03- "Anexioa" etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
03- "Anexioa" etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko azaroaren 14(a), astelehena

"Anexioa"

2011. urteko San Migel jaietan antzeztu genuen lan hau, Foruen enparantzan
PERTSONAIAK eta PARTEHARTZAILEAK
TXISTULARIAK:
Aitor Atxa, Juan Ramon Barrena, Santi Lizarra
MUSIKARIAK
Asier Alonso, Mikel Biain, Unai Bikuña
BERTSOLARIAK
Jon Irizar, Irati Lete, Mari Eli Lauzurika, Joxe Mari Anduaga, Nagore Bikuña, Mireia Aranburu.
BETSOAK - HASIERAKOAK

LEHENENGO EKITALDIA – UDALETXEAN
Juan Bautista Kortabarria alkatia: Andres Zabala
Juan Joxe Alzate eskribaua: Jon Elortza
Pedro Azkarraga zinegotzia: Gaizka Palacin
Joxe Jabier Kortabarria zinegotzia: Antton Mari Elortza
Nikolas Zubia zinegotzia: Julen Kortabarria
Iñaxi Izaga zinegotzia: Maritxu Baños
Bixente Artazkotz, komisioko burua: Ixidro Palacin
Joxe Altzibar, komisioko idazkaria: Julen Lete
Felisa Madina neskatila: Nagore Bikuña
Bixenta Txintxurreta neskatila: Mireia Aranburu
Patxiku Etxeberria aguazila: Unai Bikuña
BERTSOAK – KOMISIOKOAK

BIGARREN EKITALDIA – AUZOTARREKIN
Alkatea, eskribaua, zinegotzi denak
Araotz auzoko senarra: Migel Anjel Agirre
Araotz auzoko emaztea: Karmen Biain
Lekunbarri auzoko gizona: Luis Arabaolaza
Garagaltza auzoko senarra: Enrike Olalde
Garagaltza auzoko emaztea: Maribi Korkostegi
Mandataria 1: Asier Alonso
Mandataria 2: Luis Astigarraga
Olabarrieta auzoko gizona: Migel Anjel Zarketa
Zubillaga auzoko semea: Mikel Biain
Zubillaga auzoko ama: Manttoni Biain
BERTSOAK – AUZOTARRENAK

HIRUGARREN EKITALDIA – KALETARREKIN
Alkatea, eskribaua, zinegotzi denak
Etxaluzeko Gomendio jauna: Jabier Atxa
Etxaluzeko Gomendio emaztea: Mª Angeles Altube
Lekunbarriko emakumea: Arantza Gartzia
Kaleko Mendiko-kaleko senarra: Xanti Lizarra
Kaleko Mendiko-kaleko emaztea: Ana Mari Markuleta
Kale Barriko dendaria: Juan Mari Elortza
BERTSOAK – KALETARRENAK

LAUGARREN EKITALDIA – ERABAKIA
Alkatea, eskribaua, zinegotzi denak
BERTSOAK – AZKENAK

ANTOLAKUNTZA
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar & Jerardo Elortza.
Komunikabideak: Jabier Altube.
Harreman instituzionalak: Antton Mari Elortza.
Diruzaina: Jabier Atxa.
Jantziak: Oñatz dantza taldea, eta Lantzen.
Megafonia: Kirkil.
Agertokia: Pako Campo, Benjamin Billar, Luis Maiztegi, Anjel Maiztegi.
Diru-bilketa Argentinako GKErako: Jose Antonio Urteaga.
Babeslea: Oñatiko udala.

AKZIOA ETA DEKORATUA
Udaletxe aurrekaldean ipinitako agertokian antzeztu zen, Foruen Enparantzan.

BERTSOAK – SARRERAKOAK
Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
San Migeletako jaian.
Plaza eta kalean (e)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera

Beste urte batzuetan legez
berriz hemen gaituzue,
gu artista kaskarrak garela
zuek ondo dakizue.
Baina herriko saltsak (e)
ohiturak eta dantzak
ikusiko dituzue,
borondate on apur batekin
gustatuko zaizkizue.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
mila zortziehun ta berrogeian
hemen gertatu zen ia.
Esandako guztia (e)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHENENGO EKITALDIA – UDALETXEAN
1. Agerraldia
(Agertokian Kontzejukoak mahaian jesarrita egongo dira batzarrak irauten duen denbora guztian. Lehenengo Eskribauak igoko du taula gainera, solemneki, eta apur baten isilik geratuko da, zutik, batzarrera bertaratu diren herritar guztiei begira. Hauek aurreko ilaretako aulkietan jesarrita egongo dira antzerki denean. Eta ikusleak atzian, Foruen enparantza guztian ipinitako jarlekuetan.)

ESKRIBAUA: ...Kontzejuak bere azken bileran erabaki zuenari jarraituz, eta Oñatiko herri guztiari deia pasatu ondoren, gaur, ostegunez, 1845. urteko irailaren hamaikan eta arratsaldeko seiak eta bost direnean (Parrokiako kanpandorrera begiratuko du, eta bertako ordua esan), hemen elkartu gara batzarrean ondorengo jaunok. Alde batetik:

- Juan Bautista Kortabarria, alkate jauna,

(Alkatea arkupetatik irtengo da, eta patxada handiz igoko ditu taularainoko eskailerak, aginte-makila dotorearen laguntzarekin. Taula erdian, tente, pozik, ohoretsu agurtuko ditu herrittarrak, bere jesarlekura joan aurretik).

- Pedro Azkarraga, kontzejuko jauna,

(Izena entzun ahala, gora igoko du. Zinegotzi honek eta ondorengo denak alkatearen ibilbide berdina egingo dute, baina tankera eta joera apalagoak erakutsiz)

- Nikolas Zubia, (Aurrekoaren jarrera berdina)

- Iñaxi Izaga, (Berdin)

- Joxe Jabier Kortabarria, kontzejuko jaunak (Berdin) eta irakurten nabilen hau (Bere lanean serio, aurrekoak baino apalago, segurtasunez) Juan Joxe Alzate eskribau jauna... (Aurrera begira, eskua zabalduta aurrekaldean jarrita dauden herritarrak seinalatuz)

Eta beste aldetik, herri honetako auzo guztietako ordezkari eta auzogizonak, eta baita kaletar nagusienak ere... (Patxadan eta dotore, lehenengo kontzejukidiei eta ondoren herritarrei zuzenduz)... Denok elkartuta gaudenez gero, has dadila batzarra!

ALKATEA: (Eskribaua bere jarlekura itzultzen den bitartean, alkatea taula erdiraino doa, patxadan eta tente, bere aginte-makila eskuan daramala)... Herritarrok... Herritar maiteok... Hemen elkartu gara eskribau jaunak esan duen legez. Denok dakizue, jakin, zertara etorri garen hona, deialdia herriko bazter guztietara zabaldu da eta. Nire ustez, eta oso oker ez banabil, gaurko egun hau historiara pasatuko da. Ez letra handietakora beharbada (Eskuma gorantza jasoaz, azalpenak ematen dabilelako), baina bai gure herriko, Oñatiko historiara... gauzak ondo baldin badoaz behintzat.
Gaur erabaki behar duguna, denon artean erabaki behar dugun hori, garrantzitsua da benetan, hau da, Oñati Gipuzkoa probintzia barruan sartzea gauza eta kontu danetarako, Mondragoe eta Legazpi, Bergara eta Urretxu dauden moduan... (Behean dagoen jendeari zuzenean begira) Norbaitek zerbait esateko gogoa baldin badu, izango du aukera, horretxetarako elkartu gara eta... Baina lehenengo, Ordiziara Junta Nagusira joan zirenei zer dioten entzungo diegu (Bixente Artazkotz dagoen lekua seinalatuz); izan ere, eurak dakite ondoen zer erabili zen hango batzarretan eta nola dauden gauzak... Hauen ondoren, auzotar eta kaletarrok esatekorik baldin badakozue, bota beldur barik. Eta denon iritzia entzun eta gero, erabakia hartuko da: baietza ala ezetza (Eskuma alde batera eta bestera eramanaz), gehiengoak gura duena... Hasi gaitezen ba. Aurrera komisiokuak (Artazkotz igotzera gonbidatzen du, bera jarlekura doan bitartean).

2. Agerraldia
(Herriko jauntxoa dela igartzen zaio berehalaxe. Dotore jantzita, tente eta harroputz samar igotzen da, alboetara begiratu barik. Agertoki erdira ailegatutakoan, patxadan hasiko da)

ARTAZKOTZ:... Arratsalde on jaun andreok! Bixente Artazkotz nauzue, Lazarragatarren jatorrikoa, eta lehen alkate jaunak aipatu duen komisio horretako buru.

ALKATEA:... Bakarrik zatoz?

ARTAZKOTZ: Hona gora neu bakarrik agertzea erabaki dugu. Dena dala, hor dituzue komisioko lagunak eta nire emazte maitea, zeozertarako behar baldin baditugu (Lagunak eta emaztea seinalatzen ditu).

ALKATEA: Aurrera, horrela bada.

ARTAZKOTZ: Komisioan sei gara, eta zuk ondo dakizunez, denon artean erabakitzen genituen gai guztiak. Sei horreitatik, Agustin eta biok jon ginen herri honen izenean Billafrankara orain dela hilabete, Gipuzkuako Batzar Nagusirako gonbitea jaso genuenean... Hara agertu aurretik pentsatuak genituen, jakina, zer esan, zenbat eskatu eta nola jokatu. Eta gauzak ondo atera zaizkigu. Ia geuk uste genuena baino hobeto. Guk jarritako baldintzak eragozpen larregi ipini barik onartu zituzten, eta gainera...

AZKARRAGA: Itxaron pitin bat, Bixente. Guk, kontzejukook badakigu zelako baldintzak ziran horiek, baina hemen jende gehiena ezjakinean dagoenez gero, komenigarria izango litzateke kondizio horiek gehihago argiketzea.

ARTAZKOTZ: Ez dago gaizki pentsatuta. Guk hiru baldintza garrantzitsu jarri genituen, eta horrez gain beste hamalau puntu, hain derrigorrezkoak izan barik. Hiru baldintzok hauetxek ziren:

- Lehenengoa, Ormaiztegittik Gatzagara doan erregebidea denon artean... Bueno, buruz esatea baino irakurtzea hobe izango da eta, hor goian (Udaletxea seinalatuz) daukagu dena paperetan jarrita, eta bertatik irakurriko ditut... Hi Altzibar (Jesarrita dagoen komisioko bati), ekarriko didk mesedez... (Altzibar udaletxean sartzen da).

KORTABARRIA:... Bixente, hori datorren bitartean, kontatu egizkizu nolakoak izaten diren Junta Nagusiak, edo zeuek zela ibili zineten...

ARTAZKOTZ: Batzar horiek oso famatuak dira. Aste bete irauten badute ere, lehenengo eta azkenengo egunak jai hartzen dira, eta erdikoak lanerako. Hasierako eguna izaten da ikusgarriena: meza nagusi ederra, eta ondoren prozesio dotorea, herri guztiak juntakideekin batera parte hartzen duela, Kontzesioko Ama Birjina eta Loiolako San Iñazioren imajinen atzetik. Gero... (Altzibarrek mozten dio).

ALTZIBAR: (Kontzejuko lehenengoko solairuko balkoitik)... Bixente, Bixente! Atea giltzaz itxita dago!

ALKATEA:... Udaltzaina hemen ibiliko da ba, urrun barik... (Herritarrekin aurreneko ilaran jesarrita dauden bi neskatilei)... Felisatxo, Bixenta, joan zaitezte tabernara mesedez, ea topatzen duzuen aguazil hori!

FELISA - BIXENTA: Oraintxe bertan. (Felisa eta Bixentak bizkor aldetzen dute enparantzako taberna aldera, eta berehala doaz udaltzainarekin kontzejura).

ALKATEA:... Baina zer gabiltzak? Pinta erdi ardoarekin lagun eginda orain be? Joan hakit antxintxiketan Altzibarri atea zabaltzera!... (Udaltzaina, gorri gorri eginda, han doa presaka)... Hau duk formalidadea, hau!

KORTABARRIA: Jarraitu egizu, jarraitu, lehen hasitakoaz.

ARTAZKOTZ:... Elizkizunak akabo zirenean, bazkaltzera joan ginen denok... Laurogei bat guztira: herri denetako ordezkariok, bertako kontzejukoak eta abadeak... Bazkal giro bikaina izan genuen, eta ondoren, arratsaldean, jaia ospatu zen, polita benetan: dantzak, aizkol jokoak eta pilota partiduak. Ederra eguna, ederra! Astelehenetik aurrera, ostera, goizetik ilunkararaino lanean ia eten barik, bateian bata eta bestean bestea erabakitzen, denon probetxurako (Altzibarrek paperak eskuratzen dizkio) Tira, hemen ditut txantxikuarrok (Oñatiarron ezizena) jarri eta batzarrekuok onartu zituzten baldintzok:

1. Ormaiztegitik Gatzagara zabalduko den erregebideak probintziaren gain joan behar du. Bi urteren epe barruan egin behar den bide hau Udanatik behera etorriko da, eta herri barrutik pasatu ondoren, San Prudentzioko bide gurutzeraino ailegatu.
2. Probintziak, orain dela gutxi arte unibertsitate zenari eta orain zoritxarrez institutu moduan dagoenari, urtero 20.000 errealen bidez lagunduko dio.
3. Egunen batean institutu hori berriz unibertsitate bihurtuko balitz, laguntza hori neurri egokian gehitu beharko litzateke.

HauetxeK izan ziren baldintzok... Komisioaren ustez, hirurak dira komenigarriak Oñatiko herriarendako, ekarriko dituen abantailengatik.

ALKATEA:... Ederto.

ARTAZKOTZ: Dena dela, eskribu hau neuk bertan jasotakoa da, eta oraindik Juntak egindako agiri ofiziala falta zaigu. Hain zuzen, atzo goizean irten ziren paper horien bila Jabier eta Aleitar, eta laster ditugu hemen.

KORTABARRIA: Atzo goizean irten, eta oraindik ailegatu barik? Astoan joan ziren, ala?

ARTAZKOTZ: Ez, irten behintzat, zaldi gainean egin ziren...

ALKATEA: Ondo dago. Nahikoa da. Hurrean egon zaitez mesedez, geroago ere zure beharrean agertu geinke eta.

ARTAZKOTZ: Hortxe egongo naiz emaztearekin (Lekua adieraziz), eta gura duzunean, deitu... (Patxadan doa)

BERTSOAK – KOMISIOKOAK
Artazkozko jaunak
esan dituenak
herrirako ete dira gauzarik onenak?
Badaki bai botatzen berbeta txukunak
ta arrazoi sakonak.

Bixente Artazkotz
argi ta buruhotz;
ia bereak ditu Oñati ta Araotz,
negozio kontutan estu eta zorrotz,
sekula be ezta motz.

Ordiziara joan
ta zazpi egunetan,
gure etorkizuna erabaki guran,
Juntetako jaunekin hantxe ibili zan
tratu berriketan.

Udal ta batzorde
hor dabiltz jo ta ke,
Gipuzkoakin batzeko asmoaren alde,
baina sartu aurretik hainbat eskubide
gura dituzte gorde.

Berba leun samarrak
dauzkate udaltarrak
ta arrazoiak moldatzen ez dira baldarrak,
baina erantzuteko ez ditugu txarrak
gure auzotarrak,
ai baserritarrak.


BIGARREN EKITALDIA - AUZOTARREKIN
1. Agerraldia
(Lehenengo auzotarrak igotzen dira. Baserritar jantzita biak, albarka eta gerrikoarekin gizona, gona luzearekin eta buruzapiarekin andrea. Urduri samar hasten dira)

MIGEL:... Arratsalde on, Txantonbaldueneko Migel Angel naiz, eta hau Karmen, nire andrea. Araotz auzokoak ere zerbait esateko badaukagula, eta horretara gatoz.

ALKATEA: Hi auzo alkatea haiz gainera, ezta?

MIGEL: Izandakoa... Gu jakinaren gainean geunden aurretik ere Oñatiko herria Gipuzkoara sartzekotan zebilela, baina ez dugu gauzak hain garbi ikusten.

AZKARRAGA: Honakoan Uribarrin sagardoa edanda ala?

KARMEN: (Argi, alai) Ez dakigu Araotz auzoak aurrerakada handirik egingo duen giputxekin batuz gero.

KORTABARRIA:
(Irribarrez) Araotzeako bidean dauden aldapekin, atzeraka ere konturatu orduko egin daiteke.

MIGEL: Begira... Denok entzun ditugu Gipuzkoak emango dituenak, baina beste batzuena hartu da kontuan? Galdetu zaie Arabako Batzarrekoei eurak zer pentsatzen duten?... Ezingo didazue ukatu arabarrekin ere hartueman asko dagoenik.

AZKARRAGA: Kaletarrok ez zeukeagu (Seinalatuz) Larrea, Barria edo Zalduondoko jaietara joateko ohiturarik.

KARMEN: Oñatin garia, artoa edo soro gauzak falta direnean, nora joten dugu ba? Nondik ekartezn dira edaten ditugun ardo apurrok?

KORTABARRIA: (Ironiaz, albokoari ukalondoarekin joaz) Apurrok esaten don? Ez ditun taberna zuloak ondo ezagutzen!

KARMEN: Nora bidaltzen ditugu herriko oletan egindako erreminta eta iltzeak?

AZKARRAGA: Baserritarrok zeuon gauzekin arduratu.

MIGEL: Ez dakit ba ez ote den hobe izango arabarrekin konpontzea. Gipuzkoarekin adina muga dugu Arabarekin, eta Gasteiz Donostia baino askoz hurrago.

KORTABARRIA: Arrazoi faltan ez habil, Migel Angel, baina kontutan hartu behar duk soro gauza eta ardoak, nahiz eta gehienak Arabatik ekarri, (Eskuak jasoz) Nafarroatik eta beste hainbat lekuetatik ere inguratzen ditugula.

KARMEN: Ez hain eroso behintzat. Gure larrainetik ordu t’erdian sartzen zara Larrean. Hona adina, ia ia.

AZKARRAGA: Dena dela, arrazoirik pisutsuena ez da hori. (Zer erantzun ez dakiela, urduri jartzen) Eta izanda ere, badakizue zelako bidea dagoen Oñatitik Arabara?

MIGEL: Ez da hain aldrebesa. Aldapa gogorrekoa izan arren, San Juan Artia eta Katiluiturrirako bidea onenetakoa duzue. Gertatzen dena da, gero eta okerrago zaintzen dela gure aspaldiko kaltzada hori.

ALKATEA: Baina gizona, ez haiz konturatzen zenbat gorabehera egin behar diren hortik Arabara joateko? Lehenengo Urtiagainera igo, ondoren Arrikrutzeraino jaitsi, gero Artiako puntara ailegatu, azkenean Arabara jaisteko. Manduentzat tira, baina kristauentzat!

KARMEN: (Senarraren alde, tinko, argi) Ez uste Donostiarakoa errazagoa denik. Hartarako, Udanako aldatsa igo beharra dago... Eta Gasteizera Gatzagatik joanez gero ere, ezin da zankarranka asko egin! Guk, holaxe ikusten dugu behintzat.

KORTABARRIA: Puntuan Migel Angelek (Berari begira, ironiaz) garbi ikusten ez zuela esan du ba!

MIGEL:... (Gaia aldatu guran) Bidea bide, ez ote dira beste bi baldintzok aldrebesagoak?

AZKARRAGA: Horiek ez dituk baserritarroi dagozikuen gaiak.

KARMEN: Hiru baldintza jarri, eta horietatik, bata bidea nondik joan eta beste biak unibertsitatea gora eta unibertsitatea behera... (Esku biak gerrian ipinita, airosa). Igarriko ote du gure ukuiluak hobekuntzarik?

KORTABARRIA:
(Azkarragari begira). Hara ze konturekin datorren oraingan. Ukuiluarekin, non eta kontzejuan!

MIGEL: Ez dugu uste araoztarron irabaziak gorantza handirik egingo dutenik.

AZKARRAGA: Galtzen ez duzuen artean, egon zaitezte pozik!

KARMEN: Nire iritziz, unibertsitatea berriro jartzearekin kaletarrak bakarrik dute irabazbidea.

KORTABARRIA: (Ontzat emanda, sorbaldak jasoz) Arrazoi puntua badaukazu Karmen, baina hori ez da dena.

KARMEN: Guretzat lana da dena, eta jana ez dena!

MIGEL: Guk esan gura duguna zera da, banaka batzuen komenentzian egin dela tratu hori; ez dago hiru puntuak aztertu besterik. (Etsita) Beti berdin gertatzen da.

AZKARRAGA: Kalera bizitzera jaitsi besterik ez duzue.

KARMEN: Azkenengo gerratean ere, karlistak zirela edo kristinauak zirela, eskatzen zuten bakoitzean baseritarrok eman behar izaten genuen gehien: bi idi, lau behi eta bi txahal genituela, ba txahal bat eurondako. Hamar opil erre gituela, eta hiru inondako... Eta dena halaxe. Oiloak, txerriok, beti baten bat eskean, eta derrigorrean eman behar... Kaletarrak ostera, bazekiten euren txanponak ondo gordetzen, bai.

KORTABARRIA: Entzun, Karmen, urruneko intxaurrak hamalau, bertara joan eta lau. Ze uste dun? Guri ez zigutela kentzen?

KARMEN: Egun beltzak pasatzen dihardugunean, zerbait hartuko genukeenean, ez da katurik be gurekin gogoratzen.

MIGEL: Guk adina ondo dakizue unibertsitateko ikasleak kalean uzten dituztuela euren diru pitinok, ostatu, taberna, arropa denda eta halakoetan...

AZKARRAGA: (Eskuak zabalduaz, gogoz). Horretxegatik ba! Horixe komeni zaiguk! Ikasleok dirua herrian uztea.

KORTABARRIA: (Karmeni) Nongo okela jaten dutela uste dun? Nongo ogia, esnea eta arrautzak?

AZKARRAGA: Zeuek edo zeuelakoak ekarritakoak! Dirua egonez gero, esku batetik bestera ibili dadila bueltaka, denon onerako.

KARMEN: (Ironiaz) Jira eta buelta, gure etxera ailegatu orduko erdiak baino gehihago bidetan galduko dira.

AZKARRAGA: Karmen, unibertsitateak ez dakar inorentzako kalterik, denoi mesedea baino.

KARMEN: Hala eta guztiz ere, guk beste baldintzaren bat ipiniko genuke, garaiz bagaude behintzat.

MIGEL: Ez da samurra asmatzea, baina baserritarrentzako hobekuntzaren bat izan beharko luke.

(Alkateari eta zinegotziei zuzenduz) Horixe da gure desioa.

ALKATEA: (Sorbaldei eraginez) Berandu samar zabiltzate. Hurrengoan ez egon Andartora begira!

KARMEN: Horixe zen dena.

ALKATEA: Tira ba, gero arte. (Ikusleen artean dauden baserritarrei zuzenduz). Ea hurrengoak zer dioen... (Txantonbalduenekoak patxadan jaisten dira, gizon batek igotzen duen bitartean)

2. Agerraldia
(Artxubiko Luisek igotzen du. Artxubi kaletik gertu dagoen baserria delako edo, Luis aurrekoak baino kaletarrago etorri zaigu jantzita, txapela buruan eraman arren. Patxadan dago).

LUIS:... Arratsalde on jaunak! Artxubiko Luis naiz, eta neure iritzia ematera etorri naiz hona gora.

ALKATEA: (Enpatiaz) Hustu ba lasai heure barru hori!

LUIS: Probintziarekin elkartzen bagara ez dago, nire ustez, arabarrekin haserretu beharrik.

IZAGA: Gu ez! (Irribarrez) Eurak haserretuko dituk!

LUIS: Lautadako jendearekin orin arteko moduan jarraitzeko ezinik ez dut nik ikusten.

ZUBIA: Horixe ba! Hango ardoa eta pataten premia dugun artean, eta eurak gure burdinarena, ba denok konforme.

LUIS: Horregatik, garbi dagou gipuzkoarrak izan behar dugula. Izan ere (Eskuak igurtziz eta ikuslegoari irribarre esanguratsu bat eskainiz), nongo jendearekin dugu ba harreman gehien?

IZAGA: Araoztarrak lautadakoekin; olabartarrak berriz goiherritarrekin. (Kale Zaharra seinalatuz) Eta zubillagatarrak, leintzekoekin.

LUIS: Baina nortzuk ditugu lagunago, Arabako edozein herri kaskarretakoak ala (Berriro seinalatuz) legazpiar, antzuolar, bergarar eta leiztarrak.

ZUBIA: (Adarra jo guran) Hik ze uste duk?

LUIS: Legazpi, Antzuola, Bergara edo Mondraueko jendearekin. Eta hau ez da inork agindutako gauza (Sorbaldak jasoz), berez etorri dena baino.

IZAGA: Kontua erromeriatan zegok. Gaur egun nongo erromerietara joaten duk jende gaztea?

LUIS: Hori ba! Urteak eta izatiak erakutsi dizkigute norekin ibili, ez lege edo muga batzuk.

ZUBIA: (Errepikatzen hasi direlako, amaitu guran). Eta Sanmigeletan, nongoak etortzen dituk?

LUIS: ... Hara, inguruko adiskideak gipuzkoarrak baldin badira, Gipuzkoara geu ere, hasieran esan dozuen legez, denon oneeako bada behintzat.

ALKATEA: Beste esatekorik badakok, Luis?

LUIS: (Errespetu osoz) Horixe zen dena, alkate jauna. (Ikuslegoari zuzenduz) Arratsalde on guztioi, eta hurrengo arte. (Alkateak, bere jesarlekutik zutituta, bizkarrean eskuma ipini eta beherako bidean lehenengo pausoak ematen laguntzen dio).

3. Agerraldia
(Oraingoan bikotea dator agertokira eskaileratik gora. Baserritar jantziekin hauek ere, nahiz eta araoztarren tankera berekoak ez izan. Gizona dator aurretik, eta ondoren emaztea, lasai asko).

ENRIKE: ... Kaixo! Gaztelondo baserriko Enrike naiz.

DOMINIKA: Eta ni Dominika, bere emaztea.

ALKATEA: Arratsalde on. Zer duzue esateko?

ENRIKE: (Harridura keinuak eginaz) Zertan gabiltza baina? Gaizki bizi gara gauden moduan ala?... (Aurretik igo dutenak seinalatuz) Batak Araba, Gipuzkoa bestiak...

AZKARRAGA: Horretarako elkartu gaituk hemen, Enrike.

ENRIKE: Nafarroarekin edo Bizkaiarekin esango duen zororen bat be etorriko da oraindik! Ze uste dute horiek? Durua errealean emango digunik oskunik toptauko dugula edo?... Hementxe, jardunian gustora...

KORTABARRIA: Halako bilera jendetsurik ez diagu aspaldian egin kontzejuan. Horrek ere merezi dik, hi.

ENRIKE: Hobe izango zen bakoitza bere lanera edo kuartilo erdia edatera joatea!

AZKARRAGA: Baina ez du entzun zelako abantailak izango ditugun Gipuzkoan sartzen bagara?

DOMINIKA: Abantailak, abantailak… Zelakoak eta norentzat diren!

KORTABARRIA: (Irribarrez, errespetu larregi erakutsi barik) Denontzat, emakumea, denontzat.

DOMINIKA: Abantailen ordez beste zer edo ozer etxeratuko ez ote zaigun beldurrez nago... (Eskuak mugituz) Baietz hurrengo urtetik aurrera udalak kontribuzioa jaso!

ENRIKE: Zuek adina dirurik ez dugulako, (Erdi haserre) ez pentsatu gero maizterrok lelo eta ezjakintzat hartzeko modukoak garenik.

AZKARRAGA: Tira Enrike, ez hadi horrela jarri.

DOMINIKA: Ni ere gizonarekin nago.

KORTABARRIA: (Ironiaz, aldekoari begira) Hori beti!

DOMINIKA: Ez dakit lehen komisiokoak aipatu dituen hamalau puntu horiek zelakuak izango diren, baina hiru baldintzen antzekoak baldin badira, a zelakotxe etorkizuna gurea!

ENRIKE: Zorioneko bide hori probintziak bi urteren barruan moldatzen baldin badu, (Ikusleei gonbitea eginaz) egin dezagun geuk lauan, seian edo hamaikan. Hainbesteainoko presa daukagu ala?

DOMINIKA: (Gizonari) Eta legazpiarrak?

ENRIKE: (Alkateari begira, jakin guran) Legazpiarrak zer egin behar dute? Udanaraino erregebide zabal bat urratu, eta han moztu? Je! Udanan geldi?

KORTABARRIA: Auskalo hi! Hori ez duk gure zeregina!

ENRIKE: Eta Mondrauera joateko, Urretxutik buelta?

DOMINIKA: Bigarren eta hirugarren kondizioak ere, ez dira bertan behera uztekoak.

AZKARRAGA: (Harro) Zer dakizue ba garagaltzarrok horren gainean?

DOMINIKA: Esaten dutenez, Oñatiko unibertsitatea 1550garren urte inguruan eraiki zen, hau da, orain dela hirurehun bat urte, eta punturaino eten barik jardun du bere horretan.

AZKARRAGA: Horrek arduratzen gaitu, itxita dagoela!

DOMINIKA: (Argi) Nola konpondu izan dira ba gure aurrekoak hainbeste denboran iraun ahal izateko, Oñati inongo probintziatan sartu barik?

ENRIKE: Zer gertatu da orain unibertsitate hori institutu bihurtzeko? Gaiztozuloko sorginaren eraginez izan da?

KORTABARRIA: Begira... Horren historia oso luzea da, baina hara... bi berbatan esateko, gaur egun edozein gauzatarako influentzia handia behar izaten da.

AZKARRAGA: Gainera, azken garai hauetan aldakuntza ugari izan ditugu: gerrak, matxinadak, iraultzak... (Euren buruak jasoz) Oso nahastuta gabiltza aspaldian.

DOMINIKA: Aitzakia zaharrak dira horiek... Beste batzuk indartu eta gogortu diren neurrian, gu makaltzen eta nanotzen goazela iruditzen zait.

AZKARRAGA: Hori ere egia izan daiteke, baina hemen aipatu diren aldaketak direla eta, zaila da Oñati bezalako herri txiki batek bakarrik unibertsitatea mantentzea.

ENRIKE: Txikia, herri txikia. Eta orain artekoan, handia?

KORTABARRIA: Bai Gipuzkoak eta bai besteok gura dutena zera da, unibertsitatea norberaren muga barruan, ahalik eta hurren edukitzea, ez aldameneko probintzian.

AZKARRAGA: Garbi dago Gipuzkoarekin elkartu ezkero, ez digutela laguntasunik ukatuko, (Eskuak zabalduz) hauxe izango zen unibersidade bakarra eta.

DOMINIKA: Ez dakona, dakonaren edo eduki lezakeenaren atzetik joaten da beti, eta guri, elkartu ala ez elkartu, lagundu egin beharko digute.

KORTABARRIA: Eta zergatik guri? Zergatik ez diete horkoari edo hangoari lagunduko?

ENRIKE:... Bueno, guk geurea bota dogu, eta ea orin beste norbaitek laguntzen digun… (Emazteari besotik oratu eta beherako bidea hartzen dute biak, lasai).

4. Agerraldia
ZUBIA:... (Enparantza barrena seinalatuz)... Bazatozak! Bazatozak! Jabier eta Aleitar badatozela Kale Zaharrean gora... (Jabier eta Aleitar, zaldi gainetan, Kale Zaharretik enparantzara sartzen dira lasai, eta erdian dagoen pasabidetik agertokiraino hurreratzen dira).

ALKATEA: (Jabierri) Zela duk hau? Tolosara joan (Goiko kalea seinalatuz) eta San Prudentzio aldetik etorri? (Enparantza barrena seinalatuz).

JABIER: Eskoriatzako lagun zaharrekin egin genuen trikitx bidean, eta elkarrekin etorri gara...

ALKATEA: Jakina!... Eta bart gaueko parrandan ere, elkarrekin ibiliko zineten, ezta? Beti bidetan galdu behar!

JABIER: Gu galduko ginen behar bada, baina agindutako paperok zintzo ekarri ditugu (Agertoki ingurura ailegatutakoan, Jabierrek eskuan zekarren agiriok alkateari ematen dizkio).

ALKATEA: Ondo zegok, ondo zegok... (Aleitar eta Jabier mandatariok, buelta eman eta lehengo lekutik doaz berriro Kale, Zahar aldera).

5. Agerraldia
(Baserritar bakarrak igotzen du taula gainera, mutilzahar tankerakoa, makila batez lagunduta. Apal hasiko da).

MIGEL ANJEL:... Arratsalde on, jaunak. Olabarrietako auzoaren izenean nator, eta Migel Anjel daukat izentzat. Lehen komisiokoak esan duenarekin konforme nago, eta nik ere Gipuzkoan sartzea komeni zaigula esango nuke.

IZAGA: Behingoz norbait gure alde dagoenean ere!

MIGEL ANJEL: Baina, (Esateko beldur antzean) bada kezkaz betetzen nauen zerbait, eta ez makala.

ZUBIA: Esaiguk, denok jakinaren gainean egoteko.

MIGEL ANJEL: Ormaiztegitik Gatzagarainoko bide berri hori bukatzen denean, ziurrenik orain dagoena baino zabalagoa eta handiagoa izango da, ezta?

IZAGA: Jakina. Udanako aldapetan gora eta behera burdiak trikitx egindakoan, (Zutituz, egiten dena eskuekin adieraziz) gaurko maniobratan ibili beharrik ez izateko.

MIGEL ANJEL: (Kezkati) Eta bidearen mantentze lanak noren ardurapean geratuko diren, gogoratu zaizue?

ZUBIA: Gipuzkoako Probintziak berak hartuko dikk horren ardura, bazterrok hondatzen direnean konpontzeko.

IZAGA: Erregebide nagusia bakarrik doa bere kargu. Hortik gainerako bideok orain arte bezala zeuk konponduko dituzue.

MIGEL ANJEL: (Lasaitasuna hartzen dauen keinua eginaz)... Eskerrak! Horrela onartzen dugu. Bestela, olabartarrok gau eta egun ibili beharko ginateke auzolanean, beste ezertarako asti barik, hezurrok gastatu arte!...Orain lasaitxoago noa ... (Buelta eman eta astiro doa bere lekura).

6. Agerraldia
(Auzotar bikote batek igotzen du taula gainera. Aurrekoen antzera, erdian geratzen dira zutik, zinegotzien mahaien parean).

XALBADOR:... Arratsalde on guztioi. Zubillagako Xalbador naiz (Ama seinalatuz) eta Manttoni nire ama duzue. Guk, egia esateko, ez dakigu oraindik garbi zela jokatu. Denoi entzun ondoren erabakiko dugu.

KORTABARRIA: Zuzen habil Xalbador. Orain artekoan entzun ditugun arrazoirik zentzuzkoena!

XALBADOR: Gure aurretik hemen egon direnak berriz, a zelakotxe segurtasuna! Ez dakit, ez dakit martxa honetan tratu batera ailegatuko garen.

AZKARRAGA: (Alkateari begira) Bozketa izango duk Batzar Nagusiaren amaieran.

XALBADOR: Dena dela, puntuan Olabartakoari esan diozuenez, Gipuzkoako probintzia egingo da kargu bidea hondatzen denean, ez al da horrela?

KORTABARRIA: Bai, baina...

MANTTONI: Bere kargu geratzen baldin bada, gu libre gaude orduan?

AZKARRAGA: Erregebide horretatik bai, baina herriko beste bide eta kamino guztiak zeuen ardurapian jarraitzen dute. Bueno, (Irribarrez) Oñatiko udalaren laguntzarekin, jakina.

XALBADOR: (Apal) Beste alde batetik, lehen Karmenek aipatu duenaren gainean ere zertxobait esango genuke.

MANTTONI: Bai. Harek hiru baldintzotatik bi unibertsitaterako izatia askotxo zela esan duenean, gu ere bere iritziarekin bat gentozen. Izan ere, kontuan hartu besterik ez dago Oñatin kalean adina jende bizi dela auzoetan, gehihago ez bada.

KORTABARRIA: Ondo irizten zaidan hik hori esateari, baina mesedez, ez gaitun atzera lehengoarekin hasiko, ezta?

MANTTONI: Ez dago berriro hasi beharrik, baina hori horrelaxe da.

XALBADOR: Azkenik guri, zubillagarroi batez ere, gertatzen zaiguna azaldu gura nuke. Zera... Iragango urteetan, inguruko herriekin haserre antzean gabiltzala, geuk bat ere kulparik izan gabe.

AZKARRAGA: (Ezeroso, gaia plazaratzea gustoko ez duelako) Kontzejuak ez du zer ikusirik horretan.

XALBADOR: Esate bateako, soldadu taldeak Mondrauera edo Bergarara etorri izan direnean, herri horietako agintariak laguntza eskatu izan diete inguruko kontzejuei, soldaduok mantentzeko adina diru ez zeukatelako.

MANTTONI: Eta halakoetan, Oñatik beti ezezko borobila bota izan du, hau da, ez diete inolako laguntzarik eskaini hain larri zebiltzaten herriei, hurrekoak eta adiskideak izan arren.

KORTABARRIA: Karlistadaren gainean badihardun, hementxe hartu genuen erabakia, denon artean.

XALBADOR: Baina oker. Oñati ez zela probintziakoa esanda, hori Gipuzkoako Junten gaia zela esanda, guk geurea eta besteak... Hor konpon!

MANTTONI: Tropak etxeratu zitzaizkigunean, orduan izan ziren larritasunak eta eskatu beharrak. Eta jakina, hori ere ez da kontua!

AZKARRAGA: Hilabetetik gora egon ziren gainera. Edozein herri larrituko zen.

XALBADOR: Elkartasun gehihago behar dela uste dut, bestela luzera gureak egin du.

KORTABARRIA: (Amaitzeko gogoz) Kontzejua aspaldiko urteetan doa Gipuzkoako Batzarretara.

MANTTONI: Badakizue... Guk Aretxabaleta, Mondraue, Bergara, Antzuola eta abarrekin mugak ez ezik hartueman asko ere baditugula, normala denez, eta penagarria da urte batzuetatik hona herri horreitakoak, beti lagunak izan ditugunak, jartzen dizkiguten aurpegi luzeak ikustea.

AZKARRAGA: Hurrengo urteko Sanmigeletan herri arteko pilota partidoak antolatuko ditugu (Irribarrez, ideia ona izan duelakoan), eta gonbitea luzatuko dizkiegu.

XALBADOR: Guk ez dakigu probintzian sartzeak zenbaterainoko garrantzia izango duen, baina ingurukoekin bakean eta elkartasunean bizitzea ezinbestekoa dela uste dut. Bestela ere, nahiko lan daukagu kanpotarrekin eta. Ulertzen didazue?

ALKATEA: Bai. Ez du arrazoirik falta, Xalbador. Batzuetan gauzak beroan egin izan dizkiagu eta... Kontuan hartuko diagu, lasai horregatik eta ondo joan (Bikotea badoa taula gainetik, patxadan). Agur, agur...

"BERTSOAK – AUZOTARRENAK"
Araotzeko semeak
jardun du aurrena
Berezaokoua hasi da
esaten hurrena,
Garagaltzako Enrike
ezta izan txarrena,
Olabarta atzetik
Zubillaga azkena;
denok hustu digute
gaur euren barrena.

Nahiz eta lan honetan
bost auzo agertu,
ez ziran beste batzuk
geratu hain mutu;
arrazoiak botatzen
bazekiten prestu,
baina ekinaldi honek
muga estuak ditu,
laburtu dezagun inor
ez dadin aspertu.

Garibai, Torreauzo
Murgia, Uribarri
denak saiatu ziren
berbetan elkarri
Zañartu, Urruxola
eta Lezesarri,
Goribar, Madalena
Larraña ere sarri,
ez zen inor gelditu
estu eta larri.

Batzuetan entzun ziren
zarata ta hotsak,
baita ere pentsamendu
zorrotz ta aberatsak;
han agertu zituzten
auzotarrren saltsak,
baina_ez zirean bakarrik
baserrritar hutsak;
entzun ditzagon ondoren
kaletarren hitzak.


HIRUGARREN EKITALDIA - KALETARREKIN
1. Agerraldia
(Lehenengo kaletarrak igotzen dira, andra gizonak. Artazkoztarrak besteko dotoreak ez beharbada, baina jauntxo itxurakoak hauek ere. Eta apur bat lotsatuta igo arren, tenple onean hasiko dira berbetan).

JOAKIN GOMENDIO:... Arratsalde on, jaun-andreok. Joakin Gomendio nauzue, eta Etxaluzen bizi naiz. (Eskumarekin seinalatuz) Nire emaztea, Maria Angeles.

ALKATEA: Ongi etorri agertoki honetara, denon iritzia jakitea komeni zaighu eta.

JOAKIN: Nik dakidanez, Gipuzkoako bizilagunak kontutan hartuta, gure aitajaunaren sasoian Oñati baino handiagoa Donostia bakarrik zen. Oñatik bost mila bizilagun zituen, erdiak kaletarrak eta erdiak auzotarrak. Donostiak berriz, hamaika mila eta bostehun.

MARIA: Eta denak kaletarrak, kultura eta jakituriaren mesederako. Donostiak kapital itxura du, unibertssitatea guk izan arren.

KORTABARRIA: (Apur bat harrituta gaiarekin) Bizilagun aldetik, gaur ere antzera ibiliko gara.

JOAKIN: Ez jauna. Tolosak eta Bergarak aurrea hartu digute. Oñatin bost mila ta bostehun garen bitartean, Tolosan zazpi milatik gora dira jada, eta Bergaran sei milako muga aspaldi pasatu zuten. Donostian berriz hamabost mila omen dira honez gero.

MARIA: Hemen... (Alde bietako zinegotziei gainetik begiratuz) Lo geratu garen bakarrak geu gara.

AZKARRAGA: Neska-mutil zahar larregi dagoelako da. Eta gaurko gaztiak? Gero eta zaharrago ezkontzen dira.

KORTABARRIA: (Irribarrez, keinuka) Eta komentuak? Oñatin besteko erlijioso dagoen herririk, gutxi.

MARIA: Eta denak beharrezkoak! (Serio, alkateari). Hobe ote da gazteak kale bazterretan lizunkeriatan edo taberna zulotan edaten ikustea?

JOAKIN: Zerbait egitteko premia larrian gaude; hola jarraituz gero laster Mondrauek eta Legazpik ere gaina hartuko digute.

AZKARRAGA: Zarate, Plaza, Antia... (Pentsatuz, izenekin oroitzen ez delako) Eta zuen familiak dituzue Oñatiko baserri, ola eta tailerrik gehienen jabetza... (Apal) Gazteak aurrerabide gutxi ikusten omen dute ezkontzeko.

JOAKIN: Nahastuta zabiltza. Zer ikusi du Oñatiko bizilagunen gorakadak gure haziendarekin?

KORTABARRIA: Bergara eta Tolosa gu baino gehiago hazi direla eta kezkati zaudelako erantzun dizu, ez beste ezergatik.

MARIA: Hazi bakarrik ez, hango etxe eta denda dotoreak bertako jendearen maila erakusten dute.

ALKATEA: Atzerira ere gazte dezente joan ohi da azken urteotan... (Etsipenez) Ameriketara batez ere.

JOAKIN: Fanderiak eta burdinolak lana izateko, (Eskumarekin seinalatuz) Gipuzkoa edo Ameriketara aldetakoei ondo joatea komeni zaigu, komertzioaren mesederako. Dirua egin dezatela, jaioterriko produktuak erosteko.

MARIA: Indianuak itzultzen direnean ere, palazio ederrak jasoten dituzte.

AZKARRAGA: Pobre joan eta... (Irribarrez) Aberats etorri!

JOAKIN: Gure zaharrak enpresario hobeak ziren. Gaur egun Zubillagako fanderiaren martxa ere moteldu egin da.

MARIA: Nire familian urruneko salerosketako komertzioan jardun zuten beti. (Tente, petral xamar) Itsasontzi ingelesak eta portugesak aurrea hartu arte.

ALKATEA: Barkatuko didazue, jaun andreok, baina ez dakit gai horiek gaurko eztabaidarekin bat datozen.

JOAKIN: Oñatin ehundik gora iltzegin baldin badira, eta beste hainbeste errementari eta sarrailagile, nondik inguratzen dute materiala, fanderiatik ez bada?

MARIA: Eta non salduko dituzte egunero egiten dituzten milaka ilzteok? Araotzen eta Urruxolan?

JOAKIN: Gure arbasoak Europara eta Ameriketara bidaltzen zituzten hemengo iltze eta sarrailok. Euren ontziolak zituzten horretarako.

KORTABARRIA: Zuen komertzioa... (Zalantzan, ziurtasun larregi barik) Ez da kontzejuaren ardura.

MARIA: Komertzioa ondo badoa, mediku eta eskribau, maixu eta botikarioak ere igarriko dute.

JOAKIN: Dendariek eta iltzeginek bezalaxe.

ALKATEA: (Esku biak jasota) Hori ukatzerik ez dago.

JOAKIN: Sasoi batean enpresari ausartak eta aurrerazaleak zeuden hemen, komertzioa indartu eta enpleguak sortzeko gauza izan zirenak.

MARIA: Noizkoak dira Oñatiko monumenturik ederrenak, Unibertsitatea eta Parrokia? Noizkoak Bidaurreta, Santa Ana eta Arantzazu?

AZKARRAGA: Orain artekoan iraun dugu behintzat.

JOAKIN: Gipuzkoan sartzearen aldekoak gara, zeharo. Aparte bizita ez dago etorkizunik. Agur jaunak... (Joakinek emazteari eskumarekin lagunduz, taula gainetik jaisten dira, dotore eta patxadan).

2. Agerraldia
(Bigarren kaletarrak igotzen du. Itxura apaleko emakumea, etxekoandrea, bakarrik doa)

MARITXU:... Arratsalde on. Maritxu naiz, Lekunberrikoa.

ALKATEA: (Apal, adiskidetsu) Zer daukazu esateko?

MARITXU: Gauza handirik ez. Gipuzkoan sartzea edo arabarrekin elkartzea niri berdin zait. Dena dala, nik esan gura nnizuena hauxe da: baldintza, puntu, tratu eta legetikoen bestelako berba dotoriok alde batera utzita...

IZAGA: Zela baztertuko ditugu baldintzok, gaurkoan horretarako batu baldin bagara?

MARITXU: Utz egidazu amaitzen... Niri unibertsitatea bere zereginera itzultzea gustatuko litzaidake. Unibertsitateak Oñatiri bizigiroa eta poza dakarkiola bistan dago.

ZUBIA: (Seinalatuz) Baserritarrak ez zuten hori esaten...

MARITXU: Orain ikasle falta nabarmen igartzen da. Izan ere, institutu bihurtu gure unibertsitatea, Bergaran beste institutu bat dagoenean!

IZAGA: Aldekoak bakean uztea hobe dugu.

MARITXU: Kaleak animatu eta denda-tabernak bete ditezen ikasle askoko unibertsitatea behar dugu.

ZUBIA: Korpusetako eta Sanmigeletako jaietan giroa moteldu egin dela dioenik bada.

MARITXU: Gure etxean ere hiru ikasle hartzen genituen, eta eurak mantenzteko ez genun larregiko buruko minik izaten: intxaur urtea zela, ba intxaurrak! Sagar urtea zela, ba sagarrak! Eta denok pozik. Orin ostera... Hauxe zen nik esan behar nuena...(Behera doa, lasai)

ALKATEA: Agur Maritxu, ondo joan...

3. Agerraldia
(Hirugarren kaletarrak datoz orain, andra-gizonak. Eta apur bat lotsatuta igo arren, biak tenple onean hasiko dira berbetan. Gizona iltzegina da).

XANTI:... Arratsalde on! (Eskuekin bularra seinalatuz) Mendiko Kaleko Xanti naiz, iltzegina ofizioz.

ANA: (Azkar, gizonak bukatu orduko) Eta ni bere emaztea Ana Mari, zazpi seme-alaben ama eta ordu libretan joskina.

ALKATEA: Hasi zaitezte mesedez.

XANTI: Lehen Gomendio Jaunak hasitako haritik jarraitu gura nuke, Oñatiko iiltzeginen kontuekin jardun du eta.

AZKARRAGA: Hona ez gaituk herritarren arteko tirabirak entzutera etorri... Gipuzkoako anexioa duk gaia.

XANTI: Ugazaba-nagusiok ekartzen dizkigute totxoak lanerako, eurak ipinitako prezioan, eta eurei saltzen dizkiegu derrigorrean iltzeok, inora bidaltzerik ez dugulako bestela... Eta irabaziak, norentzat?

ANA: Oñatin joskinak berrogeita hamarretik gora gara.

XANTI: (Apur bat pentsatuz) Iltzeginak ehun eta bederatzi, eta errementariak eta sarrailagileak ia laurogei.

ANA: Ehulak, gorulariak eta kapaginak berriz... (Sorbaldak jasoz) Ia hirurogei guztira.

KORTABARRIA: Hainbeste bai? Ziur hago?

XANTI: Eta ez ahaztu (Behatzekin kontatuz) arotzak, teilaginak, zapatariak, laru-ontzaileak, txokolateroak eta ogileak. Beste ehunen bat izango dira.

AZKARRAGA: (Alkateari) Errolda berria egin behar dugunean, hauengana jo besterik ez dugu izango.

ANA: Guk ematen diogu bizitza Oñatiri, eta ez eskribau, mediku, botikario, maixu, enpresariak edo dendariak.

ALKATEA: (Giroa berotu ez dadin, bikoteari begira) Utz ditzagun eztabaidak gerorako.

XANTI: (Jaramon eginaz) Entzun dozue Ingalaterran lurrunezko motorrekin fabrikak egiteari ekin diotela?

KORTABARRIA: Ze dituk horiek? Lurrunezko motorrak?

XANTI:
Ikatza botata, eurak bakarrik mugitzen dituzte poleak, gau eta egun, gura izanez gero. Ba omen dira lanlekuak bost eta hamar motor ipini dituztenak, bata bestearen atzetik. Fabrikak esaten diete... Gure betiko ofizioak ezkutatzeko arriskuan daude.

ANA: (Gizonari begira) Eta joskinon etorkizuna?

AZKARRAGA: Makinok egin dezatela lana, zeuek bista galdu arte lanean jo eta ke jardun beharrean.

ANA: Lan barik geratu, makinak egiten dutelako! Zela diozu hori? Gurean denon irabazien premian gaude.

XANTI: Ikusten nago dirudunak makinaz betetako fabrikak egingo dituztela han ta hemen, eta gu bezalakoak sobran, makinai begira, lan barik.

KORTABARRIA: Anexioarekin zerikusirik bazeukak horrek?

XANTI: (Esku biak zabalduz) Izango ez du ba! Gaudenetan jarraitzea komeni zaigu, lana mantentzeko!

ANA: Denok lana edukitzeko, eta ez aberatsak bakarrik, makinok ekartzea debekatu egin beharko litzateke.

XANTI: Gipuzkoan sartzeak makinoiri atea zabaltze besterik ez da... (Aldetzeko andreari besotik oratuz).

ANA: Ondo majo agertu dute hori berba dotoreekin Gomendiotarrak ... (Joan doazela) Agur denoi.

4. Agerraldia
(Laugarren kaletar batek igotzen du taula gainera, oraingoan ere bakarrrik. Herritar sasi-letratuaren itxura du).

JUAN MARI:... Arratsalde on! Silleroneko Juan Mari naiz, eta Kale Barrian bizi naiz.

ALKATEA: Hasi zaitez mesedez.

JUAN MARI: Ba nik inork aitatu ez duen zerbait argitzera natorkizue...

AZKARRAGA: (Kortabarriari begira, harrituta) Gaur arte ez nuen uste Oñatin hain herritar azkarrik zegoenik.

JUAN MARI: Entzutea dudanez, ikatzez eta egurrez ibiltzen diren burdi horiek, bueno, ez da hori izenik egokiena, “trenak” edo esaten diete, ba makina horiek gero eta estimazio handiagoa dute alde guztietan.

KORTABARRIA: Trenak esan duk? (Ironiaz) Eta guri zer?

JUAN MARI: Itxura denez, Madriletik Pariserainoko trenbidea egitekotan dira, Donostiatik pasatuz. Zuek ezer entzun duzue?

AZKARRAGA: Bai... Ba omen dabiltza zer edo ozer egin guran. Proiektoren bat ba omen dago, baina gordin samar oraindik.

JUAN MARI: Zeren eta, hemen gabiltza bidea gora eta bidea behera. Trenori hemendik pasatuko balitz, ez legoke hainbesterainoko kamino beharrik. Laster amaituko lirateke gurdizain eta mandazain askoren bide nekoso eta ibilera negargarriak.

KORTABARRIA: Hireaz arduratu hadi bakarrik. Besteok esatekorik baldin bazeukatek, etorriko dituk hi barik.

JUAN MARI: Esaten dutenez, burdinazko makina horiek edozein karga azkar eta ugari azkenengo bazterreraino eramateko gauza ei dira.

AZKARRAGA: Akabo orduan gure gurdizainok!

JUAN MARI: Trenbidea inguruan izan ezkero, Oñatin egiten diren iltzeak eta erremintak egun batetik bestera ailegatuko lirateke komeni den lekuraino: bai itsas aldera Ameriketara bidaltzeko, bai Bilboruntz edo Gasteizeruntz, gura bada.

KORTABARRIA: Trenbide horrena ikusteko zegok; bestea berriz, bi urte barru burututa egon daiteke. Ea gero, hobearen zain, bat ere barik gelditzen garen.

AZKARRAGA: Gainera, zela pasatu ahal izango dik trenak gurea lako paraje menditsu eta aldrebesa? Aurkituko dik bai beste pasabide aproposagoren bat.

JUAN MARI: Kostatuko zaie! (Arabako mendiak seinalatuz) Non da Araba bitartean mendi bariko herririk?

KORTABARRIA: Behingoz, arrazoi osoa daukak.

JUAN MARI: Doan lekutik doala treno horii, mendiok behin baino gehiagotan zulatu beharko dituzte. Zergatik ez orduan hemendik?

AZKARRAGA: Oñatik ez zeukeak tren beharrik.

JUAN MARI: (Eskuman zekarren mapa handi bat zabalduta, patrikatik arkatza ateratzen du) Begira, bart gauean arkatzarekin mapa gainean jardun dut, eta badakizue zerekin konturatu naizen? Ba Gasteiztik Donostiara arrasto zuzen bat egiten baldin bada, Oñati gain gainetik pasatzen dela.

KORTABARRIA: Gauetan horretan ibiltzea baino, hobe duk lagunekin txikito bat hartzera joatea.

JUAN MARI: (Jaramon egin barik) Ba, bide motzena izanda, ez nintzake bat ere harrituko burdinazko trenbide hori gure herrian zehar egingo balitz. Ea nork ukatzen didan!

AZKARRAGA: Inork ere ez, baina nik lehengoari eusten diot: gaur gaurkoa eta hemendik hamar edo hogei urtera, ordukua.

JUAN MARI: (Esku biak jasota, ozen) Baina ez zarete konturatzen iragango urteetan izan den asmakizun garrantzitsuenaren aurrean gaudela? Industria eta merkataritza guztia berriztu eta indartu egingo dela?

AZKARRAGA: Puntuan beste kaletar bat lurrunezko motorraz etorri zaigu. Hemen bakoitzak berea!

JUAN MARI: (Etsita dagoenaren itxurak eginaz) Alferrik nabil zuekin. Hemengo ganora ikusita, ez dut uste trenbidea inauguraitzen… (Txapliguak botatzen diren kontzejuko balkoiaren bazterra seinalatuz) Txapligu asko gastatu beharko dugunik!

KORTABARRIA: Kontzejuko balkoitik botako ditut, nik neuk!

JUAN MARI: Bestela, Gipuzkoan sartu ala ez sartzeko kontu horrietan, ni baietzean nago. Gauza gehienetan probintzia horrekin aspalditxotik lotuta gaudene ezkero, jarraitu dezagun azkeneraino...

ALKATEA: (Gizabidetsu) Zinez eskertzen dizugu. (Kanpandorreko erlojua seinalatuz). Baina ordua aurrera doa eta, ez dakit ba honezkero ez ote den hobe...

JUAN MARI: (Azkar) Jarraituko nuke pozik asko oraindik be berriketan, baina lehendik ere jarduntsu fama daukagu, eta amaiera eman beharko diogu.

ALKATEA: Ondo dago, Juan Mari... Hurrengoa mesedez?

"BERTSOAK – KALETARRENAK"
Gure Juan Mari Sillero
hasi zaigu bero bero; (e)
dena konponduko omen da
hemen trena jarri ezkero,
baina udalaren aldetik
ez du asko espero.

Herriko alkate jaunari
kaletar jende ugari, (e)
joan zitzaion oso animoso
eraginaz mingainari,
nahiz eta hemen aurrean
zazpi-zortzi bat ageri.

Kaletarren interesak
ez ziren hain aldrebesak, (e)
baina ezin berdin jokatu
ultzeginak ta markesak,
azkenean handikientzat
izaten dira pozak.

Adiskide eta lagun
ezagun ta ezezagun, (e)
zelako erabakia
hartu zuten jakin dezagun,
ea alkatearen berbak
ondo entzuten ditugun!

LAUGARREN EKITALDIA - ERABAKIA
1. Agerraldia
(Alkatea eta eskribaua zutitu egiten dira, patxadan. Agertokiaren erdira joan ondoren, alkatea hasten da, solemnitatez).

ALKATEA:... Denok entzun dugu gaur hemen esan dena… Gura izan duenak hona gora igo bere arrazoiak ematera, izan du aukera... Kontzejukuok zein aldetara jokatzen dugun, garbi ikusi duzue.

ESKRIBAUA: Eta komisiokoak ere bai.

ALKATEA: Beste barik, Oñatiren etorkizunerako hain garrantzitsua izango den egun seinalatu honetan, bakoitzak aukeratu dezala gure herriaren onerako egokien irizten zaiona... Nork dio Oñati Gipuzkoako probintziarekin elkarketia ez dela komeni?

(Banaka batzuk eskua jaso dute, han eta hemen, baina ez dira dagoen jendearen laurdenera ailegatuko. Astiro astiro, eskribauak kontatzen ditu eta bere paperetan jaso).

ESKRIBAUA: Hamalau izan dira, alkate jauna.

ALKATEA: Eta orain, nork dio Oñati Gipuzkoako probintziarekin elkarketia komeni dela?

(Gehiengo batek jasotzen du oraingoan eskua, eta kontzejuko guztiak ere bai. Garbi dago. Hala eta guztiz, eskribauak berriro kontatu egingo du, paperean jaso aurretik).

ESKRIBAUA: Hirurogeita hemeretzi dira, alkate jauna. Askogatik baietzak ezetzak baino gehiago izan dira. Baiezkoak nagusitu dira.

ALKATEA: Hau ikusi ondoren (Pozik), hemendik aurrera benetako gipuzkoarrak izango garela esan daiteke... (Baiezkoak txaloka hasten dira)... Honek ospakizun dotorea merezi du... (Zinegotzi batek zerbait esaten dio belarrira)... Gero soinua eta txistua izango da denontzat enparantzan, eta orain, hemendik alde aurretik, aurresku eder bat atera bear dogu. Aurrera Mateo!

(Zinegotzien artetik Mateo zutitzen da, eta eskenatoki erdira ailegautakuan).

MATEO:... Oñatiko herriari eskaintzen diot!

ALKATEA: Oso ondo esanda!

(Txistularia jotzen hasten den momentuan ekingo dio baita Mateok ere. Bikain eta egoki egiten du dantza, txistuaren soinu alaiaren laguntzaz).

"BERTSOAK – AZKENAK"
Kondepekoak izan eta gero
mende-pila luzeetan,
oñatiarrok sartu egin ginen
Gipuzkoako Juntetan.
Jauntxo faltarik ez dugu izan
ondorengo urteetan,
garai gogorrak pasatu arren
harrez gero herri honetan,
borroka-asmoa ez da moteldu
txantxikuarron bihotzetan.

Gure lantxoa bukatu da ta,
jende prestu eta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan be asmatuko dugu (e)
zerbait zuzen edo okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da euskara zaharra;
afalordua heldu zaigu eta
zuentzat gure agurra!
.