Oñatiko lagun batzuk sortutako Kultur Elkartea

2017(e)ko otsailaren 20(a), astelehena

1845. urtea: Oñati Gipuzkoan anexionatu zen.

EGITURA

- Emanaldiak
2017ko irailaren 24an, igandea, hiru emanaldi eskaini ziren Lazarraga jauregiaren lorategian, 12:00etan, 13:00etan eta 15:30etan, KMK17 Kilometroetako egitarauarekin auzolanean.

Eta 2017ko irailaren 29an, ostirala, emanaldi bat eskaini zen Santa Ana antzokian, 19:30etan, San Migel jaietako egitarauaren barnean.

- Pertsonaiak- Agertokian azaltzen diren eran:
1/2- Abeslariak: Rosita Markuleta eta Jose Luis Bikuña
3- Juan Bautista Kortabarria alkatea: Ixidro Palacin
4- Bixente Artazkotz, komisioko burua: Xabier Oregi
5- Kale Barriko Madalen dendaria: Ana Mari Markuleta
6- Araotz auzoko Migel baserritarra: Migel Angel Agirre
7- Etxaluzeko Maria Gomendio anderea: Maritxu Baños

- Antolaketa:
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Agertokia: Benjamin Billar
Partiturak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Megafonia: Ikustek
Jantziak: Lantzen
Babeslea: Oñatiko Udala

- Garapena
- Bertsoak - Hasierakoak
- Lehen ekitaldia - Udaletxeko aretoan - Alkatea
- Bigarren ekitaldia - Artazkotzekin - Alkatea eta Komisioko burua
- Hirugarren ekitaldia - Kaletarrekin - Alkatea eta dendaria
- Laugarren ekitaldia - Auzotarrekin - Alkatea eta baserritarra
- Bosgarren ekitaldia - Jauntxoekin - Alkatea eta Gomendiotarra
- Seigarren ekitaldia – Erabakia - Alkatea, Komisiokoa, kaletarra, auzotarra eta jauntxoa.
- Bertsoak - Amaierakoak

- Sinopsia
Gebaratarren menpe hainbat mendeetan egondako konderria da Oñati. Nahiz eta urteroko juntetara gonbidatu gisa joan, ez zuen inongo probintziatan parte hartu izan 1845. urtean Gipuzkoara anexionatu zen arte.

Baina ez zen egun bakar baten hartutako erabakia bilakatu, hamarkada askotako gorabeheren amaiera baizik.

Azpimarratzekoa da Oñatik Arabarako probintziarekin Gipuzkoarekin adina muga duela, Arantzazura igotzerakoan garbi ikusten denez, eta Nafarroa ere Aizkorritik gertu dugula. Bestalde, gure euskarazko hizkerak bizkaitar kutsu nabarmena duela gaineratu behar da.

Antzerki honetan, oñatiarrek azaldutako arrazoiak eskainiko dizkizuegu, baita Gipuzkoarekin bat egiteko adostutako hiru baldintza nagusien xehetasunak ere. Auzotarren zein kaletarren ordezkariek beraien iritziak eman zituzten udalak antolatutako batzarretan, eta sarritan kontrajarriak zirelako, eztabaida sutsuak izan ziren Gipuzkoan sartzeko erabakia hartu aurretik.

- Dekoratua
Udaletxearen aldamenean dagoen Lazarragatarren jauregiko lorategian antzeztuko da, Foruen Enparantzatik gertu.

Agertokiak 0,50 metroko altuera izango du, eta 6x6 metroko zabalera. Jauregiaren eta lorategiaren artean egongo da, eta aulkiak belarraren gainean ipiniko dira. Agertokiak udaletxeko areto nagusia irudikatzen du. Bertan bi aulki-patroi daude aldamenetan, eta erdian, atzean, jarleku apalago bat.

Jantziei buruz, herritar arruntek euskal jantzi tradizionalak eramango dituzte. Alkatea, komisiokoa eta anderea, berriz, jantzi dotoreekin daude, antzerkirako bereziki egindakoak.


BERTSOAK – HASIERAKOAK
Doinua: Iparragirre abila dela

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Kilometroetako jaian.
Plaza eta kalean (b)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko gure lan apal honetan
agertuko dugun gaia,
mila zortziehun ta berrogeita bostean
hemen gertatu zena da.
Esandako guztia (b)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN EKITALDIA – UDALETXEAN

Agertokian alkatea egongo da denbora guztian, eta batzarrera bertaratu diren herritarrak, aurreko lerroko aulkietan jesarrita egongo dira antzerki denean. Eta ikusleak atzean, lorategi erdi guztian ipinitako jarlekuetan.

ALKATEA: (Taula erdiraino doa, patxadan eta tente, bere aginte-makila eskuan hartuta)... Herritar maiteok... Kontzejuak bere azken bileran erabaki zuenari jarraituz, eta Oñatiko herri guztiari deia pasatu ondoren, gaur, ostegunez, 1845. urteko irailaren hamaikan, hemen elkartu gara batzarrean.

Lasai, alde batera eta bestera dabilela.

Erabaki behar duguna, garrantzitsua da benetan: Oñati Gipuzkoa probintzia barruan sartzea bai ala ez, gauza eta kontu denetarako, Arrasate eta Legazpi, Bergara eta Urretxu dauden moduan...

Behean dagoen jendeari begira.

Lehenengo, Batzar Nagusira joan zirenei entzungo diegu (Bixente Artazkotz dagoen lekua seinalatuz); eta ondoren, auzotar eta kaletarrok esatekorik baldin baduzue, bota beldur barik. Denon iritzia entzun eta gero, erabakia hartuko da: baietza ala ezetza (Eskuina alde batera eta bestera mugituz), gehiengoak nahi duena.
Artazkotz igotzera gonbidatzen du.


BIGARREN EKITALDIA - ARTAZKOTZEKIN

Artazkotzek igotzen du taula gainera. Herriko jauntxoa dela igartzen zaio berehalaxe. Dotore jantzita, tente eta harroputz samar igotzen da, alboetara begiratu barik. Agertoki erdira ailegatutakoan, patxadan hasiko da.

ARTAZKOTZ:... Bixente Artazkotz nauzue, Lazarragatarren jatorrikoa, eta lehen alkate jaunak aipatu duen komisio horretako buru.

ALKATEA:... Bakarrik zatoz?

ARTAZKOTZ: Hona gora neu bakarrik agertzea erabaki dugu. Dena den, hor dituzue komisioko lagunak eta nire emazte maitea, zeozertarako behar baldin baditugu (Lagunak eta emaztea seinalatzen ditu).

ALKATEA: Aurrera, horrela bada.

ARTAZKOTZ: (Aurrean jesarrita dagoen Agustin seinalatuz) Agustin eta biok joan ginen herri honen izenean Ordiziara duela hilabete, Gipuzkoako Batzar Nagusirako gonbitea jaso genuenean.

ALKATEA: Aurretik, kontatu egizkizu nolakoak izaten diren Batzar horiek.

ARTAZKOTZ: Aste bete irauten dute, eta lehenengo eta azkenengo egunak jai hartzen dira. Astelehenetik aurrera, ostera, goizetik ilunkaraino lanean eten barik, gaiak erabakitzen, denon probetxurako. Laurogei bat elkartu ginen: herri denetako ordezkariok, bertako kontzejukoak eta apaizak.

ALKATEA: Guk, kontzejukook badakigu Gipuzkoan sartzeko zelako baldintzak jarri genituen, baina hemen jende gehiena ezjakinean dagoenez gero, komenigarria izango litzateke kondizio horiek gehihago argitzea.

ARTAZKOTZ: (Eskuan zituen paperak zabalduz) Hauek dira oñatiarrok jarri eta batzarrekoek onartu zituzten hiru baldintzok:

1. Ormaiztegitik Gatzagara zabalduko den erregebideak probintziaren gain joan behar du. Bi urteren barruan egin behar den bide hau Udanatik behera etorriko da, eta herri barrutik pasatu ondoren, San Prudentzioko bide gurutzeraino ailegatu.

2. Probintziak, orain dela gutxi arte unibertsitate zenari, eta orain zoritxarrez institutu moduan dagoenari, urtero hogei mila errealen bidez lagunduko dio.

3. Egunen baten institutu hori berriz unibertsitate bihurtuko balitz, laguntza hori neurri egokian gehitu beharko litzateke... Komisioaren ustez, hirurak dira komenigarriak Oñatirako.

ALKATEA: Ederto. Orain herritarren iritziak entzungo ditugu.

ARTAZKOTZ: (Aulki-patroia seinalatuz) Hortxe egongo naiz.

Aulkira doa, lasai.


HIRUGARREN EKITALDIA - KALETARREKIN

Kaletar batek igotzen du. Itxura apaleko emakumea, etxekoandrea da.

MADALEN:... Madalen joskina naiz, Kale Barrikoa.

ALKATEA: (Apal, adiskidetsu) Zer daukazu esateko?

MADALEN: Gauza handirik ez. Gipuzkoan sartzea edo arabarrekin elkartzea niri berdin zait. Dena dela, nik esan gura nizuena hauxe da: baldintza, puntu, tratu eta legetikoen bestelako berba dotoriok alde batera utzita...

ALKATEA: (Moztu egiten dio) Zela baztertuko ditugu baldintzok, gaurkoan horretarako batu baldin bagara?

MADALEN: Utz egidazu amaitzen. Niri unibertsitatea bere zereginera itzultzea gustatuko litzaidake. Unibertsitateak Oñatiri bizigiroa eta poza dakarkiola bistan dago.

ALKATEA: (Publikoan dagoen baserritar bat seinalatuz) Baserritarrek ez dute hori esaten.

MADALEN: Orain ikasle falta nabarmen igartzen da. Izan ere, institutu bihurtu gure unibertsitatea, Bergaran beste institutu bat dagoenean!

ALKATEA: Aldekoak bakean uztea hobe dugu.

MADALEN: Kaleak animatu eta denda-tabernak bete daitezen ikasle askoko unibertsitatea behar dugu. Gure etxean ere hiru ikasle hartzen genituen, eta eurak mantenzteko ez genuen larregiko buruko minik izaten: intxaur urtea zela, ba intxaurrak! Sagar urtea zela, ba sagarrak! Eta denok pozik. Orain ostera... Nire senarra iltzegina da, eta bere kofradian ere haserre daude.

ALKATEA: Hona ez gara herritarren arteko tirabirak entzutera etorri. Gipuzkoako anexioa da gaia.

MADALEN: Iltzeginak, errementariak, sarrailagileak, joskinak, ehulak, gorulariak eta kapaginak ematen diogu bizitza Oñatiri, eta ez eskribau, mediku, botikario, maixu, enpresariak edo dendariak.

ALKATEA: Itxura denez, Madriletik Pariserainoko trenbidea egitekotan dira, Donostiatik pasatuz.

MADALEN: Eta guri, zer?

ALKATEA: Trenori hemendik pasatuko balitz, laster amaituko lirateke gurdizain eta mandazain askoren bide nekoso eta ibilera negargarriak. Tren horiek edozein karga azkar eta ugari azkenengo bazterreraino eramateko gauza ei dira.

MADALEN: Akabo orduan gure bidezainok! Zazpi seme-alaba ditut eta, non egin beharko dute lan?

ALKATEA: Trenbidea inguruan izan ezkero, Oñatin egindako iltzeak eta erremintak egun batetik bestera ailegatuko lirateke komeni den lekuraino: bai itsas aldera Ameriketara bidaltzeko, bai Bilboruntz edo Gasteizeruntz, nahi bada.

MADALEN: Zela pasatu ahal izango du trenak gurea bezalako paraje menditsu eta aldrebesa? Aurkituko du bai beste pasabide aproposagoren bat.

ALKATEA: (Arabako mendiak seinalatuz) Non da Araba bitartean mendi bariko herririk? Doan lekutik doala tren hori, mendiok behin baino gehiagotan zulatu beharko dituzte.

MADALEN: Oñatik ez du tren eta makina beharrik, bertako gazteak emigratzen ikustea gura ez badu behintzat.

ALKATEA: (Mahaitik mapa handi bat hartzen du, eta zabaldu ondoren) Bart gauean arkatzarekin mapa gainean jardun nuen, eta badakizu zerekin konturatu nintzen? Gasteiztik Donostiara arrasto zuzen bat egiten baldin bada, Oñati gain gainetik pasatzen da. Bide motzena izanda, ez nintzateke batere harrituko burdinazko trenbide hori gure herrian zehar egingo balitz.

MADALEN: Lanpostuak suntsituz, jakina. Ez dut garbi ikusten Gipuzkoan sartzeko kontu horietan, noren interesak defendatzen zabiltzaten.

ALKATEA: Gauza gehienetan probintzia horrekin aspalditxotik lotuta gauden ezkero, jarraitu dezagun azkeneraino.

MADALEN: Nire ustez denok lana mantentzeko, gauden bezala jarraitzea hobe da.

ALKATEA: Ondo dago, Madalen. Gero egingo dugu bozketa.

MADALEN: Hemen geratuko naiz.

Jarlekura doa, lasai


LAUGARREN EKITALDIA – AUZOTARREKIN

Baserritar jantzitako auzotar bat igotzen da, urduri samar.

MIGEL:... Txantonbaldueneko Migel Angel naiz. Araotz auzokoak ere zerbait esateko badaukagula, eta horretara nator. Galdetu zaie Arabako Batzarrekoei eurek zer pentsatzen duten?

ALKATEA: Kaletarrok ez diagu (Seinalatuz) Larrea, Barria edo Zalduondoko jaietara joateko ohiturarik.

MIGEL: Oñatin garia, artoa edo soroko gauzak falta direnean, nora joten dugu ba? Nondik ekartzen dira edaten ditugun ardo apurrok? Nora bidaltzen ditugu herriko oletan egindako erreminta eta iltzeak? Gipuzkoarekin adina muga dugu Arabarekin, eta Gasteiz Donostia baino askoz hurrago.

ALKATEA: Arrazoi faltan ez habil, Migel Angel, baina kontuan hartu behar duk soroko gauzak eta ardoak, nahiz eta gehienak Arabatik ekarri, (Eskuak jasoz) Nafarroatik eta beste hainbat lekutatik ere inguratzen ditugula.

MIGEL: Ez hain eroso behintzat. Gure larrainetik ordu t’erdian sartzen zara Larrean. Hona adina, ia ia.

ALKATEA: Edozein modutan ere, arrazoirik pisutsuena ez duk hori. (Zer erantzun ez dakiela, urduri jartzen) Eta izanda ere, badakik zelako bidea dagoen Oñatitik Arabara?

MIGEL: Ez uste Donostiarakoa errazagoa denik. (Gaia aldatu nahian) Bidea bide, ez ote dira unibertsitateko beste bi baldintzok aldrebesagoak? Igarriko ote du gure ukuiluak hobekuntzarik?

ALKATEA: Hara ze konturekin datorren oraingan. Ukuiluarekin, non eta kontzejuan!

MIGEL: Nire iritziz, unibertsitatea berriro jartzearekin kaletarrak bakarrik dute irabazbidea.

ALKATEA: (Ontzat emanda, sorbaldak jasoz) Arrazoi puntua badaukak Migel, baina hori ez duk dena.

MIGEL: Nik esan gura dudana zera da, banaka batzuen komenentzian egin dela tratu hori; ez dago hiru puntuak aztertu besterik.

ALKATEA: Kalera bizitzera jaitsi besterik ez duzue.

MIGEL: Azkenengo gerratean ere, karlistak zirela edo liberalak zirela, eskatzen zuten bakoitzean baseritarrok eman behar izaten genuen gehien: bi idi, lau behi eta bi txahal genituela, ba txahal bat eurondako. Hamar opil erre genituela, hiru inondako. Kaletarrek ostera, bazekiten euren txanponak ondo gordetzen, bai.

ALKATEA: Urruneko intxaurrak hamalau, bertara joan eta lau. Ze uste duk? Guri ez zigutela kentzen?

MIGEL: Egun beltzak pasatzen dihardugunean, zerbait hartuko genukeenean, ez da katurik be gurekin gogoratzen. Guk adina ondo dakizue unibertsitateko ikasleak kalean uzten dituztuela euren diru pitinok, ostatu, taberna, arropa denda eta halakoetan.

ALKATEA: (Eskuak zabalduaz, gogoz). Horixe komeni zaiguk! Ikasleok dirua herrian uztea. Nongo okela jaten dutela uste duk? Nongo ogia, esnea eta arrautzak? Zeuek edo zeuelakoek ekarritakoak! Dirua egonez gero, esku batetik bestera ibili dadila bueltaka, denon onerako.

MIGEL: Hala eta guztiz ere, guk beste baldintzaren bat ipiniko genuke. Baserritarrentzako hobekuntzaren bat izan beharko luke. Kontuan hartu besterik ez dago Oñatin kalean adina jende bizi dela auzoetan, gehiago ez bada.

ALKATEA: Ondo irizten zaidak hik hori esateari, baina mesedez, ez gaituk atzera lehengoarekin hasiko, ezta?

MIGEL: Gure auzoan ziur gaude Arabako Batzarretik baldintza hobeak lortuko genituzkela. Lautadako herrikoekin primeran konpondu izan gara beti.

ALKATEA: Baina ez duk entzun zelako abantailak izango ditugun Gipuzkoan sartzen bagaituk?

MIGEL: Abantailen ordez beste zer edo zer etxeratuko ez ote zaigun beldurrez nago. Baietz hurrengo urtetik aurrera udalak kontribuzioa jaso, bide berri horren mantentze lanetarako!

ALKATEA: Kontuan hartuko diagu. Lasai horregatik.

MIGEL: Hemen geratzen naiz neu ere.

Jarlekura doala, patxadan.


BOSGARREN EKITALDIA - Jauntxoekin

Maria Gomendio igotzen da taula gainera, dotore jantzita. Maria apur bat lotsatuta igo arren, tenple onean hasiko da berbetan.

MARIA: Maria Gomendio nauzue, eta Etxaluzen bizi naiz.

ALKATEA: Ongi etorri, denon iritzia jakitea komeni zaigu eta.

MARIA: Nik dakidanez, Gipuzkoako bizilagunak kontutan hartuta, gure aitajaunaren sasoian Oñati baino handiagoa Donostia bakarrik zen.

ALKATEA: (Gaiarekin apur bat harrituta) Bizilagun aldetik, gaur ere antzera ibiliko gara.

MARIA: Ez jauna. Tolosak eta Bergarak aurrea hartu digute.

ALKATEA: Neska-mutil zahar larregi dagoelako da. Eta komentuak? Oñatin besteko erlijioso dagoen herririk, gutxi.

MARIA: Eta guztiak beharrezkoak! (Serio, alkateari). Hobe ote da gazteak kale bazterretan lizunkeriatan edo taberna zulotan edaten ikustea?

ALKATEA: Zarate, Plaza, Antia... (Pentsatuz, izenekin oroitzen ez delako) Eta zuen familiak dituzue Oñatiko baserri, ola eta tailerrik gehienen jabetza.

MARIA: Nahastuta zabiltza. Zer ikusi du Oñatiko bizilagunen gorakadak gure ondasunarekin?

ALKATEA: Bergara eta Tolosa gu baino gehiago hazi direla eta, kezkati zaudelako erantzun dizut.

MARIA: Hazi bakarrik ez, hango etxe eta denda dotoreek bertako jendearen maila erakusten dute. Eta gu unibertsitatea galduta!

ALKATEA: Horrek arduratzen gaitu, itxita dagoela!

MARIA: (Argi) Nola konpondu izan dira bada gure aurrekoak, hainbeste denboran iraun ahal izateko, Oñati inongo probintziatan sartu barik?

ALKATEA: Bi berbatan esateko, gaur egun edozein gauzatarako influentzia handia behar izaten da. Gainera, azken garai hauetan aldakuntza ugari izan ditugu: matxinadak, iraultzak...

MARIA: Aitzakia zaharrak dira horiek.

ALKATEA: Zaila da Oñati bezalako herri txiki batek unibertsitatea mantentzea.

MARIA: Txikia, herri txikia. Eta orain artekoan, handia? Beste batzuk indartu eta gogortu diren neurrian, gu makaltzen eta nanotzen goazela iruditzen zait. Noizkoak dira Oñatiko monumenturik ederrenak, Unibertsitatea eta Parrokia? Noizkoak Bidaurreta eta Arantzazu?

ALKATEA: Garbi dago Gipuzkoarekin elkartu ezkero, ez digutela laguntasunik ukatuko.

MARIA: Nire familian urruneko salerosketako komertzioan jardun zuten beti. (Tente, petral samar) Itsasontzi ingelesek eta portugesek aurrea hartu arte.

ALKATEA: Barkatuko didazu, baina zuen komertzioa, (Zalantzan, ziurtasun larregi barik) ez da kontzejuaren ardura.

MARIA: Komertzioa ondo badoa, mediku eta eskribau, maixu eta botikarioak ere igarriko dute.

ALKATEA: Orain artekoan iraun dugu behintzat.

MARIA: Gipuzkoan sartzearen aldekoak gara etxean, zeharo. Aparte bizita ez dago etorkizunik.

Tente, aulki-patroian jesartzera doa.


SEIGARREN EKITALDIA – ERABAKIA

Alkateak Migel eta Madalen gonbidatzen ditu oholtzara. Bostak hau daudenean, alkatea agertokiaren erdira joan ondoren, berbetan hasten da, solemnitatez.

ALKATEA: Guztiok entzun dugu gaur hemen esan dena. Beste barik, bakoitzak aukeratu dezala gure herriaren onerako egokien irizten diona. Nork dio Oñati Gipuzkoako probintziarekin elkartzea ez dela komeni?

Banaka batzuk eskua jaso dute, han eta hemen, baina ez dira dagoen jendearen laurdenera ailegatuko. Astiro astiro, alkateak kontatzen ditu eta bere paperetan jaso.

Hamalau izan zarete... Eta orain, nork dio Oñati Gipuzkoako probintziarekin elkartzea komeni dela?

Gehiengo nabarmenak jasotzen du oraingoan eskua. Garbi dago. Hala eta guztiz, alkateak berriro kontatu egingo du, paperean jaso aurretik.

Hirurogeita hemeretzi izan zarete. Baiezkoak nagusitu dira. Hau ikusi ondoren (Pozik), hemendik aurrera benetako gipuzkoarrak izango garela esan daiteke.

Baiezkoak txaloka hasten dira.

Honek ospakizun dotorea merezi du. Soinua eta txistua izango da denontzat enparantzan, eta goazen bertara!

Pozik, alkateak eskua ematen die goian daudenei.


BERTSOAK – AMAIERAKOAK
Doinua: Misiolari baten moduan

Kondepekoak izan eta gero
mende pila luzeetan,
oñatiarrok sartu_egin ginen
Gipuzkoako Juntetan.
Jauntxo faltarik ez dugu izan (b)
ondorengo urteetan,
garai gogorrak pasatu arren
harrez gero_herri honetan,
lanerako grina ez da moteldu
txantxikuarron bihotzetan.

Gure lantxoa bukatu da eta,
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan ere asmatuko dugu (b)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra;
jai giro_ordua heldu zaigu eta
zuentzat gure agurra!


iruzkinik ez: