05- "Iparragirre Oñatin" etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
05- "Iparragirre Oñatin" etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko azaroaren 14(a), astelehena

"Iparragirre Oñatin"

IPARRAGIRRE OÑATIN- 2014 eta 2015

2- PERTSONAIAK eta PARTE-HARTZAILEAK - 2014
(Honakoak izan ziren 2014ko irailaren 27ko bi emanaldietan, antzeztokira irtendako ordenan)

Lehen ekitaldia. Lehenengo eguna, eguerdia.
Joxe Mari Iparragirre: Andres Zabala - Olaitturri
Zubiria, gitarrista: Joxe Mari Anduaga - Olaitturri
Juana, ostatuko etxekoandrea: Karmen Biain - Olaitturri
Andresa, Juanaren ahizpa: Maribi Korkostegi - Olaitturri
Hipolito, Oñatiko alkatea: Ixidro Palacin - Pake Leku
Nazario, udaleko idazkaria: Jabier Atxa - Olaitturri
Madalen, abeslaria: Amaia Azpiazu - Oñati Abesbatza
Anbrosio, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria: Juan Mari Elortza - Olaitturri
Eloisa, Anbrosioren emaztea: Maritxu Baños - Olaitturri
Kasilda, joskina: Ana Mari Markuleta - Oñati Abesbatza
Bentura, Juanaren ama: Ana Mari Liziaga - Pake Leku
Balentina, abeslaria: Arantzazu Bikuña - Azpiazu Musika Eskola
Maxima, abeslaria: Ainhoa Galdos - Azpiazu Musika Eskola
Petra, soinujolea: Arantxa Iturrioz - Azpiazu Musika Eskola
Jabier, abeslaria: Xabier Oregi - Olaitturri

Bigarren ekitaldia. Bigarren eguna, arratsaldea.
Iparragirre, Zubiria, Juana, Hipolito, Nazario, Balentina, Anbrosio.
Benedita, Arabako Foru Aldundiko ordezkaria: Arantza Gartzia - Olaitturri
Eulogio, Bizkaiako Foru Aldundiko ordezkaria: Enrike Olalde - Olaitturri
Ageda, Eulogioren emaztea: Mª Angeles Altube - Olaitturri
Txomin, bertsolaria: Iñaki Olalde - Bertso Eskola
Tomas, bertsolaria: Egoitz Aizpuru - Bertso Eskola
Teodoro, irakaslea: Xanti Lizarra - Olaitturri
Iñaxio, pianista: Iñaxio Ibarrondo - Parrokiako Korua
Eduardo, abeslaria: Eduardo Korkostegi - Parrokiako Korua
Martina, abeslaria: Amaia Biain - Ganbara Abesbatza
Sabina, abeslaria: Loli Ordoki - Oñati Abesbatza
Benigno, abeslaria: Iñazio Irizar - Olaitturri
Genobeba, abeslaria: Rosita Markuleta - Parrokiako Korua

Pertsonaien jantziak
- Iparragirre da jantziz aldatzen den bakarra. Lehen ekitaldian gautxo jantzita dago, Ameriketatik etorri zen bezala. Bigarren ekitaldirako, kaletar buhame jantzita agertuko da.
- Foru Aldundietako ordezkari guztiak, gizakume zein emakume, dotore jantzita azalduko dira.
- Alkatea eta idazkaria ere apain agertuko dira, eta baita abeslari batzuk.
- Beste guztiak apalago aterako dira, garai haietako kaletarren jantziekin.

3- ANTOLAKETA:
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Komunikabideak: Jabier Altube
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Megafonia: Kirkil eta Enrike Azpeitia
Argiak: Pili Aranguren eta Andoni Mendizabal
Agertokia: Benjamin Billar, Antonio Alonso eta Iñazio Lete
Partiturak: Xabier Barriola eta Iñaxio Ibarrondo
Jantziak: Lantzen
Babeslea: Oñatiko Udala


LEHEN EKITALDIA
1. Agerraldia
Antzeztokiko oihala zabaltzen denean, Iparragirre mahaiaren ertzean jesarrita dago. Gelditu zaizkigun argazkietan agertzen den legez, ilea eta bizarra zuriak ditu, nahiko luzeak, eta duen adinerako, zimurrak franko. Jantziak erabili samarrak egon arren, garbiak daude. Patxadan zutituz, eskuinarekin topa egiteko eran jasoko du edalontzia, kantuan hasten den bitartean.

IPARRAGIRRE:
Ez ikaratu dagoen artean,
jan eta edan gaur gogotik,
hustutzen bada ekarriko dugu,
berriro lehengo tokitik.
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu.

Azken “Glu, glu, glu…” abesterakoan, ikusleak daudela ohartzen da. Eta aurrera, erdira doa. Jendeari begira jarraitzen du.

Umorea da gauzik onena,
nahigabeak ditu ahaztutzen,
uju ta aja hasi gaitezen,
euskal doinuak kantatzen.
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu...

Edalontzia mahai gainean uztera doanean, Juana, ostatuko etxekoandrea sartzen da ezkerretik.

JUANA:... (Eskuak gerrian jarriz) Zer arraio baina Joxe Mari? Bakarrik eta kantuan?

IPARRAGIRRE: Badakizu etxekoandre. Pozik nago aspaldiko partez.

JUANA: Aldundietako ordezkariak datozelako?

IPARRAGIRRE: Eta Hipolito alkate jauna.

JUANA: Hobe duzu ardo gehiago ez edatea. Traturako moteldu egingo zara bestela eta.

IPARRAGIRRE: Konturatu zara kantuaren letra zuzen esan dudala? Ondo nago.

JUANA: (Pitxerra eskuetan hartzen duela) Jauntxoekin egon arte, ez dago gehiago... Zeuk kobratzen ez baduzu, neuk ere ezta.

IPARRAGIRRE: Udalak deituta etorri naiz, ez nire kontura.

JUANA: Bart gauean ailegatu zineten Zubiria eta biok, gose galantarekin.

IPARRAGIRRE: Eta Juana, aparteko afaria prestatu zeniguten!

JUANA: San Migel jaiak pasatu arte hemen geratu behar bazarete... Jan edan martxa horrekin, ez dakit udalak emandakoarekin nahiko izango duzuen.

IPARRAGIRRE: (Eskuineko hatz erakuslea jasoz) Joxe Mari zaharraren hitza!

JUANA: Ostatuko zerbitzariak goiz osoa eman du zuen arropak garbitzen.

IPARRAGIRRE: Jendaurrean abesteko, ezinezkoa zaigu txukun agertzea baizik.

JUANA: (Barruko ate aldera doala) Murkoan ura ekarriko dizut...

Hipolito alkatea sartzen da.

HIPOLITO: (Eskuina luzatzen diola) Ongi etorri Oñatira, Iparragirre!

IPARRAGIRRE: Hipolito alkate jauna, ohore bat da hiri historiko honetara gonbidatua izatea.

HIPOLITO: Inoizko San Migelik alaienak izango dira aurtengoak, zure kantuekin.

JUANA: Ikusiko bazenu bart zelako jaia antolatu zen hemen. Dozenatik gora egon ziren kantuan berarekin.

IPARRAGIRRE: Bertso batzuk idatziak ditut, propio jaietarako. Atzo Udanatik behera nentorrela egin nituen hasierakoak.

JUANA: Pilota partiduen berri ere eman nion, hango giroa kontuan hartzeko.

IPARRAGIRRE: Badakizu alkate jauna? Ia hirurogeita bat urte eduki arren, (Bihotza seinalatuz) bihotz gaztea eta kementsua daukat, eta izugarrizko bizipoza!

JUANA: (Irribarrez) Horren fede neuk ematen dizut!

HIPOLITO: Ospe handixa duzue, "Gernikako arbola"k eta zeuk.

JUANA: Zubiria gitarra jolea ere, ez da atzean geratzen diren horietakoa.

IPARRAGIRRE: Bikote ona osatzen dugu. Ez zaitugu kale egingo.

HIPOLITO: Hala espero dot. Zuek ekartian, diru asko gastatzen gabiltza...


2. Agerraldia
Nazario, udaleko idazkaria, sartzen da ezkerretik. Ondoren Zubiria, bere gitarrarekin. Zubiria denbora guztian antzeztokian egongo da. Jotzen ez dagoenean, atzeko aldean jarraituko du, apal eta patxadan, aulkian jesarrita.

NAZARIO: (Iparragirreri eskuina luzatuz, bestea burura eramaten duen bitartean)... Eguerdi on Joxe Mari! Atzokoagatik biaramonik bai? Neuk, sekulakoa!

IPARRAGIRRE: Ohitura faltagatik duk hori!

HIPOLITO: Honez gero elkarrekin egon zarete?

JUANA: (Harrituta) Egon?... Egon, jan, edan eta abestu berandu arte! Nola gainera! Azkenean, ostatutik ezin bidalita ibili ginen.

NAZARIO: Ordainagiria gertu dut (Iparragirrek sinatu egiten du). Bi emanaldi, hainbesteren truke. Arratsaldean duzue lehenengoa.

IPARRAGIRRE: Oñatiri eskainitako bertso berriak ere abestuko ditut.

JUANA: Gura baduzue, bi emanaldiaz gain, ostatuan bertan antolatuko ditzakegu saio gehiago.

NAZARIO: (Tente, ikuslegoari begira) Jende printzipalari zuzendutakoak, gonbitearekin.

HIPOLITO: Sendagilea, parrokoa, irakaslea, botikaria...

NAZARIO: Eta Aldundiko ordezkariak, ez ahaztu gero. (Iparragirreri) Egin duzu inoiz halakorik?

IPARRAGIRRE: Jakina. (Eskuinarekin seinalatuz) Espainian, Frantzian, Italian, Alemanian, Portugalen, Bretainia Haundian, Argentinan eta Uruguayn abesten ibilitakoa naiz.

JUANA: Tirolesak kantaitzen badakizu?

IPARRAGIRRE: Suitza aipatu dut? Ba han ere ibili nintzen, eta baita...

NAZARIO: Maisuarekin ere egongo naiz. Goiz baten, neskatila mutikoei italianoz, frantsesez eta ingelesez berba nola egiten den azaldu behar diezu.

JUANA: Baina Lehen Gerra Karlistaren konturik ez aipatu gero umeei. Gauza politagoak kontatu.

IPARRAGIRRE: Aldundietako ordezkariekin geratuta nago.

NAZARIO: Harrera dago aurreikusita udaletxean.

JUANA: Sancti Spiritus unibertsitateari ere, diruz lagundu diote beti.

HIPOLITO: (Pozik, ikuslegoari) Lanean hasita daude! Iparragirrek Oñatiri bertso berriak eskaini dio, eta Zubiria abestiak irakasten dabil. Neu ere, goizean berarekin egon naiz.

NAZARIO: Atzo, geunden denok ikasi genituen. Hogeitaka bertso dira guztira. Gura duzu entzun?...

Zubiriak akorde batzuk jo ondoren, aurrera etorrita, Nazario kantuan hasten da. Iparragirre atzera doa, eta eskuinetik aterako da

ALOÑA MENDI
NAZARIO:
Aloña mendi aldamenian,
guztiz leku agerian,
Oñati eder hau ikusten da
zelaitxo baten erdian.

JUANA:
San Migeletan hango jaietan,
dantzan ta alaitasunian,
ai zer egunak pasa ditugun
bizkaitarren lagundian.

Biak batera:
Partidu ederrak jokatzen ziren
egun haietan Oñatin
jokalari onak nola ziren,
onena zein zen nork jakin?

NAZARIO:
Batzuek zioten: hor Bizimodu,
besteak 'Biba' Gereta
mutil gogor hau azkar zebilen
harrapatzeko pilota.

JUANA:
Ai! Zer egunak, nire lagunak,
probintzian dira pasatzen,
oraindik ere oroitutzean
berehala naiz poztutzen.

Biak batera:
Gora Oñati eder ta zabal
ta bere jende atsegina,
kanpotar denok ongi hartzeko
egin duzute ahalegina.

Abestia amaitu alaz, Nazario kanpora doa eskuinetik, eta Zubiria bere tokira. Bitartean, ezkerretik, Andresa eta Madalen sartuko dira. Andresa aurrera dator, eta mahaia garbitzen hasiko da. Madalen berriz, atzean geratuko da.


3. Agerraldia
JUANA: Bart, Iparragirrek makina bat berriketa egin zuen. (Esku batekin alde bat zein bestea adieraziz). Beti joan eta joan ibilitakoa da.

HIPOLITO: Sarri gogoz kontra, ordea. Aita gozogilea zen Urretxun, eta mutikotan Zeraingo osabarengana bidali zuen, latin ikastera.

JUANA: Gero, denak Madrilera joan ziren bizitzera. Baina Lehen Karlistada lehertu zenean, hamalau urterekin etxetik ihes egin zuen, Zumalakarregiren tropengana etortzeko.

HIPOLITO: Norbaitek kontatuko zion, euskaldunon eskumenak eta foruak arriskuan zeudela.

JUANA: Gogoz saiatu ei zen horiek defendatzen karlistekin. Berak kontatu zigun Oñatin egon zela orduan, Karlos erregea dukearen etxean bizi zelako.

ANDRESA: (Mahaia garbitzeari utzi, eta aurrera dator, hizketaldian parte hartzera) Kategoriaz uniformatuta, beltzaran dotorea, bere tropen alabardarieetako bat izan zen!

HIPOLITO: Baina liberalak asko gehiago omen ziren. Ehun milatik gora bai!

JUANA: Euskaldunok beti gutxiengoan.

HIPOLITO: Karlistada galdutakoan, Oñatin bertan sinatu zuten bi aldiak hitzarmena, hurrengo egunean "Bergarako Besarkadia" izenarekin ofizialduko zena.

JUANA: Galtzaile denak erbesteratu ziren, jakina.

ANDRESA: Batzuk Ameriketara, eta gure Iparragirre, Frantzia aldera. Hemeretzi urte besterik ez zituen orduan!

HIPOLITO: Eta ziurrenik, frantsezez piperrik ere jakin barik!

ANDRESA: Iparragirrek dioenez, orain ilea zurituta eta bekokia zimurrez beteta eduki arren, sasoi hartan mutil mardula eta indartsua omen zan.

JUANA:(Irribarrez) Eta liluratzailea! Ez daukat horren zalantzarik!

HIPOLITO:(Zubiriari) Abesti gehiago irakatsi duzue?

ZUBIRIA: Dozenaren bat edo.

ANDRESA: Oso erromantikoa zen gaztetan, eta halakoxeak dira bere kantu ezagunenak.

Zubiriak akorde batzuk jo ondoren, aurrera dator, eta bere atzetik Madalen. Hipolito eta Juana irten egingo dira, eskuinetik. Madalen, astiro, kantatzen hasiko da.

NIRE MAITEARENTZAT
MADALEN:
Ume eder bat ikusi nuen
Donostiako kalean,
hitz erditxo bat hari esan gabe
nola pasatu parean?
Gorputza zuen liraina eta
oinak zebiltzan aidean,
politagorik ez dut ikusi
nire begien aurrean.

Aingeru zuri, paregabea,
Euskal Herriko alaba,
usterik gabe zugana beti
nire bihotzak narama.
Ikusi nahian beti hor nabil
nire maitea, hau lana!
Zoraturikan hemen naukazu
beti pentsatzen zugana.

Galai gazteak galdetzen dute,
aingeru hori non hago?
Nire maitea nola deitzen den
ez du inortxok jakingo.
Ez berak ere ez luke nahiko
konfiantza horretan nago,
amodiodun bihotz hoberik
Euskal Herrian ez dago.

Abestia amaitutakoan, Madalen kanpora doa eskuinetik, eta Zubiria bere tokira.Ezkerretik, Iparragirre, Nazario eta Kasilda sartzen dira. Azken hau atzean geratzen da.


4. Agerraldia
IPARRAGIRRE:(Zubiriaren tokira hurbilduz) Lan ona egin duk goizean ikasleekin, Zubiria! (Ondoren, aurrera doa, besteengana).

NAZARIO: "Nire izarra" abestian Maiñazi aipatzen duzu, baina Parisen ez al zinen ba Caroline sopranoarekin bizi?

ANDRESA: Zure lehen amodioa! Baina hemen abesteko, izena aldatze hobe. (Irribarrez) Imajinatzen, Sanmigeletan ‘Caroline’-ri kantatzen?

NAZARIO: Rocrejakelin Markesaren etxean zerbitzari aritu zinenean, ez al zenuen?...

ANDRESA: Atso zahar bat ei zen!

NAZARIO: Han ikasi zenuela artista izaten.

IPARRAGIRRE: Carolinekin bizpahiru urte eman nituen. Opera munduan estima handian zegoen.

ANDRESA: Bertan jarraitu behar zenuen.

NAZARIO: Gau baten, Marsellesa kantatzen aritu zinenean, atzerriratu beharren aurkitu zinen han ere!

ANDRESA: (Esku biak gora jasoz, mirespenez) Bellisima Italiara oraingoan! Fiorenzan eta Erroman! Milanen eta Venezian, Urretxuko semea!

IPARRAGIRRE: Alemanian eta Suitzan ibili nintzen lehenengo, denbora batez.

NAZARIO: Tradizio handiko lurraldeak, ondo abesten ikasteko!

ANDRESA: Bart gauean Fiorenzan egon zinela esan zenuen.

IPARRAGIRRE: Bertako abeslari talde baten onartu ninduten. Fiorenza zoragarria... Hango eraikinak, gaztelu eta museo ederrak!

ANDRESA: Han ikasitako zerbait abestu beharko zenuen, tipikoa, "La traviata" operako pasarteren bat edo.

NAZARIO: Taldea Ingalaterrara joan zen, eta Londresen geratzea erabaki zenuen, zeure kabuz.

ANDRESA: (Eskuak gerrian jarriz, ganoraz) Hori ez zenuen bart gauean kontatu!

IPARRAGIRRE: Kalean abesten nuen, dirua irabazteko... Behin tirolesa bat euskaraz kantatzen ari nintzela, Mazarredo jeneral bizkaitarra hunkiturik etorri zitzaidan agurtzera.

NAZARIO: Eta esker onez, berak lortu zizun pasaportea.

IPARRAGIRRE: Gizon leiala, bizkaitarra.

ANDRESA: Eta berriro Urretxura, pozik kantari!

IPARRAGIRRE: (Zubiriari, bihotz minez) Jo dezagun pieza hura, Carolineren oroimenez.

Zubiriak gitarrarekin akorde batzuk joko ditu, eta aurrera dator. Kasilda ere aurrera dator, bere aldamenera. Bitartean, kontu handiz, Andresa eta Iparragirre kanpora doaz, eskuinetik.

NIRE IZARRA
KASILDA:
Zu zara nire izarra
zu nire eguzkia
aingeruen artetik
zerutik jaitsia.

Barren kalera noa
bertan nahi dut bizi,
hantxe ikusiko dut
sarritan Maiñazi.

Nire bihotza dago
oso penaturik,
joan behar dudalako
laster zure ondotik.

Zure amodio gabe,
ai nire Maiñazi!
ez dut mundu honetan
gehiago nahi bizi.

Alfer alferrik dabiltz
zozoak kantari,
ai! nire Maiñazitxok
ez du nahi etorri.

Ezkerretik, abestia amaitu alaz, Aldundiko Anbrosio eta Eloisa sartzen dira.


5. Agerraldia
NAZARIO: (Eskuina luzatuz) Ongi etorriak zarete.

ELOISA: Joxe Mari Iparragirrerekin egotera etorri gara Donostiatik.

ANBROSIO: Foru Aldundiari diru laguntza eskatu dio bere mantenurako.

ELOISA: Eta familia Ameriketatik ekartzeko. Denentzat txartelak erostea, ez da txantxetako gauza gero.

KASILDA: Dukearen etxera joan da abestera, gauian gure jaialdira ezin delako etorri.

NAZARIO: Alkateak udaletxean harrera egin gura dizue.

ANBROSIO: (Adeitsu) Ongi da. Baina “Gernikako arbola” ospetsuaren egilearekin egotea da lehentasuna.

ELOISA: Atzerrian zegoela asmatu zuela entzuna dut.

KASILDA: Behar bada bai. Dozenaren bat urte eman zituen kanpoan.

NAZARIO: Itzuleran, kantari ibili zen denean. Eta Madrilera joan zen baten, euskaldunak biltzen ziren “San Luis” kafetxean estreinatu zuen, hogeita hamabi urterekin.

KASILDA: (Apur bat aurreratuz) Juan Mari Altuna musikari durangarrak pianoz lagundu zion.

NAZARIO: Zuen bilerako agiria neuk jasoko dut, udaletxean kopia bat uzteko.

ELOISA: Ze ederra! (Senarrari) Artista hauei, Aldundiak lagundu egin behar die.

ANBROSIO: “Gernikako arbola”n aipatzen diren Foruak defendatzeagatik emango diogu.

NAZARIO: Zuen erabakia garrantzitsua izango da.

KASILDA: (Harrituta) Beste Aldundueien jarrerarendako?

ANBROSIO: Euskaldunon ereserkia izatera ailegatuko da, ziurrenik.

ELOISA: Jaungoikoa ere aipatzen omen du abestian.

KASILDA: Baita. Artista da. (Irribarrez) Gauetan, apur bat berdindutakoan, espainolez, italianoz, frantsesez eta ingelesez ere abesten du.

ANBROSIO: Tximistaren pare zabaldu da bazter guztietara, Iparragirre Ameriketatik bueltan dela, eta denek entzun nahi dituzte bere bertsoak. Ostatuetara, auzoetara, hirietara joan beharko da, guk hilero ordaintzen badiogu.

ELOISA: Ondo enplegatutako dirua izango da.

KASILDA: Ilunkaran ekitaldia dugu hemen bertan. Eskatu italianoz abesteko. Gori-gori jarriko zaizu bihotza!

NAZARIO: Aurretik tratua itxi behar dogu...

ANBROSIO: Bera eta Zubiria kantuak irakasten dabiltza. (Zubiriari) Kanta ezazue bat, Aldundikoei irakasle onak zaretela azaltzeko.

Petra soinujolea, Balentina eta Maxima sartzen dira ezkerretik, Nazario eta Anbrosio eskuinetik ateraten diren bitartean. Hiru emakumeak aurrera datoz, erdira. Bertan hasiko dira.

ZUGANA MANUELA
BALENTINA ETA MAXIMA:
Zugana, Manuela
nuenean pentsatu
uste dut ninduala
deabruak tentatu.
Ikusi bezain ekin
naiz enamoratu
ojala ez bazinen
sekulan agertu.

Amodioz beterik
esperantza gabe,
zergatik egin zinen
bihotz honen jabe.
Zuk esan behar zenuen
hemendikan alde
egiaz ez naiz ni
bizardunen zale.

Barkatu behar dituzu
nire ergelkeriak
zure begira daude
nire bi begiak.
Garbi, garbi esan ditut
nire ustez egiak
zoraturikan nauka
zure aurpegiak.

Gauean ibili naiz
guztizko ametsetan
Donostian nengoela
Andre Marietan.
Eta ikusi nuela
hiri hartako plazan
erdian zebilela
Manuelatxo dantzan.

Amaitutakoan, Petra, Balentina eta Maxima eskuinetik doaz kanpora, ezkerretik Bentura eta Hipolito sartzen diren bitartean.


6. Agerraldia
BENTURA: (Kementsu) Hemen gatoz, entsaiatzera.

ELOISA: Amodiozko abestiak ere izango ditu Iparragirrek.

KASILDA: Guri kontatu digunez, dezente. (Irribarrez) Gaztetan, badakizu.

BENTURA: Pariseko Caroline eta Sophie-Adèle aipatzen du behintzat.

KASILDA: Caroline eta Sophie-Adèle. (Miresmenez) Ze izen politak. Gustu handikoa da Iparragirre.

BENTURA: (Eskubia jasoz, ironiaz) Kanpolarrosa samarra ere bai, nire ustez.

KASILDA: Erbestetik etorri zenean Donostiako Manuela izeneko neska bati egin zion abesti bat. Eta Maiñaziri beste bat.

BENTURA: Eta bere emaztea izango zen Anjelari ere bai.

ELOISA: Neuk ere ikasi behar ditut.

KASILDA: (Zubiriari) Eloisari lagunduko diozu?

BENTURA: Amodiozko abesti asko ditu Iparragirrek. Manuelarena adibidez. Oso neska liraina, polita ei zen.

ELOISA: Diotenez, txoraturik ibili zen bere atzetik.

BENTURA: Bizardunak ez zitzaiola gustatzen erantzun zion!

KASILDA: Txori geldigorregia zen orduan Joxemari, habia epel bat egiteko halako neska bati.

ELOISA: Bertso bat gustatu zait izugarri. (Errezitatu egingo du, amultsuki).

"Amodioz beterik
esperantza gabe,
zergatik egin zinen
bihotz honen jabe?"

KASILDA: Artistak, buhame samarrak ere izaten dira.

BENTURA: Barkatu atrebentzia baina, hiru Aldundiei eskatu diezue dirua eta... Nafarroako Gobernuari?

KASILDA: Nazariok, udaleko idazkariak jakingo du hori.

BENTURA: Esan didatenez, Iparragirre Elizondora joan zenean, ez zuen aparteko arrakastarik izan.

ELOISA: Eta horregatik ez dute Nafarroan eskatu?

BENTURA: (Zalantzan) Zazpietan du Sanmigeletako ekinaldia. Ikusiko dugu zenbat jente doan. Atzo pilota lekua erabat bete zen.

KASILDA: Ondoren erromeria dago.

BENTURA: Gazteak gazteengana joaten dira.

ELOISA: "Gernikako arbola" entzuteko irrikitan gaude denok.

BENTURA: Denok? Beharbada oker nabil, baina... Antzinako abestiak...

Zubiriak akorde batzuk jo ondoren, Hipolito hasiko da. Bitartean, hiru emakumeak kanpora doaz eskuinetik.

EZKONGAIETAN
HIPOLITO:
Ezkongaietan zerbait banintzen
ezkondu eta ezer ez, (bis)
ederzalea banintzen ere
aspertu nintzen ederrez,
nire gustua egin nuen ta
orain bizi naiz dolorez.

Nire andrea, andre ederra zen
ezkondu nintzen orduan, (bis)
mudatuko zen esperantzarik
ere, batere ez nuan,
surik batere baldin badago
maiz dago haren onduan.

Nire andrea goiz jaikitzen da
festara behar denean, (bis)
buruko mina egiten zaio
hasi baino lehen lanean,
zurekin zer gertatu behar zen
nik beldurrikan ez nuan.

Nazario eta Anbrosio sartzen dira ezkerretik, Jabier abeslariarekin. Lehen biak aurrera datoz hitz egitera, baina Jabier atzean geratzen da.


7. Agerraldia
HIPOLITO: Nire ustez, Euskal Herri osoan ez dago Iparragirre baino abeslari ezagunagorik.

ANBROSIO: (Pentsatuz,lasai) Arriaga bilbotarrak ospe handia izan zuen. Eta zer esanik ez, Sarasate iruindarrak.

NAZARIO: Abeslariak esan du, ez konpositoreak.

ANBROSIO: Hor duzu Julian Gaiarre tenor erronkariarra, mundu osoko opera nagusietan abestu duena.

HIPOLITO: Ez diot inori meriturik kenduko. Baina kantari herrikoi bat hartzekotan, galdetu jendeari.

NAZARIO: Iparragirrek kalean eta plazetan kantatzen du. Denak ezagutzen dute.
HIPOLITO: Baita bere abestiak ere.

ANBROSIO: Horregatik, hain zuzen, (Hatzekin diruaren keinua eginaz) diruz lagundu nahi diogu Aldunditik.

HIPOLITO: Behingoz behintzat erakundeetatik laguntza jaso, egurraren lekuan.

ANBROSIO: (Harrituta) Egurra jasotakoa al da?

NAZARIO: Zergatik uste duzu alde zuela Ameriketara? Tolosan “Gernikako arbola” kantatzen zegoen baten...

HIPOLITO: Txalo eta goraipamen beroenak jasotzen zebilenean...

ANBROSIO: (Eskuina goitik behera eramanaz, gogor) Zapla! Zigorra...

NAZARIO: Hogeita lau ordu kartzelan eduki ondoren, fiskalak aldetzeko agindu zion, herritarrak aztoratzeari utzita...

HIPOLITO: Bi urte eman zituen, Espainian eta Portugalen. Itzuli zenean, Anjela bere emaztea dena ezagutu zuen.

NAZARIO: Hogeita hemezortzi urte bazituen honez gero, eta berehela eskatu ei zion ezkontzeko.

ANBROSIO: Ameriketara joateko?

HIPOLITO: (Esku biak zabalduz) Familiiak Anjelari ez zion besterik onartzen.

NAZARIO: Argentinara joan eta han ezkonduko zirela, izan zen bere agindua.

ANBROSIO: Hamaika euskaldun joanda zeuden hara, bera baino lehen.

HIPOLITO: Horretxegatik aukeratu zuen hara joatea. Kantutik bizitzeko alderdi ona izango zelakoan.

NAZARIO: Eta inork ez zuelako kartzelan sartuko “Gernikako arbola” abesteagatik.

ANBROSIO: Ameriketan erein, txerto berriak!

HIPOLITO: Hemengoak adinakoak.

NAZARIO: (Kantuan hasiko balitz bezala, baina errezitatuz) "Eman ta zabal zazu, munduan fruitua"!

Zubiria aurrera dator, Anbrosio, Hipolito eta Nazario atzera doazen bitartean, eskuinetik irtetzera. Zubiriak akorde batzuk joko ditu, Jabier atzetik etorrita kantuan hasteko.


NIRE AMAK BALEKI
JABIER:
Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan beha dela
gauza erabaki.
Giltzapean sartu naute
poliki poliki
negar egingo luke
nire amak baleki.

Jesus tribunalean
zutenean sartu
ez zion Pilatosek
kulparik bilatu.
Niri ere aurkitu ez arren
ez didate barkatu
zergatik ez dituzte
eskuak garbitu.

Kartzelatik atera
fiskalaren etxera
abisatu zidaten
joateko berehala.
Ez etortzeko gehiago
probintzia honetara
orduan hartu nuen
Santander aldera.

Abestia amaituta, Jabier kanpora doa eskuinetik, eta Zubiria bere lekura, patxadan.


ILUNA


BIGARREN EKITALDIA
8. Agerraldia
Benedita, Txomin eta Tomas ezkerretik sartzen dira, lasai.

TXOMIN:... Iparragirre ez da oraindik itzuli?

Zubiriak ezetz dio buruarekin

TOMAS: Goizean ikasi ditugun abestiak bere aurreian kantatzera etorri gara.

ZUBIRIA: Hasi, gura duzuenean.

Txomin kantatzeko prest dagoenean, Benedita eta Balentina sartzen dira. Azken hau soinuarekin dator, eta atzean geratzen da.

BENEDITA: (Gizabidetsu) Arabako Foru Aldunditik nator, Iparragirrerekin egotera. Dirua eskatu zigun, duela aste batzuk.

TXOMIN: Geu ere zain gaude, bere aurrean abesteko.

TOMAS: Ondo ikasi ditugun esan dezan, ala zerbait hobetu beharra dugun.

BENEDITA: "Gernikako arbola" abestia ikasi duzue?

TXOMIN: Bai. Eta beste asko.

TOMAS: Ameriketan ibili zen garaikoak.

BENEDITA: Nik ere nahiko nuke ikasi. (Oroituz, eskuak zabalduz) Elizondon kantari aritu zenean, “Ezkongaietan” izeneko bat entzun nion. Alaia benetan!

TXOMIN: Baionatik irtenda joan zen Argentinara. Badakizu isasontziak izena zela zuen?

TOMAS: Anjelita. Emaztearen izen bera.

TXOMIN: Marka da gero hori!

BENEDITA:... Buenos Airesek ez zuen porturik, eta itsasontzia Rio de la Plata ibaiaren erdian ainguratu ondoren, txalupetan hurbildu ziren urertzera.

TXOMIN: Lehorrean ordea, (Harridura keinuak eginaz) uste ez zuten ikuskizuna: jende piloa beraien zain, eskuak jasota agurtzen.

TOMAS: Elkarri entzuteko moduan hurreratu zirenean, txalupan zutituta “Gernikako arbola” abestu zuen, alaitasunez.

BENEDITA: Hango besarkada, agur eta oihuek ez zuten amaierarik izan!

TXOMIN: (Eskuak zabalduz, irribarrez eta pozik) Gora Iparragirre! Gora Euskal Herria! Gora "Gernikako arbola"! deiadarka zeuden denak, adoretsu...

BENEDITA: Hunkigarria izango zen, benetan.

TXOMIN: Berak hori dio.

TOMAS: Bart, negarrari eutsi ezinik egon zen kontatzen.

BENEDITA: Emaztea eta seme alabak hona ekartzeko eskatu zigun Aldunadiari diru-laguntza.

TXOMIN: Penaz dabil, bai.

Balentina aurrera dator soinuarekin, erdira, Benedita eta Txomin atzera doazen bitartean. Balentinak akorde batzuk joko ditu, tonua emateko, Txomin abesten hasi aurretik.


AGUR EUSKAL HERRIARI
TXOMIN:
Gazte gaztetandikan
herritik kanpora
estranjeri aldean
pasa dut denbora,
herrialde guztietan (bis)
toki onak badira
baina bihotzak dio
zoaz Euskal Herrira.

Lur maitea hemen uztea
da negargarria
hemen gelditzen dira
ama eta herria,
urez noa ikustera (bis)
bai, mundu berria
oraintxe bai naizela
errukigarria.

Agur nire bihotzeko
amatxo maitea
laster etorriko naiz
kontsola zaitea,
Jaungoikoak nahi badu (bis)
ni urez joatea
ama zertarako da
negar egitea.

Abestia amaitutakoan, Balentina joan egingo da, eskuinetik. Ezkerretik berriz, Eulogio Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria sartzen da, Ageda emaztearekin.


9. Agerraldia
EULOGIO:... Bizkaiko Aldunditik gatoz, Iparragirrerekin egotera.

AGEDA: Bidean "Gernikako arbola" abesten etorri gara. (Dotore, eta berbak ondo ahozkatuz) Iparragirrek Bilboko Zazpi Kaleetan emanaldi bikainak egiten zituen gaztetan. Oso ospetsua zen.

TOMAS: Oraintxe amaitu dugu bere kantuetako bat, Ameriketara joan zenekoa.

BENEDITA: Argentinara ailegatu zela esan diguzu.

TXOMIN: Patxiku Mendiarekin, Karlistadan bere kapitaina izandakoarekin gelditu ziren bizitzen aste batzuk, eta orduan ezkondu zen Anjelarekin. (Oroituz, lasai) Xabier Lardizabal abadeak ezkondu zituen, 1859ko otsailean.

TOMAS: Han ere kantuan eginaz bizi zen.

TXOMIN: Uruguaira joan arte. Lehengusu bat zuen han, eta artzain lana eskaini zion.

EULOGIO: (Eskuina burura eramanaz) Zenbat ofizio izan dituen! Bazekien artzaintzan ala?

TOMAS:
Ez, baina hala ere, hiruzpalau urte eman zituen bertan.

BENEDITA: Pariseko lagunak jakingo balute!

AGEDA: Markesarekin seme bat izan omen zuen. Badakizue zerbait?

BENEDITA: Gerora eman zion bere abizena. Neuk lagundu nion paperak egiten.

EULOGIO: Artzain joan bazen, diruz mehe ibiliko zen Argentinan.

BENEDITA: (Ironiaz) Ez zait iruditzen Iparragirre artzain aritzeko jaioa denik.

TXOMIN: Hori dio berak ere, larri erabiltzen zutela ardiok: batean galdu, hurrengoan ihes, beti zerbait.

TOMAS: (Gerturatuz) Azkenean, lehengusuarekin haserretu eta Montebideora itzuli ziren.

BENEDITA: Eulogio, erabaki duzue diruz lagundu ala ez?

EULOGIO: Gipuzkoako Aldundiak egiten duenaren arabera erabakiko dugu.

BENEDITA: Arabako Aldundikook, baietzean gaude.

AGEDA: Ameriketatik itzuli zenean, Gasteizen harrera jendetsua egin zeniotela entzunda daukat.

TOMAS: Oraindik arropa berriak erosteko (Eskuineko hatzekin diruaren keinua eginaz) dirurik ez zuenez, gautxo jantzita ibiltzen zan.

EULOGIO: Baina hotelik ederreneko areto nagusian egin zenioten ongietorria! Bankete eta guzti!

BENEDITA: Egoerak lotsa eta dena ematen zidan... Gasteizko ekitaldian, Fermin Herran jaunak egin zuen hitzaldia. Dotorea benetan. (Sakeletik ateratzen du) Kopia bat ekarri diot Iparragirreri, oroigarri. Irakurtzerik nahi duzue?

AGEDA: (Senarrari) Bizkaian ere egin beharko diogu omenaldiren bat, berandu baino lehen.

EULOGIO: Diru kontuak argitu ditzagun aurrenekoz.

TXOMIN: Badako horren abesti bat. (Tomasi) Heuk kantatuko duk?

Tomas aurreratu egiten da, eta Ageda atzera doa Eulogio senarrarekin. Benedita eta Txomin berriz, kanpora doaz eskuinetik. Zubiriak akorde pare bat jo ondoren, Tomas hasi egingo da.


ERRUKARRIA
TOMAS:
Aspaldian ezta gure etxean
ogirik ikusi,
baina gaur txitxi ta parra
izango da noski.

Gaur bai jana ta edana
labiru lena,
jango ote dugu dana
labiru la. Ju!

Oso arlote bizi gara,
ezin osaturik,
zenbat aldiz eguerdian
oraindik baraurik.

Gaur bai jana ta edana...

Talo esnea jateko gu
gaude zaleturik,
sei talo jango nituzke
neronek bakarrik.

Gaur bai jana ta edana...

Amaitu alaz, Tomasek alde egingo du eskuinetik. Bera kanpora doan bitartean, ezkerretik Iparragirre sartzen da.


10. Agerraldia
EULOGIO: Ez dut ulertzen zergatik gura duzun Gipuzkuako Aldundikoekin egon lehenengo.

AGEDA: Ameriketatik itzulitakoan, Araban egin zizuten ongi etorri beroena.

IPARRAGIRRE: (Bere teman, tente) Gipuzkoarra naiz eta kito. Hemengoek zer ematen duten jakin nahi dut.

EULOGIO: Hamaika bider esan duzu mundukoa zarela ere.

AGEDA: Uruguain eta Argentinan, bertakoen pare bizi zinela.

IPARRAGIRRE: Egia... Montebideora itzuli ginenean, zabaldu genuen tabernari “Gernikako arbola“ izena jarri genion.

EULOGIO: Apustu egingo nuke, mostradore barruan baino, kanpoan denbora gehihago egiten zenuela.

IPARRAGIRRE: (Sorbaldak jasoz, bere ardura izango ez balitz bezala)... Bezeroek kantatzeko eskatzen zidaten.

AGEDA: Anjela koitadua.

EULOGIO: Eta jan-edandakoa kobratu, egiten zenuten?

AGEDA: Zorretan beti. Ez dut ulertzen zergatik ez zineten joan Argentinara.

IPARRAGIRRE:... Berriro artzain joan nintzen, Uruguain bertan. Santi Arizabalo pasaitar jatorrak lagundu zigun, mila ardi utziz... (Apal, gertuko) Orduan egin nuen "Trapu zaharrak" kantu ederra.

EULOGIO: Uruguain artzain berriro, Joxe Mari.

AGEDA: Ezin dut imajinatu ere egin.

IPARRAGIRRE: Lau bider ibili nintzen horrela... Belar gainean lasai etzanda, bertsoak egitea atsegin nuen, eta jakina, ardiak galtzeko ez dago bide hoberik.

EULOGIO: Larre motzean beti.

AGEDA: Eta zortzi seme-alabekin!

IPARRAGIRRE: Durañona sendagileak asko lagundu zidan. Euskaltzale sutsua zen.

EULOGIO: Zergatik ez zinen berriro Euskal Herrira itzuli?

IPARRAGIRRE: Askotan bururatu zitzaidan, ez pentsa. (Eskuak zabalduz) Baina dirurik ez!

EULOGIO: Sasoi txarrean ailegatuko zinen Uruguaira.

IPARRAGIRRE: Hego Amerikara joandako ia euskaldun guztiak, bertan gelditzen ziren etsipenez. Jaioterrira indiano batzuk itzultzen ziren soilik, besteek ez zirelako ausartzen dirurik gabe etortzen...

AGEDA: Ez zinela aberastuko garbi zegoen.

IPARRAGIRRE: Garai hartako bertso batekin gogoratzen naiz.

Errezitaitten hasiko da, sentiberatsu.

"Itsaso aldera begira
zabal zabalik begiak
oh, Jaun maitea, ze urrin dauden
Euskal Herriko mendiak."

Inaxio pianista eta Eduardo abeslaria sartzen dira, laguntzaileek bazterrean zegoen pianoa agertoki erdi aldera eramaten duten bitartean. Eulogio eta Ageda kanpora doaz eskuinetik, dotore eta patxadan. Inaxiok pianoan nota batzuk joko ditu, Eduardo hasi aurretik.


TRAPU ZAHARRAK
EDUARDO:
Egunez trapu biltzen
gauean dantzan lehertzen
beti umore onean
dugu pasatzen.
Eta goizean goiz
kalera irtenda
lo goxuan daudenak
esnatzen ditut:
Trapu zaharrak!

Atera, atera,
trapuak saltzera,
nik erosten ditut
modu onean.
Arditan prakak
kuartuan albarkak
ta burdin zaharrak
txanponean.

Erosten ditut trapuak
praka zahar urratuak
gona gorri zaharrak
eta atorratxuak.
Jozak zurrumuzki
atabal soinu
dantzan egiteko
betiko erara:
Trapu zaharrak!

Atera, atera...

Eltze elbarrituak
pertza zulorik badu
arrain-parrilik edo
trebera zaharrik.
Inork saltzeko badauzka
librako txanponean
Ramon Batistak
erosten ditu:
Trapu zaharrak!

Atera, atera...

Abestia amaitutakoan, Eduardo eta Iñaxio kanpora doaz, baina pianoa bertan geratzen da, hurrengorako. Ezkerreko aldetik, Nazario eta Teodoro sartzen dira.


11. Agerraldia
NAZARIO: (Iparragirreri) Neuk eskatu diot etortzeko. Sancti Spiritus Unibertsitateko irakaslea da.

TEODORO: Guri urtero hiru Aldundiek diruz laguntzen dizkigute. Nola eskatu, hor dago koska.

NAZARIO: Oraintxe zebilen kontatzen Uruguaiko ibilerak. Lau bider aritu zen artzain.

TEODORO: Ez da oso ohikoa abeslari bat artzain ikustea!

IPARRAGIRRE: Azkenerako itzultzeko gogoa genuen. Nire Amerikak eginda zeuden.

TEODORO: Hainbeste aldiz kantatu diozu Euskal Herriari, hainbeste bertso eder eskaini, ezin zenuen hezurrak Ameriketan utzi!

IPARRAGIRRE: Seme-alabek kezkaz betetzen gintuzten. Nahiz eta etxean oraindik euskaraz mintzatu, bertarakotzen hasiak ziren.

NAZARIO: Urte gutxiren buruan, euskal arrastoak galtzeko bidean.

TEODORO: Uruguaiko eta Argentinako euskaldun jatorrak batu omen zuten, zu itzultzeko lain diru.

IPARRAGIRRE: (Ilusioz beterik) Mateo Durañonak eta Frantzizko Aranguren adiskideek, Argentinatik hamabi mila erreal bidali dizkidate, erdia gautxo arropak baztertu eta berriak erosteko, eta beste erdia, (Eskubia bihotzera eramanaz) alaba nagusiei honako txartela erosteko.

TEODORO: Hiru urte pasatu dira honezkero. Eta lehenetan zaude Aldundikoekin. (Nazariori). Noiz lotuko dituzue tratuok?

NAZARIO: Praktikoak izan behar gara.

TEODORO: Aldundikoekin konpontzea da giltzarria.

IPARRAGIRRE: (Hunkituta, poltsikotik atera ondoren) Argazki polita atera nuen seme-alabekin. (Denei erakusten die, berriz gorde aurretik.)

TEODORO: Lasai hartu. Alaba biak ekarriko ditugu Urretxura, aurten bertan.

NAZARIO: Hemen behar duzue zuek, Joxe Mari. Euskal Herrian zegok zuen lekua.

IPARRAGIRRE: Hemeretzi urte egin nituen Ameriketan, batere dirurik lortu gabe... (Etsituta, apal) Eta orain, hemen ere...

TEODORO: Ez da nik esatearren, baina atzo jende gutxi joan zen zure jaialdira.

IPARRAGIRRE: Garai baten mutil mardula ikusten zuten... Orain ostera, onenak emandako agure zahar bat.

TEODORO: Erromeria, jendez gainezka zegoen.

IPARRAGIRRE: Nire bertsoak...

TEODORO: Zaharkituak egiten zaizkie, oso.

IPARRAGIRRE: (Esku biak zabalduz, apal) Ez dakit besterik egiten.

TEODORO: Laguntzeko prest gaude.

NAZARIO: Goazen behingoz, Aldundikoekin hitzarmenok ixtera.

IPARRAGIRRE: Buenos Airesen jaialdi bat antolatu zuten, nire bidairako dirua biltzeko, eta “Ameriketatik Urretxuko semea” abestia eskaini nien. Ea gustatzen zaizuen.

Nazario eta Teodoro kanpora doaz, eta eskuinetik Zubiria aurrera dator, erdira. Akorde batzuk jo ondoren, sentimenduz hasiko da.


AMERIKETATIK URRETXUKO SEMEA
ZUBIRIA:
Billarreal de Urretxu
nire herri maitea
seme bat hemen duzu
amodioz betea.
Nahi baina nola ikusi
hau da lan tristea
zuretzat nahi dut bizi
Urretxu nirea.

Bi mila eta seirehun
legua badira
Montebideotikan
Euskal Herrira.
Naiz esperantzetan
etorri bagara
aurreratasun gabe
urteak joan dira.

Bai, nire adiskideak
behar da pentsatu
zuretzat Amerikak
nola den mudatu.
Inork hemen ezin du
lanikan bilatu
orain datorrenari
behar zaio damutu.

Agur adiskideak
ikusi artean
zuenganatuko naiz
egunen batean.
Esperantzakin bizi
nahi dut bitartean
gero hezurrak utzi
nire lur maitean.

Abestia amaitutakoan, Zubiria bere tokira doa. Bitartean, ezkerretik Juana, Hipolito eta Anbrosio sartzen dira.


12. Agerraldia
JUANA: Eskerrak eman gura dizuet Aldundiko denoi.

ANBROSIO: Pozik egongo da Iparragirre orain, segurtasuna lortuta.

HIPOLITO: (Esku biak astinduz, pozik) Ehun eta hogei pezeta hilero! Ondo ordainduta dago, ziur baietz.

ANBROSIO: Meritu handia dugu, hiru Aldundiok horrela ados jartzeko.

JUANA: Familia ekarri ahal izango du, behingoz.

HIPOLITO: Nazariori esango diot administratzeko. Bestela, akabo!

ANBROSIO: Hiriburuetako jai nagusietan, (Serio) nahitaez abestea eskatu diogu.

JUANA: Berbakoa da. Beteko du.

ANBROSIO: Egun seinalatuetan, areto nagusietan euskaraz abestea!

HIPOLITO: Berak ere ez zuen amestuko, Ameriketatik itzuli zenean.

JUANA: Abestietan, zelaiak eta mendiak aipatzen dittu, ez hiriburuetako aretoak.

ANBROSIO: (Harrosko, bere aginte ohitura azalduz) Guk aretoetara eta palazioetara eramango dugu, gaztetan Parisen egiten zuen bezala.

JUANA: Eta dotore dotore jongo gara ikustera!

HIPOLITO: Dena dela, lehen egunetako harrera beroa izan arren, Iparragirre ez da gazte denborakoa.

ANBROSIO: Guri berdin digu. Baina gazteek, onenak emandako agurea, aspaldiko abesti ezagunak kantatzen besterik ez dute ikusten.

JUANA: (Penaz) Gauza polita da, baina antzinakoa, zaharkitua gazteentzat.

HIPOLITO: Herrietako jaietan ere, (Trikitia jotzeko keinua eginaz) erromeriak estimazio handiagoa du.

ANBROSIO: Baina negu partean, festa gehiegi ez da izaten.

JUANA: Horregatik dabil diruz larri antzean.

HIPOLITO: Aurreko batean bere buruari zera galdetu omen zion “Berriro Ameriketara joan behar ote diat?"

JUANA: Ez da itzuliko. Amaren etxera, Txapartegira mudatu da bizitzera, eta bertan iraungo du udaberrira arte.

HIPOLITO: Handik gertu dako gainera Zozobarro ostatua. (Irribarrez) Lagunekin abesteko leku aproposa!

ANBROSIO: Aldundiok hilero emandakoarekin, denerako ailegatuko zaio.

Inaxio pianista eta Martina abeslaria sartzen dira. Hipolito eta Juana atzera doazen bitartean, Anbrosio kanpora doa eskuinetik. Inaxiok nota batzuk joko ditu pianoan, Martina hasi aurretik.


NIRE ETORRERA LUR MAITERA
MARTINA:
Hara non diren, mendi maiteak
Hara non diren zelaiak
baserri eder zuri zuriak
iturri eta ibaiak.
Hendaian nago zoraturikan
zabal zabalik begiak
hara Euskal Herri, lur hoberikan
ez da Europa guztian.

Oh, Euskal Herri eder maitea
hara hemen zure semea
bere lurrari muin egitera
beste gabe etorria.
Zuregatikan emango nuke
pozik, bai nire bizia
beti zuretzat hil arteraino
gorputz ta arima guztia.

Agur bai agur Donostiako
nire anaia maitiak,
Bilbaotikan izango dira
aita zaharraren berriak.
Eta gainera hitz neurtuetan
garbi esanez egiak,
Hegoamerikan zer pasatzen dan
jakin dezaten herriak.

Abestia amaitutakoan, Inaxio eta Martina kanpora doaz eskuinetik, eta laguntzaileek pianoa zein aulkia lehengo lekura eramaten dute. Bitartean, ezkerretik Iparragirre eta Nazario sartzen dira.


13. Agerraldia
HIPOLITO: (Eskuina bizkar gainean ipintzen diola) Oñatirekin, beti oroituko zara.

IPARRA: (Oso pozik dago) Herri gutxitan, hain alkate presturik. Amaitu dira nire miseriak! Ehun eta hogei pezeta hilero! Sekula ez ditut batera ikusi!

(Hipolito kanpora doa.)

JUANA: (Nazario seinalatuz) Idazkari trebeagorik, ikusi duzu inon?

NAZARIO: Eta ostatuko etxekoandre jatorrenaz, zer diozu?... Denok limurkerietan ibili beharrean, Aldundikoekin erabakitakoa martxan jartzea hobe izango zaigu.

JUANA: Nik ez dut hor parterik. Iparragirreren mantenua udalak ordainduko dit eta kito.

NAZARIO: Administratzailea neu izateko eskatu didate.

JUANA: Aldundietatik bidalitako diruarena.

NAZARIO: Abestiekin eta bertsotan irabazitakoak, zerorrek gorde.

JUANA: Gitarrarekin gora ta behera, Zubiria adiskide nafarrarekin batera.

NAZARIO: Gure kantari euskalduna!

IPARRA: Orain arte ikusi dudanarekin, “Egun batean pobre, beste batez jauna” abestu ordez, “Gehienetan pobre, noizean behin jauna” hobeto datorkiolakoan nago.

NAZARIO: (Irribarrez) Gaurtik aurrera, “Beti jauna!”

IPARRA: Aurtengoa hirugarren negua izango da, familiagatik urruti.

NAZARIO: Laster ikusiko duzu Anjela. Neu arduratuko naiz txartelak erosten.

JUANA: Zortzi seme-alabak zu besarkatzeko gogoz egongo dira.

IPARRA: (Apal) Nagusienak, etxeko gosea arintzearren, morrontzan ari dira, ia tripa-truk.

JUANA: Txikienek galdetuko diote gehien zugatik Anjelari.

IPARRA: Sarri. Zer erantzun ez dakiela jartzen omen da...

NAZARIO: Horrelaxe geratu naiz goizean neu ere... Bertsolari bat zure kexaz etorri zaigu udaletxera.

JUANA: Diruagatik edozein lekutan abesten duelako? Bizitza osoa darama horrela.

NAZARIO: Horixe erantzun diogu... Mentalitate abarkaduna!

Juana eta Nazario kanpora doaz, beraien artean berbetan. Bitartean, ezkerretik Sabina abeslaria sartzen da.

IPARRA: Gaztetan eskaini nion abesti eder bat gitarrari, atzerrira joan nintzenean.

Zubiria eta Sabina aurrera datoz, eta Iparragirre atzera doa, lasai. Zubiriak akorde batzuk joko ditu, Sabina abesten hasi aurretik.


KANTARI EUSKALDUNA
SABINA:
Gitarra zahartxo bat da
niretzat laguna,
honela ibiltzen da
artista euskalduna.
Egun batean pobre
beste batez jauna,
kantari pasatzen dut
nik beti eguna.

Naiz dela Italia
orobat Frantzia,
bietan bilatu dut
anitz malizia.
Ikusten badut ere
nik mundu guztia,
beti maitatuko dut
Euskal Herria.

Jaunak ematen badit
niri osasuna,
izango dut oraindik
andregai bat ona.
Hemen badut frantzesa
interesa duna,
baina nik nahiago dut
hutsik euskalduna.

Agur Euskal Herria
baina ez betiko,
bost edo sei urtetan
ez dut ikusiko.
Jaunari eskatzen diot
grazia emateko,
nire lur maite honetan
hezurrak uzteko.

Sabina kanpora doa, lasai, abestia amaitutakoan.


14. Agerraldia
Iparragirre eta Zubiria bakarrik geratu dira agertokian.

IPARRA:... (Oso pozik) Anjela eta umeen ondoan zahartzaro lasaia izango dut. Urretxu inguruan moldatuko naiz, adiskideekin... (Ikuslegoari, irribarrez, eskuina jasoz) Benetako bertsolaria banaiz, hemendik ezingo dut alde egin, zuei azken agurra eskaini gabe... "Gernikako arbola" kantatuko dizuet... (Hunkiturik) Asmatu nuenean, abesti ikasterraza egin gura nuen. (Alde batetik bestera dabilela) Eta halako baten, karlistadan galdutako foruak eta eskumenak gogoan nituela, Gernikako arbolaren irudia bururatu zitzaidan!... Aski da nire izena aipatzea, zortziko horrekin gogoratzeko.

Zubiriak akorde batzuk jo ondoren tonua emateko, biak batera hasiko dira.


GERNIKAKO ARBOLA
ZUBIRIA - IPARRAGIRRE:

Gernikako arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu (b)
munduan fruitua
adoratzen zaitugu
arbola santua.

Mila urte inguru da
esaten dutela
Jainkoak jarri zuela
Gernikako arbola.
Zaude bada zutikan (b)
orain da denbora
eroritzen bazara
arras galdu gara.

Ez zara eroriko
arbola maitea
baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntea.
Laurok hartuko dugu (b)
zurekin partea
bakean bizi dadin
euskaldun jendea.

Ikuslegoa txaloka hasten da, ekitaldia amaitu delakoan. Iparragirrek eta Zubiriak burua makurtzen dute apur bat, behin eta berriz, txaloak eskertuz.Baina agurtzera aurreratu beharrean, geldi geratzen dira biak, argiak nabarmen moteltzen doazenean.

Ezkerretik sartu diren Benigno eta Genobeba abeslari bikote berria argituko dituzte fokoek. Aurrera datoz, Iparragirre atzera doan bitartean. Eskenatokiaren alde baten, aurrekaldean, argi-fokoak Benigno eta Genobeba abeslari bikote berrxa argituko dute. Zubiriak akorde pare bat jo ondoren tonua emateko, Benigno hasiko da


AGUR IPARRAGIRRE
BENIGNO:
Jaiak amaituta
urte erdi igarota
hil zen Iparragirre
pneumoniak jota.
Goierri aldean
lagunen artean
Zozobarro Txiki
izeneko ostatuan.

BIAK BATERA:
Gure euskarari
ta Euskal Herriari
bertsorik onenak
eskaini zion sarri.
Ez zuen jauregirik
ez eta aginterik
lortu guzti horrekin
irautea baizik.

GENOBEBA:
Aldean zeraman
ondasunak bakan
Anjela maiteari
denak jare otzan.
Gitarra zahartua
Zubiriak hartua
laguna oroitzeko
nork hobe zaindua.

Biak batera:
Gure euskarari
ta Euskal Herriari
bertsorik onenak
eskaini zion sarri.
Batean kartzelan
atzerrian bestean
babesik ez zuen jaso
bizi izan artean.

GENOBEBA:
Familiakoak han
beti Ameriketan
hona begira egonda
jarraitu penatan.
Berriz itzultzeko
dirua batzeko
Iparragirre barik
inor ez lortzeko.

Biak batera:
Gure euskarari
ta Euskal Herriari
bertsorik onenak
eskaini zion sarri.
Zituen ametsak
gerta ziren hutsak
jarraitu ditzagun guk
orain bere urratsak.

Biak batera, gitarra barik:
Gure euskarari
ta Euskal Herriari
bertsorik onenak
eskaini zion sarri.
Zituen ametsak
gerta ziren hutsak
jarraitu ditzagun guk
orain bere urratsak.

Txaloak hasiko dira. Bizpahiru segundura, eskenatokiko argi guztiak ixiutuko dira, eta banaka edo bikoteka, ezkerretik zein eskuinetik, partehatzaile denak aurrera etorriko dira, ikuslegoa agurtzera eskua jasoz edo burua apur bat makurtuz.

Agurtu ondoren, alde batera edo bestera egingo dute, aurrean, antzeztoki guztia betez. Aurreratzen azkenak Iparragirre eta Zubiria izango dira. Ikuslegoa agurtu eta gero, erdian geratuko dira, lehen lerroan.

Amaitzeko, denak batera burua makurtuko dute, behin eta berriz, ikuslegoari erreberentziak eginaz, esker onez.


ILUNA


---------o0o----------


IPARRAGIRRE OÑATIN- 2015

(2015eko Abenduaren 5ean bi saio berri eskaini ziren, aurreko urteko saioetako sarrerak berehala agortu zirelako. Bigarren ekinaldi honetan ere, ikusleek asko estimatu zuten emanaldiak, eta zorion beroak jaso genituen. Argazkiak 2014ko emanaldikoak dira)

PERTSONAIAK eta PARTE-HARTZAILEAK
Antzeztokira irtendako ordenan:

Lehen ekitaldian:
Lehenengo eguna, eguerdian.
Joxe Mari Iparragirre: Andres Zabala - Olaitturri
Zubiria, gitarrista: Joxe Mari Anduaga - Olaitturri
Juana, ostatuko etxekoandrea: Karmen Biain - Olaitturri
Andresa, Juanaren ahizpa: Maribi Korkostegi - Olaitturri
Hipolito, Oñatiko alkatea: Ixidro Palacin - Pake Leku
Nazario, udaleko idazkaria: Jabier Atxa - Olaitturri
Madalen, abeslaria: Oihana Diaz - Ganbara Abesbatza
Anbrosio, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria: Juan Mari Elortza - Olaitturri
Eloisa, Anbrosioren emaztea: Maritxu Baños - Olaitturri
Kasilda, joskina: Ana Mari Markuleta - Oñati Abesbatza
Bentura, Juanaren ama: Ana Mari Liziaga - Pake Leku
Balentina, abeslaria: Arantzazu Bikuña - J. Azpiazu Musika Eskola
Petra, soinujolea: Arantxa Iturrioz - J. Azpiazu Musika Eskola
Jabier, abeslaria: Xabier Oregi - Oñati Abesbatza

Bigarren ekitaldian:
Bigarren eguna, arratsaldean.
Iparragirre, Zubiria, Juana, Hipolito, Nazario, Balentina, Anbrosio.
Benedita, Arabako Foru Aldundiko ordezkaria: Arantza Gartzia - Olaitturri
Eulogio, Bizkaiako Foru Aldundiko ordezkaria: Enrike Olalde - Olaitturri
Ageda, Eulogioren emaztea: Mª Angeles Altube - Olaitturri
Txomin, bertsolaria: Iñaki Olalde - Bertso Eskola
Tomas, bertsolaria: Egoitz Aizpuru - Bertso Eskola
Teodoro, irakaslea: Xanti Lizarra - Olaitturri
Iñaxio, pianista: Inaxio Ibarrondo - Parrokiako Korua
Eduardo, abeslaria: Eduardo Korkostegi - Parrokiako Korua
Martina, abeslaria: Amaia Biain - Ganbara Abesbatza
Sabino, abeslaria: Kepa Zelaia - J. Azpiazu Musika Eskola
Benigno, abeslaria: Iñazio Irizar - Olaitturri
Genobeba, abeslaria: Rosita Markuleta - Parrokiako Korua

ANTOLAKETA:
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Komunikabideak: Jabier Altube
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Megafonia: Ikustek
Argiak: Pili Aranguren eta Izzu
Agertokia: Benjamin Billar, Antonio Alonso eta Iñazio Lete
Partiturak: Xabier Barriola eta Inaxio Ibarrondo
Jantziak: Lantzen
Babeslea: Oñatiko Udala
.