2019(e)ko urtarrilaren 1(a), asteartea

1839ko Oñatiko ituna Lehen Karlistaldian

2019KO IRAILEKO KULTUR HAMABOSTALDIA


Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan

Irailak 17 - asteartea.
Gaia: “Hemeretzigarren mendeko bi karlistaldiak
Hizlaria: Iñazio Irizar - Olaitturri
Aurkezlea: Karmen Biain - Olaitturri

Irailak 19 - osteguna.
Gaia: “Tomas Zumalakarregi jenerala".
Hizlaria: Eider Arruti - Zumalakarregi museoa
Aurkezlea: Migel Anjel Agirre - Olaitturri

Irailak 24 - asteartea
Gaia: “Euskal Herriko Foru erregimena
Hizlaria: Jon Arrieta - EHU/UPV
Aurkezlea: Ana Mari Markuleta - Olaitturri

B- ANTZERKIA
EGITURA

Emanaldiak
Antzerkia 2019ko irailaren 29an, igandea, arratsaldeko 19:00etan Santa Ana antzokian eman zen, jaietako egitarauaren barnean.
Sarrerak Txokolateixan egon ziren salgai, eta egunean bertan antzokian.
Aurre-estreinaldia irailaren 26an izan zen, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

Pertsonaiak - Agertokian azaltzen diren eran:
1- Musikoa 1/abeslaria 1: Joxe Mari Anduaga
2- Musikoa 2: Jose Luis Bikuña
3- Karlos erregegaia: Andrés Zabala
4- Mª Frantziska Braganza: Marian Altube
5- Domingo Artazkotz: Ixidro Palacin
6- Konstantza Artazkotz: Maritxu Baños
7- Maria Kristina: Elisabeth Igartua
8- Karlota: Maribi Korkostegi
9- Juana: Ana Mari Lizeaga
10- Idazkaria: Juan Mari Elortza
11- Abeslaria 2: Rosita Markuleta
12- Zumalakarregi jenerala: Migel Anjel Agirre
13- Joxepa Zumalakarregi: Ana Mª Markuleta
14- Abeslaria 3: Leonor Zubia
15- Tronpeta 1: Luis Txintxurreta
16- Tronpeta 2: Julen Agirre
17- Danbor-jolea: Aimar Murua
18- Abeslaria 4: Xabier Oregi
19- Alkatea: Enrike Olalde
20- Kattalin Zumalde: Karmen Biain
21- Espartero: Jabier Atxa
22- Abeslaria 5: Amaia Biain
23- Maroto: Jexux Odriozola

Antolaketa
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Agertokia: Benjamin Billar, Antonio Alonso eta Iñazio Lete
Diruzaina: Jabier Atxa
Medioak: Jabier Altube
Argiak: Pili Aranguren
Harrera: Rosario Beitia, Kontxi Aztiria eta Juli Bergara
Jantziak: Oñatz eta Lantzen
Megafonia: Uhina
Babesleak: Oñatiko Udala, Ulma eta Laboral Kutxa

Garapena
1- Bertsoak - “Hasierakoak”.
2- Lehen ekitaldia: "Karlos Lazarragan".
3- Bertsoak: "Domingo Artazkotz".
4- Bigarren ekitaldia: "Mª Kristina gortean".
5- Bertsoak: "Ondorengoa nor”.
6- Hirugarren ekitaldia: "Zumalakarregi".
7- Bertsoak: “Bilboko zauria”.
8- Laugarren ekitaldia: "Erregegaiaren asmoak".
9- Bertsoak: "Martxa".
10- Bosgarren ekitaldia: "Batzarrei deia".
11- Bertsoak: "Laguntza eske".
12- Seigarren ekitaldia: "Liberalak Lutxanan".
13- Abestia: "Hamaika amaren seme".
14- Zazpigarren ekitaldia: "Karlisten geroa".
15- Bertsoak: "Herritarren nahia".
16- Zortzigarren agerraldia: ”Oñatiko ituna”.
17- Bertsoak: "Amaierakoak".

Sinopsia
Euskal Herrian Lehen karlistaldiak 1833tik 1839 arte iraun zuen, amaiera "Oñatiko ituna"k ezarriz. Hainbat negoziaketen ondoren, Lazarraga jauregian 1839.eko abuztuaren 29an, hamar ataleko ituna sinatu zuten, karlisten aldetik Iturbe eta Egia jeneralek eta liberalen aldetik Esparterok.

Handik bi egunera armada bietako hainbat batailoi Bergaran batu ziren, eta bertan Espartero eta Maroto jeneralek "Bergarako besarkada"rekin eszenifikatu zuten Lehen karlistaldiaren amaiera.

Beraz, aurten 180garren urteurrena ospatzen dugu.

Gerraren zergatiak eta iraun zituen sei urteak laburbiltzen dira antzerkian, ekitaldiak eta bertsoak tartekatuz emanaldia atseginagoa egiteko. Alde bietako pertsonaiak ageri dira, beraien interesak defendatzen.

Dekoratua
Emanaldiko zortzi eszenetatik sei Lazarraga jauregiko areto nagusian kokatzen dira, bigarrena Madrileko gorteko areto dotorean, eta hirugarrena Zumalakarregiren arrebaren etxean.


BERTSOAK: "Hasierakoak"
Doinua: "Iparragirre abila dela"

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Sanmigeletako jaian.
Plaza eta kalean (bis)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
Lehen karlistaldian sinatu zen
Oñatiko ituna da.
Esandako guztia (bis)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN EKITALDIA - "Karlos Lazarragan"

Karlos María Isidro Borboikoa, “Karlos V.” bezala ezagutua zen erregegaia, Lazarraga jauregiko Domingo Artazkotz nagusiarekin dago. Bazkalostea da, eta pozik daude biak eten gabe berbetan, aretoko mahai dotorearen bueltan, markako koñak frantses kopa bana eskuan dutela. Txaketak aulki ertzetan utzita dituzte, eta alkandorako goieneko botoiak askatuta.

KARLOS:... Asko estimatzen dut Lazarraga jauregi eder honetan bizitzeko zure eskaintza.

DOMINGO: Ohore bat da niretzat Karlos Bosgarrenaren, karlisten buruaren gorte ibiltaria, gurean ezartzea.

KARLOS: Gerra honetan, lekuz aldatu beharrean aurkitzen naiz.

DOMINGO: Lizarran, Tolosan, Azpeitian eta Durangon ere egoten zara.

KARLOS: Baina Oñatin bezala, inon ez!

DOMINGO: Jakin ezazu gerra amaitutakoan, barkatu, gerra irabazitakoan ere, jauregi honetako ateak beti zabalik izango dituzula.

KARLOS: (Kopa eskuinean jasoz.) Artazkotz jauna, topa egin dezagun adiskide zaharren eran.

DOMINGO: Gora karlistak! Gora Karlos Bosgarrena! (Biak edaten dute)

KARLOS: Hobekuntza batzuk eskatu behar dizkizut. Pariseko, Londreseko eta Lisboako gorteen parean egoteko: zerbitzari lirainak, txanbelan bat, laguntza-dama emaztearentzat.

DOMINGO: Errege-guardia, alabardariak, himnoa jotzeko musika taldea, korneta eta atabal taldea bisitariei ongi etorria emateko.

KARLOS: Gorteko margolari bat.

DOMINGO: Prentsa, legeak egingo dituen parlamentua eta epaitegiak.

KARLOS: Geure txanpona eta zigilua.

DOMINGO: Oñatin egingo ditugu txanpon karlistak?

KARLOS: Laster, behin errege koroatzen naizenean.

DOMINGO: Ideia bikainak iruditzen zaizkit, baina noren kontura joango dira guztien soldatak?

KARLOS: Zergadunen gain, Europako gorte guztietan bezala. (Besaulkian dagoen soineko bat hartu eta Domingori aurrean ipiniz) Apurka joango gara gortea osatuz (Urrunduz, jasotzeko eskatzen dio.)

DOMINGO: Zerbitzari lirainak eta laguntza-damak izango dituzte lehentasuna, jakina!

KARLOS: (Gerturatu egiten zaio, eskua soinaren azpian sartuz. Domingo mahaiaren bestalderantz egiten du, eta Karlos atzetik doa) Noski baietz. Borboia naiz, aizu!

DOMINGO: (Alde eginez) Ez nauzu harrapatuko!

KARLOS: Zaude geldi, potxola!

DOMINGO: Harrapatu, harrapatu!

Mª FRANTZISKA:... (Eskuan poltsa bana dakartela sartzen dira emakumeak) Baina, berriro gonen atzetik?

DOMINGO: Entrenamendua da.

KONSTANTZA: Gu berriz Oñatiko jostun onenaren etxetik gatoz, igandeko ospakizunetarako prestatzen.

KARLOS: Asko estimatzen dut infantari ematen diozun laguntza. Erregina egiten denean, ohorezko dama izendatuko zaitugu.

Mª FRANTZISKA: Jantzi zaitez dagokizun moduan, gizon! (Hau txaketa janzten hasten da). Hiru andereekin geratuta gaude, laguntza-dama bat aukeratzeko.

KONSTANTZA: Hori ez da errespetuzko itxura. Maria Frantziska Portugaleko Juan Seigarrena erregearen alaba duzu.

DOMINGO: Jauregi barnean gaude, ez da hain larria.

Mª FRANTZISKA: Aurreko baten, lorategian ikusi nuen lasterka sukaldariaren atzetik galtzamotzetan.

KONSTANTZA: Herri guztia dago zuei begira. Jendea ez dago aristokratak ikustera ohitua.

Mª FRANTZISKA: Eta edozer gauza egiten dugula ere, eguneroko txutxu-mutxua bihurtzen da.

KONSTANTZA: Gure atzetik neskatila mutiko mordo bat etorri da ateraino.

Mª FRANTZISKA: Txanpon txiki batzuk bota beharrean aurkitu gara, sartu ahal izateko.

DOMINGO: Zuen errege-gortean ze pertsonal berri beharko den aztertzen aritu gara. Zerbitzariak, txanbelan bat, laguntza-damak.

KARLOS: Alabardariak, errege-guardia.

Mª FRANTZISKA: Errege-guardiako kapitaina neuk aukeratuko dut.

KONSTANTZA: Eta gainontzeko ofizialak?

Mª FRANTZISKA: (Keinua eginaz) Bion artean.

KONSTANTZA: Ados. Gustu finekoa bainaiz.

Mª FRANTZISKA: Jostunaren etxean konturatu naiz. (Poltsatik jantzia ateratzen hasten da). Laguntzen badidazu, ez da Espainian ez Portugalen ni adinako infanta dotorerik izango.

KONSTANTZA: Eta beste bi etiketa-jantzi enkargatu ditugu.

DOMINGO: Konstantza maitea, bera da erreginagaia, ez zu.

KONSTANTZA: Bere parean joan behar dira gorteko damak, denon ohorerako. Goazen jantzi berriak probatzera. (Biak ateratzen dira).

KARLOS: (Txaketa kendu ondoren, berriro kopa hartzen du. Domingok berdin egiten du). Gerran aurrena hartzea komeni zaigu, Ingalaterrako eta Portugaleko armaden laguntza lortzeko.

DOMINGO: Soldadu gehien dituenak irabaziko du.

KARLOS: Nire emaztea Portugaleko erregearen alaba izan arren, ez dut garbi noren alde egingo duen.

DOMINGO: Zure anaia zen Fernando Zazpigarrena erregearen alargunak, Maria Kristinak, Madrileko gortean jarraitzen du.

KARLOS: Eta momentuz ni erregegaia besterik ez naiz.

DOMINGO: Gerra hau irabazi arte.

KARLOS: Frantziak itxaron egingo du, eta gero irabazteko aukera gehien duenaren alde jarriko da.

DOMINGO: Austriak eta Prusiak babesa eskainia dizute.

KARLOS: Oraindik dirua soilik bidali didate, soldadurik ez.

DOMINGO: Dirua ezinbestekoa zaizu, ofizialei eta tropei ordaintzeko.

KARLOS: Zuzen zaude. Beste guztia Zumalakarregi jeneralak lortuko du.

DOMINGO: Gora Tomas Zumalakarregi!

KARLOS: (Lehengo soinekoa ematen dio). Jeneralei euren lana egiten bakean utzi, eta jarrai dezagun geurearekin.

DOMINGO: Ezetz harrapatu!

KARLOS: (Atzetik abiatzen da) Borboien esentziarik onena dastatuko duzu.

DOMINGO: (Irribarrez) Harrapatu lehenengo!


2B - BERTSOAK: "Domingo Artazkotz"

Hor dabil Borboia
badu handinahia,
Madriletik dator
Karlos erregegaia,
beretzat nahi du
Lazarraga jauregia
ta gorte berria.

Lehen karlistaldia
gori gorian da,
Karlos ostera hor_dabil
bapo jan edanda
dontzeila eta gortesauen
atzetik joanda
hori da patxada.

Frantziska emazteak
ere ez dauzka kezkak,
Europako gorteetan
jarriak asmoak,
soineko eta jantziak
denak dotoreak
ditu pinpirinak.

Domingo Artazkotz
argi ta buru hotz,
ia bereak ditu
Oñati ta Araotz,
Borboiakin negozio
kontuetan zorrotz
Konstantza be_ezta motz.


BIGARREN EKITALDIA: "Mª Kristina gortean"
Maria Kristina Aranjuez-eko errege jauregiko areto nagusian dago, mahaiko kandelak pizten. Karlota sartzen da. 

KARLOTA:.. Eguerdi on, Maria Kristina erreginaordea.

Mª KRISTINA: Idazkariari etortzeko agindu diot. Nire koinatu Karlos erregegaiarengana Oñatira joan dadin, gerra zentzugabe honekin amaitzeko.

KARLOTA: Zure koinatuak ez du negoziatuko. Fernando Zazpigarrena zure senarra duela bost urte hil zenean, hurrengo erregetza berari zegokiola aldarrikatu zuen.

Mª KRISTINA: Bi alaba izan nituen berarekin, eta horiek dira ondorengo zuzenak.

KARLOTA: Baina lege salikoak dio, emakumezkoak ezin direla ondorengoak izan.

Mª KRISTINA: Lege hori deuseztatu egin zuen Fernandok.

KARLOTA: Denak ez zeuden ados, ordea.

Mª KRISTINA: Gure Isabeltxok bost urte besterik ez ditu, eta hemezortzi bete arte neu izango nau aldamenean, erreginaorde.

KARLOTA: Koinatuari eskaini izan bazenio aukera hori, agian gerra ez zen sortuko.

Mª KRISTINA: Beti gizonen menpe egon behar al gara?

KARLOTA: Arrazoia duzu. Beste arlo batzuetara zabaldu beharko genuke gure indarra.

Mª KRISTINA: Duela hogei urte Cadizeko gorteetan Espainiako Konstituzioa onartu zutenean, ez zegoen parlamentari emakume bakar bat ere.

KARLOTA: Orduan aitzindari izan zaitezke zure alaba Isabel erregina bilakatzen bada, eta ondorioz bere senarra errege.

Mª KRISTINA: Isabel erregina egiteak, gobernuan eta gorteetan emakumeon presentzia sustatzeko balio dezake.

KARLOTA: Barkatu atrebentzia handiegia bada, baina Karlosek hiru seme ditu. Zaharrena, Luis, aproposa izan zitekeen zure alabarentzat.

Mª KRISTINA: Horixe bera proposatu zidan duela gutxi.

KARLOTA: Eta ez zenion onartu, jakina.

Mª KRISTINA: Azpijanarekin zetorrela iruditu zitzaidan. Niri erreginaordetza kentzeko, hain zuzen.

JUANA:… (Lasai sartzen da) Neskatila biak lotan daude.

Mª KRISTINA: Hemen geu bakarrik gaude eta ez du garrantzirik. Baina Juana, ohitura hori aldatu egin beharko zenuke.

JUANA: Barkatu Maria Kristina erreginaorde maiestatea… Printzesa biak lotan daude.

KARLOTA: Emakumeen artean duintasuna zaindu behar dugu.

Mª KRISTINA: Kanpokorik dagoenean behintzat, izan dotorea.

KARLOTA: Agustin Muñoz senar berriarekin izan dituzun mutikoak, printzeak dira?

JUANA: Hor dago koska! Beraien aita guardiako sarjentu soila dela!

Mª KRISTINA: Ezkontza morganatikoa egin nuen Agustinekin. Bakoitzak, ezkondu aurretik zuen izaera gordetzen du.

KARLOTA: Esan nahi duzu, berarekin dituzun mutikoak ez direla erregegaiak.

JUANA: Europa osoan hainbeste printze erregegai mardul egonda, sarjentu bat aukeratzea, ez dakit.

Mª KRISTINA: Borboiek eta printze nagusiek traba gutxi egiten dute emazteen gelatan. Lorerik lore ibiltzen dira, hortik zehar.

JUANA: Kapitaina izan balitz behintzat.

Mª KRISTINA: Errege-guardiako kapitain guztiak ezagutzen ditut.

KARLOTA: Hori ez da zure kontua, Juana.

JUANA: Nork garbitzen die gero ipurdia umeei?

Mª KRISTINA: Ezkondu ginenean zen Agustin sarjentu. Orain kapitaina da, eta Riánsares-go Duke izendatu berri dut.

KARLOTA: Bestalde, izango dituzten ume guztiak noblezia-tituluren bat jasoko dute.

JUANA: (Kanpora doala) Nagusitutakoan gogoratuko ote dira nirekin!

KARLOTA: Juana inude bikaina da, batzuetan mingaina arina izan arren.

Mª KRISTINA: Estimu handian daukat.

KARLOTA: Dena den, atzerriko inude batzuk ere beharko zenituzke. Ez printzesei ipurdia garbitzeko, baizik eta Europako edozein erregetzarako hautagaiak izateko. Zeu Italian jaioa zara, eta hona ezkontzera etorri zinen. Printzesa gazteena Parisera edo Londresera joan daiteke bertako erregearekin ezkontzera, eta hizkuntzak jakitea abantaila handia izan liteke.

(Erregetzaren etxeko idazkari nagusia sartzen da).

IDAZKARIA:.. Atzo eskatu zenizkidan txostenak prestatu ditut, karlisten erregegaiarekin eta gure tropa liberalen buru den Espartero jeneralarekin eztabaidatzeko.

Mª KRISTINA: Gure artetik zeu zara ongien ikusia dagoena armada bietan.

IDAZKARIA: Arrisku handiko misioa da nirea, zinez baietz. Edozein konpainiatako soldaduek etsaitzat har nazakete, ni bandera zuriarekin agertu arren.

KARLOTA: Garrantzitsua da zure zeregina. Gerra amaitzea lortzen baduzu, milaka pertsonen bizitzak salbatuko dituzulako.

Mª KRISTINA: Bilboko kontsul britainiarra John Francis Bacon jakinaren gainean dago. Berak lagunduko dizu.

IDAZKARIA: Dena beharko dut bizirik itzultzeko…


3B- BERTSOAK: "Ondorengoa nor
Doinua: Kantore berri xarmant hauek

Fernando erregea_hiltzerakoan
Kristinarentzak kezkak hasi,
bi_alaba txiki zituen harekin
zaharrena tronuan gura ikusi.
Tradizionalistek gizona_aukeran
ta emakumeei eragotzi,
Karlos erregegaia hor dago
ohiturei behar zaie eutsi,
aldaketan ezin jausi.

Kristina_erregina izandakoak
bere alaba nahi du koroatu,
pribilegio ta eskumenak gorde
dinastiaren soka ez apurtu.
Diru ta noblezia_alde batetik,
maitasuna, berriz, bestetik.
Berriro ezkondu_egin delako,
gauza batzuk nahi ditu_ahaztu
eta bizitzaz gozatu.


HIRUGARREN EKITALDIA: "Zumalakarregi"
Zegamako Joxepa Zumalakarregiren, Tomas Zumalakarregi jeneralaren arrebaren, etxearen egongela da. Tomas aulkian jesarrita dago eta eskuineko oina tente du, zaurituta. 

JOXEPA:... Zer moduz zaude, Tomas? Atzo baino hobeto?

ZUMALAKARREGI: Zauriak min ematen dit.

JOXEPA: Petrikilo eta karlisten sendagile pare bat Zegamara etortzekotan dira. Zangoan duzun bala aterako dizute, behingoz.

ZUMALAKARREGI: Eskerrak eman behar dizkizut, Joxepa, etxean hartzeagatik. (Eskutitza erakutsiz) Gure anaia nagusia Migel Antoniok eskutitz hau bidali dit Sevillatik, tropa karlistak uzteko eskatzen eta liberalengana batzeko. Ezetz borobilarekin erantzun diot.

JOXEPA: Gaztetan Andaluziara ikastera joan zenetik, Sevillan eta Madrilen egin du karrera politikoa, jaioterria baztertuz. Gu ez gara horrelakoak.

ZUMALAKARREGI: Kadizeko Konstituzioa sortzen parte hartu zuen mila zortziehun eta hamabian, eta harrez gero euskaldunon aurka dabil liberalekin.

JOXEPA: Antzinatik ditugun foruak kendu nahi dizkigute.

ZUMALAKARREGI: Hala balitz, gure lege, ohiturak, hizkuntza eta usadioak erabat galduko genituzke.

JOXEPA: Gure amak burua jasoko balu, eta egoera hau ikusi! Seme nagusia liberalen alde, eta gaztea karlisten buru.

ZUMALAKARREGI: Eta zaurituta. Anaia alfonbraz estalitako parlamentuko bulegoetan aritzen da. Ni ostera, gerrako lehen lerro arriskutsuan.

JOXEPA: Zuk adina garaipen lortu duenik ez da liberalen armadan.

ZUMALAKARREGI: Bi urte igaro dira jadanik, eta Euskal Herri osoan bataila asko izan ditut. San Fauston, Alegian, Mendazan… non ez!

JOXEPA: Deskargan Espartero jeneral ospetsuari irabazi zenion.

ZUMALAKARREGI: Zalantzan nago ospe larregi ez ote nuen jaso orduan.

JOXEPA: Bilbon horregatik zauritu zaituztelakotan zaude?

ZUMALAKARREGI: Susmoa dut zuzenean ni tirokatzea zutela helburu arerio batzuk.

JOXEPA: Inoiz ez zinen hirietara joaten batailatzera. Zergatik oraingoan bai?

ZUMALAKARREGI: Karlos erregegaiak hala nahi zuelako. Nik Gasteiz konkistatzea hobetsi nuen bitartean, berak hiri handiena Bilbo zela zioen. Portua duenez, britainiarrak gure alde jarriko zirelakoan.

JOXEPA: Ez zenion jaramonik egin behar. Bere interesak eta gureak desberdinak dira, zeharo.

ZUMALAKARREGI: Damu naiz, ez pentsa.

JOXEPA: Gurea defendatu beharko genuke soilik, besteren gorteko liskarretan sartu gabe.

ZUMALAKARREGI: Liberalek foruak kentzeko asmoa izango ez balute, ez nintzen gerran sartuko.

JOXEPA: Denak berdinak dira. Erregegaiaren karlistak irabazten baduzue, Madrilera eramango dute tronua, eta behin han jesarrita, bost axolako dio euskaldunon etorkizuna.

ZUMALAKARREGI: Ni ere ziur nago hango parlamentuari men egingo diola.

JOXEPA: Zergatik onartu zenion orduan Bilbo gogoz kontra erasotzea?

ZUMALAKARREGI: Militarra naiz gaztetatik. Aginduak betetzen ikasia.

JOXEPA: Maria Kristina, Fernando Zazpigarrenaren emaztea izan zena, Italiakoa da. Erregegaiaren emaztea Maria Frantziska berriz, Portugalgoa. Anaia biak tronu bakarraren atzetik ibili dira beti.

ZUMALAKARREGI: Eta zeure buruari galdetzen diozu, ze arraio egiten dugun euskaldunok foruak defendatu nahian, anaia baten ala bestearen alde?

JOXEPA: Bonaparteren Frantziak lauzpabost gerra hasi zituen, milioika soldaduren ezbeharrerako. Baina Napoleon bera, ohean hil zen.

ZUMALAKARREGI: Borboi biak hilko diren moduan. Ados, Joxepa. Zer egingo dugu orduan?

JOXEPA: Lehenengo eta behin, zauri hori sendatu. Gero gerokoak.


4B- BERTSOAK: “Bilboko zauria
Doinua: Lehen phederikia 

Tomas Zumalakarregi
zen karlisten buruzagia,
ospe handiko jenerala
bazuen abilezia.

Baina Bilboko batailan
zauritu_egin zuten larri,
bala bat bernan sartuz
jarraitzeko_utziz elbarri.

Bertan ez zuen osatu nahi
baizik eta bere herrian,
hartu zuten Zegama_aldera
ta_han arrebaren etxean.

Konfiantzazko petrikiloa
saiatu zen gau eta egun,
alferrik ahalegin denak
bi astera hil zitzaigun.

Galera izan zen handia
ofizial ta soldaduentzat,
Karlos ez zen asko larritu
hala erakutsi zuen behintzat.


LAUGARREN EKITALDIA: "Erregegaiaren asmoak"
Lazarraga jauregian.

DOMINGO: (Txaketa kentzen duen bitartean) Zumalakarregi jeneralari Zegaman egin dioten hiletatik nator.

KARLOS: Jenderik bai?

DOMINGO: Eliza jendez gainezka zegoen. Zeu falta.

KARLOS: Militar bikaina izan da. Baina ez dut inoiz ulertuko, Bilbon zauritu zutenean gure sendagileak baztertu eta petrikilo baten esku jartzea.

DOMINGO: Beste goi mailako militarren bat aukeratu beharko duzu.

KARLOS: Gure armada karlistaren buru, Maroto izendatu dut.

DOMINGO: Baina hori ez da euskalduna.

KARLOS: Militar profesionala da, Independentziaren gerran aritua, eta baita Ameriketan ere.

DOMINGO: Espartero jeneralari aurre egiteko egokia?

KARLOS: Bere lana ondo egingo du. Goazen gu geurea betetzera.

DOMINGO: Lehen jakin dut atzo aukeratu zenituen alabardarien artean Joxe Mari Iparragirre zegoela. Gaur errege-guardiako erretreta aukeratzea dagokizu. Bi tronpeta solistak prest daude. (Bi tronpetari gazte sartzen dira, zintzo. Tronpetariok biolina eta txistua dakarte).

KARLOS: Londres, Madril eta Lisboako gorteetan bezalako martxa militarrak entzutea gustatuko litzaidake.

TRONPETA 1: Bizpahiru pieza entseatu ditugu. Ondo iruditzen zaizunean, aukeratutakoa bandara eraman dezakegu.

(Txistua eta biolinarekin pieza bat jotzen hasten dira: 00:41-00:58).

DOMINGO: Oso ondo! Bertako kutsua izango du erretretak.

KARLOS: Ez, ez, ez! Fundamentu eta indar gehiago behar du. (Pausua militarki markatuz) Hara: tarrapatatan, tarrapatatan...

DOMINGO: Jo beste pieza bat tronpetekin.

TRONPETA 1: (Txistua eta biolina alde batera utzi, eta tronpeta bana hartzen dute) Austriako pieza bat eskainiko dizuegu.

(Tronpetekin hasten dira oraingoan: 00:29-00:50).

KARLOS: Ezta, hau ere ez! Indarra falta zaio! (Berriro pausua markatuz, esku biak gogoz mugitzen ditu)) Tarrapatatan tarrapatatan...

(Tronpeta-joleak beste partitura bat hartu eta danbor-joleari agertokian sartzeko eskatu ondoren, hor hasten dira berriz: 01:59-02:16).

KARLOS: Hauxe! Hauxe da erretreta militarra! Bihar etorri banda guztia. Lorategian entzungo dugu martxa osoa, aire librean.

(Tronpeta-joleak eta danborraria atera egiten dira).

DOMINGO: (Aulki baten zegoen soinekoa hartuz) Harrapatu harrapatuka egiteko asmorik bai?

KARLOS: Nekatuta nago. Zerbitzari berriari azterketa pasatu diot goizean.

DOMINGO: Gainditu du?

KARLOS: Bikain.

DOMINGO: Aranjuezeko Jauregi Errealekoak baino zerbitzari hobeak lortuko nizkizula agindu nizun.

KARLOS: Borboiak udan soilik bizi gara han, eta hiriburuan neguan.

DOMINGO: Hemen hiri bat falta zaizu negurako. Oñati eta Bilbo. Ondo asmatuta. Zumalakarregiri
Bilbo hartzeko eskatu zenion, han ere errege-jauregi bat izateko.

KARLOS: Ehiza leku bat aurkitu behar didazu, hemen inguruan.

DOMINGO: Arabako mendietan gura adina basurde ditugu.

KARLOS: Ez da aristokraten ehiza pieza. Ingalaterran, Windsor jauregi ondoko basoetan azeriak ehizatzen dituzte txakurrekin. Versallesen ordea, oreinak.

DOMINGO: Oreinak eta orkatzak ekarriko ditugu Errioxako mendietatik, hemen hazteko.

KARLOS: Gerra irabazitakoan, Aranjuezeko basoetatik ere ekarriko ditugu. Eta nire ametsak betetzen badira, Afrikan elefante bat ehizatuko dut, eta (Hormaren erdia seinalatuz) hortxe jarriko ditugu bere marfilezko hortzak! Zu izendatuko zaitut nire gobernadore Euskal Herri osorako.

DOMINGO: Ohore handia izango da.

KARLOS: Bihar Frederick Henningsen kapitaina dator bisitan. Armada britainiarreko legioa karlisten alde jarri nahi dut.

DOMINGO: Liberalek beraien aliatuak direla diote. Hamar mila soldadu bidean direla.

KARLOS: Ehizara joango gara goizean britainiarrarekin.

DOMINGO: Errege-guardiako kapitaina gonbidatu dezakegu, eta gauean lorategian laurok jai pribatu bat egin, emazte barik.

KARLOS: Ez ahaztu zerbitzariak. Henningsenek ikus dezala gure eskaintza hobea dela liberalena baino.

DOMINGO: Aurreko jai pribatua egin genuenean, August von Goeben eta Gillermo von Rahde austriarrak ez zuten aldentzerik nahi.

KARLOS: Gau bakarra izango da. Gure alde jartzen badu armada, errepikatuko dugula esango diogu.

DOMINGO: Eta militar frantsesekin ez zara ahalegindu behar? Louis Xavier de Saint-Sylvain adiskidea prest legoke bitartekaritza lana egiteko.

KARLOS: Napoleonen garaian sei urtez izan ninduten preso.

DOMINGO: Ziur nago zerbitzariak beraiek ekarriko zituztela Parisetik!

KARLOS: Oh la la!

DOMINGO: Saint-Sylvaini esango diot harremanak hasteko?

KARLOS: Ez. Ziurrenik preso sartuko naute berriro.


5B- BERTSOAK: "Martxa"
Doinua: Loreak udan ihintza bezala

Gerrak jarraitzen du gori gori,
karlisten tropa irabazten,
erregegaiak Maroto ipini
ta_ez da batere kezkatzen.

Bere gortea sendotu guran
musikariei deituta,
martxa militar indartsurako
txistua baino hobe tronpeta.

Ehizarako leku egoki bat
basurdeak herrirako,
oreinak berriz zaldi gainetik
aristokratek batzeko.

Karlosek ere lortu egin nahi du
britainiarra_adiskidetu,
eta laguntza eskatu_aurretik
kapitaina zirraratu.


BOSGARREN EKITALDIA: "Batzarrei deia"
Lau urte dira Zumalakarregi hil zela, eta gerraren azken asteetan gaude. Agertokia udaletxeko alkatearen bulegoa da.

KATTALIN:… Azkenaldian Espartero jenerala hemendik dabilenez, Oñatiko herriak esatekorik baduela eta berarekin egoteko ekimena hartu beharko zenuke. Zeu zara alkatea.


ALKATEA: Bost axolako zaio nire iritzia, Kattalin.

KATTALIN: Foru Aldundiarekin batera joan zaitezke.

ALKATEA: Zaila hori ere. Oñati ez dago oraindik Gipuzkoan.

KATTALIN: Azken Batzarrean probintzian sartzeko gaia eztabaidatzekotan geratu ginen.

ALKATEA: Oraindik bereizirik gabiltza, geure aldetik.

KATTALIN: Borboien arteko gatazka honek kaltea besterik ez dio ekarri Oñatiri. Gerra duela sei urte hasi zenean, unibertsitateak seiehun ikasle zituen, eta orain erdiak. Familia gehienak genuen ikasleren bat etxean ostatu hartuta. Gure diru iturriak asko murriztu dira.

ALKATEA: Beraien mentalitatea ulertzen ez dudan arren, irakasle batzuk liberalen alde agertu ziren. Eta Gasteizera aldatu ziren han beste ikastetxe bat ezarriz. Ikasle asko beraien atzetik joan ziren.

KATTALIN: Gure hondamendia ez da soilik ikasle falta. Tropak herrira datozkigunean, geuk mantendu behar izaten ditugu.

ALKATEA: Udala erabat zorpetuta dago.

KATTALIN: Zerbait asmatu beharko genuke. Aspaldian Karlos erregegaia ez dut Lazarraga jauregitik bueltan ikusi.

ALKATEA: Bere gortea aldakorra denez, orain Lizarran omen dago.

KATTALIN: Ihesi doala dirudi. Izan ere, Zumalakarregi hil zenetik, karlisten armadak ez du burua jaso.

ALKATEA: Domingo Artazkotzi, jenerala jauregira gonbidatzeko eskatuko diogu.

KATTALIN: Eta kontzeju osoa berarekin bildu, zeu buru zarela.

ALKATEA: Ez du nahi izango, gu errepublikarrekin gaudelako.

KATTALIN: Neu joan naiteke, herritarren izenean. Inoiz ez dut jeneral batekin hitz egin, eta ez dakit nola hartuko nauen.

ALKATEA: Erregegaiarekin elkartu naizenetan, goitik behera begiratzen zidan.

KATTALIN: Espartero ez da errege-etxekoa, Ciudad Realeko herri txiki bateko arotz baten semea baizik. Jaiotzaz larre motzean hazitakoa da.

ALKATEA: Militar profesional egin zenean, Ameriketara joan omen zen. Hierarkian gora egin zuen han, jeneral bilakatu arte. Goitik begiratuko zaitu, ez izan zalantzarik.

KATTALIN: Gerra monarkiko honetan zerikusirik ez dudala, eta herritarren defentsan noala ikusten duenean, arotzaren semearekin topo egitea espero dut.

ALKATEA: Azaldu egiozu euskaldunok foruak defendatzeagatik sartu ginela gerran. Berdin zaigula Karlos edo Maria Kristina egon erregetzan.

KATTALIN: Ziurrenik berari ere bai, armadako buru mantentzen duten bitartean.

ALKATEA: Esaiozu unibertsitateak sekula ez duela jaso erreal bat bera ere gortetik. Oñatiko udalaren eta Euskal Herriko aldundien kontura iraun duela gaurdaino.

KATTALIN: Besterik?

ALKATEA: Bai. Gerra honetan dozenaka milaka soldadu hil dira alde bietan, sarjentu eta kapitain gutxi batzuk, eta jeneral bakarra, Zumalakarregi. Errege-erreginarik, printze-printzesarik ez da ageri zerrenda luze horretan. Herritarrak ipini dute bizitza jokoan. Esaiozu guk ordaintzen ditugula Borboien handinahiak.

KATTALIN: Argizaiola bat eramango diot, opari...


6B- BERTSOAK: "Laguntza eske"
Doinua: Betroiarena A

Udaletxera jo du
Kattalin panpoxak
behingoz gorde guran
herriko_interesak.
Alkateak ez du nahi
horrelako saltsak
eta aldundiarekin
berriz harrotu_hautsak.
Baina oñatiarrak
galdu dute sosak
nola ez ametsak
gerra honen erruz,
gogotsuago behar du (e)
foruen defentsak.

Espartero delako
liberal burua
Kattalinek harekin
nahi du tratua.
Jenerala omen da
batailan zorrua,
eta harremanetan
hotza eta harrua.
Argizaiola hartuta
ahaztu amorrua
ta zurrumurrua
bihotza irabazi,
arrazoiekin hasi (e)
ez galdu_helburua.


SEIGARREN EKITALDIA: "Liberalak Lutxanan"
Lazarraga jauregiko egongelan daude. 

IDAZKARIA:... Errege-etxeko aginduekin nator zuregana, Espartero jenerala, gerra amaierako ituna negoziatzeko.

ESPARTERO: Badaki Lutxanako bataila neuk irabazi nuela?

IDAZKARIA: Jakinaren gainean dago.

ESPARTERO: Karlistak erabat suntsituta daude. Aspaldi amaitu ziren Zumalakarregiren garaiko balentriak.

IDAZKARIA: Zurekin egotera bidali baldin banau, Europa osoan erakusteko moduko ituna nahi duelako da.

ESPARTERO: Inoiz ikusi duzu gerra bateko garailea, ituna egiten galtzailearekin? Barre egingo didate armada guztietako jeneralek.

IDAZKARIA: Bere esanetara zaude.

ESPARTERO: Ez denbora luzean. Parlamentuko liberal taldeak erreginaordea kentzea nahi du, eta niri eskaini didate gobernuburu eta Isabel gaztearen tutorea izatea.

IDAZKARIA: Onartzekotan zaude?

ESPARTERO: Maria Kristinari obedituko niola agindu nion. Militarra naiz, hitza beteko dut, oraingoz.

IDAZKARIA: (Idatzi bat ematen dio) Hemen duzu bederatzi puntuko itunaren zirriborroa.

ESPARTERO: (Hasiera irakurri ondoren) Adarra jotzen ari zarete? Gerra neuk irabazi dut. Zer dela eta karlistei dena barkatu eta gure armadan sartzeko gonbitea luzatu?

IDAZKARIA: Ez dizut errepikatuko. Gerra zeuk irabazi duzu, ados, baina ez zerorrek bakarrean jardun ondoren. Gortetik soldadu ingelesen, frantsesen eta portugesen parte-hartzea lortu genuen, eta dirutza eman zaizu zure ofizial eta soldaduak karlistenak baino askoz hobeto ordaintzeko.

ESPARTERO: Karlistek hirurogei mila soldadu galdu dituzte dagoeneko sei urte hauetan, eta guk berriz laurogei mila.

IDAZKARIA: Guk diozunean, kontutan izan hildakoen artean hamaika mila atzerritarrak izan direla, gehienak frantsesak.

ESPARTERO: Zer dakizue zuek gerrari buruz? Aranjuez eta Madrileko jauregietako saloi dotoreetan ematen duzue eguna, epelean, bataila lekuetatik urrun.

IDAZKARIA: Onartu egizu bederatzi puntuok. Gure izen ona babestu behar dugu.

ESPARTERO: Izen ona?

IDAZKARIA: Zure tropek Bastidako eliza erre, eta parrokoa hil zuten.

ESPARTERO: Txapelgorriak ziren, karlistengandik ihes eta guregana pasatutakoak diruagatik.

IDAZKARIA: Berdin zait txapelgorriak ala txapel beltzak. Azken finean, zure tropak ziren. Eta ezaguna da, baita, liberalak preso erortzen zirenean, zuk karlistak fusilatzen zenituela.

ESPARTERO: Niri neurriak hartzen ari zarete? Nola irabazten direla gerrak uste duzu? Zumalakarregi omen zen jatorra. Baina berak ere nire estrategia militarrak erabiltzen zituen. Entzunda duzu Nafarroan Billafrankako eliza erre zuela, eta bertan gorde ziren liberalak fusilatu. Emakumeei ilea moztu zien, ondoren herritik paseatzeko.

IDAZKARIA: Eskuzabalak izatea komeni zaigu.

ESPARTERO: Nahi duzuen propaganda zabaldu, baina jakin ezazue, gerran denok aurkaria ahultzen saiatzen garela, eta etxeko tropak sustatzen. Bestela, ez duzu inolaz ere irabazterik.

IDAZKARIA: Hor duzu itunaren zirriborroa. Marotori beste kopia bat emango diot arratsaldean. Eta okerrik ez bada, etzi sinatuko duzue biok hementxe bertan. Ados?

ESPARTERO: Gauean nire ofizialekin eztabaidatuko ditut bederatzi puntuok, eta aldaketarik balego, esango nizuke.


7B- ABESTIA: "Hamaika amaren seme"
Doinua: R.M. Azkueren kantutegikoa.

Hamaika_amaren seme
dolorez haziak
eraman beharko ditu
oraingo_auziak!
Hilak hilagatikan (bis)(bis)
aurrera biziak,
ahal duten guztiak,
edukitsu ezedukiak
ama_etxean utziak:
gerra hau irabazteko (bis)
lau probintziak.


ZAZPIGARREN EKITALDIA: "Karlisten geroa"
Lazarraga jauregiko egongelan sartzen da Kattalin. Espartero mahai aurrean dago, jesarrita, plano bat arakatzen..

KATTALIN:... Arratsalde on, Espartero jenerala. Jakinen gainean nago zure aita arotza zela, eta opari xume bat eskaini nahi dizut, bilera hau herritarren ordezkari batekin egitea onartzeagatik.

ESPARTERO: Familia luzekoa naiz, zortzi anai-arreben artean gazteena. Apaiz edo militar izatea ziren nire irtenbideak. Aitak elizgizon bat nahi zuen, etxetik gertu egongo zena. Nik asmo handiagoak nituen.

KATTALIN: Bat nator zurekin.

ESPARTERO: Jenerala izan nahi duzu?

KATTALIN: Herritarron asmoak ere handiak direlako.

ESPARTERO: Ez dizut ulertzen.

KATTALIN: Gure izaeraren oinarrian Foruak daude, bertako legedia eta usadioak gordetzen dituztenak.

ESPARTERO: Militarra naiz, ez politikaria.

KATTALIN: Foruak galtzen baldin baditugu, gure legeak, izaera eta hizkuntza galdu egingo dira, kanpokoen esanetara geratuz.

ESPARTERO: Gorteek erabakitzen dute hori, ez nik. Baduzu besterik esateko?

KATTALIN: Bai jauna. Errepublika zale izan arren, Nafarroako erregearen menpe egon ginen mende askotan.

ESPARTERO: Aspaldiko kontuak dira.

KATTALIN: Berdin izan zaigu gortean Borboi bat ala bestea egon agintean, geure Foruei zin egitera behartuta zegoelako.

ESPARTERO: Berdin baldin
bazaizue, zergatik ari zarete Karlosen alde, legitimitatea Maria Kristinaren alaba den Isabelek badu?

KATTALIN: Bere alde liberalak daudelako, Espainia zentralista nahi dutenak, gure Foruak ezabatuz.

ESPARTERO: Konstituzio bakarra dago.

KATTALIN: Gurea ez dena, zeuena baizik. Gerra amaitzearen aldekoak gara, hondamendia besterik ez digulako ekarri. Tropak mantentzeko ezinean gabiltza; kaletarrak eta baserritarrak galera handiak izan dituzte. Duela hiru urte Arantzazuko fraideak atxilotu eta santutegia erre zuen Rodil zure jeneralak, erregegaia bertan gordetzen zenaren susmoz. Dena gezurra. Eta orain, ez dugu dirurik santutegia berriz eraikitzeko.

ESPARTERO: Entzute onekoa naiz, baina gerran dagoen jeneral baten aurrean zaude.

KATTALIN: Gortean eta parlamentuan ospe handia duzu, eta zure hitza denek entzungo dute.

ESPARTERO: Nire lehentasuna bakea lortzea da.

KATTALIN: Ituna negoziatzen ari zarete.

ESPARTERO: Parlamentuko idazkari nagusia etorri da, eta Lord John Hay ingelesarekin batera dabil, Marotorekin artikuluen mamia adosten. Bihar sinatuko dugu, eta etzidamu elkar besarkatuko dugu Bergaran armada bien aurrean, jeneralok bat gatozela adierazteko.

KATTALIN: Bat zatoztelako, ala garaituek betiko jakin dezaten gerra nork irabazi duen?

ESPARTERO: Ituneko lehen puntuak Foruen gaia jasoko duela agintzen dizut, azken erabakia parlamentuak badu ere.

KATTALIN: Zure hitzarekin geratzen naiz, beteko duzulakoan.

ESPARTERO: Ez izan zalantzarik.


8B- BERTSOAK: "Herritarren nahia"
Doinua: "Ikusten duzu goizean"

Goxo hasi da Kattalin
berbaz Esparterorekin
tratua nahi du egin.
Gure Foruak galdu ezkero
dena_izango da desberdin
izaera galduko arin
hizkuntzarena nork jakin
ah zer nolako bihozmin.

Hondamendia Oñatik
jasan du beti gerratik
herrirako dena_alferrik.
Arantzazu erre egin zuten
liberal tropen aldetik
konpontzeko_ezta dirurik
fraideak daude aldendurik
bada itunaren premiarik.

Nahiz ez den perfektua
maite dugu sorlekua,
gurasoek_utzitakua.
Ez dugu errege_ez printzerik
herria beti_ahaltsua
horrela da dohatsua
eta badu amestua
bakean dagoen mundua.


ZORTZIGARREN EKITALDIA: ”Oñatiko ituna"
Lazarraga jauregiko egongelan daude.

DOMINGO: Itunaren sinadura saioa hasi aurretik, jakin ezazue denok zaretela ongietorriak Lazarraga jauregira. Amaieran, bazkaria izango dugu, bakea ospatzeko.

IDAZKARIA: (Irakurtzen) "Gaur, mila zortziehun eta hogeita hemeretziko abuztuaren hogeita bederatzian, osteguna, Oñatin bildu dira liberalen buru den Espartero jenerala eta karlisten buru den Maroto jenerala, gerrari amaiera emango dion ituna sinatzera".

MAROTO: Aldez aurretik puntu bakoitza adostea komenigarria litzateke.

IDAZKARIA: Atzo goizean kopia bana pasatu nizuen.

DOMINGO: Konforme zeundetela esan zeniguten.

KATTALIN: Bidezkoa dirudi aldez aurretik puntuak irakurtzea.

ESPARTERO: Lehena Foruei buruzkoa da, herenegun gehitutakoa. Beste bederatziak karlisten egoera berria zehazten dute.

MAROTO: Gerra galdu arren, gure ofizialek eta soldaduek begirunea merezi dute.

ESPARTERO: Nire hitza duzu.

KATTALIN: Herritarrontzat lehen puntua da garrantzitsuena.

IDAZKARIA: Honela dio: “Baldomero Espartero Kapitain Jeneral jaunak, Gobernuari gogotsu gomendatzen dio berak formalki egindako eskaintza betetzea, hau da, Gorteei proposatzea Foruen aitortza edo aldaketa.”

ESPARTERO: Aski da?

KATTALIN: Eskubide historikoa dela gehituko nioke.

MAROTO: Bestalde, jakin egin beharko dugu “gogotsu” esaten denean, norainoko indarra duen.

ESPARTERO: Erabatekoa.

KATTALIN: Zergatik sartu behar dira gorteak gure gauzetan?

MAROTO: Eskumenak beraientzat gorde nahiko dituzte, ez izan zalantzarik.

KATTALIN: Badugu beste irtenbiderik?

IDAZKARIA: Duela bi urte ezarri zen han Konstituzio berria, gehiengo handiz onartua.

MAROTO: Gehiengoarena, kontu zaharra da.

KATTALIN: Hango bozketetan, euskaldunok beti gutxiengoan egongo gara.

ESPARTERO: Momentu hau ez da aproposena hori eztabaidatzeko.

MAROTO: Gerra irabazi duzuelako, jakina.

ESPARTERO: Garaipenak Gorteen erabaki guztiak legitimatzen ditu.

KATTALIN: Horra, azken hitza.

MAROTO: Jarrai ditzagun beste bederatzi atalekin.

IDAZKARIA: Laburbilduz, karlisten armadako kideei enplegua, maila eta kondekorazioak gordeko zaizkie liberalen armadara batzen badira. Hori nahi ez dutenak, etxeratzeko edo atzerriratzeko askatasuna izango dute, armak entregatu ondoren. Eta azkenik, atxilotuak aske utziko ditugu.

KATTALIN: Eta gure soldaduen alargunak eta umeak?

ESPARTERO: Liberalen baldintza berdinetan geratuko dira. (Marotori) Armada biak etzi Bergaran elkartzea proposatzen dizut, eta guztien aurrean biok besarkatzea, ituna aldarte onean sinatu dugula ikus dezaten.

MAROTO: Urbiztondo jeneral karlistak esan didanez, gure aldetik hamasei batailoi agertuko dira.

ESPARTERO: Hamasei soilik?

MAROTO: Batailoi gehienak, hogeita zazpi hain zuzen, ez daude ados gerra amaitzeko baldintza hauetan. Eta soldadu asko ez dago prest armak entregatzeko.

IDAZKARIA: Besarkadak sinbolismo handia izan dezake, baina garrantzitsuena gaur ituna sinatzea da.

MAROTO: Karlos erregegaia Frantziarako bidean da jadanik, armadako ofizial eta soldadu
askorekin. Beste batzuk Ameriketarako eta Filipinetarako bidea hartu dute.

DOMINGO: Ni idazkariarekin bat nator. Sinatu ezazue ituna, denon mesederako.

IDAZKARIA: (Idatzian seinalatuz) Hemen...

Espartero eta Maroto sinatzera doaz, solemnitatez.


9B- BERTSOAK: "Amaierakoak"
Doinua: Misiolari baten moduan

Amaierara_iritsi gara ta
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan asmatuko dugu (bis)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra.
Jairako_ordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!

2018(e)ko urtarrilaren 1(a), astelehena

R.M. Azkue eta Euskal Hizkuntzaren Akademia

2018KO IRAILEKO KULTUR HAMABOSTALDIA

A- HITZALDIAK
Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan

Irailak 18- Asteartea
Gaia: “Euskal Ikasketen Lehen Kongresua. Oñati - 1918
Hizlaria: Iñazio Irizar - Olaitturri
Aurkezlea: Karmen Biain - Olaitturri

Irailak 20- Osteguna
Gaia: “Azkue, lehen euskaltzainburua: euskara menditik hirira jaisteko ametsa, 1864-1936
Hizlaria: Jurgi Kintana - EHU/UPV
Aurkezlea: Ana Maria Liziaga - Olaitturri

Irailak 25- Osteguna
Gaia: “Gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala: 1936-1954
Hizlaria: Antton Ugarte - Donostia Kultura
Aurkezlea: Ana Maria Markuleta - Olaitturri

B- ANTZERKIA
EGITURA

- Emanaldiak
Antzerkia 2018ko irailaren 29an, larunbata, arratsaldeko 17:00etan San Migel Parrokian eman zen, jaietako egitarauaren barnean. Sarrerak hemen lortu zitezkeen. Aurre-estreinaldia irailaren 27an izan zen, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

- Pertsonaiak - Agertokian azaltzen diren eran:
1- Abeslaria: Itziar Barrena
2- Resurrección Maria Azkue: Jabier Atxa
3- Andresa Garai: Ana Mari Markuleta
4- Julian Elortza: Ixidro Palacin
5- Aurkezlea: Maritxu Baños
6- Abeslaria: Irati Madina
7- Musikoa: Joxe Mari Anduaga
8- Musikoa: Jose Luis Bikuña
9- Julio Urkixo: Enrike Olalde
10- Aurkezlea: Marian Altube
11- Abeslaria: Karmen Biain
12- Txomin Agirre: Jexux Odriozola
13- Abeslaria: Amaia Biain
14- Maria Gordoa: Maribi Korkostegi
15- Errektorea: Andres Zabala
16- Eskribaua: Juan Mari Elortza
17- Joxepa Olazaran: Elisabeth Igartua
18- Paula Olazaran: Irati Madina
19- Maritxu Mendizabal: Karmen Biain
20- Rafael Mendizabal: Luis Txintxurreta
21- Abeslaria: Rosita Markuleta
22- Aurkezlea: Ana Mari Liziaga
23- Abeslaria: Xabier Oregi
24- Luis Eleizalde: Migel Angel Agirre

- Antolaketa
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Apainketa: Pili Aranguren
Agertokia: Benjamin Billar, Antonio Alonso eta Iñazio Lete
Harrera: Rosario Beitia, Kontxi Aztiria eta Juli Bergara
Segurtasuna: Jabi Altube eta Jose Antonio Urteaga
Jantziak: Oñatz eta Lantzen
Megafonia eta argiak: Uhina
Babesleak: Oñatiko Udala, Ulma eta Laboral Kutxa

- Garapena
0- Bertsoak - Hasierakoak
1.1- Agertokian: "1918ko Euskal Kongresuaren lan arloak. Azkueri omenaldi herrikoia".
1.2- Aurrean, abestia: "Gipuzkoa - Loa loa txuntxurun berde".
2.1- Agertokian: "Kongresuko hizkuntza arloko hitzaldi, ikastaro eta idatziak".
2.2- Aurrean, abestia: "Bizkaia - Aldaztorrean nangoenean".
3.1- Agertokian: "Hiztegia eta kantutegia".
3.2- Aurrean, abestia: "Lapurdi - Hala baita dolu egingarri".
4.1- Agertokian: "Euskara bateratua eta euskalkiak".
4.2- Aurrean, abestia: "Nafarroa - Anaiai gaztigatu nion".
5- 1760. urtea: Unibertsitateko amodiozko istorioa epaitu zenekoa.
5.I - Errektorearen gelan
5.II - Olazarandarrak
5.III- Mendizabaldarrak
5.IV- Rafaelekin
5.V- Erabakia
6.1- Aurrean, abestia: "Araba - Bart hamarretan".
6.2- Agertokian: "Hizkuntzalaritza eta fonetika".
7.1- Aurrean, abestia: "Zuberoa - Maugisenean".
7.2- Agertokian: "Hizkuntza Akademiaren sorreraren historia".
8.1- Aurrean, abestia: "Nafarroa Beherea - Arrosa xuriaren azpian".
8.2- Agertokian: "R.M. Azkue Akademiaren mahaiburu".
9.1- Agertokian: "Amaiera. 'Urlo' operaren obertura".
0- Bertsoak - Amaierakoak

- Sinopsia
Euskal Ikasketen Kongresua lehen aldiz Oñatin egin zen 1918ko irailaren batetik zortzira, Sancti Spiritus unibertsitateko Areto Nagusian eta Garai fabrikan batzar orokorretarako prestatu zen pabiloi handian. “Euskal Herriaren alde” aldizkariak argitaratu zuen Kongresuaren kronika zehatza.

Irailaren seian, ostirala, Resurrección María Azkuek euskal fonetikari buruzko bere bi ponentzietako lehena eman zuen. Kronikaren 115. orrialdean datorren bezala, bertan agindu zuen “r” dardaratzailearen auzian tileta erabiltzen hasiko zela, bezperan sortutako Euskal Hizkuntzaren Akademiak, izenik gabe oraindik, horrela erabakitzen bazuen.

Urte luzez, Azkue izan zen Akademiaren sustatzaile nagusia, eta omenaldi gisa, antzerkian 1918ko aste horretan gertatutakoa azalduko da, testuak eta abestiak tartekatuz. Eta erdi aldera, baita, 1787an unibertsitatean girotutako antzerki labur bat, Azkueri eskainia.

- Dekoratua
Emanaldia unibertsitateko klaustroan aurkezteko prestatuta dago. Eguraldiagatik han egiterik ez badago, parrokian antzeztuko da, eskaileren barrenean.

Agertokiak errektorearen bulegoa adierazten du. 1918ko pasarteetatik 1787ko unibertsitatekora igarotzerakoan, agertokia apur bat moldatuko da, mahaia eta aulkiak aldatuz. Jantziei buruz, garai bakoitzekoak eramango dituzte, dotoreak edo herrikoiak, pertsonaien arabera.


BERTSOAK: HASIERAKOAK
Doinua: "Iparragirre abila dela"

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Sanmigeletako jaian.
Plaza eta kalean (bis)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
Azkueri omenaldia da
testua_eta abestia.
Esandako guztia (bis)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


AGERTOKIA: 1918ko EUSKAL KONGRESUAREN LAN ARLOAK. AZKUERI OMENALDI HERRIKOIA

RM AZKUE:... Arratsalde on jaun andereok.

ANDRESA: Arratsalde on jauna (Juliani begiratu ondoren). Julian Gipuzkoako Aldundiko ordezkaria eta kongresuaren antolakuntzako arduraduna denez, berari azaldu nizkion lehenengo oñatiarron asmoak.

JULIAN: Andresa Juan de Garai enpresariaren emaztea da. Ekitaldi nagusiak egiteko fabrikako pabiloi bat prestatu dute, unibertsitateko areto nagusian soilik berrehun pertsona sartzen direlako.

ANDRESA: Lan handia izan da makinak alboko pabiloira eramatea. Produkzioa geldi egon da aurreko aste osoan.

JULIAN: Zuri omenaldi herrikoi bat egiteko asmotan dabiltza.

RM AZKUE: (Harrituta) Niri? Zer dela eta?

ANDRESA: Berorri, euskararen alde egiten ari den guztiagatik, gure esker ona erakutsi nahi diogu.

RM AZKUE: Ez nuke nabarmendu nahi.

JULIAN: Euskal Herrian lehenengo aldiz egiten da honelako kongresu bat. Bederatziehun partaide elkartuko gara aste honetan Oñatin, sei arlotan banatuta: gizarte eta politika zientziak, antropologia, hizkuntza, historia, arte, eta irakaskuntza.

ANDRESA: Herritarrok ezin diogu omenaldirik egin edozeini, adituak ez garelako.

JULIAN: Baina hizkuntza egokia da omenaldi bat egiteko, denak parte har dezaketelako.

ANDRESA: Eta horixe nahi dugu, herrikoia izatea.

JULIAN: Zuek irakasleok goizetan lanean arituko zarete, ponentziak eta proiektuak aurkezten.

ANDRESA: Gure parte-hartzea xumeagoa izango da.

JULIAN: Etorritako hirurogeita hamar txostengileok zarete adituak zeuen arloetan.

RM AZKUE: Telesforo Aranzadi, adinez ni baino helduagoa, zientzialari ospetsua da zinez, farmazian doktorea, eta katedraduna mineralogian, zoologian, eta botanika deskribatzailean.

JULIAN: Gai teknikoegiak dira.

JULIAN: Programa osatu genuenean, agintariekin, enpresariekin, eta beste hainbat eragileekin elkartu nintzen, eta goizeko bileren osagarri, enparantzan hainbat ikuskizun antolatu ditugu arratsaldetarako: suzko erroberak, musika saioak, dantzak, herri kirolak, antzerkiak, herri eztei bat, poesia emanaldiak, eta abar.

ANDRESA: Denak daude partaide guztientzat zabalduta. Baina berorrentzat, beste zer edo zer egin nahi genuen.

JULIAN: Orain hamasei urte Oñatin ospatu ziren euskal jaietara etorri zinen, eta jendea ondo oroitzen da zutaz. Hemengo euskarazko hitzak eta abestiak biltzen aritu zinen.

ANDRESA: Ohitu gabe geunden halakoetara, berori etorri arte inork ez zigulako galdetu gure gauzez.

RM AZKUE: Ulertzen dut diozuena. Baina besteen pare aritzea nahi dut.

JULIAN: Omenaldia unibertsitateko klaustroan diskrezioz egitea da gure asmoa.

ANDRESA: Eta berorren lanei lotuta egotea. Alde batetik hizkuntza, eta bestetik musika.

ANDRESA: Omenaldirako aproposagoa da berori. Zer egin dezakegu herritarrok mineralogiari buruz?

ANDRESA: Aita Donostiak berorren kantutegian nahiko abesti eder aurkituko ditugula esan dit.

JULIAN: Erdi aldera, antzerki bat eskainiko dizugu zure euskara bateratuan, unibertsitate honetako aspaldiko gertakizun baten oinarritutakoa.

ANDRESA: Hiriburuetatik abeslari eta aktore profesionalak etorriko dira. Baina saiatuko gara maila ona ematen.

JULIAN: Lehen abestiarekin hasiko gara. (Abeslariei keinua eginaz) Aurrera abeslariok...

Azkue agertokian geratzen da, eserita, abeslariei begira, Julian eta Andresa jaisten diren bitartean.

Behean, abestiaren aurkezlea eta abeslaria aurrera datoz.


ABESTIA: GIPUZKOA - LOA LOA TXUNTXURUN BERDE

Azkuek hiru jakin-min nagusi izan zituen bizitzan: amarengandik jaso zuen herri jakintzaren ezaguera nahia, aitarengandik jasotako euskal herriko literaturarekiko zaletasuna, eta herriko organistarekin hamar urterekin ikasten hasi zen musikarena.Arlo honetan, “Euskal kantutegi herrikoia” bilduma idatzi zuen.

Hemen, kantutegiko zazpi abesti eskainiko dizkizuegu, probintzia bakoitzeko bat. Jatorrizko euskaran abestuko ditugu, batura egokitu gabe. Orain entzungo dugun abestia Gipuzkoan bildu zuen, Ataunen. Titulua “Loa loa txuntxurun berde.

Loa, loa txuntxurun berde
loa, loa masusta.
Aita guria Gasteizen da
ama mandoan hartuta.
Aita guria Gasteizen da
ama mandoan hartuta.
Loa, loa txuntxurun berde
loa, loa masusta.

Loa, loa txuntxurun berde
loa, loa masusta.
Aita guria abiatu da
Vitoriako ferira.
Aita guria abiatu da
Vitoriako ferira.
Loa, loa txuntxurun berde
loa, loa masusta.

Loa, loa txuntxurun berde
loa, loa masusta.
Aita guriak diru asko du
ama bidean salduta.
Aita guriak diru asko du
ama bidean salduta.
Loa, loa txuntxurun berde
loa, loa masusta.


AGERTOKIA: KONGRESUKO HIZKUNTZA ARLOKO HITZALDI, IKASTARO ETA HITZALDIAK

JULIO:... Hizkuntzaren arloa izan da arrakastatsuena goizean. Luis Eleizalderen ikastaroan, jendea kanpoan geratu da, gelan sartu ezinda.

RM AZKUE: Euskarari buruz denok dakigu zerbait. Ezin duzu alderatu, esate baterako, “Zuzenbide pribatua”ren gaiarekin.

JULIO: Neronek eman behar dut bihar goizean hitzaldi orokorra, Julian Elortzaren aurkezpenaren ondoren. Areto nagusian izango da, eta aurrerantzean euskarazko denok areto nagusian arituko zarete.

RM AZKUE: Zertaz hitz egin behar duzu, jakin baldin badaiteke?

JULIO: Euskal hizkuntzari buruzko ikasketen egoeraz.

RM AZKUE: Oso egokia.

JULIO: Nire uste apalean, euskararen arloa ondo antolatuta dugu. Ez ditut beste batzuk gutxietsi nahi, jakintsu ospetsuak dabiltzalako horietan ere, Karmelo Etxegarai, Bixente Laffitte, Telesforo Aranzadi eta Joxe Migel Barandiaran kasu. Baina kongresu hau arrakastatsua izango baldin bada etorkizunerako, gure ekarpena ezinbestekoa da.

RM AZKUE: Beste arlo batzuetan, txostengile gehiago daude. Zure sarrerako hitzaldia kenduta, gu hiru bakarrik gara.

JULIO: Ondotxo dakit, bai. Luis Eleizalde, Aita Olabide eta zeu zaudete, bakoitza bi ikastarorekin. Baina hor daude osagarri gisa beste zazpi idatzi, Txurruka kondearena barne.

RM AZKUE: Euskararen inguruan aditu gehiago daude, hemen aurpegia emango dugunok baino.

JULIO: Baina zaudetenokin pozik agertu ginen antolakuntzakook. Arturo Kanpion gonbidatu nuen, eta ezin izan da etorri. Migel Unamunori ere bidali nion gonbitea Salamancara, eta uko egin zidan. Dirudienez, duela hogei urte Bizkaiko Aldundiko euskarazko katedra zuk irabaztea, eta ez berak, betirako ozpindu zuen.

RM AZKUE: Ni azkena naiz. Ostiralean eta larunbatean ditut ikastaroak. Ordurako, beharbada, jendea nekatuta egongo da.

JULIO: Guztiz bestelakoa, Azkue! Gainera, Oñati osoak daki omenaldi herrikoia aurrera doala, abesti eta antzerki emanaldiekin.

RM AZKUE: Lotsatu eta dena egiten naiz.

JULIO: Nola esan dezakezu hori! Adinez, txostengile nagusienetakoa zara, denon estiman zaude, eta katedraz gain duela hiru urteko euskal kantutegi herrikoien lehiaketa zeuk irabazi zenuen. Nor da kongresuan zuk adina merezimendu duenik?

RM AZKUE: Adiskideak egitera etorri naiz, ez etsaiak...

Azkue agertokian geratzen da, Julio ateratzen den bitartean.

Behean, abestiaren aurkezlea eta abeslaria aurrera datoz.


ABESTIA: BIZKAIA - ALDAZTORREAN NENGOANEAN

Oñatiko kongresua baino lehenago, Bizkaiko Aldundiak antolatutako “Abesti herrikoien lehiaketa” irabazi zuen. Bi mila abestiko bilduma aurkeztu zuen, baina kantutegirako ia erdiak kendu zituen, balio handiena zutenak soilik utziz.

Kongresua amaitu eta urte batzuetara argitaratu zuen mila eta bat abesti jasotzen dituen “Euskal kantutegi herrikoia” lan mardula. Datorren abestia Bizkaian bildu zuen, Lekeition. Honakoa da bere titulua “Aldaztorrean nengoanean”.

Aldaztorrean nengoanean irra goruetan
etorri jatan erroi zaharra grauetan. (bis)

Erroi zarra zer dakazu albiste?
Alamarkea galdu dala dinoe.
Galdu naz bada, alaba ditxa bagea.
Hantxe nebazan hoge ta bat lengusu ta nebea,
harek baino beharrago aita neurea
harek guztiak baino azkarriago jaubea.

Zer dinona, puerka lotsa bagea?
Azkanengo esan dona jaubea?
esan bebanan lenengotatik jaubea
izango ebanan Aldaztorrean partea. (bis)

Nik neurea dot goian dagoan kaxea,
tapez taperaino diruz betea. (bis)
Imineagaz neban urre gorria
anageagaz neban urre zuria.
Mila dukat neban isil poltsea,
ah bere bazan alaba on baten dotea! (bis)

Aldaztorreak ateak ditu letuez
hango plater pitxeruak zidarrez.
Joan ala egon eingo't ama neurea?
Joan, joan, neure alaba maitea.
Haurtxo txikinak sabelean deust ostiko.
Jaun zerukoak al dau semea sortuko.
Nahi dan semea nahi dan alaba
Aldaztorrean partea izango jona. (bis)

Aldaztorrean nengoanean irra goruetan
etorri jatan erroi zaharra grauetan. (bis)


AGERTOKIA: HIZTEGIA ETA KANTUTEGIA.

TXOMIN:... Julio Urkixok hizkuntzalaritza taldeko buru izatea, eta mahaikideak aukera ditzadala eskatu dit. Zurekin egon aurretik ez niola erantzunik emango esan diot. Zer deritzozu?

RM AZKUE: Ikastarorik eman behar ez duzunez, lan bikaina egin dezakezu.

TXOMIN: Gu bion parte-hartzeaz gain, Eleizalde eta Olabide ditut buruan taldea osatzeko, eta Luis Biziola idazkari lanetarako. Ostegunean izan dezakegu lehen bilera, eta gai zerrendan hainbestetan aipatu didazun Hizkuntza Akademiaren sorrera sar dezaket.

RM AZKUE: Izugarrizko aurrerapausoa izango litzateke.

TXOMIN: Zure hiztegiaren eta kantutegiaren argitalpenei buruz ere hitz egin beharko genuke. Euskal Herrian inoiz ez da halako lan erraldoirik egin, eta zabalkunde handiagoa merezi dutelakoan nago.

RM AZKUE: Ez naiz neronen burua goraipatzera etorri.

TXOMIN: Zure liburuak sustatuko ditugu, ez zure izena.

RM AZKUE: Eta zergatik nireak? Zerorrek ere badituzu argitaratuak sustapena merezi duten hiru nobela.

TXOMIN: Ezin da alderatu. Nire nobelak xumeak dira, eta hiruren artean ez dira zazpiehun orrialdetara iristen. Zure “Euskara-gaztelania-frantsesa” hiztegi zoragarria kontutan hartuta soilik, mila eta ehun orritik gora dira.

RM AZKUE: Lanak ez dira orri kopuruarekin neurtzen.

TXOMIN: Zureak Europa osoan aurkezteko modukoak dira, baina besteonak Euskal Herritik atera gabe ondo daude. Eginak dituzu baita “Euskal gramatika” eta aurrizkiekin eta atzizkiekin “Euskal morfologia”.

RM AZKUE: Amaitu gabe ditut, eta auskalo noiz argitaratuko diren.

TXOMIN: Gure folkloreari eta etnografiari buruzko bilduma izango den “Euskal Herriaren jakintza” liburuan lanean zabiltzala ere, aipatzea gustatuko litzaidake.

RM AZKUE: Amaitu barik dago. Hobe argitaratutakoan jakitera ematea.

TXOMIN: Honelako batzar zientifikorik ez dugu inoiz egin, eta jendeak jakin egin behar du altxor preziatuak ditugula hizkuntzalaritzan. Bestela, Pariseko zein Madrileko Hizkuntza Akademiakoek ezjakintzat joko gaituzte berriro.

RM AZKUE: Nire lanak besteenekin batera aurkeztea hobe, euskalgintzako multzo bakarra osatuz.

TXOMIN: Horrelaxe egingo dut. Aldundikoei, liburuen argitalpenerako eta banaketarako diru laguntzak eskatuko dizkiet ala ez?

RM AZKUE: Kongresuan hizkuntzak soilik merezi du gure arreta...

Azkue bere lekuan geratzen den bitartean, Txomin Agirrek alde egiten du.

Behean, abestiaren aurkezlea eta abeslaria erdira doaz.


ABESTIA: LAPURDI - HALA BAITA DOLU EGINGARRI

Azkueren Kantutegiak mila eta hirurehun orri ditu, oso ondo sailkatuak, eta abesti guztiak honako hamalau arlotan banatzen ditu: amodiozkoak, bakotarrak, sehaskakoak, dantzarakoak, dantzarako musika soilak, eresiak eta elegiak, ezteietakoak, haurrenak, jaietakoak, narratiboak, lanbideetakoak, erlijiosoak, erromantzeak eta kontuak, eta azkenik, errondakoak.

Eskainiko dizkizuegun abestiak bost arlotakoak soilik izango dira. Hurrengoa Lapurdin bildu zuen, Ainhoan. Titulua “Hala baita dolu egingarri.

Hala baita dolu egingarri
amodietan denari,
Bethi phenan baiteramatza
gaua eta eguna!
Ezdeia bada pena
ene bihotzean dena?
Nihork ezin dezake
adi ene hatsberepena
Maite bat ezin konbertituz
nik sofritzen dudana.

Xarmagarri zu ere
sanjakorra zare;
Ene pena eta dolorez
ongi trufatzen zare.
Norbaitek deraizkitzu
beharriak ongi bethe,
Eta, dudarikan gabe, zu,
heien erranen sinhesle.
Gaizki mintzatu nahi dena
nork enphatxa lezake?

Izar xarmagarria,
zu bazine neuria,
Zu zintazke bakharrik
neure kontsolagarria.
Zure begi eztia
bihotzean dut sarthuia
Eta amodiozko sokez
han ongi amarratuia.
Ez zinukeia bada izanen
nitaz pietatia?

Gizon gazte floria,
erraiten dautzut egia,
Eztudala hartu nahi
pietatezko bizia
Ez eta ere eman
elizako fedia,
Zeren zuk eman duzun
bertze norbeiti zuria.
Sinets nezazu, ezin daiteke
biez baizik egin paria.


AGERTOKIA: EUSKARA BATERATUA ETA EUSKALKIAK

MARIA:... Maria Gordoa nauzu, eta berorren omenaldirako prestatu dugun antzerkiari buruz berba egitera nator.

RM AZKUE: Hizkuntzalaritzako nire lanetan, bai hiztegian dauden esaeratan zein kantutegiko letretan, jende nagusiari zor diot ia dena.

MARIA: Gu erdaraz soilik izan gara alfabetatuak, eta euskaraz kaleko oñatiarra erabiltzen dugu. Baina eskainiko dizuegun antzerkia prestatzerakoan, ahalegin berezia egin dugu, kongresura etorritako ia denak kanpotarrak zaretelako. Eta jakina, haiek ere ulertzea gura dugu.

RM AZKUE: Ondo irizten zait.

MARIA: Badakigu berorrek ez zenuela arazorik izango bertako euskalkian antzeztu ezkero, hiztegia egiteko duela hamasei urte Oñatin ibili zelako hitzak, esaldiak eta esamoldeak jasotzen, kaleko artisauen eta auzoetako baserritarren artean.

RM AZKUE: Lau abesti ere bildu nituen kantutegirako: Korpus eguneko zortziko eta ezpata-dantza banaren musika, eta Uribarri auzoan jasotako beste bi.

MARIA: Oñatiko gure hizkera Bizkaiko euskalkian sartu du berorrek hiztegian, eta Antzuolakoa eta Legazpikoa berriz gipuzkeran. Hain garbiak dira ezberdintasunak?

RM AZKUE: Bai. Bonaparte printzearen sailkapena jarraitu dut, ondo dagoelakoan.

MARIA: Oñatin “x” hizkia asko erabiltzen dugu, eta horregatik deitzen digute txantxikuarrak. Ez dakit berorren hiztegian hemengo berba denak jasota dituzun, baina niri asko gustatzen zaizkit batzuk, “antxintxiketan”, “aixkomentean”, eta horrelakoak.

RM AZKUE: (Paperean idazten duen bitartean) Hitz guztiak ez nituen bilduko, ziurrenik. “Antxintxiketan” beste leku batzuetan “korrika” esaten dute, edo “lasterka”, “arineketan”, “abiadan”, “arinka”… Oso hitz emankorra da.

MARIA: Hemen, bertako berba polit asko ditugu: “bilinboletan”, “dunduixua”, “laatxorrixa”, “salamalia”, “txingitxangaka”...

RM AZKUE: Hiztegiaren gehigarrian sartzeko, zergatik ez dizkidazu bidaltzen idatzita, esanahiarekin?

MARIA: Hitzak soilik ez; esaldi peto petoak ere bidaliko dizkiot. Asko dira. Familia txiro baten bizi denari “belar motzean hazi” dela esaten diogu.

RM AZKUE: “Beroenak kendu” erabiltzen duzue?

MARIA: Norbait jarduntsu eta handiki samarra denean. Esaera asko daude: “hontzari begira egon”,” jera-jeraka fan”, “sororik-soro ibili”... Zerrenda luzea bidaliko diot. Goazen orain antzerkia ikustera. Euskara garbia eta dotorean egiten saiatuko dira.

Maria eta Azkue jaitsi egiten dira, eta klaustroko arkupetik doaz parean dagoen jarlekura.

Bitartean, behean, abestiaren aurkezlea eta abeslaria erdira joango dira. Abesten duten bitartean, agertokia unibertsitateko antzerkirako egokituko da.


ABESTIA: NAFARROA - ANAIAI GAZTIGATU NION

Azkue Euskal Herri osoan ibili zen jende nagusiari aipatutako gaietaz galdezka, erantzunak fitxetan eta partituretan jasoz. Zorrotza zen, eta datu guztiak gordetzen zituen: abestia noiz jaso zuen, nori entzunda, non, eta kontatzen zioten informazio osagarria.

Kantutegiaren amaieran, azalpen denak jasotzen dituzten zortzi gehigarri zehatz daude. Oraingo abestia Nafarroan bildu zuen, Eugin. Bere titulua, “Anaiai gaztigatu nion”.

Anaiai gaztigatu nion
isilik karta batean,
ea lagunduko zidanez (bis)
gizona ortzitzen lurrean.

Anaiai gaztigatu nion
isilik karta batean
ea gizonik falta zenez, (bis)
oi! erregeren gortean.

Bai falta da Don Juan de Flores
joan dan zazpi urtean;
zu bezalako dama batek (bis)
edukiko du etxean.

Nere aitak, ai! baleki
nik zer daukadan etxean,
aitak ni hilen ninduke (bis)
ta amak egosi pertzean.

Anaiai gaztigatu nion
isilik karta batean,
ea lagunduko zidanez (bis)
gizona ortzitzen lurrean.


1760. URTEA: UNIBERTSITATEKO AMODIOZKO ISTORIOA EPAITU ZENEKOA


ABESTIA: ARABA - BART HAMARRETAN

Azkuek musika ikasketak Lekeition hasi ondoren, gerora Gasteizko seminarioan, Salamancako unibertsitatean, eta Bilbo, Paris, Brusela eta Koloniako kontserbatorioetan jarraitu zituen.

Alemanian zaletu zen, hain zuzen, musika klasikoarekin. Bi opera sortu zituen, “Ortzuri” eta “Urlo” izenekoak. Bilbon estreinatzea lortu arren, ez zuten aparteko arrakastarik erdietsi. Orain entzungo dugun abestia Araban bildu zuen, Olaetan. Bere titulua “Bart hamarretan” da.

Bart hamarretan dontzeila nintzan, (bis)
hamaiketako senarra,
gaubeko hamabi santuetarako
gelditu nintzan bakarra.

Atsekabea, atsekabea, (bis)
handiago nahibagea:
ordu beteko senarragaitik
alargun izan beharra.

Bart hamarretan dontzeila nintzan, (bis)
hamaiketako senarra,
gaubeko hamabi santuetarako
gelditu nintzan bakarra.


AGERTOKIA: HIZKUNTZALARITZA ETA FONETIKA

RM AZKUE:... Zure laguntzaren premian nago. Bi ikastaroen laburpena entzungo zenidake, eta zure iritzia eman?

TXOMIN: (Eskuan duen programari begira) Euskararen gama fonetikoak azalduko dituzu lehen goizean.

RM AZKUE: Fonetikaren historia aztertuko dut orokorrean, eta eufoniarekin dituen desberdintasunak. Fonetika pertsonaren hizketaren hots fisikoen ikerlana da, eta hiru eratakoa izan daiteke, artikulatorioa, akustikoa edo pertzepziozkoa. Eufoniak ostera, soilik sonoritatea ikertzen du.

TXOMIN: Kontzeptu batzuen esanahia ez dut menderatzen.

RM AZKUE: Adibideak jarriko ditut. Ondoren, berrogei fonemaz osatuta dagoen euskal gama fonetikoa azalduko dut, eta baita bigarren mailako hiru fonetizazioak ere, hots, sudurkaritzea, hasperenketa eta bustidura. Bokalen eta kontsonanteen azentu-marken funtzioei aipamen bat egingo dizkiet, eta baita “ts” eta “tz”ren bustidurei. Azkenik, erre bustia eta azkarra nola idatzi behar diren proposatuko dut.

TXOMIN: (Berriro programan begiratzen du) Bigarren egunean lege fonetikoak aztertuko omen dituzu.

RM AZKUE: Zirriborroan berrogeita hemeretzi gai jaso nituen, baina erdiak ematen baldin baditut, pozik geratuko naiz.

TXOMIN: Gaiok, teknikoak dira oraingoan ere?

RM AZKUE: Bai, jakina. Gehienak Hugo Schuchardt linguista aleman ospetsuarekin eztabaidatuak ditut jadanik. Dakizun moduan, duela hamalau urte Kolonian bizi izan nintzen, eta harrez gero hizkuntzalari batzuk hilero idazten diogu elkarri.

TXOMIN: Parisen, Londresen eta Erroman ere bizi izandako lekeitiar unibertsala zara, Euskal Herriak eman duen hizkuntzalari jakintsuena. Ni ostera, Ondarroatik Zumaiara joan naiz, gehienez.

RM AZKUE: Hala egokitu zaigulako, Txomin. Baina ez izan nire inbidiarik. Jakingo bazenu hiztegia argitaratzeak zenbat buruko min eman zidan, sinetsi ere ez zenuen egingo.

TXOMIN: Azaldu egizkidazu lege horien nondik norakoak.

RM AZKUE: Lege fonetikoak bi taldetan banatzen ditut, hitz baten barnean doazenak, eta esaldi bateko bi hitzen artean, lege trinkoak eta perifrastikoak bereiziz. Trinkoen arloan, “petaka” nola trukatzen den “bodega”n azalduko dut, hau da, “p” “t” “k” kontsonante leherkor gorrak beraien pareko ahostunetan “b” “d” “g” bilakatuz. Adibidez, Irun+tik Irundik bihurtuko da.

TXOMIN: Adibideak ipintzen badituzu, agian neuk ere ulertuko dizut. Bestela, nekez.

Azkue eta Txomin, biak jaisten dira agertokitik.

Behean abestiaren aurkezlea eta abeslaria erdira doaz.


ABESTIA: ZUBEROA - MAUGISENEAN

Orain entzungo dugun abestia Zuberoan bildu zuen, Mendikotan. Bere titulua “Maugisenean” da, eta letra zubereraz dago.

“Aimonen lau semeak” pastoraleko protagonistetako bat da Maugis aztia. Pastoral hau nahiko ospetsua da, eta beste hiru bider ere antzeztua izan da, Altzainen, Barkoxen eta Sohütan (1984).

Orreagan euskaldunak Karlo Magnorekin izan zuten batailan oinarritzen da, eta lau anaiak Maugis aztiaren belar magikoen premia agertzen dute.

Maugisenean teatren gainean
bürduñaz kargaturik etsaien artean,
hargatik etzen lotsa ororen artean
zeren belhar hunak sakolan beitzutean,
sakolan beitzutean.(bis)

Heben bagire orai lau anaie,
heben baldin bagünü kosi Maugis ere,
ezkinaiteke lotsa, Charle Magne, zure
ez eta jinik ere Frantziako doze,
doze pareak ere.

Maugisenean teatren gainean
bürdunaz kargaturik etsaien artean,
hargatik etzen lotsa ororen artean
zeren belhar hunak sakolan beitzutean,
sakolan beitzutean.


AGERTOKIA: HIZKUNTZA AKADEMIAREN SORRERAREN HISTORIA

MARIA:... Nire ustez, osteguneko akademiaren sorrerako bileran politikariren bat izan beharko litzateke buru.

JULIAN: Nahiko lan dut kongresuaren antolakuntza eramaten.

MARIA: Beste arloetan badute akademiarik sortzeko asmorik?

JULIAN: Nik dakidala ez.

MARIA: Meritu handia duzue antolakuntzakook, baina aurrera begira fruituak lortu direla zabaltzea ezinbestekoa izango zaizue. Zertarako elkartu bestela?

JULIAN: Gaurtik ostegunera bitartean, beste Aldundietako ordezkariekin egongo naiz.

MARIA: Denak baietz esango dizute, zeuk hartzen baduzu ardura nagusia.

JULIAN: Akademia sortzeko asmotan euskaltzale batzuk ahalegindu izan ziren hemeretzigarren mendean ere. Ulibarrik, Aizkibelek, Abbadie eta Duvoisinek, Manterolak eta Artiñanok saiakerak egin zituzten. Azkue bera duela urte batzuk aritu zen Hendaian, Virginia Abbadie alargunarekin.

MARIA: Nire senarra enpresaria da, eta hizkuntzalaritzaz ezer gutxi daki, baina harro dago jakintsuen artean.

JULIAN: Aldundiak eta euskaltzaleen elkarteak batuko ditut.

MARIA: Ez ahaztu apezpikuak. Kongresura hiriburu guztietakoak etorri dira.

JULIAN: Txomin Agirre, Raimundo Olabide eta Azkue bera apaizak dira. Apezpikuen babesa ezinbestekoa zaigu.

MARIA: Beste politikoekin egoterakoan, aipatu egiezu ingelesaren, frantsesaren eta espainolaren akademiak berrehun urtetik gora dituztela.

JULIAN: Neu arduratuko naiz Aldundietako aurrekontuetan eskaerak sartzen. Eta aipatu dituzun akademietara joango gara bertako arautegiak, lan taldeak, buletin ofizialak, ikerlan ildoak, eta funtzionamendua ikustera.

MARIA: Kongresu hau antolatzeko nekeak, lorpen horregatik bakarrik ere merezi izango dute.

JULIAN: Urte bete beharko dugu akademia juridikoki eratu eta batzordeak osatzeko, nazioartean homologagarria izan dadin.

MARIA: Ondo legoke zeu izatea mahaiburu.

JULIAN: Nahiko lan dut Aldundietako lehendakariak konbentzitzen.

MARIA: Akademiaren presidente nor izango den ere garrantzitsua da. Nazioartean bere mailagatik onartutako linguista izendatzea komeni da.

JULIAN: Hor daude Olabide arabarra, Azkue bizkaitarra, Arturo Campión nafarra, Georges Lacombe edo Gavel iparraldekoak. Beharbada Campión litzateke egokiena, laikoa delako eta Oñatiko unibertsitate honetan zuzenbide ikasketak egin zituelako.

MARIA: Azkuek ostera alemanez eta frantsesez ondo daki, eta nazioarteko linguistekin harreman bikainak ditu.

JULIAN: Aldundietako kideekin aztertuko dut. Akademiako lehendakaria nor izango den adostea ezinbestekoa zaigu.

Maria agertokitik jaisten da.

Behean abestiaren aurkezlea eta abeslaria erdira doaz.


ABESTIA: NAFARROA BEHEREA - ARROSA XURIAREN AZPIAN

Azken abesti hau Nafarroa Beherean bildu zuen, Donazaharren. Bere titulua "Arrosa xuriaren azpian” da, eta bertsoak hiru kapitainek bahitu eta Parisera eraman zuten andere lirain bati buruzkoak dira.

Ostalariak andereari galdetzen dio, ea bortxaz ala amodioz dagoen han. Bortxaz, erantzuten dio, baina kapitainek lasai egoteko eskatzen diote. Hori entzutean, anderea hilda jausten da.

Kapitainok alde egiten dute doluz, eta anderea aitarengana itzultzen da, hildakoaren itxura besterik egin ez zuelako.

Arrosa xuriaren azpian
anderea lokarturik
elurra bezain zuri
ekhia bezain ederrik
hirur kapitainek zeraukaten
gortez inguraturik.

Kapitainek joan ziren
beren zaldiak harturik
hartu zuten anderea
mantoz huntsa trozaturik
gero Pariserat eraman
zuten aitak jakin gaberik.

Parisen hostaliersak
bazuen salutatu
berriak ere galdatu
bortxaz ala amodioz jina
zara anderea errazu.

Andereak hori entzunik
hila zuzun erori
kapitainek joan ziren
beren zaldiak harturik
nigar egiten zutelarik
andereari dolu eginik.

Handik hirur egunen buruan
andereak aitari
ohiu: ai aita
ni orai hemen niagozu
birjinitatearen naiz begiratu
hilaren egon nuzu.


AGERTOKIA: RM AZKUE EUSKALTZAIN MAHAIBURU

LUIS:... Etortzeko eskatu didate.

JULIAN: Ze moduz ikastaroekin?

LUIS: Goizean izan dut lehena, eta bihar bestea. Lexikologiari buruzkoak biak.

JULIAN: Ea joaterik dudan. Akademia sortzeko osteguneko bileran parte hartzea erregutuko nizuke.

LUIS: Akademiari prestigioa emateko, ni baino adituagoak aurkituko dituzu. Prest nago laguntzeko, baina ez dut neure burua partaide izateko gai ikusten.

JULIAN: Goizean ikastaro bikaina eman duzu. Hizkuntzalari ona zarenaren seinale.

LUIS: Akademiak zenbat linguista beharko ditu, lauzpabost? Horien artean ez naiz sartzen.

JULIAN: Bileran mahaiburu izango naiz, kudeatzaile gisa. Nor ikusten duzu presidente hizkuntzalaritzan?

LUIS: Azkue, zalantza barik. Euskal Herrian talentu eta lanerako ahalmen gehien duena da. Bere hiztegia irakurri nuenean, zur eta lur utzi ninduen egin duen lanagatik. Hamabost urte eman omen zituen horretan. Neronek bizitza oso bat beharko nuen lan ikaragarri hori burutzen.

JULIAN: Gogoz erosiko diogu aldundian ehun ale, liburutegi guztietan izan dezaten.

LUIS: Hasita dago baita “Euskal morfologia” liburua egituratzen, eta ematen du inoiz gramatikan egin den lan osatuena izango dela. Aurkibidea pasatu dit, ekarpenak egiteko, eta hogeita hamazazpi kapitulutan banatu du!

JULIAN: Berak esan zidanez, askok eskatu diote gramatikazko liburu hori, orain artean ez dagoelako antzekorik.

LUIS: Aditz iragankor eta iragangaitzen taulak ikusiko bazenitu, txundituta geratuko zinateke. Ehunka, milaka aditz forma, singularrean eta pluralean, orainean, iraganean eta geroan, indikatiboan, subjuntiboan eta aginteran.

JULIAN: Eta denbora hartu izan du artikulu piloa idazteko eta bizpahiru nobela argitaratzeko.

LUIS: Aipatu didanez, egunen baten beste lan itzel bat argitaratuko omen du. Gaztetan hasi zen amari sukaldean entzundako istorioak paperean jasotzen: tresnak, ofizioak, jantziak, animaliak eta landareak, jaiak, ezkontzak, hiletak, ohiturak, pertsonai mitologikoak, denetik. Euskal Herri osoko jakintza jasoko du, folklorearen eta etnografiaren bilduma.

JULIAN: Akademia berriko hizkuntzalaritzako presidente Azkue proposatuko dut orduan.

LUIS: Inork ez du zalantzan jarriko aukeraketa egokiena egin duzunik.

JULIAN: Europako beste akademia guztietan onartzeko moduko jakintsua...

Julian agertokitik jaisten da, Luis bertan gelditzen den bitartean.


AGERTOKIA: AMAIERA. 'URLO' OPERAREN OBERTURA

RM AZKUE:... Antzerkiaren fonetika izugarri gustatu zait, eta zer esanik ez abeslariak eta musikariak.

ANDRESA: Benetan saiatu gara omenaldi hau prestatzen, hori eta gehiago merezi duelakoan.

RM AZKUE: Hunkituta uzten nauzue.

LUIS: Hainbeste lan egin dutenei, zeuk ere errekonozimenduren bat egitea ondo legoke.

ANDRESA: (Poltsatik liburuak ateratzen dituela) Senarrak eta biok erosiak ditugu jadanik berorrek argitaratu zuen “Euskal musika herrikoia” liburuxkak.

LUIS: Zeuk bakoitzaren alea sinatzea eskatzen dizugu.

RM AZKUE: Eman iezazkidazue mesedez izenak, eta atsegin osoz idatziko diet zerbait.

ANDRESA: (Poltsatik beste liburu batzuk ateratzen dituela) Antzerkiko aktoreei berriz, berorren “Ibaizabal” astekariaren ale bana emango diegu, sinatuta horiek ere. (Paper bat ematen dio) Hemen ditu berorrek guztien izenak.

LUIS: Beraiekin egona naiz, eta pozik geratuko dira.

ANDRESA: Igande gauean, kongresuaren amaieraren ondoren, antolatzaile taldekook afaria dugu familiaren jauregian. Ohorea handia litzateke guretzat etorriko bazina.

RM AZKUE: Pianorik baduzue?

ANDRESA: Bai, akustika oneko Steinway bat.

LUIS: Afalostean berorrek konposatutako piezak jo ditzake.

RM AZKUE: “Urlo” operako obertura eskainiko dizuet.

ANDRESA: Eta baita berorren kantutegiko erromantzeren bat ere, denok abesteko.

LUIS: Musika-emanaldi alaiagoa izan daiteke horrela...

RM AZKUE: Ideia bikaina, sortu dugun akademiaren jaiotza ospatzeko!

Hirurak atzera doaz, berbetan.

Behean abeslariak eta musikaria erdira doaz.


BERTSOAK: AMAIERAKOAK
Doinua: Misiolari baten moduan

Amaierara_iritsi gara ta
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan asmatuko dugu (bis)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra.
Jairako_ordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!