2022(e)ko urtarrilaren 1(a), larunbata

Katabera


A- ANTZERKIA
B- BIBLIOGRAFIA


------------o0o0o-----------

A- ANTZERKIA

SINOPSIA
Asturiasko Meatzeetako Konpainiak 1890ean Friedrich Bärh meatze-ingeniari alemaniarra kontratatu zuen, Oñatiko Kataberako meatzeak zuzentzeko. Txalet bat eraiki zuen Udanako gainean, eta Johanna von Daacke bere herrikidearekin ezkondu ondoren, bost seme-alaba izan zituzten. Horietatik bigarrena, Gerhard linguista, 1921ean Euskaltzaindiako inoizko euskaltzainik gazteena bilakatu zen.

Kataberako bi meatzeetatik bereziki galena eta kalamina ateratzen ziren, eta urarekin lurra kenduz garbitu ondoren, minerala bagonetetan jaisten zuten Udanako lau labeetaraino. Bertan egosi, eta hasieran gurdietan eta gero kamioi txikietan Zumarragako tren geltokiraino eramaten zuten, trenez Errenteriako labe garaietara bidaltzeko. Bärh ingeniariak Brinkolan trenaren geltoki bat egitea nahi zuen, garraioa errazteko. Baina kostua handia zelako, egitasmoa Oñatiko enpresari eta politikoei azaldu zien. 

Friedrich Bärhen txaletak argindar elektrikoa zuen, haize errota txiki bat, berogailua, telefonoa Kataberarekin komunmikatzeko, etab. Inguruetako lehen kotxea ere berak ekarri zuen, eta Brinkola-Oñati izeneko trenaren geltoki bat egitea proposatu zion Oñatiko udalari. Aldeko eta kontrtako jarrirak egon ziren, beti bezala, eta antzerkian bakoitzak bere iritziak emateko aukera izango du, trenaren geltokia eraiki ala ez erabakitzeko.

PERTSONAIAK
1- Musikoa 1/abeslaria 1.
2- Musikoa 2.
3- Abeslaria 2.
4- Abeslaria 3.
5- Friedrich Bärh, ingeniari alemaniarra.
6- Johanna von Daacke, Friedrichen emaztea.
7- Regino Igartua, meategietako enkargatua.
8- Juan Garai, alkate eta enpresaria.
9- Mª Luisa Garai, Juanen emaztea.
10- Agustin Gereka, idazkaria.
11- Federika Maiztegi, ostalaria.
12- Dominika Lizaur, garraio-enpresaria.
13- Paulo Zatarain, irakaslea.
14- Juana Zelaia, dendaria.
15- Martzelino Elortza, enpresaria.


GARAPENA
1- Bertsoak: “Hasierakoak”.
2- Lehen agerraldia: "Alkatearen bulegoan".
3- Bertsoak: "Enpresarien interesak”.
4- Bigarren agerraldia: "Udanako lorategian".
5- Bertsoak: “Herritarren nahia”.
6- Hirugarren agerraldia: "Alkatearen bulegoan".
7- Bertsoak: "Amaierakoak".

BERTSOAK: “Hasierakoak
Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Sanmigeletako jaian.
Plaza eta kalean (bis)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
Kataberako gorabeherak
ta trenaren geltokia.
Esandako guztia (bis)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN AGERRALDIA: "Alkatearen bulegoan, proiektua".

ALKATEA sartzen denean, IDAZKARIA bere mahaian dago.

ALKATEA: Astearteko udaleko ezohiko bilerako akta prest duzu?


IDAZKARIA: Bai, alkate jauna.

ALKATEA: Norbaitek zehaztasunak eskatzen baditu, hobe eskura izatea.

IDAZKARIA: Nahi duzu irakurtzea?

ALKATEA: Geltokiko pasartea soilik.

IDAZKARIA: “Oñatin, mila bederatziehuneko azaroaren hamabostean, Juan Garai alkate jauna buru zela, legezko aurrerapenarekin deialdia egin ondoren, bilkura berezian elkartu ziren jaun hauek: Elias Gorostidi...

ALKATEA: Mesedez joan zaitez harira.

IDAZKARIA: Iragarkietan azaldutako bileraren helburuak bi puntu zituela: Lehena Brinkolan tren geltokia egokitzeko komenigarritasunari buruzkoa, eta Bigarrena Erreklutamenduko Batzorde Mistoaren jakinarazpen baten berri ematea, Infanteriako Erregimentuko soldaduari espediente bat bidaliz.

ALKATEA: Gaurko gaia tren geltokiarena da, ez soldaduarena.

IDAZKARIA: Alkate jaunak hitza erabiltzen jarraituz, azaldu zuen onura handia ekarriko liokeela bai industriari, bai merkataritzari, bai bidaiariei tren geltokia Brinkolara eramateak; izan ere, horren bidez, Zumarragara dagoen distantziaren %50 laburtzen zen, auzotarren nahiak interpretatuz, Udalbatza ados baitzegoen praktikan jartzeko.

ALKATEA: Eta hartu zen erabakia?

IDAZKARIA: Jasota dago.

ALKATEA: Primeran.

IDAZKARIA: Kopia bat idatzi dut Esteban Gomendio probintziako diputatuari bidaltzeko.

ALKATEA: Ongi da.

REGINO, Kataberako meategietako enkargatua sartzen da.

REGINO: Sar daiteke? Harrera-gelan ez dago inor.

ALKATEA: Aurrera, Regino. Badakizu zertan gabiltzan udaletxean?

REGINO: Bai, alkate jauna. Brinkolan tren geltokia jartzeko asmotan.

ALKATEA: Eta ze iruditzen zaio Kataberako meategietako enkargatua zaren horri?

REGINO: Ondo.

ALKATEA: Azaldu egiguzu.

REGINO: Meategietan momentu honetan hemezortzi langile gaude. Friedrich jaunak esan dit trena Brinkolan geratuz gero, garraioa ehuneko hogei merkatuko dela, ondorioz langile gehiagorentzat lana sortuz.

ALKATEA: Eta zu beti ere enkargatu.

REGINO: Oso konforme dago nirekin.

ALKATEA: Langile gehiago izanez zure menpe, soldata handiagoa, jakina.

REGINO: Horrela izatea espero dut. Zure Garai fabrikan ere berdin egingo duzue, ala?

ALKATEA: Meategietan nekatzen bazara, izango duzu lana gurekin.

REGINO: Enkargatu moduan?

ALKATEA: Jakina! Mesedez gera zaitez harrera gelan, udaletxera gaurko deitutako beste guztiekin amaieran bilera bat egiteko asmoa dut eta.

Abegikor, aterantz laguntzen dio. REGINO irten alaz, zain zegoen DOMINIKA garraio-enpresaria sartzen da.

DOMINIKA: Asko estimatzen dut zure deia, alkate jauna.

ALKATEA: Kontua da, Brinkolan tren geltokia zabaltzeko diru asko behar duela udalak.

DOMINIKA: Senarra hil zenetik, “Oñatiarra” garraio enpresa nire kargu dago, baina oso apalak gara. Guztira bi zaldi-gurdi, bi automobil, eta autobus eta kamioi bana ditugu. Bidaia gehienak auzoetakoak, Arantzazurakoak, Arrasate-Oñati-Legazpi lineakoak, edo Zumarragako tren geltokira joatekoak dira.

ALKATEA: Brinkolan geltoki bat zabalduz gero, bidaiari gehiago lortzeko aukera sortuko litzateke.

DOMINIKA: Baina txartela merkeago izan beharko da. Azkenean, guretzat parra.

ALKATEA: Arantzazura ere erromes gehiago etorriko lirateke bederatziurrenean.

DOMINIKA: Beste autobus bat erosteko lain bai?

ALKATEA: Ez dakit. Hori da guztion erronka.

DOMINIKA: Zure fabrikan berrehun langiletik gora duzu. Ezin nauzu parean jarri.

ALKATEA: Lagunduko duzu diruz proiektua?

DOMINIKA: Zenbatekin?

ALKATEA: Hirurehun pezeta.

DOMINIKA: Asko da. Oñatiko beste negozioek, zenbat jartzen dute?

ALKATEA: Gaur hasi naiz denei galdetzen.

DOMINIKA: Besteena jakindakoan emango dizut erantzuna.

ALKATEA: (Aterantz laguntzen diola) Trena gure etorkizuna da.

DOMINIKA ateratzen denean, zain zegoen FRIEDRICH enpresaria sartzen da.

ALKATEA: Ongi etorri, Friedrich.

FRIEDRICH: Beti prest izango nauzu laguntza behar denean.

ALKATEA: Irakur ezazu astearteko udaleko bilerako akta.

IDAZKARIA: Honela dio: behin Udalak jakinda, hainbat zinegotzik hitz egin ostean, Brínkolan geltokia ezartzea herri honetarako alde guztietatik onuragarria dela ikusita, komisio bat sortzea adostu zen honako jaunak osatuta...

ALKATEA: Zu ere komisio horretako partaide izatea gustatuko litzaidake.

FRIEDRICH: Ze betebehar izango ditut?

ALKATEA: Foru Aldundiari baimenak eta dirua eskatzea, adibidez.

FRIEDRICH: Baina ni alemana naiz.

ALKATEA: Eta Kataberako meategietako ingeniari nagusia.

FRIEDRICH: Asturiaseko Konpainiaren enplegatua naiz, ez enpresaria zu bezala.

ALKATEA: Martzelino Elortzak eta biok ordezkatuko ditugu enpresariak.

FRIEDRICH: Interes handia dut tren geltokian. Orain kamioiek minerala Udanatik Zumarragaraino eraman behar dute.

ALKATEA: Distantzia erdira jaitsiko zaizu.

FRIEDRICH: Gomendio diputatuak zer dio?

ALKATEA: Zu egoteak komisioa osatzen duela.

FRIEDRICH: Legazpiko alkatearekin komentatuko dut, baietza eman baino lehen.

ALKATEA: Haiei berdin zaie Zumarragara joan edo Brinkolara joan.

FRIEDRICH: Oraindik tren geltokirik ez dutenez, haiek ere Aldundira joko dute diru eske.

ALKATEA: Ez dut uste zu gure taldean egoteak legazpiarrei kalterik egingo dienik.

FRIEDRICH: Udana herri bien erdian dago.

ALKATEA: Komisio bietan sartu orduan.

FRIEDRICH: Baliteke ideia ona izatea.

ALKATEA eta FRIEDRICH ate aldera doaz. Ondoren, ANDRESA ostalaria sartzen da.

ALKATEA: Ongi etorri Andresa anderea. Nola doaz gauzak?

ANDRESA: Nire negozioan txukun, baina ostalaritzako sektorearen izenean natorrenez, beste batzuen egoera ekonomikoa ikusita ezin hori esan.

ALKATEA: Sancti Spiritus Unibertsitatearen arazoengatik diozu?

ANDRESA: Jakina. Aspaldian oso apal dago, eta gero eta kanpoko ikasle gutxiago ditu.

ALKATEA: Madriletik behin betiko ixteko saio pare bat egin dute.

ANDRESA: Ezin dugu horrelakorik onartu. Mila bostehun eta berrogeita bostetik dago zabalik, eta garai onenetan berrehun eta berrogeita hamar ikaslek hartzen zuten ostatu herriko etxeetan. Egoera horrek ez du zerikusirik gaurko apaltasunarekin.

ALKATEA: Unibertsitate maila kentzeaz mehatxatu digute.

ANDRESA: Bi karlistadetan ere geldi egon zen, Oñatiri hondamendia ekarriz.

ALKATEA: Oraingoan betiko izatea nahi dute.

ANDRESA: Ezin diegu horrelakorik onartu. Zer uste dute direla, gure erabakietan sartzeko?

ALKATEA: Oñatik bakarrik ez du unibertsitatea zabalik mantentzeko dirurik.

ANDRESA: Foru Aldundiak beti lagundu izan digu.

ALKATEA: Ados, baina oraingoan trenaren gaiarekin gabiltza.

ANDRESA: Enpresari gutxi batzuei egiten die mesede trenak. Ostalariok beste lehentasun batzuk ditugu.

ALKATEA: Gero izango dugu denon arteko bilera.

ALKATEAk ateraino laguntzen dio ANDRESAri, gizabidetsu. MARTZELINO enpresaria sartzen da.

ALKATEA: Martzelino Elortza jauna, ongi etorri.

MARTZELINO: Erabakia hartuta etorri naiz, Juan.

ALKATEA: Asko estimatzen dut.

MARTZELINO: Enpresariok lehenak izatea dirua jartzen Brinkolako geltokia martxan jartzeko, beti ere langile kopuruaren arabera, eta langile bakoitzeko hainbesteko bat. Ondoren Oñatiko beste sektoreei eskatzea komeni da, baina langile bakoitzeko gure erdia soilik. Sektore guztietako negozioei, pertsona bakarrekoa izanik ere.

ALKATEA: Nekez onartuko da halakorik.

MARTZELINO: Neuk ere entzuna dut trenaren geltokiarekin enpresariok irabazten dugula gehien, baina ez da egia. Gure produktuak garraiatzea merkeago kostako zaigu, Zumarragaraino eramatea baino dozena bat kilometro gutxiago daudelako. Baina geuk sortzen ditugu lanpostu berriak, eta hori herriarentzat aberastasuna da.

ALKATEA: Langile kopurua kontutan hartzekotan, zela egingo zenuke? Gaur egungoak? Azken bost urteetakoak?

MARTZELINO: Ez dakit. Zer diozu zeuk?

ALKATEA: Azken urteetakoak.

MARTZELINO: Badago dirua lortzeko beste aukera bat ere.

ALKATEA: Azaldu egidazu.

MARTZELINO: Garraiatzen den kantitatearen arabera.

ALKATEA: Berdin dio ardoa ala burdina izan?

MARTZELINO: Pisuaren arabera.

ALKATEA: Ostalariek ez dute onartuko.

MARTZELINO: Edo bai, kilometro gutxiago egin beharrari etekin handia ateratzen badiote.

ALKATEA: Gero izango dugu ordezkarien bilera. Ea zer dioten.

ALKATEAk MARTZEKINOri ateraino laguntzen dio. Berehala JUANA dendaria sartzen da.

JUANA: Eskerrik asko deitzeagatik, alkate jauna. Lehen aldia da hemen nagoela.

ALKATEA: Ongi etorria zara, Juana.

JUANA: Dendarien eta merkatarien kofradiako izenean nator. Atzo elkartu ginen, eta niri eman didate zurekin hitz egiteko ordezkaritza.

ALKATEA: Bereziki entzutea nahi dut, herritar guztien iritzia jasotzea.

JUANA: Jendea beldur da guri udaletxera deitzearen arrazoia ez ote den zergaren igoera.

ALKATEA: Lasai, ez du zerikusirik horrekin.

JUANA: Edo dirua eskatzea, Brinkolako geltokiaren gastuetan parte hartzeko. Orain arte, guri inork ez digu galdetu geltoki hori eraikitzea komeni den ala ez. Zeuek hartu duzue erabakia udaletxean.

ALKATEA: Denon mesederako da, emakumea.

JUANA: Errespetu osoz, nola dakizue ba udaleko alkate eta zinegotziok gure mesederako ere badela?

ALKATEA: Gaurkoaren moduko batzarrik ez dugu egin orain arte, baina jendearekin egunero egoten gara.

JUANA: Kofradiako juntakook nahiago dugu unibertsitatea indartzea, irakasle eta ikasleak bizia ematen diotelako merkataritzari.

ALKATEA: Horretan nabil orain.

JUANA: Trenarena baino garrantzitsuagoa da.

ALKATEA: Biak batera egingo ditugu.

JUANA: Gure uste apalean, gastuak besterik ez ditu ekarriko trenak.

JUANA kanpora doa, bera bakarrik. PAULO irakaslea sartzen da.

PAULO: Bilera aurretik gurekin banaka egotea nahi duzula jartzen zuen deialdian.

ALKATEA: Halaxe da, aldez aurretik zalantzak argitzeko.

PAULO: Trenaren geltokia enpresarion mesederako da. Ez dut uste bidezkoa denik herritar denoi dirua eskatzea.

ALKATEA: Noizean behin zeuk ere bidaiatuko duzu.

PAULO: Zeuk esan duzu egia, noizean behin. Baina zure fabrikatik ordea, zenbaitetan bidaltzen duzu kamioiak kargaz beteta?

ALKATEA: Goizean bat egunero, eta arratsalde batzuetan bigarrena. Ez beti.

PAULO: Alde ederra. Ni bezalakoei bost axola zaigu Zumarragarako bidean ordu erdi gehiago ematea noizean behin.

ALKATEA: Ezer ez egitea okerragoa da.

PAULO: Zuen etekinentzat, jakina baietz.

ALKATEA: Gure enpresan zure eskola- umeren hainbat guraso egiten dute lan.

PAULO: Ez gaizki ulertu. Ondo ikusten dut zuek etekinak lortzea, bere neurrian, inbertsio gehiago egiteko eta gurasoek umeak eskolara bidali ahal izateko. Batak ez du bestea kentzen.

ALKATEA: Lapur batzuk garela dirudi.

PAULO: Ea ulertzen garen, Garai jauna. Zure fabrikaren martxa onaren alde nago. Baina ez trenaren geltokia denok ordaintzearen alde, enpresarien mesederako.

ALKATEA: Oñatirako ona bada, denok irabazten dugu.

PAULO: Alfer alferrik nabil zuekin.

PAULO kanpora doa, bakarrik.

IDAZKARIA: Garai jauna, gauzak ez daude batere garbi.

ALKATEA: Aldekoak adina ditugu aurka.

IDAZKARIA: Bileraren ondoren, denak gonbidatu beharko zenituzke afaltzera. Adiskidantza giroak eta ardoak animoak gerturatuko dituzte.

ALKATEA: Arrazoia duzu. Edo hobe bestela, Friedrich ingeniariari asteburuan bere txaletean jai bat antolatzeko eskatuko diot, musika eta guzti, eta denei bikoteekin joateko eskatu.

ILUNA

BERTSOAK
Jauntxoek eta hainbat enpresarik
komunikazioak gura hobetu
bertatik trena ez pasatzean
Norteko trenbideari lotu.
Zumarragan geltokia urrun
Brinkolakoa behar da hartu
errepide berria egiteko
alkateak guztiei dirua eskatu
noren interesak defendatzen
herritarrek nahi eztabaidatu.

Udanan Friedrichen txaleteko
lorategian musikarekin
hizka-mizkak atzean utzita
denentzat giroa da atsegin.
Garai alkatea bereziki
abegikor ta kontalari fin,
trenaren abantaila guztiak
ezin dira gehiago jaregin,
oñatiar denak irabazten
onurak ta maukak zenbatezin.

BIGARREN AGERRALDIA: "Udanako lorategian".
Friedrich ingeniariaren Udanako txaleteko lorategian, musika entzuten da. Ezkerreko eserlekuan dotore jantzitako JOHANNA eta Mª LUISA hitz egiten daude, eskuan xanpain kopa bana dutela. Alboko mahaian beste bi kopa eta izotzontzia xanpain botila batekin.
Eskuinaldeko eserlekuan, DOMINIKA eta ANDRESA daude, hauek ere dotore.
Fokuak bereziki lehen eserlekua argitzen dute.


JOHANNA: Nire senar Friedrich beti dago prest jaiak antolatzeko.

Mª LUISA: Juan ez zen urruti ibiliko.

JOHANNA: Beti dute aitzakiaren bat.

Mª LUISA: Guretzat hobe, gonbidatzen gaituzten bitartean.

JOHANNA: Uste nuen Legazpiko alkatea etortzekotan zela.

Mª LUISA: Emaztearekin?

JOHANNA: Beti datoz biak.

Mª LUISA: Aspaldi ez dut ikusi.

JOHANNA: Orain Bilbon janzten da.

Mª LUISA: Donostia, gutxitxo berarentzat?

JOHANNA: Ikusiko bazenu zelako kapelak erabiltzen dituen.

Mª LUISA: Entzuten musikoei? Goazen dantzara!

Johann Strauss-en “Danubio urdina” balsa jotzen dute musikoek, eta biak dantzan hasten dira.
JUANA sartzen da, dotore, eskuan arrosa bat duela.
JOHANNAk arrosa kentzen dio, eta Mª LUISArekin dantzan jartzen du bere ordez, balsa amaitu arte.

JUANA: (JOHANNAri) Eskerrak eman nahi dizut gonbiteagatik.

JOHANNA: Alkatearen kontuak dira.

JUANA: Duela lau urteko igande arratsalde baten etorri nintzen Oñatitik umeekin bonbilen argia ikustera. Ez genituen ezagutzen, eta harrituta geratu ginen denok.

JOHANNA: Friedrich egonezina da. Beti dago zerbait berria asmatzen.

Mª LUISA: Berokuntza ere berezia dute. Eta bainuontzian beti dute ur beroa.

JOHANNA: Momentu ezin hobean zatoz.

JUANA: Oso dotore ikusten zaituztet.

Mª LUISA: Larunbatean Donostiara joan ginen propio erostera, gaur senarrei sorpresa emateko.

JOHANNA: Baina ez digute larregiko jaramonik egin.

JUANA: Euren gauzetan ibiliko dira.

Mª LUISA: Zeu ere dotore zaude.

JUANA: Neuk egindakoa da.

JOHANNA: Hurrengoan Donostiaraino joan beharrean, zure dendara joango gara Oñatira.

JUANA: Mesede bat eska dezaket?

Mª LUISA: Zure esanetara gaude.

JUANA: Egunen baten soinekoak utziko dizkidazue? Bakarrik kortea kopiatzeko izango da. Modan dauden estiloak ezagutzea gustatzen zait.

JOHANNA: Baina ez gero beste norbaiti gurea bezalakoa egin.

Mª LUISA: Ez behintzat denboraldi berean. Urte baten edo.

JUANA: Aginduta!

Lehen eserlekuko fokuak apaldu, eta bigarren eserlekua argitzen da orain.

DOMINIKA: Nire senar defuntuak ez zuen fede handirik trenean, gurpildun garraioan baizik.

ANDRESA: Ados nago, Dominika. Trena leku jakin batetik soilik igarotzen da, kotxea edo kamioia berriz, zeure etxe aurrealderaino ailegatzen den bitartean.

DOMINIKA: Ez dut gaur egungo egoera hau larregi ulertzen.

ANDRESA: Erraza da. Denon kontura egin nahi dute geltokia.

DOMINIKA: Guk kamioi bat eta autobus txiki bat dugu, enpresetako merkantziak eta bidaiariak Zumarragaraino garraiatzeko. Bidaia gehiago egingo genituzke Brinkolara?

ANDRESA: Okerragoa da nire kasua. Gure extean ditugun sei logeletatik, batezbeste hiru alokatzea lortzen dugu, gehienbat fabriketara datozen saltzaile eta muntatzaileei. Gora egingo du horrek?

DOMINIKA: Kontua da dirua eskatu digutela.

ANDRESA: Eta zaila zaigula ezetz erantzutea.

DOMINIKA: Gure negozioak beraien menpe daude.

ANDRESA: Gure arbasoen garaietan unibertsitateko ikasleak izan genituen apopilo, logelak urte osorako alokatuta.

DOMINIKA: Eta niri alkateak esan zidan Arantzazura erromes gehiago etorriko zirela Brinkolatik.

ANDRESA: Hori berak ere ez du sinesten.

DOMINIKA: Eta beste autobus txiki bat erosi beharko nuela.

ANDRESA: Dena den, erromesak zuzen doaz gora. Ostalariok ez dugu erromesen presentzia sekula igarri.

DOMINIKA: Zer egin dezakegu, Andresa?

ANDRESA: Ez dakit. Udaletxeko diruekin Zestoa, Alzola edo Arrasateko hotel eta bainuetxeen antzerako bat egitea biontzat probetxuzkoagoa izan zitezkeen.

DOMINIKA: Diruak herrian inbertituz.

ANDRESA: Bainuetxetara doan jendea aberatsa izaten denez, zure kotxe eta autobusaren beharrean egongo lirateke.

DOMINIKA: Eta hotela zerorrek kudeatuko zenuke, oraingo sei gelekin konformatu gabe.

REGINO eta PAULO sartzen dira eta erdira doaz, aurrera. Eserlekuko fokuak apalduta, bi hauengana bideratzen dira.

REGINO: Gaur egun handia da niretzat, Bähr jaunak bere jaira gonbidatu nau.

PAULO: Zerbaiten truke izango da, zaude ziur.

REGINO: Ez dakit ba, Alkate jaunari Brinkolako geltokiaren alde nagoela esan nion eta.

PAULO: Benetan zaude alde?

REGINO: Kataberako meategietako langile guztiok gaude ados.

PAULO: Ugazabari ondo joaten bazaio, langileei ere bai.

REGINO: Horrela da.

PAULO: Entzun duzu inoiz zer den enpresetako plusbalioa?

REGINO: Meategietara hamalau urterekin joan nintzen lanera, eta ordura arte neguan bakarrik joaten nintzen eskolara, udaberritik aurrera baserrian lagundu beharra zegoelako.

PAULO: Behingoz behintzat entzun. Enpresariak aberasten badira, langileek egindakoagatik dagokien soldata ordaintzen ez zaielako da. Nondik uste duzu bestela Garai jauna eta Bähr jauna direla Oñati osoan kotxea duten pertsona bakarrak?

REGINO: Berak zer duen ez dit ardura. Meategiko langileena defendatzen nabil.

PAULO: Eta geltokia denon artean ordaindu behar dugula esan dizu alkateak?

REGINO: Bähr jaunak agindu zidan langileon zatiaz bera egingo zela kargu.

PAULO: Irakasleok baino zorte handiagoa duzue.

REGINO: Beharbada. Meategi baten galerian lan egin duzu, ehun metroko sakoneran? Egun osoan eguzkiaren antzik gabe?

PAULO: Badakizu ezetz.

REGINO: Belarri zuloak ere beltz izaten ditugu ateratzerakoan.

PAULO: Lan gogorra eta zikina, badakit horrela dela.

REGINO: Eta gehiago esango dizut. Bähr jaunak duela zazpi urte meatzaritzako teleferikoa eraiki zuen Udanatik Kataberaraino. Hiru mila eta ehun metroko luzera zuen, bostehun eta berrogei metroko desnibela gainditzeko, eta bere bagonetak hirurogeita hamar tona mineral garraiatu ahal dute egunero. Horrekin amaitu ziren gurdizainen ibilera nekagarriak maldan gora eta behera. Baina alferrik nabil. Ez duzu inoiz ulertuko gure bizitza zela aldatu den.

PAULO: Beti egingo dut zuen alde. Baina denok ezin gara meatzari izan. Irakasleak ere behar dira.

REGINO eta PAULO atze aldera doaz, eta erdiko fokuetako argira FRIEDRICH, GARAI alkatea, MARTZELINO eta ESKRIBAUA abiatzen dira. Hau atzeko eserlekura doa.

FRIEDRICH: Ikusiko duzuen haize-errota txikiak etxean behar dugun argindar guztia ekoizten digu.

MARTZELINO: Nire fabrikako biltegietan jarriko nituzke halako batzuk.

ALKATEA: Guk ibaiko uraren indarra baliatzen dugu, baina Toki Eder txaleterako ez litzateke gaizki etorriko.

FRIEDRICH: Gero bazkari berezia egingo dugu. Aurreko astean Bergaran egin zen nekazaritza eta abeltzaintza erakusketa lehiaketara aurkeztu nintzen.

ALKATEA: Adarra jotzen zabiltza.

MARTZELINO: Meategietako ingeniaria nekazaritza eta abeltzaintza lehiaketan?

FRIEDRICH: Foru Aldundiak antolatu zuen, Gipuzkoa osorako, eta Aldun Nagusia bertan zen.

MARTZELINO: Berria egunkarian agertu zen, bai.

ALKATEA: Ez zaitut ikusten aitzurrarekin baratzean.

FRIEDRICH: Lurraldeko gurin freskoaren, eztiaren eta argizariaren hiru arloetan, lehen saria eman zidaten.

ALKATEA: Zorionak Friedrich!

MARTZELINO: Zur eta lur uzten nauzu!

FRIEDRICH: Aitzurrarekin eta erlezaintzan aritzeko lorezaina dut, baina hortik lehen saria lortzera, tarte handia dago.

ALKATEA: Nork esango! Dena den, datorren igandean hirurok Lasarteko zaldi lasterketetara joatea proposatzen dizuet, emazteekin.

MARTZELINO: Batzar Nagusietako diputatu Esteban Gomendio oñatiarra bertaratzen omen da igandero, eta berarekin cava kopa bat hartzeko geratuta nago.

ALKATEA: Geltokirako Aurrezki Kutxan mailegua eskatzeko aukera dagoen ala ez aztertuko dugu berarekin.

FRIEDRICH: Ados. Baina uste dut egokiagoa dela Foru Aldundiko bere bulegora joatea, astegun baten.

IDAZKARIA besteengana doa, eskuan dituen mineral zatiak erakutsiz.

IDAZKARIA: Reginok noizean behin galena eta kalamina zatiak ekartzen dizkit meategietatik. Badaki mineralen bildumagilea naizela, eta forma berezia dutenak gordetzen dizkit. Honek gurutze baten antza du. Beste honek koilara dirudi. Hau berriz, mineralen nahasketa.

ALKATEA: Jode Gereka! Ez nekien bildumazalea zinenik.

FRIEDRICH: Enkargatuak baimena eskatu zidan eramateko.

IDAZKARIA: Asko eskertzen dizuet bioi. Kolorearen araberakoak ere ekartzen dizkit.

FRIEDRICH: Hain zuzen, Donostiara astegun batez joatea komeni zait baimena eskatzera, beste galeria berri bat zulatzen hasteko.

MARTZELINO: Oraingo biekin ez duzu nahiko?

FRIEDRICH: Zaharreneko mineral beta gero eta txikiagoa da. Lur asko ekartzen du, eta han goiko garbitze lanak bikoiztu egin zaizkigu.

ALKATEA: Uste nuen berdin zela, gero hemengo labeetan bereizten delako minerala eta lurra.

FRIEDRICH: Zuzen zaude, baina denbora gehiago egon behar da labean, su-egur larregi xahutuz.

MARTZELINO: Labe berria ez diguzu erakutsi oraindik.

FRIEDRICH: Besteen antzekoa da, baina toberari sarrerako angelua igo diot, haizea indar gehiagoz sartzeko. Goazen laurok.

MARTZELINO: Ea gaurkoan ere zerbait ikasten dugun.

FRIEDRICH, ALKATEA, MARTZELINO eta ESKRIBAUA atera egiten dira.

ILUNA


BERTSOAK: “Herritarren nahia”.
Lorategiko giro alaiak
konfiantza hurbilagotzera
eraman hitz egiterakoan
baina ez iritziak batzera.
Udala diru premian dago
herritarrei doa eskatzera,
hauek ordea nahiago dute
jauntxoak behartu inbertitzera,
Batzar Nagusira joango dira
mailegu berriaz galdetzera.

Honez gero lau urte joan dira
ta geltokia izen berriaz
Oñate-Brinkola dauka orain
oñatiarrentzat ongietorriaz.
Norteko konpainiaren eta
errepidearen lansariaz,
udala maileguaz aparte
zain da bestelako gehigarriaz,
nor izango ote lehenengoa
dirua ematen pozkariaz?


HIRUGARREN AGERRALDIA: "Alkatearen bulegoan, erabakia".

ALKATEAk izkribu bat irakurtzen duen bitartean, IDAZKARIA bere mahaian dago lanean.

IDAZKARIA: Ia lau urte igaro dira Brinkolako geltokiaren gaiarekin hasi ginela. Gaurkoa hamabosgarren akta izango da.

ALKATEA: Lasai, ez da asko falta.

MARTZELINO enpresaria sartzen da.

MARTZELINO: Sentitzen dut, baina ezin naiz gaurko bileran geratu. Bartzelonan arazoak izan ditugu bezero batzuekin. Gure produktuen azken partidaren kalitateaz kexu daude. Eta neu bertaratzea exijitu dute.

ALKATEA: Betiko iritzia mantentzen duzu?

MARTZELINO: Bai, jakina. Geltokia, erabiltzen duenak ordain dezala.

ALKATEA: Enpresarion produktuak direnean, tonak kontutan hartuta.

MARTZELINO: Eta baita kanpoko enpresariek bidaltzen dutenean. Sakrifizioa berdintsuagoa izango da.

ALKATEA: Egia esan, Oñatin beti ordaintzen gabiltza.

MARTZELINO: Zumarragako edo Beasaingo enpresariek ordaindu zuten zeozer geltokiengatik.

ALKATEA: Ez. Trena bertatik nahitaez pasa behar delako.

MARTZELINO: Eta Donostiakoek.

ALKATEA: Ez gaitezen gogaitu.

MARTZELINO: Nirea badakizu.

ALKATEA eta MARTZELINO atera ondoren, ANDRESA eta JUANA sartzen dira.

IDAZKARIA: Alkate jauna berehala itzuliko da.

JUANA: Eskaileratan bost minutu izango direla esan digu.

ANDRESA: Ez dakit zergatik deitu gaituen berriro. Azkenean, gure iritzia bata ala beste izan arren, Udal Batzarreko hamabi jauntxok gura dutena egiten dute. Ostalarion larruz ordaindu dugu orain bi urte Madrilek unibertsitatea kendu izana.

JUANA: Eta dendariok? Oso zaila zaigu Oñatiko jendearekin bakarrik aurrera egitea. Kanpoko dirua sartu behar da herrira, salmentak gora egiteko.

ANDRESA: Etorkizun iluna ikusten dut.

JUANA: Zuei gaizki joaten bazaizue, pentsa guri.

ANDRESA: Udalak berrogeita hamaika mila pezetako mailegua eskatu behar omen dio Gipuzkoako Kutxari.

JUANA: Jakinean nago. Hogeita hamar urtetan itzultzeko.

ANDRESA: Badakizu zer den hori? Zorretan leporaino, beste ezertarako dirurik gabe.

JUANA: Hala ere enpresariek diote errentagarria dela epe ertainera.

ANDRESA: Beraientzat, ziur baietz.

JUANA: Nahiago nuen bainuetxea eta hotela eraikitzen inbertituko balitz dirutza hori.

ANDRESA: Dena herrian geratuko zen. Orain berriz, tren konpainiari hamazazpi mila pezeta eman behar zaizkio geltokia egiteko, eta Foru Aldundiari ere diru piloa Udanatik Brinkolara errepide berri bat egiteko.

JUANA: Kasu bietan, Legazpiko lurretan gastatzeko. Ba ote dator handik Oñatira inor erosketak egitera?

ANDRESA: Eta ostatu hartzera? Hor lanean arituko diren langile eta ingeniariak ez dira hona, etorriko. Ziur egon.

JUANA: Arropa berriak erostera gutxiago. Bigarren mailako herria bihurtzen ari gara.

ANDRESA: Alferrik gabiltza, Juana. Ez dakit zertarako deitzen digun alkateak.

JUANA: Aurrekoan esan nion, bizilagun asko geundela proiektuaren aurka, eta bozketa bat antolatzeko.

ANDRESA: Ez du egingo, zaude lasai. Udal Batzarreko hamabi jauntxoek erabakia hartuta izango dute jada.

JUANA: Eta horrela bada, guri berriro deitu?

ALKATEA sartzen da.

ALKATEA: Andresa eta Juana adiskideok, baduzue zerbait berririk adierazteko aurreko bileratik hona?

ANDRESA: Nik betikoa diot. Madrilek unibertsitate maila kendu badio gure antzinako unibertsitateari, hor gastatu behar dela dirua, lehenetara itzultzeko.

JUANA: Andresarekin bat nator. Udala sorretan sartzekotan horrek dakarren sakrifizioekin, Oñatiko zerbait hobetzeko izan dadila, ez Legazpiko azpiegiturak hobetu eta hango dendariei bezeroak gehitzeko.

ANDRESA eta JUANA atera doaz. REGINO sartzen da.

ALKATEA: Laster Udal Batzarrean erabakia hartu behar dugu Brinkolako geltokiari buruz.

REGINO: Aurrekoetan esandakoari eusten diot.

ALKATEA: Baietza, jakina.

REGINO: Hori da. Kataberan enplegua sortzeko bide bakarra garraioa erraztea da.

ALKATEA: Horrek zergak handitzea eraman arren.

REGINO: Ardoarena hobetu daitekeela uste dut. Alondegiak batzen duen zerga guztien ehuneko laurogei ardotik dator. Meatzariontzat karga larregi da. Friedrich ingeniariari esana diot hori zurekin negoziatzeko.

ALKATEA: Kontsumoa murriztu dezakezue.

REGINO: Oso lan gogorra da gurea.

ALKATEA: Gero dator Friedrich, eta hitz egingo dugu.

REGINO atera ondoren, PAULO sartzen da.

ALKATEA: Hil honetan Udal Batzarrean erabakiko dugu geltokiarena, eta berriro denei deitzen nabil.

PAULO: Herritarren arteko bozketarik ez badago, egia esan ez dakit zertarako deitzen nauzun, azkenean zeuen gustuko erabakia hartuko duzue eta.

ALKATEA: Geu izan ginen udalean aritzeko hautatuak.

PAULO: Nik dakidanez, Iparreko Tren Konpainiari hamazazpi mila pezeta ordaindu diozue geltokia eraikitzeko, eta Udanatik Brinkolarako errepide berria ehun eta hamalau mila pezeta kostako da, erdia Foru Aldundiaren kontura eta beste erdia Oñatik ordaintzeko. Nondik hainbeste diru baina?

ALKATEA: Kutxan mailegu bat eskatu dugu.

PAULO: Udala belaunaldi hau guztiz hipotekatuz.

ALKATEA: Aberastasuna ekarriko du herrira.

PAULO: Aztertu duzue Gasteiztik Zumarragarako trenbidearen proiektua? San Prudentziotik doa, eta geltokia Oñatiko lurretan eraiki daiteke, ondoren San Prudentziotik hona trenbide-adar bat zabalduz, Zubillagatik eta San Pedrotik pasatuz, eta unibertsitatearen parean geltokia jarriz.

ALKATEA: Proiektua oraindik planoetan besterik ez dago.

PAULO: Baina zentzudunagoa da Brinkolakoa baino. Zenbat kilometro dituzu hemendik San Prudentziora? Eta denak lauak, Udanako aldaparik gabe. Neguan elurrarekin aritzeko, ezin duzu alderatu bide bat bestearekin.

ALKATEA: Hamar urte itxaron beharko genuke, gutxienez.

PAULO: Oñatiraino ailegatzea agian bai, baina San Prudentziora lehenago iritsiko da.

ALKATEA: Besterik baduzu, Paulo?

PAULO: Ez zaidala gustatzen gure diruak aldeko herrian inbertitzea.

ALKATEA: Ongi da. Kontuan izango dugu zure iritzia.

PAULO: Aktan jasotzea eskatuko nizuke. Historiak denok epaituko gaitu, eta gure ondorengoek ikus dezatela bazeudela oñatiarrak Brinkolako geltokiaren aurka.

ALKATEA: Aktan idatzita geratuko da, zaude lasai.

PAULO atera ondoren, DOMINIKA sartzen da.

ALKATEA: Laster dugu Udal Batzarra geltokiarena erabakitzeko, eta azken elkarrizketa-txanda egiten nabil.

DOMINIKA: Gauza berririk ez dut esateko. Zuk ezagutzen duzun betiko iritziari eusten diot.

ALKATEA: Autobus eta kamioi berriak erostea?

DOMINIKA: Hori da. Geltokian xahutzen ari garen diruarekin, beste gauza asko egin daiteke.

ALKATEA: Ez gabiltza xahutzen, inbertitzen baizik.

DOMINIKA: Ados. Baina beste gauza askotan inbertitu daiteke. Adibidez, sekula ez dut ulertuko zergatik ordaindu behar duen Oñatik Udana ondoko Etxeberria bihurgunetik Brinkolaraino egingo den errepide berria. Oñatiarrok legazpiarrei bide berriak egiten? Non ikusi da halakorik?

ALKATEA: Aldundiak erdia ordainduko du, errepidea lehen mailakoa izendatzen bada.

DOMINIKA: Berdin zait horrek. Eta errepidearen ondorengo mantenua, gure kargu baita? Begira, nire garraio enpresa txikia da, ezin da alderatu zure Garai fabrikarekin. Ziur asko zu ohituta zaude zenbaki potoloetara, baina guk bidaiatzeko txartela bakoitzagatik zortzi zentimo kobratzen dugu. Larre motzean gabiltza beti.

ALKATEA: Guk ere dozenaka mila pieza apal egiten ditugu egunero, azkenean batura zenbaki potoloetara iristeko.

DOMINIKA: Baina arazoa ez da soilik geltokiaren erdia eta errepidearen erdia ordaindu behar duela Oñatik. Nik dakidanez, Brinkolan ez dira geratuko Zumarragan geratzen diren tren garrantzitsuenak, hala nola “Rapidoa”, “Expresa”, eta besteren bat.

ALKATEA: Hori, eragin handiko pertsonen bitartez negoziatzen gabiltza tren konpainiarekin.

DOMINIKA: Nola geratuko dira ba, markesinarik eta itxaron-gelarik ez dagoen geltoki xume baten?

ALKATEA: Horretan ere bagabiltza.

DOMINIKA: Eta posta? Zumarragan uzten dute. Momentu honetan Brinkolakoa merkantzietarako bakarrik dagoela esan daiteke. Oso hirugarren mailako geltokia izango da.

ALKATEA: Laster ikusiko duzu ez dela horrela.

DOMINIKA: Azken lau urtetan lortu ez dena, zaila ikusten dut orain aldatzea.

ALKATEA: Zein da orduan zure proposamena?

DOMINIKA: Geltokian eta errepide berrian aurreztutako diruarekin, garraio autonomoaren zerbitzua sendotu, guri lagunduz kamioi eta autobus berriak erosten. Eta Zumarragara joaten jarraitu.

ALKATEA: Zazpi kilometro gehiago dira.

DOMINIKA: Xahutu behar den diruarekin, Udanatik Zumarragarainoko kostua udalak bere gain har dezake.

ALKATEA: Aztertuko dugu.

DOMINIKA: Kontuan izan, trena ibilbide finko batetik doala, eta zeu gerturatu behar zarela bertara. Gure kamioiak eta autobusak, nahi duzun tokitik doaz, gura den lekuan geratuz. Hor dago etorkizuna, alkate jauna.

ALKATEA: Agintzen dizut aztertuko dugula.

DOMINIKA atera ondoren, FRIEDRICH sartzen da.

ALKATEA: Azken gonbidatua zara gaurkoan.

FRIEDRICH: Gogotsu nago geltokia martxan ikusteko.

ALKATEA: Hil honetan dugu Udal Batzar erabakigarria.

FRIEDRICH: Azkenean, Martzelino Elortzak eta zuk ipini behar duzue dirurik?

ALKATEA: Martzelinok dio nik egiten dudanaren berdina egingo duela berak.

FRIEDRICH: Herrian ezin zarete bata bestearengandik nabarmendu.

ALKATEA: Horrela da. Meatzariek gaizki hartuko lukete.

FRIEDRICH: Eta zer egin behar duzu?

ALKATEA: Arazoak ditut Madrileko politikoekin. Espainiako bigarren enpresa da nirea kartoia eta pospoloak fabrikatzen, baina gobernuak sektorea monopolizatu nahi du, produktu estrategikoak direla esanda.

FRIEDRICH: Estrategikoak? Zertarako?

ALKATEA: Dena publiko egitea nahi dute, beraien menpe geratzeko. Beldur naiz ez ote didaten fabrika erosiko, komeni zaien prezioan. Eta urte batzuetara, produkzioa beste nonbaitera eraman, eta Oñatiko fabrika itxi.

FRIEDRICH: Beraz, ez zoaz geltokirako eta errepiderako dirurik ipintzera?

ALKATEA: Derrigortuta nago inbertsioak egitera, beste produktu berri batzuk ekoizteko.

FRIEDRICH: Nik agindutakoa ipiniko dut, bost mila pezeta. Kalean pisu bat erosteko lain diru.

ALKATEA: Baina zergak kentzearen truke esan zenidan.

FRIEDRICH: Hori da.

ALKATEA: Betiko kentzea ezinezkoa zaigu. Hamar urterako.

FRIEDRICH: Hogeita bosterako.

ALKATEA: Ados.

FRIEDRICH: Goazen bazkaltzera, akordioa ospatzeko.

ALKATEA: (IDAZKARIARI) Dena jaso duzu?

IDAZKARIA: Dena, alkate jauna. Hogeita bost urteko zerga-salbuespena.

ILUNA


BERTSOAK: "Amaierakoak"

Amaierara_iritsi gara ta
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan asmatuko dugu (bis)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da euskara zaharra.
Jairako_ordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!

          ------------o0o0o-----------

B- BIBLIOGRAFIA

- Alonso, Francisco, Ugarte, Felix, (1981) “Algunos aspectos geomorfológicos del karst de Katabera (Sierra de Aizkorri) - Kataberako karstari (Aizkorri mendikatea) buruz datu batzuk”, Ed. Lurralde inv. espac, Nº 4, pp 40-63, ISSN 1697-3070.

- Aramburu Ugartemendia, Pello Joxe; Intza Igartua, Luis Mari, (2006) “Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan - La construcción, evaluación y consecuencias el Ferrocarril del Norte en Gipuzkoa”. Lehen Liburukia, Ed. Pasaia Portuko Garraio Kooperatiba, ISBN: 978-84-611-2828-1.

- Aramburu Ugartemendia, Pello Joxe; Intza Igartua, Luis Mari, (2006) “Norteko Trenbidearen eraikuntza, ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan - La construcción, evaluación y consecuencias el Ferrocarril del Norte en Gipuzkoa”. Bigarren Liburukia, Ed. Pasaia Portuko Garraio Kooperatiba, ISBN: 978-84-612-4494-2.

- Arana, Aitor, (1986), “Gerhard Bähr. Artikulu bilduma”, Ed. HOTS Aitarapenak, Legazpi-Gipuzkoa, ISBN: 84-398-8110-x.

- Azpiazu, José Antonio; Creixell Garay, José Luis (2015) “Los Garay. Una saga industrial en Oñati durante 150 años”, Ed. Hijos de Juan de Garay, S.A., Oñati.

- Garay Letamendi, Garbiñe (1987), “Oñatiko industrializazioaren lehenengo urratsak (1860-1936)”, Ed. Deustuko Unibertsitatea, Bilbo.

- Lasa, Jose Ignacio, (1977), “Tejiendo Historia. Contribución a la pequeña historia de Guipúzcoa” Ed. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, ISBN: 84-7173-052-9.

- Lasa, Jose Ignacio, (1970), “Legazpia” Ed. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, ISBN: DLSS 102/70.

- Olaizola Elordi, Juan José (2009) “1936 Represión y reconversión en el ferrocarril del Urola”, Ed. V Congreso de Historia Ferroviaria, Palma.

- Oñatiko udal artxiboa, OINUDA. Libro de Actas Z-29.1 – Z-29.6, 1896-1901, “Administración Municipal: Libros de Actas del Ayuntamiento: Libro de Actas: Pleno. Libro 1”, Actas de:

...* 15.11.1900: "Sobre el gran beneficio de trasladar la estación de ferrocarril de Bríncola a Telleriarte, al recortar en un 50% la distancia a Zumarraga, con el beneficio que reportaría a la industria, el comercio y los viajeros

...* 24.11.1900: "S/ habilitar la estación de Bríncola para la facturación de mercancías."

...* 28.11.1900: "S/ la contestación de la Compañía del Ferrocarril del Norte."

- Oñatiko udal artxiboa, OINUDA. Libro de Actas, Z-30.1 – Z-30.5, 1901-1905 “Administración Municipal: Libros de Actas del Ayuntamiento: Libro de Actas: Pleno. Libro 1”, Actas de:

...* 11.06.1901: "Sobre el proyecto de convertir el apeadero de Bríncola en Estación."

...* 15.06.1901: "S/ los gastos de las obras del camino desde Udana a Bríncola para convertir el apeadero en Estación."

...* 22.06.1901: "S/ que es un gasto improductivo destinar 33.000 duros a construir una Estación en Bríncola y un camino nuevo."

...* 27.07.1901: "S/ que el Ayuntamiento se dirige a los Sres. de las empresas Vda. de Garay e Hijo, Elorza e Hijo, y la Real Compañía Asturiana de Minas para que subvenciones parte de los gastos."

...* 03.08.1901: "S/ que los empresarios están dispuestos a ayudar al Ayuntamiento siempre que el sacrificio sea uniforme, a tanto por tonelada. Y que la R.C. Asturiana de Minas dará una subvención de 5.000 pesetas."

...* 15.03.1902: "S/ la petición de la Excma. Diputación Provincial al Ayuntamiento de depositar en su Tesorería 51.671´02 pesetas, como la mitad del coste del camino de Udana a Brincola."

...* 14.05.1904: "S/ los estudios del tren de Mondragón a Los Mártires de Vergara, y la participación en una reunión de los Ayuntamientos de los pueblos beneficiados."

...* 21.05.1904: "S/ la defensa de Dn. Juan Garay en Madrid de la propuesta de Bríncola, y la negativa del Ayuntamiento de contribuir con cantidad alguna en el proyecto del tren de Mondragón a Vergara por estar San Prudencio a 7´5 km."

...* 31.05.1904: "S/ la reunión extraordinaria para solicitar a la Dirección de la Compañía del Ferrocarril de Norte para que se detengan todos los trenes de viajeros en Bríncola."

...* 02.07.1904: "S/ conseguir se detengan en Bríncola todos los trenes ascendentes o reales que desde San Sebastián se dirigen a Castilla."

...* 16.07.1904: "S/una carta del Sr, Director de la Compañía de los Caminos de Norte respecto a parar el tren expreso en Bríncola que por ahora no es posible."

...* 30.07.1904: "S/ el Ferrocarril de Mártires a Mondragón, y tomar acciones de hasta 40.000 pts. si la estación de San Prudencio se hacía en terrenos de esta villa."

...* 24.09.1904: "S/ que desde el día 20 del corriente estaba abierto el servicio al público tanto para personas como para mercancías la Estación de Bríncola."

...* 19.11.1904: "S/ que el Ayuntamiento de Vitoria había abandonado el proyecto de Ferrocarril Vasco Navarro, y sacar a pública subasta el de Vitoria a Los Mártires."

...* 26.11.1904: "S/ el correo de Bríncola."

...* 01.04.1905: "S/ que se había dirigido un escrito al Excmo. Sr. Director General de la Compañía de Ferrocarriles del Norte solicitando que la Estación de Bríncola se denomine de Oñate, o también Bríncola-Oñate."

...* 15.04.1905: "S/ que el Ayuntamiento provea de 300 metros cúbicos de piedra machacada de calidad dura y resistente, porque en caso contrario el camino a Bríncola quedará intransitable."

...* 29.04.1905: "S/ necesidad de piedra para el camino de Bríncola."

...* 03.06.1905: "S/ piedra para el camino de Bríncola."

...* 10.06.1905: "S/ piedra para el camino de Bríncola."

...* 23.06.1905: "S/ piedra para el camino de Bríncola."

...* 01.07.1905: "S/ el escrito del Ingeniero de Udana Federico Bahr referente a la subvención de 5.000 pesetas, y que el Ayuntamiento aceptaba la condición de no exigirle impuesto alguno durante diez años por el arrastre en dicho camino."

...* 08.07.1905: S/ piedra para el camino de Bríncola."

...* 31.07.1905: "S/ una carta de D. Federico Bahr donde no aceptaba limitación de tiempo."

...* 12.08.1905: "S/ piedra para el camino de Bríncola."

...* 26.08.1905: "S/ la subvención de 5.000 pesetas de D. Federico Bahr."

...* 16.09.1905: "S/ la liquidación de obras del camino de Bríncola."

...* 23.09.1905: "S/ la reunión con D. Federico Bahr y la exención de impuestos para veinticinco años.

...* 21.10.1905: "S/ piedra para el camino de Bríncola."

- Ugarte, Jose Luis; Madinabeitia, Tere; Ugalde, Maria Jesús. (1999) “Brinkola gogoan. Apunte historiko eta etnografikoak”, Ed. Legazpiko udala eta Eusko Ikaskuntza, ISBN: 978-84-895 16-95-2.

- Villasante, Luis. (1979) "Historia de la literatura vasca", Ed. Aranzazu, ISBN: 84-7240-114-6.