean oñatiarrez datoz, eta eskuinekoan euskara batuan.
Aurbibidea honakoa da (oñatiarrez):

ATARIKUA
SARRERIA
A- OÑATIKO HITZARMENA
- Pertsonajiak
- Akziñua eta dekoraua
- Lehen ekittaldixa: batzarrian
- Bigarren ekittaldixa: kondiarekin
- Hirugarren ekittaldixa: ganboatarrak
- Laugarren ekittaldixa: oiñaztarrak
- Bosgarren ekittaldixa: hitzarmena

B- LIZARGARATEKO TXAMAO
- Pertsonajiak
- Akziñua eta dekoraua
- Lehen ekittaldixa: buleguan
- Bigarren ekittaldixa: Olazarandarrekin
- Hirugarren ekittaldixa: Mendizabaldarrekin
- Laugarren ekittaldixa: unibersidade- eta kale-girua
- Bosgarren ekittaldixa: Olazarandarren testiguak
- Seigarren ekittaldixa: Mendizabaldarren testiguak
- Zazpigarren ekittaldixa: Rafaelekin
- Zortzigarren ekittaldixa: erabagixa
ESKER ONEZ

Argitaratzailea: Olaitturri Kultur Elkartea, Oñati, 2010.
Liburuak 243 orri eta 30 argazki ditu. 16 eurotan dago salgai, bidaltze gastuak barne. Erostea nahi izanez gero, mesedez bidali e-posta bat helbide honetara: olaitturri@gmail.com
.
----------o0o----------
.
5- OÑATIKO ANEXIÑUA

Liburuak bi atal ezberdin ditu:

1- “Anexiñua oñatiarrez” antzezlana. Oñatiko herriaren historian, Gebaratar kondeen dinastiaren eragina nabarmena izan da. Mende luzeetan jaurerria eta konderria izan zen, berezko lege eta arauekin, Euskal Herrian barneratuta egon arren bizitzako arlo guztietan. 1845ean, konderria izatetik Gipuzkoan sartzeko bidean egin zen bilera famatu hura ekartzen da gogora lan honetan. Lana historikoki benetakoak diren pasartetan oinarrituta egon arren, egokituta dago, gaur egungo ikuslearentzako atseginagoa egiteko asmotan.

Antzeztu denean, Oñatiko euskaraz agertu da. Liburuan, ezkerreko orrialdean oñatiarrez dator, eta eskuinekoan euskara batuan.

2.- “Oñati inguruko berba eta esamolde jator batzuk”. Oñatiko hizkeran erabiltzen diren seiehun hitzetik gora jaso dira, nolabaiteko bertoko kutsua dituztenak. Eta irizpide berdina erabiliz, baita berrehun eta berrogeitik gora esaldi eta esaera jator ere.

Hitzok eta esamoldeok kalean erabiltzen diren eran jaso dira liburuko ezkerreko orrialdean, eta eskuinekoan euskara batuan.
Aurbibidea honakoa da:

SARRERA
A- ANEXIÑUA OÑATIARREZ
- Pertsonaiak
- Akzioa eta dekoratua
- Lehen ekitaldia: batzarrean
- Bigarren ekitaldia: auzotarrak
- Hirugarren ekitaldia: kaletarrak
- Laugarren ekitaldia: bozketa

B- OÑATI INGURUKO BERBA JATOR BATZUK

C- OÑATI INGURUKO ESAMOLDE JATOR BATZUK

Argitaratzailea: Olaitturri Kultur Elkartea, Oñati, 2002.
Liburuak 176 orri ditu, eta 12 eurotan dago salgai, bidaltze gastuak barne. Erostea nahi izanez gero, mesedez bidali e-posta bat helbide honetara: olaitturri@gmail.com
.
----------o0o----------
.
6- MAKALENAREN HERRI ANTZERKIA

Liburuak herri eztei bat eta lau antzezlan ditu, aurkibide honekin:
- Sarrera
- Herri ezteia
- Kondearena, 1500
- Partehartzaileak
- Unibertsitatea, Oñati 1760
- Oñati Gipuzkoan, 1845
- Txomin Agirreren "Garoa", 1912
- Bustinzurietako Amaia, 1984

Argitaratzailea: Elkar, Donostia, 1985.
Liburuak 193 orri ditu, eta agortuta dago.
. Olaitturrihttps://www.blogger.com/profile/109105338721857371100 2019-01-01T02:39:33.129-08:00 Estekak, agazkiak, bideoak eta esaldiak ESTEKAK
- Aloña mendikatea
- Oñatiko historia

ARGAZKIAK eta BIDEOAK
- 2010: 1760 - Lizargarateko Txamao - Jon Marko.
- 2011: 1845 - Anexiñua - Jon Marko.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Jon Marko.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Goiena, prentsaurrekoarren bideoa.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Julio Bikuñaren bideoa.
- 2014: 1880 - Iparragirre Oñatin - Goiena, emanaldiaren ondoren.
- 2015: 1880 - Iparragirre Oñatin - Goiena, liburuaren aurkezpena.
- 2016: Lantzean behin - Goiena, prentsaurrekoaren bideoa.
- 2016: Lantzean behin - Goiena, azken entsaioaren bideoa.
- 2016: Lantzean behin - Goiena, hurrengo eguneko kronika eta argazkixak.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, lehen zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, bigarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, hirugarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, laugarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, bosgarren zatia.
- 2016: Lantzean behin - Arantza Atxaren bideoa, seigarren zatia.
- 2017: Hiru antzerkiak jarraian, Zumeltzegin, Unibertsitatean eta Lazarragan - Arantza Atxaren bideoa.
- 2018: R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia - Goienako bideoa.
- 2018: R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia - Goienako argazkiak.

ESALDIAK
"Aurrera, beti aurrera."
On Jose Mª Arizmendiarrieta
MONDRAGON Korporazioa

"The National Theatre
is a place of satisfaction for the old,
and revelation for the young,
not to mention those in between."
Alan Bennett
National Theatre, London

"Dabilen harriari
ez zaio goroldiorik lotzen."
Axular

"Auzolana da gure iraganaren ondarea,
orainaren lanabesa
eta etorkizunaren giltza."
Amaiur

"We can determine what people's values are by observing how they act in their daily lives.
If an idea is not somehow manifested in action, then it is not a value.
"
Greg MacLeod

Olaitturrihttps://www.blogger.com/profile/109105338721857371100 2019-01-01T02:40:06.188-08:00 Olaitturri Kultur Elkartea Olaitturri Kultur Elkartea

Oñatin, 2009ko urtarrilaren 24an, goizeko 11etan, ondoren azaltzen diren pertsonak bildu dira: Jabier Altube, Jabier Atxa, Antton M. Elortza, Jerardo Elortza, Iñazio Irizar eta Andres Zabala. Batzarra bideratu dezan, Iñazio Irizar jauna batzarburu aukeratu da eta Andres Zabala jauna idazkari.

Batzarburuak hitza hartu eta ekitaldiaren helburua elkartea sortzea dela adierazi du, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin eta Legebiltzarrak onartu eta uztailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 134. zenbakian argitaratutako Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearekin bat etorriz.

Jarraian, elkartea arautu behar duten Estatutuak irakurri dira eta ondoren estatutu horien edukiari buruzko eztabaida-saioa zabaldu da. Eztabaidatu ondoren, honako erabakiak hartu dira aho batez:

- LEHENA: “Olaiturri Kultur Elkartea” izena izango duen elkartea sortzea. Elkarteak Oñatiko herrian izango du egoitza soziala eta bere helburua Estatutuetako bigarren artikuluan adierazten dena betetzea izango da. Elkartea zabalik egongo da bazkide berriak onartzeko.

- BIGARRENA: elkartearen barne-araubidea eta moldaera arautuko dituzten Estatutuak onartzea. Akta honi erantsi zaio estatutu horien testua.

- HIRUGARRENA: elkartearen kudeaketa arruntaz arduratuko den Zuzendaritza Batzordea izendatzea. Aipatutako batzordeko partaideen izenak eta karguak erantsi zaizkio agiri honi.

- LAUGARRENA: Iñazio Irizar jauna ahalmentzea, akta hau izenpetzen dutenen izenean eta haien ordezkari gisa, eratutako erakundea, soilik publizitate ondoriotarako, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan inskribatzeko beharrezko eta komenigarriak diren izapideak egin ditzan. Horretarako, honakoak aurkeztu beharko ditu: bazkide sortzaile guztiek sinatutako eraketa-akta honen jatorrizko testuaren bi ale, sortzaile horien NANen fotokopia bana, eta Estatutuen jatorrizko testuaren bi ale, Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak eta idazkariak orrialde guztiak sinatuta.

Eta eztabaidatzeko beste gairik ez zegoenez, batzarra bukatutzat eman da egun bereko 12etan, eta azpian adierazitakoek sinatu dute akta, hartutako erabakiekin ados daudela adierazteko.

ERATZE EGUNA
Gaur goizean, 2009.01.30, eratua geratu da Oñatin kokatutako eta Makalena elkarteko adiskide batzuen artean sortutako irabazi-asmorik gabeko "Olaitturri Kultur Elkartea". Zorionak lagundu duzuen guztioi!


ELKARTEAREN ESTATUTUAK

LEHENENGO KAPITULUA
1. Artikulua.- Irabazi-asmorik gabeko “OLAITTURRI KULTUR ELKARTEA” izeneko elkartea eratu da; Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.13 artikuluetan oinarri izanik, Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea, eta, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin bat etorrita. Elkarteak honako araubidea izango du: aipatutako elkarteei buruzko legeak; Estatutu hauek; gobernu-organoek behar bezala hartutako erabakiak; eta, Eusko Jaurlaritzak onesten dituen erregelamenduzko xedapenak.

ELKARTEAREN HELBURUAK
2. Artikulua.- Elkarte honen helburuak honako hauek dira: Herri antzerkiko emanaldiak prestatu eta eskaini euskaraz, Oñatiko eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura sustatzeko.

Helburu horiek lortzeko, jarduera hauek egingo dira, ezarritako legezko betekizunak bete ondoren:
- Herri antzerkiak idatzi.
- Herri antzerkiak prestatu eta eman.
- Antolatutako herri antzerkien inguruan sortzen diren liburuak, artikuluak,ikusentzunezko materialak eta dibulgazio materialak egin eta banatu.

Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerak gorabehera, elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:
· Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatu.
· Era guztietako ondasunak edozein tituluren bidez eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak egin.
· Nolanahiko ekintzak burutu, betiere legeekin eta Estatutuekin bat etortzekotan.

ELKARTEAREN EGOITZA
3. Artikulua.- Elkarte honen egoitza helbide honetan egongo da: Euskadiko Etorbidea 8, 20560 Oñati, Gipuzkoa.
Elkarteak beste lokal batzuk ere eduki ditzake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu.
Bere Identifikazio Fiskaleko Zenbakia honakoa da: G75003608.

LURRALDE-EREMUA
4. Artikulua.- Elkarte honek nagusiki lurralde-eremu honetan gauzatuko ditu bere zereginak: Gipuzkoa.

IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA
5. Artikulua.- Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta IV. kapituluan esaten den bezala ezohiko batzar orokorrean hartutako erabaki bidez baino ezingo da desegin, edo legeetan aurreikusitako arrazoiren batengatik. Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoa izango da, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.

BIGARREN KAPITULUA
AGINTE- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK
6. Artikulua.- Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo da:
•Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena.
•Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.

BATZAR OROKORRA
7. Artikulua.- Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, eta organo honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak. Batzar Orokorraren ahalmenak:
a) Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea.
b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea.
c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Elkartea desegitea.
f) Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko gainontzeko kideak, baldin badaude, izendatzea eta kargutik kentzea.
g) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
h) Ondasun higiezinak erabili edo besterentzeko erabakiak hartzea.
i) Aginte-organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea.
j) Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hau, hala ere, Batzar Orokorrak aginte-organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki hartutako erabakiaren bidez.
k) Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
l) Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.

8. Artikulua.- Batzar Orokorrak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.

9. Artikulua.- Batzar Orokorrak gutxienez urtean behin egin beharko du ohiko bilkura: lehen hiruhilekoan izango da, 7. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan zehaztutako erabakiak hartze aldera.

10. Artikulua.- Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean bilduko da bilkura berezian, bere ekimenez edota bazkideen %20ek eskatu duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko, bilkura berezia egingo da:
a)Estatutuak aldatzeko.
b)Elkartea desegiteko.

11. Artikulua.- Batzar Orokorra biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilkurak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik gutxienez hamabost egun pasatu beharko dira bilkura lehen deialdian egiteko. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez ordu erdiko tartea utzi beharko da.
Batzar orokorrak, arruntak nahiz bereziak, lehenengo deialdian balio osoz eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten elkartekideen kopurua edozein dela ere.

12. Artikulua.- Batzar Orokorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Alabaina, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo kualifikatua beharko da erabaki hauek hartzeko:
a) Elkartea desegitea.
b) Estatutuak aldatzea.
c) Ondasunak erabili edo besterentzea.
d) Ordezkaritza-organoko kideei ordaintzea.

13. Artikulua.- Bazkideek beste edozein bazkideren esku utzi dezakete batzar orokorretara joateko ordezkaritza. Ordezkaritza hori idatziz eskuordetu beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino gutxienez bi ordu lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herritik kanpo bizi diren bazkideek ordezkaritza beste norbaiten esku uzteko agiria postaz bidali dezakete.

ZUZENDARITZA BATZORDEA
14. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordea da Batzar Orokorraren xedapen eta zuzentarauei jarraikiz elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen organoa. Elkartekideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa. Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak honako seiak izango dira:
- Lehendakaria.
- Lehendakariordea.
- Idazkaria.
- Diruzaina.
- Batzordekidea.
- Batzordekidea.
Gutxienez urtean sei aldiz bildu beharko dute, bai eta, elkartearen jarduerak bideratzeko beharrezkoa den guztietan.

15. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara hiru aldiz jarraian, edo, tarteka sei aldiz agertzen ez bada, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.

16. Artikulua.- Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak. Kargu horiek lau urterako izendatuko dira, Batzordeak berariaz baliogabetu ezean. Kargudun berbera behin eta berriro hautatu ahal izango da.

17. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, ezinbestean baldintza hauek bete beharko dira:
a) Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean dauden legeetan bildutako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea.
b) Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea.
c) Elkarteko bazkidea izatea.

18. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde Nagusiak izangaia hautatu behar du eta, gero, izendatu horrek kargua onartu behar du. Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak ordaintzea erabaki dezake Batzar Orokorrak.

19. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dituzte karguak:
a) Agintealdia bukatzen denean.
b) Dimititzen baldin badute.
c) Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun-arrazoiak dituztenean.
d) Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Orokorrak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean.
e) Hiltzen baldin badira.

“a)” idatz-zatian agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehenengo batzar orokorra egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun berriak.
b), c), d) eta e) idatz-zatietan agertzen dena baldin bada arrazoia, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu, behar diren kargu izendapenak egingo ditu.
Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.

20. Artikulua.- Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen zereginak:
a) Elkartearen eguneroko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideekin bat etorriz eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
c) Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari aurkeztea, hark onar ditzan.
d) Batzar Orokorraren bileretako gai-zerrendak egitea, eta ohiko nahiz ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egitea erabakitzea.
e) Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea.
f) Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat etorriz.
g)Batzar Orokorrak berariazko erabakien bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

21. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordearen bilkurak lehendakariak erabaki edo batzordekide batek eskatzen duen bakoitzean egingo dira. Bilkurako buru lehendakaria izango da, edo, bertan ez balego, lehendakariordea, eta horien faltan, batzordekide zaharrena. Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak aldeko botoa eman behar du.
Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du bilkuran. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren kalitateko botoa izango da erabakiko duena.
Idazkariak bilera-aktak egingo ditu eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.

KIDE BAKARREKO ORGANOAK
LEHENDAKARIA
22. Artikulua.- Lehendakariak beregain hartuko du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatuko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako lehendakaria izango da.

23. Artikulua.- Lehendakariak honako hauek denak egiteko ahalmena izango du:
a) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilera-deiak egin, bilerak bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu, eta boto-berdinketa gertatuz gero kalitate-botoarekin erabakitzea.
b) Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea.
c) Baliozki erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
d) Sortzen diren premiazko arazoak konpontzea, eta egiten den lehenengo bilkuran Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea.
e) Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

LEHENDAKARIORDEA
24. Artikulua.- Lehendakariordeak lehendakariari lagunduko dio, eta lehendakariak aldi batean bere kargua bete ezin badu, lehendakariordeak ordezkatuko du. Era berean, lehendakariak berariaz eskuordetzen dizkion ahalmen guztiak izango ditu.

IDAZKARIA
25. Artikulua.- Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.
Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko jakinerazpenak eginez agintari eskudunari.

DIRUZAINA
26. Artikulua.- Egindako diru-sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu behar dizkio, eta horrek Batzar Orokorrari, hark onartu ditzan.

HIRUGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK: ONARTUAK IZATEKO BALDINTZA ETA PROZEDURAK, ETA BAZKIDE-MOTAK
27. Artikulua.- Elkartekide izan nahi eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiak izan daitezke elkarteko bazkide:
- Adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua izatea, norberaren eskubideak erabiltzeko inolako lege-baldintzaren menpe ez egotea eta ebazpen judizial irmoaren bidez eskubideen erabilera mugatuta ez edukitzea.

28. Artikulua.- Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko dio lehendakariari bere eskabidea, bi bazkideren sinadurarekin. Lehendakariak eskaeraren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
29. Artikulua.- Elkarteko bazkide guztiek honako hauek denak egiteko eskubidea dute:
1) Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak inpugnatzea, inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik egutegiko 40 eguneko epean.
2) Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaera, elkartearen kontu-egoera eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.
3) Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan.
4) Batzar orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea.
5) Elkartearen Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea.
6) Indarrean dauden legeetan zehaztutako bazkideen fitxategian agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.
7) Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
8) Elkartearen talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta bazkideentzako tresnak erabiltzea (elkartearen egoitza, liburutegiak, eta abar).
9) Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
10) Edozein unetan baja ematea. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.

30. Artikulua.- Bazkideen betebeharrak hauek dira:
a) Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
b) Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea.
c) Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.
d) Elkarteko zuzendaritza-organoek baliozki hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.

BAZKIDE IZATEARI UZTEA
31. Artikulua.- Bazkide izateari uzteko arrazoiak honakoak izango dira:
1. Hil egitea.
2. Bazkidea bere borondatez joatea.
3. Zuzendaritza Batzordeak elkartetik bidaltzeko zigorra ezartzea, arrazoi honengatik: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausteagatik.

ZIGOR-ARAUAK
32. Artikulua.- Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak, Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu.
15 egunetik hilabetea bitarte eskubideak kentzetik elkartetik betiko kanporatzea izan daiteke zigorra, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.
Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egin dadila erabaki dezake lehendakariak. Ikerketaren instrukziogilea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.
Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango, eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.

33. Artikulua.- Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, lehendakariak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita, lehendakariak jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake.

34. Artikulua.- Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta Batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du parte hartuko espedienteko instrukziogilea izan den idazkariak.
Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzar horretarako deirik egiten ez bada, errekurtsoa ebazteko batzarrerako deia egin beharko da. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide-eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.
Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.

35. Artikulua.- Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia legearen edo Estatutuen aurkakoa bada.

36. Artikulua.- Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan —berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio.

LAUGARREN KAPITULUA
SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK
37. Artikulua.- Elkarteak ez dauka sortze-ondarerik.

38. Artikulua.- Elkarteak, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:
a) Sarrera-kuotak.
b) Erabakitzen diren aldizkako kuotak.
c) Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
d) Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru-sarrerak.
Elkarte- eta ekonomia-ekitaldia urtekoa izango da, eta ekitaldia urte bakoitzeko abenduaren 31an itxiko da. Elkarteak, jarduera ekonomikoak (zerbitzuak ematea barne) gauzatuz lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira elkartekideen artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko afektibitate-harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.

BOSGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
39. Artikulua.- Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen ezohiko batzar orokorrean erabaki behar da. Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzorde berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.

40. Artikulua.- Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, lehendakariak Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartuko du. Zuzendaritza Batzordeak egitasmoa onartuko du edo, bestela, lantaldeari itzuliko dio, berriz aztertu dezan. Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo batzar orokorreko gai-zerrendan sartzea erabakiko du edo, bestela, horretarako propio batzar orokor baterako deia egitea.

41. Artikulua.- Batzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Orokorrari helaraziko zaizkio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira Idazkaritzan. Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz, eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera baino ez du eragina izango hirugarrenengan.

SEIGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA
42. Artikulua.- Elkartea arrazoi hauengatik desegingo da:
1. Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako ezohiko batzar orokorrean azaldu beharko da.
2. Estatutuetan finkatutako epea edo baldintza bete delako.
3. Beste elkarteren batek xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako.
4. Legez ezarritako gutxieneko bazkide-kopururik ez duelako.
5. Epai irmo batek elkartea desegitea agintzen duelako.
6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.

43. Artikulua.- Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen ezohiko Batzar Orokorrak Kitapen Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritza Batzordeko hiru kidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da. Bazkideekiko eta besteekiko elkarte-betebeharrak bete ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, irabazi-asmorik gabeko elkarte bati edo irabazi-asmorik gabeko ekimenen bati eman beharko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA
Eraketa-aktan behin-behingoz izendatuak agertzen diren Zuzendaritza Batzordeko kideek egiten den lehenengo batzar orokorraren esanetara jarri beharko dute beren izendapena.

AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du, baina horrek inolaz ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.

Olaitturrihttps://www.blogger.com/profile/109105338721857371100

2019(e)ko urtarrilaren 1(a), asteartea

1839ko Oñatiko ituna Lehen Karlistaldian

2019KO IRAILEKO KULTUR HAMABOSTALDIA


Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan

Irailak 17 - asteartea.
Gaia: “Hemeretzigarren mendeko bi karlistaldiak
Hizlaria: Iñazio Irizar - Olaitturri
Aurkezlea: Karmen Biain - Olaitturri

Irailak 19 - osteguna.
Gaia: “Tomas Zumalakarregi jenerala".
Hizlaria: Eider Arruti - Zumalakarregi museoa
Aurkezlea: Migel Anjel Agirre - Olaitturri

Irailak 24 - asteartea
Gaia: “Euskal Herriko Foru erregimena
Hizlaria: Jon Arrieta - EHU/UPV
Aurkezlea: Ana Mari Markuleta - Olaitturri

B- ANTZERKIA
EGITURA

Emanaldiak
Antzerkia 2019ko irailaren 29an, igandea, arratsaldeko 19:00etan Santa Ana antzokian eman zen, jaietako egitarauaren barnean.
Sarrerak Txokolateixan egon ziren salgai, eta egunean bertan antzokian.
Aurre-estreinaldia irailaren 26an izan zen, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

Pertsonaiak - Agertokian azaltzen diren eran:
1- Musikoa 1/abeslaria 1: Joxe Mari Anduaga
2- Musikoa 2: Jose Luis Bikuña
3- Karlos erregegaia: Andrés Zabala
4- Mª Frantziska Braganza: Marian Altube
5- Domingo Artazkotz: Ixidro Palacin
6- Konstantza Artazkotz: Maritxu Baños
7- Maria Kristina: Elisabeth Igartua
8- Karlota: Maribi Korkostegi
9- Juana: Ana Mari Lizeaga
10- Idazkaria: Juan Mari Elortza
11- Abeslaria 2: Rosita Markuleta
12- Zumalakarregi jenerala: Migel Anjel Agirre
13- Joxepa Zumalakarregi: Ana Mª Markuleta
14- Abeslaria 3: Leonor Zubia
15- Tronpeta 1: Luis Txintxurreta
16- Tronpeta 2: Julen Agirre
17- Danbor-jolea: Aimar Murua
18- Abeslaria 4: Xabier Oregi
19- Alkatea: Enrike Olalde
20- Kattalin Zumalde: Karmen Biain
21- Espartero: Jabier Atxa
22- Abeslaria 5: Amaia Biain
23- Maroto: Jexux Odriozola

Antolaketa
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Agertokia: Benjamin Billar, Antonio Alonso eta Iñazio Lete
Diruzaina: Jabier Atxa
Medioak: Jabier Altube
Argiak: Pili Aranguren
Harrera: Rosario Beitia, Kontxi Aztiria eta Juli Bergara
Jantziak: Oñatz eta Lantzen
Megafonia: Uhina
Babesleak: Oñatiko Udala, Ulma eta Laboral Kutxa

Garapena
1- Bertsoak - “Hasierakoak”.
2- Lehen ekitaldia: "Karlos Lazarragan".
3- Bertsoak: "Domingo Artazkotz".
4- Bigarren ekitaldia: "Mª Kristina gortean".
5- Bertsoak: "Ondorengoa nor”.
6- Hirugarren ekitaldia: "Zumalakarregi".
7- Bertsoak: “Bilboko zauria”.
8- Laugarren ekitaldia: "Erregegaiaren asmoak".
9- Bertsoak: "Martxa".
10- Bosgarren ekitaldia: "Batzarrei deia".
11- Bertsoak: "Laguntza eske".
12- Seigarren ekitaldia: "Liberalak Lutxanan".
13- Abestia: "Hamaika amaren seme".
14- Zazpigarren ekitaldia: "Karlisten geroa".
15- Bertsoak: "Herritarren nahia".
16- Zortzigarren agerraldia: ”Oñatiko ituna”.
17- Bertsoak: "Amaierakoak".

Sinopsia
Euskal Herrian Lehen karlistaldiak 1833tik 1839 arte iraun zuen, amaiera "Oñatiko ituna"k ezarriz. Hainbat negoziaketen ondoren, Lazarraga jauregian 1839.eko abuztuaren 29an, hamar ataleko ituna sinatu zuten, karlisten aldetik Iturbe eta Egia jeneralek eta liberalen aldetik Esparterok.

Handik bi egunera armada bietako hainbat batailoi Bergaran batu ziren, eta bertan Espartero eta Maroto jeneralek "Bergarako besarkada"rekin eszenifikatu zuten Lehen karlistaldiaren amaiera.

Beraz, aurten 180garren urteurrena ospatzen dugu.

Gerraren zergatiak eta iraun zituen sei urteak laburbiltzen dira antzerkian, ekitaldiak eta bertsoak tartekatuz emanaldia atseginagoa egiteko. Alde bietako pertsonaiak ageri dira, beraien interesak defendatzen.

Dekoratua
Emanaldiko zortzi eszenetatik sei Lazarraga jauregiko areto nagusian kokatzen dira, bigarrena Madrileko gorteko areto dotorean, eta hirugarrena Zumalakarregiren arrebaren etxean.


BERTSOAK: "Hasierakoak"
Doinua: "Iparragirre abila dela"

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Sanmigeletako jaian.
Plaza eta kalean (bis)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
Lehen karlistaldian sinatu zen
Oñatiko ituna da.
Esandako guztia (bis)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN EKITALDIA - "Karlos Lazarragan"

Karlos María Isidro Borboikoa, “Karlos V.” bezala ezagutua zen erregegaia, Lazarraga jauregiko Domingo Artazkotz nagusiarekin dago. Bazkalostea da, eta pozik daude biak eten gabe berbetan, aretoko mahai dotorearen bueltan, markako koñak frantses kopa bana eskuan dutela. Txaketak aulki ertzetan utzita dituzte, eta alkandorako goieneko botoiak askatuta.

KARLOS:... Asko estimatzen dut Lazarraga jauregi eder honetan bizitzeko zure eskaintza.

DOMINGO: Ohore bat da niretzat Karlos Bosgarrenaren, karlisten buruaren gorte ibiltaria, gurean ezartzea.

KARLOS: Gerra honetan, lekuz aldatu beharrean aurkitzen naiz.

DOMINGO: Lizarran, Tolosan, Azpeitian eta Durangon ere egoten zara.

KARLOS: Baina Oñatin bezala, inon ez!

DOMINGO: Jakin ezazu gerra amaitutakoan, barkatu, gerra irabazitakoan ere, jauregi honetako ateak beti zabalik izango dituzula.

KARLOS: (Kopa eskuinean jasoz.) Artazkotz jauna, topa egin dezagun adiskide zaharren eran.

DOMINGO: Gora karlistak! Gora Karlos Bosgarrena! (Biak edaten dute)

KARLOS: Hobekuntza batzuk eskatu behar dizkizut. Pariseko, Londreseko eta Lisboako gorteen parean egoteko: zerbitzari lirainak, txanbelan bat, laguntza-dama emaztearentzat.

DOMINGO: Errege-guardia, alabardariak, himnoa jotzeko musika taldea, korneta eta atabal taldea bisitariei ongi etorria emateko.

KARLOS: Gorteko margolari bat.

DOMINGO: Prentsa, legeak egingo dituen parlamentua eta epaitegiak.

KARLOS: Geure txanpona eta zigilua.

DOMINGO: Oñatin egingo ditugu txanpon karlistak?

KARLOS: Laster, behin errege koroatzen naizenean.

DOMINGO: Ideia bikainak iruditzen zaizkit, baina noren kontura joango dira guztien soldatak?

KARLOS: Zergadunen gain, Europako gorte guztietan bezala. (Besaulkian dagoen soineko bat hartu eta Domingori aurrean ipiniz) Apurka joango gara gortea osatuz (Urrunduz, jasotzeko eskatzen dio.)

DOMINGO: Zerbitzari lirainak eta laguntza-damak izango dituzte lehentasuna, jakina!

KARLOS: (Gerturatu egiten zaio, eskua soinaren azpian sartuz. Domingo mahaiaren bestalderantz egiten du, eta Karlos atzetik doa) Noski baietz. Borboia naiz, aizu!

DOMINGO: (Alde eginez) Ez nauzu harrapatuko!

KARLOS: Zaude geldi, potxola!

DOMINGO: Harrapatu, harrapatu!

Mª FRANTZISKA:... (Eskuan poltsa bana dakartela sartzen dira emakumeak) Baina, berriro gonen atzetik?

DOMINGO: Entrenamendua da.

KONSTANTZA: Gu berriz Oñatiko jostun onenaren etxetik gatoz, igandeko ospakizunetarako prestatzen.

KARLOS: Asko estimatzen dut infantari ematen diozun laguntza. Erregina egiten denean, ohorezko dama izendatuko zaitugu.

Mª FRANTZISKA: Jantzi zaitez dagokizun moduan, gizon! (Hau txaketa janzten hasten da). Hiru andereekin geratuta gaude, laguntza-dama bat aukeratzeko.

KONSTANTZA: Hori ez da errespetuzko itxura. Maria Frantziska Portugaleko Juan Seigarrena erregearen alaba duzu.

DOMINGO: Jauregi barnean gaude, ez da hain larria.

Mª FRANTZISKA: Aurreko baten, lorategian ikusi nuen lasterka sukaldariaren atzetik galtzamotzetan.

KONSTANTZA: Herri guztia dago zuei begira. Jendea ez dago aristokratak ikustera ohitua.

Mª FRANTZISKA: Eta edozer gauza egiten dugula ere, eguneroko txutxu-mutxua bihurtzen da.

KONSTANTZA: Gure atzetik neskatila mutiko mordo bat etorri da ateraino.

Mª FRANTZISKA: Txanpon txiki batzuk bota beharrean aurkitu gara, sartu ahal izateko.

DOMINGO: Zuen errege-gortean ze pertsonal berri beharko den aztertzen aritu gara. Zerbitzariak, txanbelan bat, laguntza-damak.

KARLOS: Alabardariak, errege-guardia.

Mª FRANTZISKA: Errege-guardiako kapitaina neuk aukeratuko dut.

KONSTANTZA: Eta gainontzeko ofizialak?

Mª FRANTZISKA: (Keinua eginaz) Bion artean.

KONSTANTZA: Ados. Gustu finekoa bainaiz.

Mª FRANTZISKA: Jostunaren etxean konturatu naiz. (Poltsatik jantzia ateratzen hasten da). Laguntzen badidazu, ez da Espainian ez Portugalen ni adinako infanta dotorerik izango.

KONSTANTZA: Eta beste bi etiketa-jantzi enkargatu ditugu.

DOMINGO: Konstantza maitea, bera da erreginagaia, ez zu.

KONSTANTZA: Bere parean joan behar dira gorteko damak, denon ohorerako. Goazen jantzi berriak probatzera. (Biak ateratzen dira).

KARLOS: (Txaketa kendu ondoren, berriro kopa hartzen du. Domingok berdin egiten du). Gerran aurrena hartzea komeni zaigu, Ingalaterrako eta Portugaleko armaden laguntza lortzeko.

DOMINGO: Soldadu gehien dituenak irabaziko du.

KARLOS: Nire emaztea Portugaleko erregearen alaba izan arren, ez dut garbi noren alde egingo duen.

DOMINGO: Zure anaia zen Fernando Zazpigarrena erregearen alargunak, Maria Kristinak, Madrileko gortean jarraitzen du.

KARLOS: Eta momentuz ni erregegaia besterik ez naiz.

DOMINGO: Gerra hau irabazi arte.

KARLOS: Frantziak itxaron egingo du, eta gero irabazteko aukera gehien duenaren alde jarriko da.

DOMINGO: Austriak eta Prusiak babesa eskainia dizute.

KARLOS: Oraindik dirua soilik bidali didate, soldadurik ez.

DOMINGO: Dirua ezinbestekoa zaizu, ofizialei eta tropei ordaintzeko.

KARLOS: Zuzen zaude. Beste guztia Zumalakarregi jeneralak lortuko du.

DOMINGO: Gora Tomas Zumalakarregi!

KARLOS: (Lehengo soinekoa ematen dio). Jeneralei euren lana egiten bakean utzi, eta jarrai dezagun geurearekin.

DOMINGO: Ezetz harrapatu!

KARLOS: (Atzetik abiatzen da) Borboien esentziarik onena dastatuko duzu.

DOMINGO: (Irribarrez) Harrapatu lehenengo!


2B - BERTSOAK: "Domingo Artazkotz"

Hor dabil Borboia
badu handinahia,
Madriletik dator
Karlos erregegaia,
beretzat nahi du
Lazarraga jauregia
ta gorte berria.

Lehen karlistaldia
gori gorian da,
Karlos ostera hor_dabil
bapo jan edanda
dontzeila eta gortesauen
atzetik joanda
hori da patxada.

Frantziska emazteak
ere ez dauzka kezkak,
Europako gorteetan
jarriak asmoak,
soineko eta jantziak
denak dotoreak
ditu pinpirinak.

Domingo Artazkotz
argi ta buru hotz,
ia bereak ditu
Oñati ta Araotz,
Borboiakin negozio
kontuetan zorrotz
Konstantza be_ezta motz.


BIGARREN EKITALDIA: "Mª Kristina gortean"
Maria Kristina Aranjuez-eko errege jauregiko areto nagusian dago, mahaiko kandelak pizten. Karlota sartzen da. 

KARLOTA:.. Eguerdi on, Maria Kristina erreginaordea.

Mª KRISTINA: Idazkariari etortzeko agindu diot. Nire koinatu Karlos erregegaiarengana Oñatira joan dadin, gerra zentzugabe honekin amaitzeko.

KARLOTA: Zure koinatuak ez du negoziatuko. Fernando Zazpigarrena zure senarra duela bost urte hil zenean, hurrengo erregetza berari zegokiola aldarrikatu zuen.

Mª KRISTINA: Bi alaba izan nituen berarekin, eta horiek dira ondorengo zuzenak.

KARLOTA: Baina lege salikoak dio, emakumezkoak ezin direla ondorengoak izan.

Mª KRISTINA: Lege hori deuseztatu egin zuen Fernandok.

KARLOTA: Denak ez zeuden ados, ordea.

Mª KRISTINA: Gure Isabeltxok bost urte besterik ez ditu, eta hemezortzi bete arte neu izango nau aldamenean, erreginaorde.

KARLOTA: Koinatuari eskaini izan bazenio aukera hori, agian gerra ez zen sortuko.

Mª KRISTINA: Beti gizonen menpe egon behar al gara?

KARLOTA: Arrazoia duzu. Beste arlo batzuetara zabaldu beharko genuke gure indarra.

Mª KRISTINA: Duela hogei urte Cadizeko gorteetan Espainiako Konstituzioa onartu zutenean, ez zegoen parlamentari emakume bakar bat ere.

KARLOTA: Orduan aitzindari izan zaitezke zure alaba Isabel erregina bilakatzen bada, eta ondorioz bere senarra errege.

Mª KRISTINA: Isabel erregina egiteak, gobernuan eta gorteetan emakumeon presentzia sustatzeko balio dezake.

KARLOTA: Barkatu atrebentzia handiegia bada, baina Karlosek hiru seme ditu. Zaharrena, Luis, aproposa izan zitekeen zure alabarentzat.

Mª KRISTINA: Horixe bera proposatu zidan duela gutxi.

KARLOTA: Eta ez zenion onartu, jakina.

Mª KRISTINA: Azpijanarekin zetorrela iruditu zitzaidan. Niri erreginaordetza kentzeko, hain zuzen.

JUANA:… (Lasai sartzen da) Neskatila biak lotan daude.

Mª KRISTINA: Hemen geu bakarrik gaude eta ez du garrantzirik. Baina Juana, ohitura hori aldatu egin beharko zenuke.

JUANA: Barkatu Maria Kristina erreginaorde maiestatea… Printzesa biak lotan daude.

KARLOTA: Emakumeen artean duintasuna zaindu behar dugu.

Mª KRISTINA: Kanpokorik dagoenean behintzat, izan dotorea.

KARLOTA: Agustin Muñoz senar berriarekin izan dituzun mutikoak, printzeak dira?

JUANA: Hor dago koska! Beraien aita guardiako sarjentu soila dela!

Mª KRISTINA: Ezkontza morganatikoa egin nuen Agustinekin. Bakoitzak, ezkondu aurretik zuen izaera gordetzen du.

KARLOTA: Esan nahi duzu, berarekin dituzun mutikoak ez direla erregegaiak.

JUANA: Europa osoan hainbeste printze erregegai mardul egonda, sarjentu bat aukeratzea, ez dakit.

Mª KRISTINA: Borboiek eta printze nagusiek traba gutxi egiten dute emazteen gelatan. Lorerik lore ibiltzen dira, hortik zehar.

JUANA: Kapitaina izan balitz behintzat.

Mª KRISTINA: Errege-guardiako kapitain guztiak ezagutzen ditut.

KARLOTA: Hori ez da zure kontua, Juana.

JUANA: Nork garbitzen die gero ipurdia umeei?

Mª KRISTINA: Ezkondu ginenean zen Agustin sarjentu. Orain kapitaina da, eta Riánsares-go Duke izendatu berri dut.

KARLOTA: Bestalde, izango dituzten ume guztiak noblezia-tituluren bat jasoko dute.

JUANA: (Kanpora doala) Nagusitutakoan gogoratuko ote dira nirekin!

KARLOTA: Juana inude bikaina da, batzuetan mingaina arina izan arren.

Mª KRISTINA: Estimu handian daukat.

KARLOTA: Dena den, atzerriko inude batzuk ere beharko zenituzke. Ez printzesei ipurdia garbitzeko, baizik eta Europako edozein erregetzarako hautagaiak izateko. Zeu Italian jaioa zara, eta hona ezkontzera etorri zinen. Printzesa gazteena Parisera edo Londresera joan daiteke bertako erregearekin ezkontzera, eta hizkuntzak jakitea abantaila handia izan liteke.

(Erregetzaren etxeko idazkari nagusia sartzen da).

IDAZKARIA:.. Atzo eskatu zenizkidan txostenak prestatu ditut, karlisten erregegaiarekin eta gure tropa liberalen buru den Espartero jeneralarekin eztabaidatzeko.

Mª KRISTINA: Gure artetik zeu zara ongien ikusia dagoena armada bietan.

IDAZKARIA: Arrisku handiko misioa da nirea, zinez baietz. Edozein konpainiatako soldaduek etsaitzat har nazakete, ni bandera zuriarekin agertu arren.

KARLOTA: Garrantzitsua da zure zeregina. Gerra amaitzea lortzen baduzu, milaka pertsonen bizitzak salbatuko dituzulako.

Mª KRISTINA: Bilboko kontsul britainiarra John Francis Bacon jakinaren gainean dago. Berak lagunduko dizu.

IDAZKARIA: Dena beharko dut bizirik itzultzeko…


3B- BERTSOAK: "Ondorengoa nor
Doinua: Kantore berri xarmant hauek

Fernando erregea_hiltzerakoan
Kristinarentzak kezkak hasi,
bi_alaba txiki zituen harekin
zaharrena tronuan gura ikusi.
Tradizionalistek gizona_aukeran
ta emakumeei eragotzi,
Karlos erregegaia hor dago
ohiturei behar zaie eutsi,
aldaketan ezin jausi.

Kristina_erregina izandakoak
bere alaba nahi du koroatu,
pribilegio ta eskumenak gorde
dinastiaren soka ez apurtu.
Diru ta noblezia_alde batetik,
maitasuna, berriz, bestetik.
Berriro ezkondu_egin delako,
gauza batzuk nahi ditu_ahaztu
eta bizitzaz gozatu.


HIRUGARREN EKITALDIA: "Zumalakarregi"
Zegamako Joxepa Zumalakarregiren, Tomas Zumalakarregi jeneralaren arrebaren, etxearen egongela da. Tomas aulkian jesarrita dago eta eskuineko oina tente du, zaurituta. 

JOXEPA:... Zer moduz zaude, Tomas? Atzo baino hobeto?

ZUMALAKARREGI: Zauriak min ematen dit.

JOXEPA: Petrikilo eta karlisten sendagile pare bat Zegamara etortzekotan dira. Zangoan duzun bala aterako dizute, behingoz.

ZUMALAKARREGI: Eskerrak eman behar dizkizut, Joxepa, etxean hartzeagatik. (Eskutitza erakutsiz) Gure anaia nagusia Migel Antoniok eskutitz hau bidali dit Sevillatik, tropa karlistak uzteko eskatzen eta liberalengana batzeko. Ezetz borobilarekin erantzun diot.

JOXEPA: Gaztetan Andaluziara ikastera joan zenetik, Sevillan eta Madrilen egin du karrera politikoa, jaioterria baztertuz. Gu ez gara horrelakoak.

ZUMALAKARREGI: Kadizeko Konstituzioa sortzen parte hartu zuen mila zortziehun eta hamabian, eta harrez gero euskaldunon aurka dabil liberalekin.

JOXEPA: Antzinatik ditugun foruak kendu nahi dizkigute.

ZUMALAKARREGI: Hala balitz, gure lege, ohiturak, hizkuntza eta usadioak erabat galduko genituzke.

JOXEPA: Gure amak burua jasoko balu, eta egoera hau ikusi! Seme nagusia liberalen alde, eta gaztea karlisten buru.

ZUMALAKARREGI: Eta zaurituta. Anaia alfonbraz estalitako parlamentuko bulegoetan aritzen da. Ni ostera, gerrako lehen lerro arriskutsuan.

JOXEPA: Zuk adina garaipen lortu duenik ez da liberalen armadan.

ZUMALAKARREGI: Bi urte igaro dira jadanik, eta Euskal Herri osoan bataila asko izan ditut. San Fauston, Alegian, Mendazan… non ez!

JOXEPA: Deskargan Espartero jeneral ospetsuari irabazi zenion.

ZUMALAKARREGI: Zalantzan nago ospe larregi ez ote nuen jaso orduan.

JOXEPA: Bilbon horregatik zauritu zaituztelakotan zaude?

ZUMALAKARREGI: Susmoa dut zuzenean ni tirokatzea zutela helburu arerio batzuk.

JOXEPA: Inoiz ez zinen hirietara joaten batailatzera. Zergatik oraingoan bai?

ZUMALAKARREGI: Karlos erregegaiak hala nahi zuelako. Nik Gasteiz konkistatzea hobetsi nuen bitartean, berak hiri handiena Bilbo zela zioen. Portua duenez, britainiarrak gure alde jarriko zirelakoan.

JOXEPA: Ez zenion jaramonik egin behar. Bere interesak eta gureak desberdinak dira, zeharo.

ZUMALAKARREGI: Damu naiz, ez pentsa.

JOXEPA: Gurea defendatu beharko genuke soilik, besteren gorteko liskarretan sartu gabe.

ZUMALAKARREGI: Liberalek foruak kentzeko asmoa izango ez balute, ez nintzen gerran sartuko.

JOXEPA: Denak berdinak dira. Erregegaiaren karlistak irabazten baduzue, Madrilera eramango dute tronua, eta behin han jesarrita, bost axolako dio euskaldunon etorkizuna.

ZUMALAKARREGI: Ni ere ziur nago hango parlamentuari men egingo diola.

JOXEPA: Zergatik onartu zenion orduan Bilbo gogoz kontra erasotzea?

ZUMALAKARREGI: Militarra naiz gaztetatik. Aginduak betetzen ikasia.

JOXEPA: Maria Kristina, Fernando Zazpigarrenaren emaztea izan zena, Italiakoa da. Erregegaiaren emaztea Maria Frantziska berriz, Portugalgoa. Anaia biak tronu bakarraren atzetik ibili dira beti.

ZUMALAKARREGI: Eta zeure buruari galdetzen diozu, ze arraio egiten dugun euskaldunok foruak defendatu nahian, anaia baten ala bestearen alde?

JOXEPA: Bonaparteren Frantziak lauzpabost gerra hasi zituen, milioika soldaduren ezbeharrerako. Baina Napoleon bera, ohean hil zen.

ZUMALAKARREGI: Borboi biak hilko diren moduan. Ados, Joxepa. Zer egingo dugu orduan?

JOXEPA: Lehenengo eta behin, zauri hori sendatu. Gero gerokoak.


4B- BERTSOAK: “Bilboko zauria
Doinua: Lehen phederikia 

Tomas Zumalakarregi
zen karlisten buruzagia,
ospe handiko jenerala
bazuen abilezia.

Baina Bilboko batailan
zauritu_egin zuten larri,
bala bat bernan sartuz
jarraitzeko_utziz elbarri.

Bertan ez zuen osatu nahi
baizik eta bere herrian,
hartu zuten Zegama_aldera
ta_han arrebaren etxean.

Konfiantzazko petrikiloa
saiatu zen gau eta egun,
alferrik ahalegin denak
bi astera hil zitzaigun.

Galera izan zen handia
ofizial ta soldaduentzat,
Karlos ez zen asko larritu
hala erakutsi zuen behintzat.


LAUGARREN EKITALDIA: "Erregegaiaren asmoak"
Lazarraga jauregian.

DOMINGO: (Txaketa kentzen duen bitartean) Zumalakarregi jeneralari Zegaman egin dioten hiletatik nator.

KARLOS: Jenderik bai?

DOMINGO: Eliza jendez gainezka zegoen. Zeu falta.

KARLOS: Militar bikaina izan da. Baina ez dut inoiz ulertuko, Bilbon zauritu zutenean gure sendagileak baztertu eta petrikilo baten esku jartzea.

DOMINGO: Beste goi mailako militarren bat aukeratu beharko duzu.

KARLOS: Gure armada karlistaren buru, Maroto izendatu dut.

DOMINGO: Baina hori ez da euskalduna.

KARLOS: Militar profesionala da, Independentziaren gerran aritua, eta baita Ameriketan ere.

DOMINGO: Espartero jeneralari aurre egiteko egokia?

KARLOS: Bere lana ondo egingo du. Goazen gu geurea betetzera.

DOMINGO: Lehen jakin dut atzo aukeratu zenituen alabardarien artean Joxe Mari Iparragirre zegoela. Gaur errege-guardiako erretreta aukeratzea dagokizu. Bi tronpeta solistak prest daude. (Bi tronpetari gazte sartzen dira, zintzo. Tronpetariok biolina eta txistua dakarte).

KARLOS: Londres, Madril eta Lisboako gorteetan bezalako martxa militarrak entzutea gustatuko litzaidake.

TRONPETA 1: Bizpahiru pieza entseatu ditugu. Ondo iruditzen zaizunean, aukeratutakoa bandara eraman dezakegu.

(Txistua eta biolinarekin pieza bat jotzen hasten dira: 00:41-00:58).

DOMINGO: Oso ondo! Bertako kutsua izango du erretretak.

KARLOS: Ez, ez, ez! Fundamentu eta indar gehiago behar du. (Pausua militarki markatuz) Hara: tarrapatatan, tarrapatatan...

DOMINGO: Jo beste pieza bat tronpetekin.

TRONPETA 1: (Txistua eta biolina alde batera utzi, eta tronpeta bana hartzen dute) Austriako pieza bat eskainiko dizuegu.

(Tronpetekin hasten dira oraingoan: 00:29-00:50).

KARLOS: Ezta, hau ere ez! Indarra falta zaio! (Berriro pausua markatuz, esku biak gogoz mugitzen ditu)) Tarrapatatan tarrapatatan...

(Tronpeta-joleak beste partitura bat hartu eta danbor-joleari agertokian sartzeko eskatu ondoren, hor hasten dira berriz: 01:59-02:16).

KARLOS: Hauxe! Hauxe da erretreta militarra! Bihar etorri banda guztia. Lorategian entzungo dugu martxa osoa, aire librean.

(Tronpeta-joleak eta danborraria atera egiten dira).

DOMINGO: (Aulki baten zegoen soinekoa hartuz) Harrapatu harrapatuka egiteko asmorik bai?

KARLOS: Nekatuta nago. Zerbitzari berriari azterketa pasatu diot goizean.

DOMINGO: Gainditu du?

KARLOS: Bikain.

DOMINGO: Aranjuezeko Jauregi Errealekoak baino zerbitzari hobeak lortuko nizkizula agindu nizun.

KARLOS: Borboiak udan soilik bizi gara han, eta hiriburuan neguan.

DOMINGO: Hemen hiri bat falta zaizu negurako. Oñati eta Bilbo. Ondo asmatuta. Zumalakarregiri
Bilbo hartzeko eskatu zenion, han ere errege-jauregi bat izateko.

KARLOS: Ehiza leku bat aurkitu behar didazu, hemen inguruan.

DOMINGO: Arabako mendietan gura adina basurde ditugu.

KARLOS: Ez da aristokraten ehiza pieza. Ingalaterran, Windsor jauregi ondoko basoetan azeriak ehizatzen dituzte txakurrekin. Versallesen ordea, oreinak.

DOMINGO: Oreinak eta orkatzak ekarriko ditugu Errioxako mendietatik, hemen hazteko.

KARLOS: Gerra irabazitakoan, Aranjuezeko basoetatik ere ekarriko ditugu. Eta nire ametsak betetzen badira, Afrikan elefante bat ehizatuko dut, eta (Hormaren erdia seinalatuz) hortxe jarriko ditugu bere marfilezko hortzak! Zu izendatuko zaitut nire gobernadore Euskal Herri osorako.

DOMINGO: Ohore handia izango da.

KARLOS: Bihar Frederick Henningsen kapitaina dator bisitan. Armada britainiarreko legioa karlisten alde jarri nahi dut.

DOMINGO: Liberalek beraien aliatuak direla diote. Hamar mila soldadu bidean direla.

KARLOS: Ehizara joango gara goizean britainiarrarekin.

DOMINGO: Errege-guardiako kapitaina gonbidatu dezakegu, eta gauean lorategian laurok jai pribatu bat egin, emazte barik.

KARLOS: Ez ahaztu zerbitzariak. Henningsenek ikus dezala gure eskaintza hobea dela liberalena baino.

DOMINGO: Aurreko jai pribatua egin genuenean, August von Goeben eta Gillermo von Rahde austriarrak ez zuten aldentzerik nahi.

KARLOS: Gau bakarra izango da. Gure alde jartzen badu armada, errepikatuko dugula esango diogu.

DOMINGO: Eta militar frantsesekin ez zara ahalegindu behar? Louis Xavier de Saint-Sylvain adiskidea prest legoke bitartekaritza lana egiteko.

KARLOS: Napoleonen garaian sei urtez izan ninduten preso.

DOMINGO: Ziur nago zerbitzariak beraiek ekarriko zituztela Parisetik!

KARLOS: Oh la la!

DOMINGO: Saint-Sylvaini esango diot harremanak hasteko?

KARLOS: Ez. Ziurrenik preso sartuko naute berriro.


5B- BERTSOAK: "Martxa"
Doinua: Loreak udan ihintza bezala

Gerrak jarraitzen du gori gori,
karlisten tropa irabazten,
erregegaiak Maroto ipini
ta_ez da batere kezkatzen.

Bere gortea sendotu guran
musikariei deituta,
martxa militar indartsurako
txistua baino hobe tronpeta.

Ehizarako leku egoki bat
basurdeak herrirako,
oreinak berriz zaldi gainetik
aristokratek batzeko.

Karlosek ere lortu egin nahi du
britainiarra_adiskidetu,
eta laguntza eskatu_aurretik
kapitaina zirraratu.


BOSGARREN EKITALDIA: "Batzarrei deia"
Lau urte dira Zumalakarregi hil zela, eta gerraren azken asteetan gaude. Agertokia udaletxeko alkatearen bulegoa da.

KATTALIN:… Azkenaldian Espartero jenerala hemendik dabilenez, Oñatiko herriak esatekorik baduela eta berarekin egoteko ekimena hartu beharko zenuke. Zeu zara alkatea.


ALKATEA: Bost axolako zaio nire iritzia, Kattalin.

KATTALIN: Foru Aldundiarekin batera joan zaitezke.

ALKATEA: Zaila hori ere. Oñati ez dago oraindik Gipuzkoan.

KATTALIN: Azken Batzarrean probintzian sartzeko gaia eztabaidatzekotan geratu ginen.

ALKATEA: Oraindik bereizirik gabiltza, geure aldetik.

KATTALIN: Borboien arteko gatazka honek kaltea besterik ez dio ekarri Oñatiri. Gerra duela sei urte hasi zenean, unibertsitateak seiehun ikasle zituen, eta orain erdiak. Familia gehienak genuen ikasleren bat etxean ostatu hartuta. Gure diru iturriak asko murriztu dira.

ALKATEA: Beraien mentalitatea ulertzen ez dudan arren, irakasle batzuk liberalen alde agertu ziren. Eta Gasteizera aldatu ziren han beste ikastetxe bat ezarriz. Ikasle asko beraien atzetik joan ziren.

KATTALIN: Gure hondamendia ez da soilik ikasle falta. Tropak herrira datozkigunean, geuk mantendu behar izaten ditugu.

ALKATEA: Udala erabat zorpetuta dago.

KATTALIN: Zerbait asmatu beharko genuke. Aspaldian Karlos erregegaia ez dut Lazarraga jauregitik bueltan ikusi.

ALKATEA: Bere gortea aldakorra denez, orain Lizarran omen dago.

KATTALIN: Ihesi doala dirudi. Izan ere, Zumalakarregi hil zenetik, karlisten armadak ez du burua jaso.

ALKATEA: Domingo Artazkotzi, jenerala jauregira gonbidatzeko eskatuko diogu.

KATTALIN: Eta kontzeju osoa berarekin bildu, zeu buru zarela.

ALKATEA: Ez du nahi izango, gu errepublikarrekin gaudelako.

KATTALIN: Neu joan naiteke, herritarren izenean. Inoiz ez dut jeneral batekin hitz egin, eta ez dakit nola hartuko nauen.

ALKATEA: Erregegaiarekin elkartu naizenetan, goitik behera begiratzen zidan.

KATTALIN: Espartero ez da errege-etxekoa, Ciudad Realeko herri txiki bateko arotz baten semea baizik. Jaiotzaz larre motzean hazitakoa da.

ALKATEA: Militar profesional egin zenean, Ameriketara joan omen zen. Hierarkian gora egin zuen han, jeneral bilakatu arte. Goitik begiratuko zaitu, ez izan zalantzarik.

KATTALIN: Gerra monarkiko honetan zerikusirik ez dudala, eta herritarren defentsan noala ikusten duenean, arotzaren semearekin topo egitea espero dut.

ALKATEA: Azaldu egiozu euskaldunok foruak defendatzeagatik sartu ginela gerran. Berdin zaigula Karlos edo Maria Kristina egon erregetzan.

KATTALIN: Ziurrenik berari ere bai, armadako buru mantentzen duten bitartean.

ALKATEA: Esaiozu unibertsitateak sekula ez duela jaso erreal bat bera ere gortetik. Oñatiko udalaren eta Euskal Herriko aldundien kontura iraun duela gaurdaino.

KATTALIN: Besterik?

ALKATEA: Bai. Gerra honetan dozenaka milaka soldadu hil dira alde bietan, sarjentu eta kapitain gutxi batzuk, eta jeneral bakarra, Zumalakarregi. Errege-erreginarik, printze-printzesarik ez da ageri zerrenda luze horretan. Herritarrak ipini dute bizitza jokoan. Esaiozu guk ordaintzen ditugula Borboien handinahiak.

KATTALIN: Argizaiola bat eramango diot, opari...


6B- BERTSOAK: "Laguntza eske"
Doinua: Betroiarena A

Udaletxera jo du
Kattalin panpoxak
behingoz gorde guran
herriko_interesak.
Alkateak ez du nahi
horrelako saltsak
eta aldundiarekin
berriz harrotu_hautsak.
Baina oñatiarrak
galdu dute sosak
nola ez ametsak
gerra honen erruz,
gogotsuago behar du (e)
foruen defentsak.

Espartero delako
liberal burua
Kattalinek harekin
nahi du tratua.
Jenerala omen da
batailan zorrua,
eta harremanetan
hotza eta harrua.
Argizaiola hartuta
ahaztu amorrua
ta zurrumurrua
bihotza irabazi,
arrazoiekin hasi (e)
ez galdu_helburua.


SEIGARREN EKITALDIA: "Liberalak Lutxanan"
Lazarraga jauregiko egongelan daude. 

IDAZKARIA:... Errege-etxeko aginduekin nator zuregana, Espartero jenerala, gerra amaierako ituna negoziatzeko.

ESPARTERO: Badaki Lutxanako bataila neuk irabazi nuela?

IDAZKARIA: Jakinaren gainean dago.

ESPARTERO: Karlistak erabat suntsituta daude. Aspaldi amaitu ziren Zumalakarregiren garaiko balentriak.

IDAZKARIA: Zurekin egotera bidali baldin banau, Europa osoan erakusteko moduko ituna nahi duelako da.

ESPARTERO: Inoiz ikusi duzu gerra bateko garailea, ituna egiten galtzailearekin? Barre egingo didate armada guztietako jeneralek.

IDAZKARIA: Bere esanetara zaude.

ESPARTERO: Ez denbora luzean. Parlamentuko liberal taldeak erreginaordea kentzea nahi du, eta niri eskaini didate gobernuburu eta Isabel gaztearen tutorea izatea.

IDAZKARIA: Onartzekotan zaude?

ESPARTERO: Maria Kristinari obedituko niola agindu nion. Militarra naiz, hitza beteko dut, oraingoz.

IDAZKARIA: (Idatzi bat ematen dio) Hemen duzu bederatzi puntuko itunaren zirriborroa.

ESPARTERO: (Hasiera irakurri ondoren) Adarra jotzen ari zarete? Gerra neuk irabazi dut. Zer dela eta karlistei dena barkatu eta gure armadan sartzeko gonbitea luzatu?

IDAZKARIA: Ez dizut errepikatuko. Gerra zeuk irabazi duzu, ados, baina ez zerorrek bakarrean jardun ondoren. Gortetik soldadu ingelesen, frantsesen eta portugesen parte-hartzea lortu genuen, eta dirutza eman zaizu zure ofizial eta soldaduak karlistenak baino askoz hobeto ordaintzeko.

ESPARTERO: Karlistek hirurogei mila soldadu galdu dituzte dagoeneko sei urte hauetan, eta guk berriz laurogei mila.

IDAZKARIA: Guk diozunean, kontutan izan hildakoen artean hamaika mila atzerritarrak izan direla, gehienak frantsesak.

ESPARTERO: Zer dakizue zuek gerrari buruz? Aranjuez eta Madrileko jauregietako saloi dotoreetan ematen duzue eguna, epelean, bataila lekuetatik urrun.

IDAZKARIA: Onartu egizu bederatzi puntuok. Gure izen ona babestu behar dugu.

ESPARTERO: Izen ona?

IDAZKARIA: Zure tropek Bastidako eliza erre, eta parrokoa hil zuten.

ESPARTERO: Txapelgorriak ziren, karlistengandik ihes eta guregana pasatutakoak diruagatik.

IDAZKARIA: Berdin zait txapelgorriak ala txapel beltzak. Azken finean, zure tropak ziren. Eta ezaguna da, baita, liberalak preso erortzen zirenean, zuk karlistak fusilatzen zenituela.

ESPARTERO: Niri neurriak hartzen ari zarete? Nola irabazten direla gerrak uste duzu? Zumalakarregi omen zen jatorra. Baina berak ere nire estrategia militarrak erabiltzen zituen. Entzunda duzu Nafarroan Billafrankako eliza erre zuela, eta bertan gorde ziren liberalak fusilatu. Emakumeei ilea moztu zien, ondoren herritik paseatzeko.

IDAZKARIA: Eskuzabalak izatea komeni zaigu.

ESPARTERO: Nahi duzuen propaganda zabaldu, baina jakin ezazue, gerran denok aurkaria ahultzen saiatzen garela, eta etxeko tropak sustatzen. Bestela, ez duzu inolaz ere irabazterik.

IDAZKARIA: Hor duzu itunaren zirriborroa. Marotori beste kopia bat emango diot arratsaldean. Eta okerrik ez bada, etzi sinatuko duzue biok hementxe bertan. Ados?

ESPARTERO: Gauean nire ofizialekin eztabaidatuko ditut bederatzi puntuok, eta aldaketarik balego, esango nizuke.


7B- ABESTIA: "Hamaika amaren seme"
Doinua: R.M. Azkueren kantutegikoa.

Hamaika_amaren seme
dolorez haziak
eraman beharko ditu
oraingo_auziak!
Hilak hilagatikan (bis)(bis)
aurrera biziak,
ahal duten guztiak,
edukitsu ezedukiak
ama_etxean utziak:
gerra hau irabazteko (bis)
lau probintziak.


ZAZPIGARREN EKITALDIA: "Karlisten geroa"
Lazarraga jauregiko egongelan sartzen da Kattalin. Espartero mahai aurrean dago, jesarrita, plano bat arakatzen..

KATTALIN:... Arratsalde on, Espartero jenerala. Jakinen gainean nago zure aita arotza zela, eta opari xume bat eskaini nahi dizut, bilera hau herritarren ordezkari batekin egitea onartzeagatik.

ESPARTERO: Familia luzekoa naiz, zortzi anai-arreben artean gazteena. Apaiz edo militar izatea ziren nire irtenbideak. Aitak elizgizon bat nahi zuen, etxetik gertu egongo zena. Nik asmo handiagoak nituen.

KATTALIN: Bat nator zurekin.

ESPARTERO: Jenerala izan nahi duzu?

KATTALIN: Herritarron asmoak ere handiak direlako.

ESPARTERO: Ez dizut ulertzen.

KATTALIN: Gure izaeraren oinarrian Foruak daude, bertako legedia eta usadioak gordetzen dituztenak.

ESPARTERO: Militarra naiz, ez politikaria.

KATTALIN: Foruak galtzen baldin baditugu, gure legeak, izaera eta hizkuntza galdu egingo dira, kanpokoen esanetara geratuz.

ESPARTERO: Gorteek erabakitzen dute hori, ez nik. Baduzu besterik esateko?

KATTALIN: Bai jauna. Errepublika zale izan arren, Nafarroako erregearen menpe egon ginen mende askotan.

ESPARTERO: Aspaldiko kontuak dira.

KATTALIN: Berdin izan zaigu gortean Borboi bat ala bestea egon agintean, geure Foruei zin egitera behartuta zegoelako.

ESPARTERO: Berdin baldin
bazaizue, zergatik ari zarete Karlosen alde, legitimitatea Maria Kristinaren alaba den Isabelek badu?

KATTALIN: Bere alde liberalak daudelako, Espainia zentralista nahi dutenak, gure Foruak ezabatuz.

ESPARTERO: Konstituzio bakarra dago.

KATTALIN: Gurea ez dena, zeuena baizik. Gerra amaitzearen aldekoak gara, hondamendia besterik ez digulako ekarri. Tropak mantentzeko ezinean gabiltza; kaletarrak eta baserritarrak galera handiak izan dituzte. Duela hiru urte Arantzazuko fraideak atxilotu eta santutegia erre zuen Rodil zure jeneralak, erregegaia bertan gordetzen zenaren susmoz. Dena gezurra. Eta orain, ez dugu dirurik santutegia berriz eraikitzeko.

ESPARTERO: Entzute onekoa naiz, baina gerran dagoen jeneral baten aurrean zaude.

KATTALIN: Gortean eta parlamentuan ospe handia duzu, eta zure hitza denek entzungo dute.

ESPARTERO: Nire lehentasuna bakea lortzea da.

KATTALIN: Ituna negoziatzen ari zarete.

ESPARTERO: Parlamentuko idazkari nagusia etorri da, eta Lord John Hay ingelesarekin batera dabil, Marotorekin artikuluen mamia adosten. Bihar sinatuko dugu, eta etzidamu elkar besarkatuko dugu Bergaran armada bien aurrean, jeneralok bat gatozela adierazteko.

KATTALIN: Bat zatoztelako, ala garaituek betiko jakin dezaten gerra nork irabazi duen?

ESPARTERO: Ituneko lehen puntuak Foruen gaia jasoko duela agintzen dizut, azken erabakia parlamentuak badu ere.

KATTALIN: Zure hitzarekin geratzen naiz, beteko duzulakoan.

ESPARTERO: Ez izan zalantzarik.


8B- BERTSOAK: "Herritarren nahia"
Doinua: "Ikusten duzu goizean"

Goxo hasi da Kattalin
berbaz Esparterorekin
tratua nahi du egin.
Gure Foruak galdu ezkero
dena_izango da desberdin
izaera galduko arin
hizkuntzarena nork jakin
ah zer nolako bihozmin.

Hondamendia Oñatik
jasan du beti gerratik
herrirako dena_alferrik.
Arantzazu erre egin zuten
liberal tropen aldetik
konpontzeko_ezta dirurik
fraideak daude aldendurik
bada itunaren premiarik.

Nahiz ez den perfektua
maite dugu sorlekua,
gurasoek_utzitakua.
Ez dugu errege_ez printzerik
herria beti_ahaltsua
horrela da dohatsua
eta badu amestua
bakean dagoen mundua.


ZORTZIGARREN EKITALDIA: ”Oñatiko ituna"
Lazarraga jauregiko egongelan daude.

DOMINGO: Itunaren sinadura saioa hasi aurretik, jakin ezazue denok zaretela ongietorriak Lazarraga jauregira. Amaieran, bazkaria izango dugu, bakea ospatzeko.

IDAZKARIA: (Irakurtzen) "Gaur, mila zortziehun eta hogeita hemeretziko abuztuaren hogeita bederatzian, osteguna, Oñatin bildu dira liberalen buru den Espartero jenerala eta karlisten buru den Maroto jenerala, gerrari amaiera emango dion ituna sinatzera".

MAROTO: Aldez aurretik puntu bakoitza adostea komenigarria litzateke.

IDAZKARIA: Atzo goizean kopia bana pasatu nizuen.

DOMINGO: Konforme zeundetela esan zeniguten.

KATTALIN: Bidezkoa dirudi aldez aurretik puntuak irakurtzea.

ESPARTERO: Lehena Foruei buruzkoa da, herenegun gehitutakoa. Beste bederatziak karlisten egoera berria zehazten dute.

MAROTO: Gerra galdu arren, gure ofizialek eta soldaduek begirunea merezi dute.

ESPARTERO: Nire hitza duzu.

KATTALIN: Herritarrontzat lehen puntua da garrantzitsuena.

IDAZKARIA: Honela dio: “Baldomero Espartero Kapitain Jeneral jaunak, Gobernuari gogotsu gomendatzen dio berak formalki egindako eskaintza betetzea, hau da, Gorteei proposatzea Foruen aitortza edo aldaketa.”

ESPARTERO: Aski da?

KATTALIN: Eskubide historikoa dela gehituko nioke.

MAROTO: Bestalde, jakin egin beharko dugu “gogotsu” esaten denean, norainoko indarra duen.

ESPARTERO: Erabatekoa.

KATTALIN: Zergatik sartu behar dira gorteak gure gauzetan?

MAROTO: Eskumenak beraientzat gorde nahiko dituzte, ez izan zalantzarik.

KATTALIN: Badugu beste irtenbiderik?

IDAZKARIA: Duela bi urte ezarri zen han Konstituzio berria, gehiengo handiz onartua.

MAROTO: Gehiengoarena, kontu zaharra da.

KATTALIN: Hango bozketetan, euskaldunok beti gutxiengoan egongo gara.

ESPARTERO: Momentu hau ez da aproposena hori eztabaidatzeko.

MAROTO: Gerra irabazi duzuelako, jakina.

ESPARTERO: Garaipenak Gorteen erabaki guztiak legitimatzen ditu.

KATTALIN: Horra, azken hitza.

MAROTO: Jarrai ditzagun beste bederatzi atalekin.

IDAZKARIA: Laburbilduz, karlisten armadako kideei enplegua, maila eta kondekorazioak gordeko zaizkie liberalen armadara batzen badira. Hori nahi ez dutenak, etxeratzeko edo atzerriratzeko askatasuna izango dute, armak entregatu ondoren. Eta azkenik, atxilotuak aske utziko ditugu.

KATTALIN: Eta gure soldaduen alargunak eta umeak?

ESPARTERO: Liberalen baldintza berdinetan geratuko dira. (Marotori) Armada biak etzi Bergaran elkartzea proposatzen dizut, eta guztien aurrean biok besarkatzea, ituna aldarte onean sinatu dugula ikus dezaten.

MAROTO: Urbiztondo jeneral karlistak esan didanez, gure aldetik hamasei batailoi agertuko dira.

ESPARTERO: Hamasei soilik?

MAROTO: Batailoi gehienak, hogeita zazpi hain zuzen, ez daude ados gerra amaitzeko baldintza hauetan. Eta soldadu asko ez dago prest armak entregatzeko.

IDAZKARIA: Besarkadak sinbolismo handia izan dezake, baina garrantzitsuena gaur ituna sinatzea da.

MAROTO: Karlos erregegaia Frantziarako bidean da jadanik, armadako ofizial eta soldadu
askorekin. Beste batzuk Ameriketarako eta Filipinetarako bidea hartu dute.

DOMINGO: Ni idazkariarekin bat nator. Sinatu ezazue ituna, denon mesederako.

IDAZKARIA: (Idatzian seinalatuz) Hemen...

Espartero eta Maroto sinatzera doaz, solemnitatez.


9B- BERTSOAK: "Amaierakoak"
Doinua: Misiolari baten moduan

Amaierara_iritsi gara ta
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan asmatuko dugu (bis)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra.
Jairako_ordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!