Olaitturri Kultur Elkartea
Oñatin,
2009ko urtarrilaren 24an, goizeko 11etan, ondoren azaltzen diren
pertsonak bildu dira: Jabier Altube, Jabier Atxa, Antton M. Elortza,
Jerardo Elortza, Iñazio Irizar eta Andres Zabala. Batzarra bideratu
dezan, Iñazio Irizar jauna batzarburu aukeratu da eta Andres Zabala
jauna idazkari.
Batzarburuak hitza hartu eta
ekitaldiaren helburua elkartea sortzea dela adierazi du, elkartzeko
eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin eta
Legebiltzarrak onartu eta uztailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkariaren 134. zenbakian argitaratutako Euskadiko Elkarteei buruzko
ekainaren 22ko 7/2007 Legearekin bat etorriz.
Jarraian,
elkartea arautu behar duten Estatutuak irakurri dira eta ondoren
estatutu horien edukiari buruzko eztabaida-saioa zabaldu da. Eztabaidatu
ondoren, honako erabakiak hartu dira aho batez:
-
LEHENA: “Olaiturri Kultur Elkartea” izena izango duen elkartea sortzea.
Elkarteak Oñatiko herrian izango du egoitza soziala eta bere helburua
Estatutuetako bigarren artikuluan adierazten dena betetzea izango da.
Elkartea zabalik egongo da bazkide berriak onartzeko.
-
BIGARRENA: elkartearen barne-araubidea eta moldaera arautuko dituzten
Estatutuak onartzea. Akta honi erantsi zaio estatutu horien testua.
-
HIRUGARRENA: elkartearen kudeaketa arruntaz arduratuko den Zuzendaritza
Batzordea izendatzea. Aipatutako batzordeko partaideen izenak eta
karguak erantsi zaizkio agiri honi.
-
LAUGARRENA: Iñazio Irizar jauna ahalmentzea, akta hau izenpetzen
dutenen izenean eta haien ordezkari gisa, eratutako erakundea, soilik
publizitate ondoriotarako, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan
inskribatzeko beharrezko eta komenigarriak diren izapideak egin ditzan.
Horretarako, honakoak aurkeztu beharko ditu: bazkide sortzaile guztiek
sinatutako eraketa-akta honen jatorrizko testuaren bi ale, sortzaile
horien NANen fotokopia bana, eta Estatutuen jatorrizko testuaren bi ale,
Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak eta idazkariak orrialde guztiak
sinatuta.
Eta eztabaidatzeko beste gairik ez zegoenez,
batzarra bukatutzat eman da egun bereko 12etan, eta azpian
adierazitakoek sinatu dute akta, hartutako erabakiekin ados daudela
adierazteko.
ERATZE EGUNA
Gaur goizean,
2009.01.30, eratua geratu da Oñatin kokatutako eta Makalena elkarteko
adiskide batzuen artean sortutako irabazi-asmorik gabeko "Olaitturri
Kultur Elkartea". Zorionak lagundu duzuen guztioi!
ELKARTEAREN ESTATUTUAK
LEHENENGO KAPITULUA
1.
Artikulua.- Irabazi-asmorik gabeko “OLAITTURRI KULTUR ELKARTEA” izeneko
elkartea eratu da; Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.13
artikuluetan oinarri izanik, Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko
Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legea, eta, Elkartzeko Eskubidea
arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin bat etorrita.
Elkarteak honako araubidea izango du: aipatutako elkarteei buruzko
legeak; Estatutu hauek; gobernu-organoek behar bezala hartutako
erabakiak; eta, Eusko Jaurlaritzak onesten dituen erregelamenduzko
xedapenak.
ELKARTEAREN HELBURUAK
2.
Artikulua.- Elkarte honen helburuak honako hauek dira: Herri antzerkiko
emanaldiak prestatu eta eskaini euskaraz, Oñatiko eta Euskal Herriko
hizkuntza eta kultura sustatzeko.
Helburu horiek lortzeko, jarduera hauek egingo dira, ezarritako legezko betekizunak bete ondoren:
- Herri antzerkiak idatzi.
- Herri antzerkiak prestatu eta eman.
-
Antolatutako herri antzerkien inguruan sortzen diren liburuak,
artikuluak,ikusentzunezko materialak eta dibulgazio materialak egin eta
banatu.
Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerak gorabehera, elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:
· Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatu.
· Era guztietako ondasunak edozein tituluren bidez eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta kontratuak egin.
· Nolanahiko ekintzak burutu, betiere legeekin eta Estatutuekin bat etortzekotan.
ELKARTEAREN EGOITZA
3. Artikulua.- Elkarte honen egoitza helbide honetan egongo da: Euskadiko Etorbidea 8, 20560 Oñati, Gipuzkoa.
Elkarteak beste lokal batzuk ere eduki ditzake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu.
Bere Identifikazio Fiskaleko Zenbakia honakoa da: G75003608.
LURRALDE-EREMUA
4. Artikulua.- Elkarte honek nagusiki lurralde-eremu honetan gauzatuko ditu bere zereginak: Gipuzkoa.
IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA
5.
Artikulua.- Elkartea iraunkorra izateko eratu da, eta IV. kapituluan
esaten den bezala ezohiko batzar orokorrean hartutako erabaki bidez
baino ezingo da desegin, edo legeetan aurreikusitako arrazoiren
batengatik. Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua
demokratikoa izango da, eta pluraltasuna erabat errespetatuko da. Erabat
deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako
edozein betetzen ez duten itunak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.
BIGARREN KAPITULUA
AGINTE- ETA ADMINISTRAZIO-ORGANOAK
6. Artikulua.- Elkartearen agintea eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo da:
•Bazkideen Batzar Orokorra izango da organo gorena.
•Zuzendaritza Batzordea izango da kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.
BATZAR OROKORRA
7.
Artikulua.- Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, eta organo
honen bidez adierazten dira bazkideen nahiak. Batzar Orokorraren
ahalmenak:
a) Elkartearen jarduera-plan orokorra onartzea.
b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertu eta onartzea.
c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Elkartea desegitea.
f)
Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta kide anitzeko aginte-organoko
gainontzeko kideak, baldin badaude, izendatzea eta kargutik kentzea.
g) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietatik ateratzea.
h) Ondasun higiezinak erabili edo besterentzeko erabakiak hartzea.
i) Aginte-organoko kideei ordaindu egin behar zaiela erabakitzea.
j)
Kuota arruntak eta bereziak ezartzea. Ahalmen hau, hala ere, Batzar
Orokorrak aginte-organoari eskuordetu diezaioke horretarako bereziki
hartutako erabakiaren bidez.
k) Bazkideak behin betiko kanporatzeko erabakia hartzea.
l) Beste organo sozialen bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.
8. Artikulua.- Batzar Orokorrak ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egingo ditu.
9.
Artikulua.- Batzar Orokorrak gutxienez urtean behin egin beharko du
ohiko bilkura: lehen hiruhilekoan izango da, 7. artikuluko a), b) eta c)
idatz-zatietan zehaztutako erabakiak hartze aldera.
10.
Artikulua.- Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean
bilduko da bilkura berezian, bere ekimenez edota bazkideen %20ek eskatu
duelako. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira
baina, nolanahi ere, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko, bilkura
berezia egingo da:
a)Estatutuak aldatzeko.
b)Elkartea desegiteko.
11.
Artikulua.- Batzar Orokorra biltzeko deialdiak idatziz egin behar dira,
eta bilkurak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira,
bai eta gai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen
zehatzarekin. Deialdia egiten denetik gutxienez hamabost egun pasatu
beharko dira bilkura lehen deialdian egiteko. Hala badagokio, bigarren
deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke. Dena dela, deialdi
batetik bestera gutxienez ordu erdiko tartea utzi beharko da.
Batzar
orokorrak, arruntak nahiz bereziak, lehenengo deialdian balio osoz
eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena
bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten
elkartekideen kopurua edozein dela ere.
12.
Artikulua.- Batzar Orokorraren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira,
hau da, bertaratuen nahiz ordezkatuen baiezko botoak ezezkoak baino
gehiago direnean. Alabaina, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo
kualifikatua beharko da erabaki hauek hartzeko:
a) Elkartea desegitea.
b) Estatutuak aldatzea.
c) Ondasunak erabili edo besterentzea.
d) Ordezkaritza-organoko kideei ordaintzea.
13.
Artikulua.- Bazkideek beste edozein bazkideren esku utzi dezakete
batzar orokorretara joateko ordezkaritza. Ordezkaritza hori idatziz
eskuordetu beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino
gutxienez bi ordu lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herritik kanpo
bizi diren bazkideek ordezkaritza beste norbaiten esku uzteko agiria
postaz bidali dezakete.
ZUZENDARITZA BATZORDEA
14.
Artikulua.- Zuzendaritza Batzordea da Batzar Orokorraren xedapen eta
zuzentarauei jarraikiz elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen
dituen organoa. Elkartekideek baino ezingo dute osatu
ordezkaritza-organoa. Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak honako
seiak izango dira:
- Lehendakaria.
- Lehendakariordea.
- Idazkaria.
- Diruzaina.
- Batzordekidea.
- Batzordekidea.
Gutxienez urtean sei aldiz bildu beharko dute, bai eta, elkartearen jarduerak bideratzeko beharrezkoa den guztietan.
15.
Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara hiru
aldiz jarraian, edo, tarteka sei aldiz agertzen ez bada, dagokion kargua
utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.
16.
Artikulua.- Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko
kargudunak. Kargu horiek lau urterako izendatuko dira, Batzordeak
berariaz baliogabetu ezean. Kargudun berbera behin eta berriro hautatu
ahal izango da.
17. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, ezinbestean baldintza hauek bete beharko dira:
a)
Adin nagusikoa izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta
indarrean dauden legeetan bildutako bateraezintasun-arrazoirik ez
izatea.
b) Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatua izatea.
c) Elkarteko bazkidea izatea.
18.
Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, lehendabizi, Batzorde
Nagusiak izangaia hautatu behar du eta, gero, izendatu horrek kargua
onartu behar du. Zuzendaritza Batzordeko kideen dieta eta gastuak
ordaintzea erabaki dezake Batzar Orokorrak.
19. Artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek kasu hauetan utziko dituzte karguak:
a) Agintealdia bukatzen denean.
b) Dimititzen baldin badute.
c) Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargua betetzeko ezintasun-arrazoiak dituztenean.
d) Estatutu hauetako 16. artikulua aplikatuz, Batzar Orokorrak kargua baliogabetzea erabakitzen duenean.
e) Hiltzen baldin badira.
“a)”
idatz-zatian agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia,
Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute lehenengo
batzar orokorra egin arte. Batzar horretan aukeratuko dira kargudun
berriak.
b), c), d) eta e) idatz-zatietan agertzen dena baldin
bada arrazoia, hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait
behin-behingoz izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak, eta Batzar
Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ez. Ezetsi egiten badu,
behar diren kargu izendapenak egingo ditu.
Organo honen osaeran egiten diren aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.
20. Artikulua.- Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen zereginak:
a) Elkartearen eguneroko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideekin bat etorriz eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
c) Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari aurkeztea, hark onar ditzan.
d)
Batzar Orokorraren bileretako gai-zerrendak egitea, eta ohiko nahiz
ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egitea erabakitzea.
e) Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta horien inguruan hartu beharreko neurriak hartzea.
f)
Estatutu hauetako aginduak interpretatzea eta Estatutuetako hutsuneak
betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean dauden legeekin bat
etorriz.
g)Batzar Orokorrak berariazko erabakien bidez ematen
dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen
esklusibokoak.
21. Artikulua.- Zuzendaritza
Batzordearen bilkurak lehendakariak erabaki edo batzordekide batek
eskatzen duen bakoitzean egingo dira. Bilkurako buru lehendakaria izango
da, edo, bertan ez balego, lehendakariordea, eta horien faltan,
batzordekide zaharrena. Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak
izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak aldeko botoa eman behar
du.
Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon
beharko du bilkuran. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren
kalitateko botoa izango da erabakiko duena.
Idazkariak bilera-aktak egingo ditu eta akta horiek gero dagokion liburuan transkribatuko dira.
KIDE BAKARREKO ORGANOAK
LEHENDAKARIA
22.
Artikulua.- Lehendakariak beregain hartuko du elkartearen legezko
ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako
erabakiak gauzatuko ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horietako
lehendakaria izango da.
23. Artikulua.- Lehendakariak honako hauek denak egiteko ahalmena izango du:
a)
Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilera-deiak egin,
bilerak bukatutzat eman, bileretan sortzen diren eztabaidak bideratu,
eta boto-berdinketa gertatuz gero kalitate-botoarekin erabakitzea.
b) Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea eta elkartearen zereginak bultzatu eta bideratzea.
c) Baliozki erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
d) Sortzen diren premiazko arazoak konpontzea, eta egiten den lehenengo bilkuran Zuzendaritza Batzordeari horren berri ematea.
e) Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.
LEHENDAKARIORDEA
24.
Artikulua.- Lehendakariordeak lehendakariari lagunduko dio, eta
lehendakariak aldi batean bere kargua bete ezin badu, lehendakariordeak
ordezkatuko du. Era berean, lehendakariak berariaz eskuordetzen dizkion
ahalmen guztiak izango ditu.
IDAZKARIA
25.
Artikulua.- Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak
jaso eta izapidetzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua
zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.
Era
berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko xedapenak betetzeaz
arduratuko da, erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen
eta artxiboen edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordeko izendapenen
eta egoitza sozialaren aldaketen berri emateko egin beharreko
jakinerazpenak eginez agintari eskudunari.
DIRUZAINA
26.
Artikulua.- Egindako diru-sarrera eta ordainketen berri emango du
diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteko aurrekontua eta aurreko
urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza
Batzordeari aurkeztu behar dizkio, eta horrek Batzar Orokorrari, hark
onartu ditzan.
HIRUGARREN KAPITULUA
BAZKIDEAK: ONARTUAK IZATEKO BALDINTZA ETA PROZEDURAK, ETA BAZKIDE-MOTAK
27.
Artikulua.- Elkartekide izan nahi eta baldintza hauek betetzen dituzten
pertsona fisiko guztiak izan daitezke elkarteko bazkide:
- Adin
nagusikoa edo adingabe emantzipatua izatea, norberaren eskubideak
erabiltzeko inolako lege-baldintzaren menpe ez egotea eta ebazpen
judizial irmoaren bidez eskubideen erabilera mugatuta ez edukitzea.
28.
Artikulua.- Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko dio
lehendakariari bere eskabidea, bi bazkideren sinadurarekin.
Lehendakariak eskaeraren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta
horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez.
Erabakiaren aurkako gorako errekurtsoa jar dakioke Batzar Orokorrari.
BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
29. Artikulua.- Elkarteko bazkide guztiek honako hauek denak egiteko eskubidea dute:
1)
Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak
inpugnatzea, inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo
ezagutzeko aukera izan duten egunetik egutegiko 40 eguneko epean.
2)
Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaera, elkartearen
kontu-egoera eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.
3)
Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera,
eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu
pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan.
4) Batzar
orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin
eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste
bazkideren baten esku utzi ahal izatea.
5) Elkartearen Estatutu
hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta
organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea.
6)
Indarrean dauden legeetan zehaztutako bazkideen fitxategian agertzea,
eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.
7) Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
8)
Elkartearen talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta bazkideentzako
tresnak erabiltzea (elkartearen egoitza, liburutegiak, eta abar).
9)
Bazkideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, bazkideak idatziz
adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten
arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak
bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
10) Edozein unetan baja ematea. Hala ere, hartu bai baina bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.
30. Artikulua.- Bazkideen betebeharrak hauek dira:
a) Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
b) Kuotak, derramak eta Estatutuen arabera bazkide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea.
c) Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.
d) Elkarteko zuzendaritza-organoek baliozki hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.
BAZKIDE IZATEARI UZTEA
31. Artikulua.- Bazkide izateari uzteko arrazoiak honakoak izango dira:
1. Hil egitea.
2. Bazkidea bere borondatez joatea.
3.
Zuzendaritza Batzordeak elkartetik bidaltzeko zigorra ezartzea, arrazoi
honengatik: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar
Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki hartutako erabakietan
ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz
hausteagatik.
ZIGOR-ARAUAK
32. Artikulua.-
Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Batzar
Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak,
Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu.
15
egunetik hilabetea bitarte eskubideak kentzetik elkartetik betiko
kanporatzea izan daiteke zigorra, ondorengo artikuluek adierazitako
moduan.
Horretarako,
zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egin dadila
erabaki dezake lehendakariak. Ikerketaren instrukziogilea idazkaria
izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu
beharreko neurriak.
Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza
Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango,
eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio.
Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren
aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.
33.
Artikulua.- Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko
ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako
betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliozki
hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin
eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, lehendakariak
idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin
ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita,
lehendakariak jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik
kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake.
34.
Artikulua.- Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada,
idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio
interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei
erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu
hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza
Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta
Batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du parte hartuko
espedienteko instrukziogilea izan den idazkariak.
Elkartetik
kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, era berean,
hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko
zaio. Hiru hilabeteren barruan batzar horretarako deirik egiten ez
bada, errekurtsoa ebazteko batzarrerako deia egin beharko da. Bitartean,
Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide-eskubideak etetea erabaki
ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori
utzarazi beharko dio.
Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea
aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du,
Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta
egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek
dagokion erabakia har dezan.
35. Artikulua.-
Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori
interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz,
auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia legearen edo
Estatutuen aurkakoa bada.
36. Artikulua.- Bazkideren
bati kanporaketaren berri ematerakoan —berak nahi izanda edo zigorra
ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko
zaio.
LAUGARREN KAPITULUA
SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK
37. Artikulua.- Elkarteak ez dauka sortze-ondarerik.
38. Artikulua.- Elkarteak, bere jarduerak aurrera eramateko, diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:
a) Sarrera-kuotak.
b) Erabakitzen diren aldizkako kuotak.
c) Elkartearen ondasun eta eskubideetatik datozen emaitzak, eta legez jasotzen dituen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
d)
Zuzendaritza Batzordeak Estatutuen helburuak lortzeko egin
beharrekotzat jotzen dituen jarduera zilegietatik datozen diru-sarrerak.
Elkarte-
eta ekonomia-ekitaldia urtekoa izango da, eta ekitaldia urte bakoitzeko
abenduaren 31an itxiko da. Elkarteak, jarduera ekonomikoak (zerbitzuak
ematea barne) gauzatuz lortzen dituen irabaziak bere helburuak betetzeko
baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira elkartekideen
artean banatu, ez eta haien ezkontideen edota haiekin antzeko
afektibitate-harremanean bizi diren pertsonen artean eta haien senideen
artean ere. Ezingo zaizkie, halaber, irabazteko asmoa duten pertsona
juridiko edo fisikoei doan laga.
BOSGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
39.
Artikulua.- Estatutuak aldatzea propio horretarako deitutako bazkideen
ezohiko batzar orokorrean erabaki behar da. Zuzendaritza Batzordeak hiru
bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du,
aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak
ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzorde berak jarriko du
egitasmoa amaitzeko epea.
40. Artikulua.-
Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, lehendakariak
Zuzendaritza Batzordearen hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartuko du.
Zuzendaritza Batzordeak egitasmoa onartuko du edo, bestela, lantaldeari
itzuliko dio, berriz aztertu dezan. Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza
Batzordeak hurrengo batzar orokorreko gai-zerrendan sartzea erabakiko
du edo, bestela, horretarako propio batzar orokor baterako deia egitea.
41.
Artikulua.- Batzarrerako deiarekin batera, Estatutuetako aldaketen
testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak
Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa horiek Batzar Orokorrari
helaraziko zaizkio, batzarra egin baino zortzi egun lehenago jaso badira
Idazkaritzan. Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke, idatziz,
eta aukerako beste testu bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu
ostean, Batzar Orokorrak Estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta
Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik aurrera baino ez du
eragina izango hirugarrenengan.
SEIGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA
42. Artikulua.- Elkartea arrazoi hauengatik desegingo da:
1. Bazkideek hala nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako ezohiko batzar orokorrean azaldu beharko da.
2. Estatutuetan finkatutako epea edo baldintza bete delako.
3. Beste elkarteren batek xurgatu duelako edo beste elkarte batzuekin bat egin duelako.
4. Legez ezarritako gutxieneko bazkide-kopururik ez duelako.
5. Epai irmo batek elkartea desegitea agintzen duelako.
6. Elkartearen helburuak betetzea ezinezkoa delako.
43.
Artikulua.- Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen ezohiko Batzar
Orokorrak Kitapen Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritza
Batzordeko hiru kidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da.
Bazkideekiko eta besteekiko elkarte-betebeharrak bete ondoren, geratzen
den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, irabazi-asmorik gabeko
elkarte bati edo irabazi-asmorik gabeko ekimenen bati eman beharko zaio.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Eraketa-aktan
behin-behingoz izendatuak agertzen diren Zuzendaritza Batzordeko kideek
egiten den lehenengo batzar orokorraren esanetara jarri beharko dute
beren izendapena.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu
hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango
du, baina horrek inolaz ere ez ditu Estatutuetako aginduak aldatuko.