2017(e)ko otsailaren 20(a), astelehena

1542. urtea: Gebaratarrak, konderriko jaunak.

EGITURA

- Emanaldiak
2017ko irailaren 24an, igandea, hiru emanaldi eskaini ziren Zumeltzegi dorretxearen aurrean, 12:00etan, 13:00etan eta 15:30etan, KMK17 Kilometroetako egitarauarekin auzolanean.

Eta 2017ko irailaren 29an, ostirala, emanaldi bat eskaini zen Santa Ana antzokian, 19:30etan, San Migel jaietako egitarauaren barnean.

- Pertsonaiak: Agertokian azaltzen diren eran:
1- Abeslaria: Joxe Mari Anduaga
2- Pero Belez Gebara kondea: Jabier Atxa
3- Petra Garibai ganboatarra: Maribi Korkostegi
4- Madalen Garibai ganboatarra: Ana Mari Liziaga
5- Domingo Murgia oinaztarra: Jexux Odriozola
6- Konstantza B. Gebara, kondesa: Maria Angeles Altube

- Antolaketa:
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Agertokia: Antonio Alonso
Partiturak: Iñaxio Ibarrondo
Megafonia: Ikustek
Jantziak: Lantzen
Babeslea: Oñatiko Udala

- Garapena
- Bertsoak - Hasierakoak
- Lehen ekitaldia - Batzarrean - Pero Belez Gebara kondea
- Bigarren ekitaldia – Ganboatarrak - Kondea, Petra eta Madalen Garibai
- Hirugarren ekitaldia – Kondesarekin - Kondea eta Konstantza emaztea
- Laugarren ekitaldia - Oinaztarrak - Kondea eta Domingo Murgia
- Bosgarren ekitaldia - Hitzarmena - Denak
- Bertsoak - Amaierakoak

- Sinopsia
Oñatiri buruzko lehen albiste idatzia 1149. urtekoa da, eta jadanik gebaratar kondeen leinua ageri zaigu, herriko lur eta etxalde gehienen jabetzarekin.

Feudalismo garai osoan iraun zuen konderriak, eta Euskal Herrian barneratuta egon arren bizitzako arlo guztietan, berezko lege eta arauekin Oñatiko gizartea ia erabat menperatzen zuen kondeak.

Antzerkian, gure herriko garairik oparoenetakoa islatzen saiatu gara, 1542an kokatzen dena. Amerikarekin sustatu zen merkataritzak itsasontzien premia ekarri zuen, eta, ondorioz, herriko olak ekoitzitako hiltze eta burdinazko industriarena.

Gorteari begira bizi ziren gebaratarrez gain, ganboatarren eta oinaztarren leinuak zeuden. Ganboatarrek kanpokoekin harremanak sendotzea nahi zuten, interes ekonomikoak defendatzeko, eta oinaztarrek, berriz, bertoko legeak babestearen aldekoak ziren.

Azkenik, laugarren bizilagunen multzoa kondepekoek osatzen zuten. Hamarkada asko eman zuten borrokan, kondeen eskumenak iragandako garai feudaletakoak zirelakoan. Eta hitzarmen bat sinatzea lortu zuten 1542an, garai berrietara egokitzeko baliatu zutena.

-Dekoratua
Agertokia oso soila izango da, Zumeltzegi dorrearen hormara itsatsita,aparkalekura begira. 0,50 metroko altuera izango du, eta 6x6 metroko zabalera. Aulkiak ipiniko dira aurreko aldean, aparkalekuaren laurdena hartuz.

Agertokiak kondearen harrera gela irudikatzen du. Atzealdean aulki batzuk egongo dira, eta alboan mahai dotorea eta kondeen aulkipatroiak. Erdian, atzean, aulki apalago bat gonbidatuentzat.

Zahar kutsuko doinuz osatutako bertsoak agertoki aurrealdean kantatuko dira. Atzealdeko bazterretan lorontziak egongo dira, jaisteko eta igotzeko dauden eskaileren alboetan. Eta baita Erdi Aroko sei bandera ere, kondearen, ganboatarren eta oinaztarren armarriekin.

Garai hartako margoetan oinarrituta, erdi aroko jantziak eramango dituzte denak, dotoreak, antzerkirako bereziki egindakoak. Kondeak ezpata bat izango du eskuan, hasieran eta pasarte batzuetan.


BERTSOAK – HASIERAKOAK
Doinua: Erdi Aroko kutsukoa, antzerkirako Inaxio Ibarrondok bereziki egina.

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Kilometroetako jaian.
Plaza eta kalean (b)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
mila bostehun ta berrogeita bian
hemen gertatu zena da.
Esandako guztia (b)
gehiena da egia
gu ez bait gara gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN EKITALDIA - BATZARREAN

Zumeltzegi dorretxea, muino baten gainean eraikia, Oñatiko edozein lekutatik ikusten da. Gebaratarren leinuaren ikurra da, eta beren indar, ahalmen eta nagusitasunaren erakusle. Agertokia dorrearen bigarren solairuko areto zabala edo harrera-gela izango da. Bertan egiten ziren gebaratar eta ganboatar leinuen ekitaldi sozialak, beste konde batzuei edo ospe handiko bisitariei harrerak. Han gauzatzen zituzten su-etenak, ezkontza-kontratuen akordioak, etab.

Agertokiaren parean jende-multzoa ageri da: batzarrean parte hartzen duten oñatiarrak dira. Urtero antolatzen da, behin gutxienez, eta bertaratu direnen artean daude herriko maiorazko kaletarrak eta auzoetako hamabost alkateak, batzuk euren emazteekin.

KONDEA:... (Irmo, eskuinean akta-liburua duela) Jaun andre agurgarriok, oñatiar maiteok, ongi etorri urtero ospatzen dugun batzar nagusi honetara... Pero Belez Gebara kondea naizen aldetik, eta 1542. urteko maiatzaren hamabigarren egunean, ondorengo hau egiaztatzen dut: urte beterako ohiko alkate izateko bozketan Juan Estibaliz izan dela irabazlea. Agur eta ohore!

Erdian, zutik eta tente, bere jauntxo izaera argi erakusten duela

Denok dakizuenez, Estibaliz jauna eta bere leinukoak oinaztarrak diren bitartean, garibaikoak ganboatarrak dira, ni bezalaxe. Eta berak eman zidan izkribu honetan dioenez (Pergamino bat zabalduz), Oñatin uda pasatzen nagoen bitartean, kontzejuak hitzarmen bat sinatu nahi du nirekin, iragango urteetako auziarekin amaitzeko, berriro epaitegietara joan barik. Batzarkide guztiok izango duzue aukera iritzia emateko... Has gaitezen.

Pergaminoa mahaian utzi ondoren, alde batera doa, aulki-patroian jesartera.


BIGARREN EKITALDIA – GANBOATARRAK

Petra eta Madalen Garibai sartzen dira

PETRA:... Arratsalde on, Pero Belez Gebara Oñatiko konde jauna (Burua apur bat jaitsiz eta erreberentzia moduko bat eginaz). Ondo dakizun bezala, Nafarroaren erresumaren aliatuak gara ganboatarrok, eta bere izenean gatoz.

MADALEN: Batzarrera hamabost ordezkari etorri gara, baina hona gora gu biok bakarrik igotzea erabaki dugu.

KONDEA: (Zutitu gabe, dagoen aulkitik) Ongi etorri, Petra eta Madalen Garibai andereak. Badakizue akordio batera ailegatzearen gaia neuk proposatu dudala, Valladolideko kantzelaritzan auzitan ibiltzea denontzat delako garestia.

PETRA: Errespetu osoz, baina zu bi edo hiru hilabete bakarrik egoten zara Oñatin, uda partean. Eta ez beti. Gerraren bat dagoenean Flandesera edo Afrikara joan izan zara.

KONDEA: (Asmatu ezinik, baina bere autoritateari eutsi nahian) Orain arterakoan ez didazu ezer berririk esan.

PETRA: Iaz ere eskatu nizun (Zalantza apur batekin) Herritar guztientzako lotsagarria da Jaumendin ipinita duzun urkabea. Mendeko egiten gaitu, zuk ezarritako epaileak norbait urkatu eta egun osoan gorpua bertan uzteak.

KONDEA: (Lasai) Arbasoengandik datozkigun eskubideak dira. Horiek jasotzen dituen lehenengo dokumentua 1149koa da.

MADALEN: Nik ere badut garrantzizko eskaera bat. Maiorazko-etxea da gurea, Zumeltzegi dorre honetara igotzeko bidean dagoena (Eskuinarekin seinalatuz), hor beheko aldapan lehena.

KONDEA: Esazu lasai, emakumea.

MADALEN: Bi biloba ditugu, adin onekoak biak, eta zure semea morroiekin dorretxera datorrenean... (Kondeak mozten dio)

KONDEA: Semeak nire eskubideak jasoko ditu!

MADALEN: Zu eta semea uda partean Oñatin zaudetenean, neskak ezin izaten dira etxetik irten, beldurragatik.

KONDEA: Ezkonberriarekin oheratzearena oso antzinako kontua da. Ez dizkizuet berriro gure eskubideak aipatuko.

PETRA: Urteak joan ahala, aldatu egiten dira. Italian egona zara; orain dela laurehun urtekoak dira hango legeak?

KONDEA: Oinarrizko legeak mantendu egiten dira, oinarrizko matematikak edo astronomiak irauten duten moduan.

MADALEN: Baina mila eta bostehungarren urtera eguneratuta.

PETRA: Zuk izendatutako alkate nagusia da hemen epaile garrantzitsuena, baina gu ganboatarrak gara, bertako foruen zaleak.

KONDEA: Iaz ere galdetu nizuen. (Esku biak zabalduz) Zeren truke legedia eguneratu? Zortzi mila dukat eskatzen nituen.

MADALEN: Zurekin sinatu nahi dugun hitzarmenean beste gauza asko daude.

PETRA: Eliza eta zure artean hamarrena kobratzen diguzue, lurrak, basoak, baserriak eta olak zuenak direlako.

KONDEA: Zuzen zaude.

PETRA: San Migel parrokia ere zeurea da, eta hango abata, parroko biak eta gainerako abadeak zeuk izendatzen dituzu. Elizan, lehenengo ilaran zeuek jartzen zarete.

KONDEA: Espainiako eta Frantziako gorteetan badira ni baino askoz ondasun gehiago dutelako, soldadu eta kapitain gehiago mantentzen dituztenak.

MADALEN: Hala ere, Oñatin egonezina dago.

KONDEA: Nire aitajaunak ohiko alkateari egin zionagatik?

PETRA: Ez da ahaztu alkate nagusiak herriak izendatutako ohiko alkateari neurriak hartu zionekoa. Lotsagarria izan zen enparantza erdiko pikotan eskua jostea Andres Jauregiri, eta bi ordutan hantxe odoletan mantentzea.

MADALEN: Eta Lope Santa Marinakoari mingaina moztu zitzaionean eta gero Oran-go gerrara deportatu?

PETRA: Karlos erregea Flandesetik lehenengo aldiz etorri zenean, noble batzuk hara joan zineten honanzko bidaian laguntzeko.

KONDEA: Oñatiri kalte edo mesede egiten zion? Lope Santa Marinakoak lapurrak eta mozkorrak ginela bota zuen jendearen aurrean.

MADALEN: Ez diguzu ukatuko parrandarik egin ez zenutela.

KONDEA: Aizu, nobleak gara.

PETRA: Hitzarmena sinatzeko, konponbideren bat aurkitu beharko genieke gai hauei.

KONDEA: Ea zer dioten oinaztarrak...

Emakume biak aulkian jesartzen dira.


HIRUGARREN EKITALDIA - KONDESAREKIN

Konstantza kondearen emaztea sartzen da, tente.

KONDEA:... Konstantza, emazte maitea, agindu diezu zerbitzariei jatekoa eta edatekoa ekartzeko gure gonbidatuei?

KONSTANTZA: Galdetu diet, eta ez dutela ezer nahi. Batzarrean, nik berba egitea komeni da? Lope Agirrek Ameriketatik bidali zidan azken gutuna erakutsi diet, eta orain badute han dagoen urrearen eta zilarraren berri.

KONDEA: Gortean kirten bat dela esaten dute.

KONSTANTZA: Ezin da kirtena izan, hain ondo idazten dakiena. Pedro Urtsua nafar konkistatzaile ezagunarekin dabil, eta Gaztelako erregeari urrea ekarriz gero, berehala lortuko dituzte hango tituluak eta karguak.

KONDEA: Horretxegatik komeni zaigu merkataritza indartzea eta itsasontzietan inbertitzea.

KONSTANTZA: Lehen Zuazola apezpikuarekin egon naiz, duela bi urte hasi zen unibertsitateko lanak ikusten. Laster Erromara doa, Leonardo Da Vinci eta Rafael maisuen eskulturak ikustera. Berarekin joango naizela agindu diot. Zer diozu?

KONDEA: Joan, baina ez zaitez eskultura garestiak erosten hasi.

KONSTANTZA: Gure dorretxe hau maila goreneko apaingarrien faltan dago.

KONDEA: Hemengo artistekin konformatu beharko zara. Hor duzu Piarres Picart, San Martin auzoko ermitako aldarea egiten. Eskatu berari eskulturaren bat.

KONSTANTZA: (Esku biak gerrira eramanaz) Ez naiz edozein artisaurekin konformatzen dena!

KONDEA: Burgoseko katedraleko zinborrioa berak egin zuen.

KONSTANTZA: Italian zerbait erosteko diru faltan, eta zu eten-gabe kanpoko trobadoreekin musika eta dantza jaialdiak antolatzen hemen eta Gebaran.

KONDEA: Gonbidatu gehienak zeureak izaten dira.

KONSTANTZA: (Haserre) Emakumeak dituzu Oñatin bertan, Zalduondon, Agurainen eta Gasteizen.

KONDEA: Noble denen parean egoteko egiten dut hori.

KONSTANTZA: Bart gauean esan zenidan soldadu gehiago kontratatzekotan zabiltzala. Ez al da hobe dorretxea apaintzea?

KONDEA: Espainiako erregearen eta Alemaniako printzeen laguna izatea ezinbestekoa zaigu.

KONSTANTZA: Beraien gazteluetako jaialdietara gonbidatzea lortu beharko zenuke. Iñigo gure semearentzat hango aristokrazian bikotea aurkitzea ondo legoke.

KONDEA: Hori ez da nire zeregina.

KONSTANTZA: Gebaratarron leinuak ospea irabaziko luke.

KONDEA: Zeu arduratu horretaz.

KONSTANTZA: Zuk gonbiteak lortu... (Aulki-patroira doa, lasai eta pozik)


LAUGARREN EKITALDIA - OINAZTARRAK

Murgia uribarritarren ahaide nagusia sartzen da.

MURGIA:... (Erdira doala, konfiantzaz) Zurekin hitzarmen bat sinatu behar dugula eta, aukera aparta daukagu geure eskubideak eta nahiak bateratzeko.

KONDEA: Uste diat badela sasoia pertsona zibilizatuen moduan aritzeko, Valladolidetik bueltaka auzitan ibili gabe.

MURGIA: Edozein konponketa hobe, kanpotik datorkiguna erdara eta lege arrotza besterik ez delako.

KONDEA: Baina hi ez al haiz oinaztarra?

MURGIA: Gero eta apalagoa. Herritarrok hobeto moldatu beharko ginateke elkarrekin, leinuei erreparatu barik. Sarritan nahikoa da bata oinaztarra edo ganboatarra dela jakitea, besteak gaizki hartzeko.

KONDEA: Ganboatarren arrazoibideekin habil.

MURGIA: (Urduri samar) Ez jauna. Ados nago kanpoko jendearekin harremanak zaindu behar ditugula, burdinolak martxan mantentzeko eta denontzat negozioak sustatzeko. Baina inguruetako herrietakoek gu baino eskumen gehiago dituzte.

KONDEA: Nire aldekoa hintzela uste nian.

MURGIA: Eta horrela da, baina hamaseigarren mendean bizi gara, eta hitzarmen zaharkitu honek ez du ezer konponduko. Zure helburua galdutako agintea berriro eskuratzea da.

KONDEA: Niri ondo joaten bazaidak, zuei ere bai.

MURGIA: Dena ez da dirua. Zu beti zaude aginte-lekuan, ez dakizulako beste inon egoten.

KONDEA: Niretzat, hitzarmena historiarri zor diogun errespetuan dago oinarrituta.

MURGIA: Eskubide-berdintasuna eskatzen dut. Jaiotzez denok gara berdinak legearen aurrean.

KONDEA: (Haserretzen) Zer diok, Murgia? Batzuk hirea bezalako maiorazko-etxean jaiotzen dituk, eta beste batzuk maizterrarenean. Zer ari haiz defendatzen?

MURGIA: Euskaldunok geure foruak ditugu, eta hor ez da kanpoko erregerik kabitzen. Oñatiarrok zer gara, bigarren mailako kondepekoak betiko?

KONDEA: Europa osoan horrelaxe duk. Inoiz izan haiz Toledon edo Flandesen bezeroekin prezioak eta marjinak negoziatzen? Zergatik uste duk komeni zaizuela kondearekin ondo egotea?

MURGIA: Feudalismoa aspaldiko gauza dela onartzea zeure esku dago. Zure soldaduekin babesa ematen diguzula esaten duzu, baina nork eskatu dizu halakorik?

KONDEA: Gortean onartua izateko soldaduen premia diat.

MURGIA: Gertuagora begira nago. Artisauen zergak dirutan eta baserritarren hamarrenak jenerotan jasotzen dituzu, baina gero hondamendiren bat dagoenean, adibidez Kale Barriko sute ikaragarria suertatu zenean, etxeak berriro jasotzeko herri guztian batu genuen dirua, eta denok eman genuen, zuk izan ezik.

KONDEA: Gezurra duk hori. Maizterrei ez nien errentarik eskatu urte betean.

MURGIA: Eta Deba ibaia zeuretzat bakarrik eskatzea? Hemen beti ibili gara amuarrainetan herri osoan.

KONDEA: Nire arbasoen eskubidea huen. Berreskuratzeko asmoa diat.

MURGIA: Zure arbasoek eta zerorrek eskubide osoa izan duzue beti arrantzan egiteko, baina ez Deba ibaian soilik, Oñatiko erreka guztietan ere bai, herritar denen moduan!

KONDEA: Deba ibaian arrantzan egiten duena auzitan sartuko diat. Eta urkamendian amaituko dik.

MURGIA: Hara, bere betiko arrazoi ustela. Nirekin ez bazaude, auzia eta soldaduak.

KONDEA: Kontu handiz ibili, Murgia, gizartearen aldeketekin. Nik eskumenak galtzen badizkiat, heuk ere galdu egingo dituk, maizterren mesederako. Besterik?

MURGIA: Ez.

KONDEA: Zatozte Madalen eta Petra, hitzarmena sinatzera.


BOSGARREN EKITALDIA - HITZARMENA

Kondea tente dago, erdian, eta beste guztiak bere atzean eta zutik.

KONDEA:... Nahi duenak izan du aukera hitzarmenaren puntuak aldatzeko, eta uste dut ondo dagoela. Zuek, Garibaitarrok?

MADALEN: Ezkonberriena kentzeko eskatuko nizun.

KONDEA: Zer dela eta ezin dizkiet utzi nire ondorengoei neuk jasotako eskubideak?

PETRA: Antzinako kontuak direlako.

MURGIA: Nik ere, ibaian arrantzan egitearena kentzeko eskatu nuen.

KONDEA: Gebaratarrok geureari eutsi behar diogu. (Haserre samar) Hori onartu ezean burua moztuko nizula aginduta daukat!

MADALEN: Murgiak burua ondo dauka lepo gainean.

MURGIA: (On beharrez) Nahi adina leku dago denontzat arrantzarako.

PETRA: Nork ordaindu behar dizkizu bestela eskatu zenituen hiru mila dukatak?

KONDEA: Nola? Nik zortzi mila eskatu nituen. Eta gutxi zirelakoan. Zer nahi duzue, Oñatiko kondea gortean barregarri geratzea? Besteen tamainan ibili behar dut, bai soldadu kopuruan eta baita dirutan ere.

MURGIA: Oñatiarrok ordezkatzera ez duzu inora joan beharrik. Gu nahikoa gara geurea ordezkatzeko.

KONDEA: (Murgiari begira) Zeure maizterrak ere laster hasiko zaizkizu jabetza-agirien eskean.

MURGIA: (Ez zuelako horrelakorik espero) Ez kezkatu nire ondasunekin.

KONDEA: Baina ez zarete ohartzen inguruan ez dagoela Oñati bezalako herririk? Denak daudela gure inbidian?

MADALEN: Jakituria eta monumentu aldetik, nabarmena da hori.

PETRA: Baina ez foru edo eskubideengatik.

KONDEA: Azken hitza da hau. Aurten lau mila dukatekin konformatuko naiz, baina datorren urtean zerga-kontuak berriro aztertu beharko ditugu.

PETRA: (Seinalatuz) Jaumendin duzun urkamendia kendu eta kontzejuarena ipiniko nuke nik.

KONDEA: Jendeari nire presentzia adierazteko dago. Ez dezatela ahaztu Oñatiko konderrian bizi direla.

MURGIA: Zergatik ez dugu kentzen betiko? Ez kondearen eta ez alkatearen urkamendirik ez litzateke gehiago herritarren begi-bistan egongo.

KONDEA: (Zalantzakor) Urtebeterako proba egingo dugu...

MURGIA: Arrasate eta Bergarako maiorazkoak, Azpeitiko eta Tolosako jaunak hemengoak beste badira, foruei eskerrak da.

PETRA: (Murgiari begira) Aurtengoz... Hitzarmen hori sina dezagun.

KONDEA: Luzaroan irautea nahiko nuke...(Mahaian dagoen hitzarmena sinatzera doa, pauso tentez eta patxadan. Jesarrita sinatzen du, ohituta dagoela adieraziz. Ondoren beste laurak sinatzen dute.


BERTSOAK - AMAIERAKOAK
Doinua: Erdi Aroko kutsukoa, antzerkirako Inaxio Ibarrondok bereziki egina.

Gebaratarra kondea zelako
mantendu gura eskumenak,
jauntxoak ere baziren hemen
ganboatar ta oinaztarrak.
Oñatiarron urte luzeko
borroka ta eztabaidak,
mila bostehun ta berrogeita bian
izan zituzten etenak,
baina herrian ez ziren asetu
askatasun egarriak.

Antzerkia amaitu da eta,
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan ere asmatuko dugu
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra;
jairako_ordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!


1760. urtea: Unibertsitateko amodiozko istorioa epaitu zenekoa.

EGITURA

- Emanaldiak
2017ko irailaren 24an, igandea, hiru emanaldi eskaini ziren Sancti Spiritus unibertsitateko klaustroan, 12:00etan, 13:00etan eta 15:30etan, KMK17 Kilometroetako egitarauarekin auzolanean.

Eta 2017ko irailaren 29an, ostirala, emanaldi bat eskaini zen Santa Ana antzokian, 19:30etan, San Migel jaietako egitarauaren barnean.

- Pertsonaiak - Agertokian azaltzen diren eran:
1/2- Abeslariak: Itziar Barrena eta Luis Txintxurreta
3- Errektorea: Andres Zabala
4- Eskribaua: Juan Mari Elortza
5- Joxepa Olazaran, neskaren ama: Elisabeth Igartua
6- Paula Olazaran neska: Irati Madina
7- Maritxu Mendizabal, ikaslearen ama: Karmen Biain
8- Rafael Mendizabal, ikaslea: Iñigo Maiztegi

- Antolaketa:
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Agertokia: Iñazio Lete
Partiturak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Megafonia: Ikustek
Jantziak: Lantzen
Babeslea: Oñatiko Udala

- Garapena
- Bertsoak - Hasierakoak
- Lehen ekitaldia - Errektorearen gelan - Errektorea eta Eskribaua
- Bigarren ekitaldia - Olazarandarrak - Errektorea, Eskribaua, Joxepa eta Paula Olazaran
- Hirugarren ekitaldia - Mendizabaldarrak - Errektorea, Eskribaua eta Maritxu Mendizabal
- Laugarren ekitaldia - Rafaelekin - Errektorea, Eskribaua eta Rafael
- Bosgarren ekitaldia - Erabakia - Eskribaua, Errektorea, Joxepa, Maritxu, Paula eta Rafael
- Bertsoak - Amaierakoak

- Sinopsia
Euskal Herriko lehen unibertsitatea Sancti Spiritus da, 1545. urtean Rodrigo Mercado Zuazola apezpikuaren ekimenari esker eraikia. Lau aldundien babes ekonomikoa izan bazuen ere, ohiko gorabeherak jasan zituen mendeetan zehar. Horiez gain, gerra karlistekin galdu genituen eskumenen eraginez, 1902an Madrilek maila akademiko unibertsitarioa kendu zion.

Bertako ikasketa nagusiak zuzenbide zibila, kanonikoa eta medikuntza izan ziren. Gerora pertsonaia ospetsuak bilakatuko ziren askok jaso zuten goi mailako formazioa: letra gizon, eskribau eta kontulari bikain ugari sortu zen bertatik.

1918an Eusko Ikasketen lehen Kongresua egin zen Oñatin, eta unibertsitateko ekitaldi akademikoetatik, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu ziren.

Antzerki hau 1760an kokatzen dugu, jadanik Sancti Spiritus unibertsitateak bi mendetako ibilbidea egin eta gero. Herrian ostatu hartzen zuten berrehun ikasletik gora zeuden, eta horrek giro berezia sortzen zuen.

Akzioaren oinarrian euren artean osagarriak diren bi gai desberdin daude:

- Hemezortzigarren mendeko aberatsen eta herritarren arteko tirabirak, bikote gazte baten amodio istorioa ardatz hartuta. Auzia benetako gertaeran dago oinarrituta.

- Irakasle zein ikasleen bizimodua, eta ikasleen eta herriko gazteen arteko harremanak jasotzen dira.

- Dekoratua
Akzioa unibertsitateko klaustroan egiteko prestatuta dago. Agertokiako 0,50 metroko altuera izango du, eta 4x4 metroko zabalera. Ate nagusitik sartuta, hondoko eskuineko erpinean egongo da.

Aulkiak harrien eremuan eta arkuen azpian ipiniko dira, belarra ukitu gabe. Jendeak beheko eta lehenengo solairuko arkupetatik ere ikusi ahal izango du, zutik.

Agertokiak errektorearen bulegoa irudikatzen du. Bertan aulki dotore bat egongo da errektorearentzat, aulki arrunt bat eta mahaia eskribauarentzat, eta honen parean bizkarralderik gabeko aulki luze samar bat, lekukoak eta bisitariak jartzeko.

Klaustro barnean egiterik ez balego, unibertsitate aurrean ere ager daiteke obra hau.

Lan luzean hogeita bost bertso abesten ziren, banaka, binaka, hirunaka edo launaka, ahots batera edo bitara. Guztira hamaika aldiz, eta doinu ez-berdinekin, bertsolaritzako ohiko doinuak erabiliz, Hego Euskal Herrikoak zein Iparraldekoak.

Lan labur honetan, soilik lau bertso eskaintzen dira.

Grabatutako musika ere erabiliko da hasieran, ikasle-giroko pasartean, “Gaudeamus Igitur” abesti akademikoa hain zuzen.

Jantziei buruz, herritar arruntek euskal jantzi tradizionalak eramango dituzte. Mendizabaldarrek, berriz, jantzi dotoreak, antzerkirako egindakoak. Eta garai hartako margoetan oinarrituta, jantzi bereziekin azalduko dira errektorea, eskribaua eta ikasleak.


BERTSOAK – HASIERAKOAK
Doinua: Iparragirre abila dela

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Kilometroetako jaian.
Plaza eta kalean (b)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
mila zazpiehun ta_hirurogeian
hemen gertatu zena da.
Esandako guztia (b)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN EKITALDIA - ERREKTOREAREN GELAN

Agertokia errektorearen langela da, eta bertan garatuko da obra guztia. Bakoitza bere lekuan, errektorea eta eskribaua ia antzerki osoan han egongo dira. Hasieran, eskribaua idazten dago, errektorea sartzen denean.

ESKRIBAUA:... (Akta-liburuan idazten ari da, zintzo) Egun on, errektore jauna!

ERREKTOREA: (Tente eta soseguz sartzen da, nagusia bera dela nabarmen adieraziz) Egun on, eskribau jauna. (Eskua emango dio bere lekuraino joanda).

ESKRIBAUA: Nola joan dira Gabonak?

ERREKTOREA: Betiko antzera. Etxean, senideekin. Eta zuretzat?

ESKRIBAUA: Hainbestean ere...

ERREKTOREA: Ezer berririk badugu?

ESKRIBAUA: Gauza handirik ez. Oraindik ez dut Larrañaga jauna ikusi. Ez dakit ailegatu den. Markinatik hona nahiko bide txarra dago, eta negu partean, badakizu... Edozer gauza gerta daiteke. Horrez gain, gaur jakingo dugu ikaslerik falta den ala ez.

ERREKTOREA: Ea bihar goizean ziur esaten didazun. Gutunik iritsi da?

ESKRIBAUA: Alcala-ko unibertsitateko bat, eta hemengo ikaslea izandako Xegundo Garaialde ataundarrarena beste bat. (Errektoreari eskuratzen dizkio).

ERREKTOREA: Aurtengo urte hau ondo joatea komeni zaigu.

ESKRIBAUA: (Jarraipena egiten duela erakutsiz) Justinianoren zuzenbide liburuak ematen zabiltza?

ERREKTOREA: Bai, hirugarrena amaitzen dihardugu, irizpen juridikoen Digesto izenekoa.

ESKRIBAUA: Ikasleek, ondo jasotzen al dute esandakoa?

ERREKTOREA: (Sorbaldak eta eskua apur bat jasoz) Denetik dago. Banoa berandu baino lehen. Kanpai-hotsa gela barruan entzun nahiko nuke.

ESKRIBAUA: Ondo hasi.

Errektorea astiro ateratzen da, eskribauari agur keinua egin ondoren burua apur bat makurtuz.


BIGARREN EKITALDIA - OLAZARANDARRAK

Gelan eskribaua bakarrik dago, lanean, Olazarango Joxepa eta Paula sartzen direnean. Joxepa herriko etxekoandre arrunt bat bezala jantzita dator, eta lanean ohituta dagoen itxura du. Bere alaba aldamenean geratuko da, apur bat atzerago.

JOXEPA:... (Erdi lotsaz, baina irmo) Egun on. Berori da errektore jauna?

ESKRIBAUA: Ez, ni eskribaua nauzu. Zer gertatzen da?

JOXEPA: Ez, ezer ez. Errektore jaunaren bila etorri gara, eta berarekin egon gura nuke.

ESKRIBAUA: Zaudete apur batean jesarrita, laster etorriko da. Orain eskola ematen dihardu.

Joxepa eta Paula jarlekura doaz, urduri xamar, ama aurretik eta alaba ondoren. Laster dator errektorea.

ESKRIBAUA: Errektore jauna, zurekin egotera etorri dira.

ERREKTOREA: Zer dugu?

JOXEPA: Ni...

ERREKTOREA: (Eskribaua seinalatuz) Lasai. Eskribau jaunaren aurrean, ziurtasun osoz hitz egin dezakezu.

JOXEPA: Olazarango Joxepa naiz, Mendiko kalean neure gizonarekin eta familiarekin bizi naizena. Gure etxea kale-baserria denez, bertako lanetik bizi gara. Bi seme-alaba ditugu, eta hauxe da gure alaba, Paula.

ERREKTOREA: (Abegikor) Zer gertatzen zaizu niregana etortzeko?

JOXEPA: Badaki berorrek gaurko gazteak nolakoak diren eta... Paula ere gaztea da, eta adin onekoa.

ERREKTOREA: Eta zer? Hustu egizu zure barru hori beldurrik gabe, Joxepa.

JOXEPA: Paula umedun dagoela! Hiru-lau hilabetekoa!

ESKRIBAUA: Haurdun esan nahi duzu? Eta horrekin zatoz guregana?

JOXEPA: Norengana bestela, errektore jauna? Gauza horiek ez dira bakarrean egindakoak izaten. (Alabari begira) Honek esaten duenez, hemengo ikasle batek badu zerikusirik.

ERREKTOREA: Horrela al da, Paula? Nor da?

PAULA: Rafael Mendizabal, errektore jauna. Badaki berorrek non dagoen Kale Barriako aroztegia? Hurrengo etxean bizi da, eta hemen dihardu ikasten.

ERREKTOREA: Ondo ezagutzen dut. Ziur zaude bera dela?

PAULA: Bai, errektore jauna. Gaztetan, lagunartean, txirikiletan eta jolasean sarritan ibilitakoak gara. Buruhandietan ere, (Irribarretsu) hamaika lasterka egin izan dugu elkarrekin. Aspalditik gara ezagunak, lagunak.

ESKRIBAUA: Eta berak ezetz esango balu?

JOXEPA: (Gogoz) Ezin du hori esan!

ESKRIBAUA: Zergatik ez, frogarik ez baldin badugu?

JOXEPA: Gure alaba fina eta bizimodu zintzokoa da! Eta oso etxekoia!

ERREKTOREA: Guk ez dugu hori zalantzan jartzen.

ESKRIBAUA: Eta bera, Rafael, jakinaren gainean dago?

PAULA: Gabon aurretik esan nion eta... (Lurrera begira) Ezin dela ezkondu, erantzun zidan.

JOXEPA: Horretxegatik etorri gara berorrengana, errektore jauna. Gauza batzuetarako gizona baldin bada, beste batzuetarako ere izan dadila.

ERREKTOREA: Eta zer nahi duzue orain?

JOXEPA: Hau garbi uztea. Herriko alkatearengana jo dugu, eta hark esan digu arazo honetan berori dela epaile nagusia, Rafael unibertsitateko ikaslea delako.

ESKRIBAUA: Horrelaxe daude jarriak hemengo legeak.

JOXEPA: Orduan, berorrek esan beharko du zer egingo dugun. Kontatu diogu berorri zer gertatu den, eta nolako egoera larrian agertzen garen. (Esku biak zabalduz) Hemendik aurrerakorik ez dakit. Bakar bakarrik, (Serio, eta ozen) hau nolabait konpondu beharrean gaudela.

ERREKTOREA: Zerbait egin beharko dugu... Horrelako kasuetan, alde batak auzia sartzen dio besteari.

JOXEPA: Hala baldin bada, aurrera auzi horrekin.

ERREKTOREA: Eskribau jauna, has gaitezen oharrak hartzen. (Paulari, gozo) Non izan zen eta noiz hasi ziren zuen... Zera... Bueno, horixe.

PAULA: Baratzean (Eskuarekin seinalatuz) lanean genbiltzala, sarri etortzen zen Rafael paseatzen. (Maiteminduta) Han egoten ginen pozik ahapeka berbetan; batzuetan gehitxoago, eta beste batzuetan gutxixeago.

JOXEPA: Nik ez nuen entzuten ze kalamatrika erabiltzen zuten, baina haien irribarrezko aurpegiei begiratuta, nahikoa zen ulertzeko.

PAULA: (Errektoreari) Kale bazterretan jendea txutxu-mutxuka ari da gure familiaren ohorea gutxietsiz. Baina jakin ezazu aita errementarien ermandadekoa dela, eta andero ibiltzen dela Korpus eguneko prozesioan. Eta auzokoren bat gaixotzen denean, ama beti egon dela laguntzeko prest.

ERREKTOREA: Barkatu Paula, baina ez didazu erantzun. Rafael nire ikaslea da, eta harrituta nago.

JOXEPA: Niri esan didanez, beti konpondu izan dira biak ondo, baina... beste kontu hori, abuztuaren amaieratik San Migel bitarteko gauza omen da. Hitz politekin eta agindu askorekin engainatu zuela, eta honek dena sinetsi. Bene benetan sinetsi gainera! Bi aldiz: behin, eguerdiko hamabi t’erdiak aldera Larrastegiko etxe ostean, eta beste behin Maria Umerezen oilategi ondoan, arratsaldeko zortziak aldera.

ESKRIBAUA: Eta nola konpondu nahi duzue arazo hau?

JOXEPA: Lehen esan dudan moduan: ezkonduta.

ESKRIBAUA: Eta, ez duela nahi esaten badu?

JOXEPA: (Haserre, eta ahotsa altxatuz) Hara, ezkontzerik ez baldin badu nahi, gutxienez legearen aurrean umea ezagutu beharko du! Eta berrehun dukat eman, hazi artean behintzat.

ERREKTOREA: Txarrean baino, onean konpontzea hobe izango da.

JOXEPA: Barkatu, errektore jauna, baina odola berotzen zait berehala.

ERREKTOREA: Ez da ardura. (Eskribaua seinalatuz) Eskribauak jaso ditu zuek esandakoak, eta auzi hau martxan dago. Lehenengo, unibertsitateko txinelak Rafael bertako kartzelara eramango du arazo guztia argitu arte.

ESKRIBAUA: Ondoren, alde bietako lekukoei entzungo dizkiegu. Hasi beraz, Joxepa anderea, lekuko bila. Rafaelen familiari berdin egiteko eskatuko diogu. Guztiei entzundakoan, errektore jaunak erabakia hartuko du.

ERREKTOREA: Patxadan egon zuek, eta zerbait balego, jakinaraziko genizueke.

JOXEPA: Konfiantza horrekin geratzen gara.

Ama-alabak lasai doaz agertokiaren atzeko aldetik irtetera, ama aurretik eta alaba ondoren. Errektorea eta eskribaua gertatutakoari buruz hitz egiten hasiko dira, baina ez da entzungo.


HIRUGARREN EKITALDIA - MENDIZABALDARRAK

Errektorea eta eskribaua bertan daudela, Maritxu Mendizabal sartzen da. Aurreko emakumea baino dotoreago jantzita dago, eta bere ibilera ere tenteagoa da.

MARITXU:... (Ziurtasunez hitz egiten hasten da, horrelako tokietara ohituta dagoen adierazle) Egun on, jaunak. Rafael Mendizabalen ama naiz, eta berorrekin hitz egin nahiko nuke.

ERREKTOREA: Zain ninduzun.

MARITXU: Zer dela eta sartu duzue gure semea unibertsitateko kartzelan? Kulparik duen ala ez jakin gabe?

ESKRIBAUA: Auzi hau argitu arte sartu dugu kartzelan.

MARITXU: Eta bi edo hiru hilabete iraunez gero? Aurtengo ikasturtea galdu egingo du.

ERREKTOREA: Arrazoia duzu. Hori konpontzeko zera egin dezakegu, hogeita hamar errealeko fidantza aurreratu, eta zeu arduratu semea Oñatitik atera ez dadin.

MARITXU: (Dirua ematen diola) Tori. Horrela behintzat ez gara gizona eta biok kezkatan egongo. Badaki berorrek bart gauean ez dugula begirik batu? Nork pentsatuko zuen halakorik gertatuko zenik? Guri hori egin!

ESKRIBAUA: Zergatik diozu?

MARITXU: Gezurra delako! (Biei begira) Gure mutila zintzoa da. Olazarandarrek diotenez, bi bider ibili da Paularekin ze... horretan, behin eguerdian eta bestean zortziak aldera. Bata ere ezin daiteke egia izan, guk hamabietan bazkaltzen dugulako eta zortzietan afaldu. Neuk dakidanez, Rafael beti izan da etxean otorduetan. Hortik ikusten da besteak gezurretan ari direla. Gainera, ez da sekula gauez irteten. Paula berriz...

ESKRIBAUA: Besteek ez dute hori esaten.

MARITXU: Zer esango dute bada? Rafael etxe onekoa da, lege-ikaslea, eta etorkizuneko mutila.

ERREKTOREA: (Gelan paseatzen hasten da, alde batetik bestera) Jarraitu. Neuk izan behar dut epailea, eta ez nuke ezjakinean egon nahi.

MARITXU: Ez dut uste gure mutila neska horrekin ibili denik... lan horietan. Esaten dutenez, buruarin eta belendrin xamarra da neska hori, eta ikusi izan dute beste batzuekin ere. Lekukoak baditut, bat eta bi baino gehiago, premia izanez gero, hona hitz egitera etortzeko gertu egongo liratekeenak.

ESKRIBAUA: Bere amak, Joxepak, fina eta etxekoia dela dio.

MARITXU: (Agudo) Ez dut esan fina ez denik. Fina eta polita izango da. Bakarrik esan dut, burua arin samarra daukala, eta ez dela uztarri batean lotuta egotekoa. Badago jendea han eta hemen ikusi izan duena.

ESKRIBAUA: Han eta hemen?

MARITXU: Iaz Bergarako ostatu baten ibili zen lanean, eta hara joaten zen Bartolo kinkilariaren adiskidea zen. Sarri opariak jaso omen zituen harengandik: gonaren bat edo tela-zatiren bat. Orduan, uda partekoa bada gauza hori, izan daiteke...

ESKRIBAUA: Kaskal asko dabil kaleetan marmarka, eta entzundakoarekin bakarrik ez goaz inora auzi honetan.

MARITXU: (Haserre antzean) Errementariko Andresak aurkitu zion Paulari Bergarako ostatua, eta prest dago testigantza emateko. Diotenez, hara heltzen ziren gizonekin berehalaxe egiten zen lagun.

ESKRIBAUA: Geure aurrean aitortu behar dute lekukoek, esandako guztia egia izango dela Gurutze Santuaren aurrean zin egin ondoren.

ERREKTOREA: Urliak esan duela eta, hori ezta formalidadea erabakiak hartzeko.

ESKRIBAUA: (Errektorea seinalatuz) Sasi-letratu ospea ipiniko diote bestela.

MARITXU: Horrez gain, Mazpelako batekin ere harremanak izan omen zituen iaz. Bere izena ez dakit, baina Arrangorri deitzen diote.

ESKRIBAUA: Mutikote kankailu hura? Ez dakit ba...

ERREKTOREA: Ez daukat arazorik istorioak entzuteko, baina, mesedez Maritxu, izenak jakitea komeni zaigu.

MARITXU: Atzo bertan, batek aitortu zidan ikusita dagoela bera Paula, Arrangorri horren belaun gainetan jarrita. Eta tabernan horrela ibiltzeko, pentsa dezake berorrek...

ERREKTOREA: Ondo dago. Besterik badakizu?

MARITXU: (Bere buruari garrantzia emanez) Rodrigo Merkado Zuazolak unibertsitate hau jasoarazi zuenean, ospetsu bilakatzea nahi izango zuen. (Errektoreari, zorrotz) Baina honelako auziek mesede gutxi egiten diote bere izen onari.

ESKRIBAUA: Argibideak eta lekukoak bilatzeko, nahikoa dira hogeita hamar egun?

MARITXU: (Irribarrez, auzia irabazita ikusten duelako) Aste betean aurkituko dut gura adina argibide, bai horixe!

ERREKTOREA: Prest izango gara zure lekukoek diotena jasotzeko.

Buelta eman ondoren, Maritxu patxadan doa


LAUGARREN EKITALDIA - RAFAELEKIN

Errektorea eta eskribaua bakarrik daude.

ESKRIBAUA:... Alde bakoitzeko zortzi lekuko pasatu dira hemendik, errektore jauna. Ilun samarra dugu irtenbidea?

ERREKTOREA: Ezta erraza, ez.

ESKRIBAUA: Nire iritziz, oraindik lekuko bat falta zaizu: Rafael!

ERREKTOREA: Jakina! Eskribau jauna, portatu zara! (Errektoreak pozik ematen dio eskua eskribauari, eta Rafaelen bila bidaltzen du)

Laster agertzen dira biak.

ERREKTOREA: Ongi etorri, Rafael. Zer moduz moldatu gara azkenengo azterketetan?

RAFAEL: (Eskribaua bere mahaira doan bitartean, Rafael erdian dago, urduri samar) Gustura geratu naiz, errektore jauna. Auziak eragin zizkidan beldurrak uxatu, eta denak gainditu ditut.

ERREKTOREA: Nabarmentzeko notaren bat, bai?

RAFAEL: Zuzenbide administratiboan bikain atera dut, eta erromatarrean cum laude, errektore jauna.

ERREKTOREA: Galdera pare bat bakarrik egingo dizut. Gabonak aurretik, Paulak berarekin ezkontzeko eskatu zizun, eta ezetza jaso zuen?

RAFAEL: Horrelaxe da, errektore jauna.

ERREKTOREA: Ezetza eman baino lehenago, etxean komentatuko zenuen, ezta?

RAFAEL: Bai, errektore jauna. Aitari eta amari aipatu nien.

ERREKTOREA: Ederki. Gauza bat esan behar dizut: badakidala nor izango den Paularen senarra: Bartolo!

RAFAEL: (Harrituta, eskuak burura eramaten dituela) Bartolo? Badaki berorrek nolakoa den arlote hori?

ERREKTOREA: Ez, ez, nahastu egin naiz. Arrangorri esan beharrean, Bartolo esan dizut. Arrangorri da, bai. Garbi dago. Paulak Arrangorrirekin ezkondu beharko du.

RAFAEL: (Ozen) Arrangorrirekin? (Esku biak erabat zabalduz) Basakristau hutsa da hori baina?

ERREKTOREA: Bai. Ez daukat inolako zalantzarik. Dena dela, ez esan inori bihar arte. Zuri, lasai egotearren aipatu dizut.

RAFAEL: Errektore jauna. Baina nik... (Apal doa errektorearengana. Zerbait esaten dio belarrira, eta biak alde egiten dute, errektoreak eskua Rafaelen bizkarrean ipinita.)


BOSGARREN EKITALDIA - ERABAKIA

Joxepa eta Maritxu langelan sartzen dira. Bakoitza alde banatan ipiniko da, elkarri ia aurpegira begiratu ere egin gabe.

JOXEPA-MARITXU:... Egun on jaunak!

ERR-ESK: Baita zuei ere.

ERREKTOREA: (Zutitu ondoren, bere lekutik ekiten dio) Luze joan zaigu auzi hau, alde biek arrazoiak bota dituzte. Baduzue beste esatekorik erabakia hartu baino lehen?

JOXEPA: Nire aldetik ez, jauna.

MARITXU: Niretik ere ez.

ERREKTOREA: Niri oraindik, zer edo zer falta zait... Zuek Maritxu, eguerdiko hamabietan bazkaltzen duzue eta zortzietan afaldu, ezta?

MARITXU: (Ziur) Bai jauna.

ERREKTOREA: Eta, zure ustez, Rafaelek ez du inoiz otorduetan huts egin.

MARITXU: Ez jauna. Mutil fina da, eta beti egoten da ordu horietan etxean.

ERREKTOREA: Baina, senarrarekin kanpora joan beharra izaten duzulako, noizean behin ez zarela etxean egoten ere egia al da?

MARITXU: Bai jauna. (Apur bat urduritzen hasi da) Dendariak garenez gero, batzuetan herritik irten beharrean agertzen gara, egun bat edo birako.

ERREKTOREA: Eta uda partean edo San Migel inguruan, irten beharrik izan zenuten?

MARITXU:... Ez naiz ondo gogoratzen. Baliteke.

ERREKTOREA: Horixe jakin nahi nuen erabakia hartu aurretik.

Errektoreak keinu bat egiten dio eskribauari, eta hau kanpora doa.

Zutitu ondoren, errektorea emakume bien erdian ipintzen da, tente. Eta era solemnean jarraitzen du.

ERREKTOREA: Jaun-andreok, hauxe duzue epaia...

Eskribaua Rafael eta Paularekin sartzen da, eta errektorearen alde banatara eramaten ditu. Honek bioi eskutik heltzen die, bienak aurrean uztartuz.

ERREKTOREA: (Dotore eta ozen) Ni neu izango nauzuela, Paula Olazaran eta Rafael Mendizabal ezkonduko dituen apaiza!

Ondoren, giro onean, bertsoak amaitu arte bertan jarraituko dute, berbetan.

BERTSOAK - AMAIERAKOAK
Doinua: Misiolari baten moduan

Neska-mutiloi neke ta lanak
hala konpondu dizkiete,
kostata, baina azken batean
biak uztartu dituzte.
Herritar eta ikasleei ere (b)
hori gustatu baitzaie,
errektore ta eskribau jaunak
lasaitua hartu dute.
Zoriontsuak izan zaitezte
bostehun edo mila urte.

Paula aurreraino etorriko da, amaierako bertsoa abesten hasteko. Bisean behean dauden abeslariek lagunduko diote.

Amaierara iritsi gara ta
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan asmatuko dugu (b)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra.
Jairako_ordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!


1845. urtea: Oñati Gipuzkoan anexionatu zen.

EGITURA

- Emanaldiak
2017ko irailaren 24an, igandea, hiru emanaldi eskaini ziren Lazarraga jauregiaren lorategian, 12:00etan, 13:00etan eta 15:30etan, KMK17 Kilometroetako egitarauarekin auzolanean.

Eta 2017ko irailaren 29an, ostirala, emanaldi bat eskaini zen Santa Ana antzokian, 19:30etan, San Migel jaietako egitarauaren barnean.

- Pertsonaiak- Agertokian azaltzen diren eran:
1/2- Abeslariak: Rosita Markuleta eta Jose Luis Bikuña
3- Juan Bautista Kortabarria alkatea: Ixidro Palacin
4- Bixente Artazkotz, komisioko burua: Xabier Oregi
5- Kale Barriko Madalen dendaria: Ana Mari Markuleta
6- Araotz auzoko Migel baserritarra: Migel Angel Agirre
7- Etxaluzeko Maria Gomendio anderea: Maritxu Baños

- Antolaketa:
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar
Harreman instituzionalak: Ana Mari Markuleta
Diruzaina: Jabier Atxa
Agertokia: Benjamin Billar
Partiturak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Megafonia: Ikustek
Jantziak: Lantzen
Babeslea: Oñatiko Udala

- Garapena
- Bertsoak - Hasierakoak
- Lehen ekitaldia - Udaletxeko aretoan - Alkatea
- Bigarren ekitaldia - Artazkotzekin - Alkatea eta Komisioko burua
- Hirugarren ekitaldia - Kaletarrekin - Alkatea eta dendaria
- Laugarren ekitaldia - Auzotarrekin - Alkatea eta baserritarra
- Bosgarren ekitaldia - Jauntxoekin - Alkatea eta Gomendiotarra
- Seigarren ekitaldia – Erabakia - Alkatea, Komisiokoa, kaletarra, auzotarra eta jauntxoa.
- Bertsoak - Amaierakoak

- Sinopsia
Gebaratarren menpe hainbat mendeetan egondako konderria da Oñati. Nahiz eta urteroko juntetara gonbidatu gisa joan, ez zuen inongo probintziatan parte hartu izan 1845. urtean Gipuzkoara anexionatu zen arte.

Baina ez zen egun bakar baten hartutako erabakia bilakatu, hamarkada askotako gorabeheren amaiera baizik.

Azpimarratzekoa da Oñatik Arabarako probintziarekin Gipuzkoarekin adina muga duela, Arantzazura igotzerakoan garbi ikusten denez, eta Nafarroa ere Aizkorritik gertu dugula. Bestalde, gure euskarazko hizkerak bizkaitar kutsu nabarmena duela gaineratu behar da.

Antzerki honetan, oñatiarrek azaldutako arrazoiak eskainiko dizkizuegu, baita Gipuzkoarekin bat egiteko adostutako hiru baldintza nagusien xehetasunak ere. Auzotarren zein kaletarren ordezkariek beraien iritziak eman zituzten udalak antolatutako batzarretan, eta sarritan kontrajarriak zirelako, eztabaida sutsuak izan ziren Gipuzkoan sartzeko erabakia hartu aurretik.

- Dekoratua
Udaletxearen aldamenean dagoen Lazarragatarren jauregiko lorategian antzeztuko da, Foruen Enparantzatik gertu.

Agertokiak 0,50 metroko altuera izango du, eta 6x6 metroko zabalera. Jauregiaren eta lorategiaren artean egongo da, eta aulkiak belarraren gainean ipiniko dira. Agertokiak udaletxeko areto nagusia irudikatzen du. Bertan bi aulki-patroi daude aldamenetan, eta erdian, atzean, jarleku apalago bat.

Jantziei buruz, herritar arruntek euskal jantzi tradizionalak eramango dituzte. Alkatea, komisiokoa eta anderea, berriz, jantzi dotoreekin daude, antzerkirako bereziki egindakoak.


BERTSOAK – HASIERAKOAK
Doinua: Iparragirre abila dela

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Oñati zeharo murgildu da
Kilometroetako jaian.
Plaza eta kalean (b)
harmonia onean
jendea dabil gustura,
jai giro honetan orain dator
antzerkia ikustera.

Gaurko gure lan apal honetan
agertuko dugun gaia,
mila zortziehun ta berrogeita bostean
hemen gertatu zena da.
Esandako guztia (b)
gehiena da egia
gu ez gara ta gezurti,
gure historia oroituaz
gora dezagun Oñati.


LEHEN EKITALDIA – UDALETXEAN

Agertokian alkatea egongo da denbora guztian, eta batzarrera bertaratu diren herritarrak, aurreko lerroko aulkietan jesarrita egongo dira antzerki denean. Eta ikusleak atzean, lorategi erdi guztian ipinitako jarlekuetan.

ALKATEA: (Taula erdiraino doa, patxadan eta tente, bere aginte-makila eskuan hartuta)... Herritar maiteok... Kontzejuak bere azken bileran erabaki zuenari jarraituz, eta Oñatiko herri guztiari deia pasatu ondoren, gaur, ostegunez, 1845. urteko irailaren hamaikan, hemen elkartu gara batzarrean.

Lasai, alde batera eta bestera dabilela.

Erabaki behar duguna, garrantzitsua da benetan: Oñati Gipuzkoa probintzia barruan sartzea bai ala ez, gauza eta kontu denetarako, Arrasate eta Legazpi, Bergara eta Urretxu dauden moduan...

Behean dagoen jendeari begira.

Lehenengo, Batzar Nagusira joan zirenei entzungo diegu (Bixente Artazkotz dagoen lekua seinalatuz); eta ondoren, auzotar eta kaletarrok esatekorik baldin baduzue, bota beldur barik. Denon iritzia entzun eta gero, erabakia hartuko da: baietza ala ezetza (Eskuina alde batera eta bestera mugituz), gehiengoak nahi duena.
Artazkotz igotzera gonbidatzen du.


BIGARREN EKITALDIA - ARTAZKOTZEKIN

Artazkotzek igotzen du taula gainera. Herriko jauntxoa dela igartzen zaio berehalaxe. Dotore jantzita, tente eta harroputz samar igotzen da, alboetara begiratu barik. Agertoki erdira ailegatutakoan, patxadan hasiko da.

ARTAZKOTZ:... Bixente Artazkotz nauzue, Lazarragatarren jatorrikoa, eta lehen alkate jaunak aipatu duen komisio horretako buru.

ALKATEA:... Bakarrik zatoz?

ARTAZKOTZ: Hona gora neu bakarrik agertzea erabaki dugu. Dena den, hor dituzue komisioko lagunak eta nire emazte maitea, zeozertarako behar baldin baditugu (Lagunak eta emaztea seinalatzen ditu).

ALKATEA: Aurrera, horrela bada.

ARTAZKOTZ: (Aurrean jesarrita dagoen Agustin seinalatuz) Agustin eta biok joan ginen herri honen izenean Ordiziara duela hilabete, Gipuzkoako Batzar Nagusirako gonbitea jaso genuenean.

ALKATEA: Aurretik, kontatu egizkizu nolakoak izaten diren Batzar horiek.

ARTAZKOTZ: Aste bete irauten dute, eta lehenengo eta azkenengo egunak jai hartzen dira. Astelehenetik aurrera, ostera, goizetik ilunkaraino lanean eten barik, gaiak erabakitzen, denon probetxurako. Laurogei bat elkartu ginen: herri denetako ordezkariok, bertako kontzejukoak eta apaizak.

ALKATEA: Guk, kontzejukook badakigu Gipuzkoan sartzeko zelako baldintzak jarri genituen, baina hemen jende gehiena ezjakinean dagoenez gero, komenigarria izango litzateke kondizio horiek gehihago argitzea.

ARTAZKOTZ: (Eskuan zituen paperak zabalduz) Hauek dira oñatiarrok jarri eta batzarrekoek onartu zituzten hiru baldintzok:

1. Ormaiztegitik Gatzagara zabalduko den erregebideak probintziaren gain joan behar du. Bi urteren barruan egin behar den bide hau Udanatik behera etorriko da, eta herri barrutik pasatu ondoren, San Prudentzioko bide gurutzeraino ailegatu.

2. Probintziak, orain dela gutxi arte unibertsitate zenari, eta orain zoritxarrez institutu moduan dagoenari, urtero hogei mila errealen bidez lagunduko dio.

3. Egunen baten institutu hori berriz unibertsitate bihurtuko balitz, laguntza hori neurri egokian gehitu beharko litzateke... Komisioaren ustez, hirurak dira komenigarriak Oñatirako.

ALKATEA: Ederto. Orain herritarren iritziak entzungo ditugu.

ARTAZKOTZ: (Aulki-patroia seinalatuz) Hortxe egongo naiz.

Aulkira doa, lasai.


HIRUGARREN EKITALDIA - KALETARREKIN

Kaletar batek igotzen du. Itxura apaleko emakumea, etxekoandrea da.

MADALEN:... Madalen joskina naiz, Kale Barrikoa.

ALKATEA: (Apal, adiskidetsu) Zer daukazu esateko?

MADALEN: Gauza handirik ez. Gipuzkoan sartzea edo arabarrekin elkartzea niri berdin zait. Dena dela, nik esan gura nizuena hauxe da: baldintza, puntu, tratu eta legetikoen bestelako berba dotoriok alde batera utzita...

ALKATEA: (Moztu egiten dio) Zela baztertuko ditugu baldintzok, gaurkoan horretarako batu baldin bagara?

MADALEN: Utz egidazu amaitzen. Niri unibertsitatea bere zereginera itzultzea gustatuko litzaidake. Unibertsitateak Oñatiri bizigiroa eta poza dakarkiola bistan dago.

ALKATEA: (Publikoan dagoen baserritar bat seinalatuz) Baserritarrek ez dute hori esaten.

MADALEN: Orain ikasle falta nabarmen igartzen da. Izan ere, institutu bihurtu gure unibertsitatea, Bergaran beste institutu bat dagoenean!

ALKATEA: Aldekoak bakean uztea hobe dugu.

MADALEN: Kaleak animatu eta denda-tabernak bete daitezen ikasle askoko unibertsitatea behar dugu. Gure etxean ere hiru ikasle hartzen genituen, eta eurak mantenzteko ez genuen larregiko buruko minik izaten: intxaur urtea zela, ba intxaurrak! Sagar urtea zela, ba sagarrak! Eta denok pozik. Orain ostera... Nire senarra iltzegina da, eta bere kofradian ere haserre daude.

ALKATEA: Hona ez gara herritarren arteko tirabirak entzutera etorri. Gipuzkoako anexioa da gaia.

MADALEN: Iltzeginak, errementariak, sarrailagileak, joskinak, ehulak, gorulariak eta kapaginak ematen diogu bizitza Oñatiri, eta ez eskribau, mediku, botikario, maixu, enpresariak edo dendariak.

ALKATEA: Itxura denez, Madriletik Pariserainoko trenbidea egitekotan dira, Donostiatik pasatuz.

MADALEN: Eta guri, zer?

ALKATEA: Trenori hemendik pasatuko balitz, laster amaituko lirateke gurdizain eta mandazain askoren bide nekoso eta ibilera negargarriak. Tren horiek edozein karga azkar eta ugari azkenengo bazterreraino eramateko gauza ei dira.

MADALEN: Akabo orduan gure bidezainok! Zazpi seme-alaba ditut eta, non egin beharko dute lan?

ALKATEA: Trenbidea inguruan izan ezkero, Oñatin egindako iltzeak eta erremintak egun batetik bestera ailegatuko lirateke komeni den lekuraino: bai itsas aldera Ameriketara bidaltzeko, bai Bilboruntz edo Gasteizeruntz, nahi bada.

MADALEN: Zela pasatu ahal izango du trenak gurea bezalako paraje menditsu eta aldrebesa? Aurkituko du bai beste pasabide aproposagoren bat.

ALKATEA: (Arabako mendiak seinalatuz) Non da Araba bitartean mendi bariko herririk? Doan lekutik doala tren hori, mendiok behin baino gehiagotan zulatu beharko dituzte.

MADALEN: Oñatik ez du tren eta makina beharrik, bertako gazteak emigratzen ikustea gura ez badu behintzat.

ALKATEA: (Mahaitik mapa handi bat hartzen du, eta zabaldu ondoren) Bart gauean arkatzarekin mapa gainean jardun nuen, eta badakizu zerekin konturatu nintzen? Gasteiztik Donostiara arrasto zuzen bat egiten baldin bada, Oñati gain gainetik pasatzen da. Bide motzena izanda, ez nintzateke batere harrituko burdinazko trenbide hori gure herrian zehar egingo balitz.

MADALEN: Lanpostuak suntsituz, jakina. Ez dut garbi ikusten Gipuzkoan sartzeko kontu horietan, noren interesak defendatzen zabiltzaten.

ALKATEA: Gauza gehienetan probintzia horrekin aspalditxotik lotuta gauden ezkero, jarraitu dezagun azkeneraino.

MADALEN: Nire ustez denok lana mantentzeko, gauden bezala jarraitzea hobe da.

ALKATEA: Ondo dago, Madalen. Gero egingo dugu bozketa.

MADALEN: Hemen geratuko naiz.

Jarlekura doa, lasai


LAUGARREN EKITALDIA – AUZOTARREKIN

Baserritar jantzitako auzotar bat igotzen da, urduri samar.

MIGEL:... Txantonbaldueneko Migel Angel naiz. Araotz auzokoak ere zerbait esateko badaukagula, eta horretara nator. Galdetu zaie Arabako Batzarrekoei eurek zer pentsatzen duten?

ALKATEA: Kaletarrok ez diagu (Seinalatuz) Larrea, Barria edo Zalduondoko jaietara joateko ohiturarik.

MIGEL: Oñatin garia, artoa edo soroko gauzak falta direnean, nora joten dugu ba? Nondik ekartzen dira edaten ditugun ardo apurrok? Nora bidaltzen ditugu herriko oletan egindako erreminta eta iltzeak? Gipuzkoarekin adina muga dugu Arabarekin, eta Gasteiz Donostia baino askoz hurrago.

ALKATEA: Arrazoi faltan ez habil, Migel Angel, baina kontuan hartu behar duk soroko gauzak eta ardoak, nahiz eta gehienak Arabatik ekarri, (Eskuak jasoz) Nafarroatik eta beste hainbat lekutatik ere inguratzen ditugula.

MIGEL: Ez hain eroso behintzat. Gure larrainetik ordu t’erdian sartzen zara Larrean. Hona adina, ia ia.

ALKATEA: Edozein modutan ere, arrazoirik pisutsuena ez duk hori. (Zer erantzun ez dakiela, urduri jartzen) Eta izanda ere, badakik zelako bidea dagoen Oñatitik Arabara?

MIGEL: Ez uste Donostiarakoa errazagoa denik. (Gaia aldatu nahian) Bidea bide, ez ote dira unibertsitateko beste bi baldintzok aldrebesagoak? Igarriko ote du gure ukuiluak hobekuntzarik?

ALKATEA: Hara ze konturekin datorren oraingan. Ukuiluarekin, non eta kontzejuan!

MIGEL: Nire iritziz, unibertsitatea berriro jartzearekin kaletarrak bakarrik dute irabazbidea.

ALKATEA: (Ontzat emanda, sorbaldak jasoz) Arrazoi puntua badaukak Migel, baina hori ez duk dena.

MIGEL: Nik esan gura dudana zera da, banaka batzuen komenentzian egin dela tratu hori; ez dago hiru puntuak aztertu besterik.

ALKATEA: Kalera bizitzera jaitsi besterik ez duzue.

MIGEL: Azkenengo gerratean ere, karlistak zirela edo liberalak zirela, eskatzen zuten bakoitzean baseritarrok eman behar izaten genuen gehien: bi idi, lau behi eta bi txahal genituela, ba txahal bat eurondako. Hamar opil erre genituela, hiru inondako. Kaletarrek ostera, bazekiten euren txanponak ondo gordetzen, bai.

ALKATEA: Urruneko intxaurrak hamalau, bertara joan eta lau. Ze uste duk? Guri ez zigutela kentzen?

MIGEL: Egun beltzak pasatzen dihardugunean, zerbait hartuko genukeenean, ez da katurik be gurekin gogoratzen. Guk adina ondo dakizue unibertsitateko ikasleak kalean uzten dituztuela euren diru pitinok, ostatu, taberna, arropa denda eta halakoetan.

ALKATEA: (Eskuak zabalduaz, gogoz). Horixe komeni zaiguk! Ikasleok dirua herrian uztea. Nongo okela jaten dutela uste duk? Nongo ogia, esnea eta arrautzak? Zeuek edo zeuelakoek ekarritakoak! Dirua egonez gero, esku batetik bestera ibili dadila bueltaka, denon onerako.

MIGEL: Hala eta guztiz ere, guk beste baldintzaren bat ipiniko genuke. Baserritarrentzako hobekuntzaren bat izan beharko luke. Kontuan hartu besterik ez dago Oñatin kalean adina jende bizi dela auzoetan, gehiago ez bada.

ALKATEA: Ondo irizten zaidak hik hori esateari, baina mesedez, ez gaituk atzera lehengoarekin hasiko, ezta?

MIGEL: Gure auzoan ziur gaude Arabako Batzarretik baldintza hobeak lortuko genituzkela. Lautadako herrikoekin primeran konpondu izan gara beti.

ALKATEA: Baina ez duk entzun zelako abantailak izango ditugun Gipuzkoan sartzen bagaituk?

MIGEL: Abantailen ordez beste zer edo zer etxeratuko ez ote zaigun beldurrez nago. Baietz hurrengo urtetik aurrera udalak kontribuzioa jaso, bide berri horren mantentze lanetarako!

ALKATEA: Kontuan hartuko diagu. Lasai horregatik.

MIGEL: Hemen geratzen naiz neu ere.

Jarlekura doala, patxadan.


BOSGARREN EKITALDIA - Jauntxoekin

Maria Gomendio igotzen da taula gainera, dotore jantzita. Maria apur bat lotsatuta igo arren, tenple onean hasiko da berbetan.

MARIA: Maria Gomendio nauzue, eta Etxaluzen bizi naiz.

ALKATEA: Ongi etorri, denon iritzia jakitea komeni zaigu eta.

MARIA: Nik dakidanez, Gipuzkoako bizilagunak kontutan hartuta, gure aitajaunaren sasoian Oñati baino handiagoa Donostia bakarrik zen.

ALKATEA: (Gaiarekin apur bat harrituta) Bizilagun aldetik, gaur ere antzera ibiliko gara.

MARIA: Ez jauna. Tolosak eta Bergarak aurrea hartu digute.

ALKATEA: Neska-mutil zahar larregi dagoelako da. Eta komentuak? Oñatin besteko erlijioso dagoen herririk, gutxi.

MARIA: Eta guztiak beharrezkoak! (Serio, alkateari). Hobe ote da gazteak kale bazterretan lizunkeriatan edo taberna zulotan edaten ikustea?

ALKATEA: Zarate, Plaza, Antia... (Pentsatuz, izenekin oroitzen ez delako) Eta zuen familiak dituzue Oñatiko baserri, ola eta tailerrik gehienen jabetza.

MARIA: Nahastuta zabiltza. Zer ikusi du Oñatiko bizilagunen gorakadak gure ondasunarekin?

ALKATEA: Bergara eta Tolosa gu baino gehiago hazi direla eta, kezkati zaudelako erantzun dizut.

MARIA: Hazi bakarrik ez, hango etxe eta denda dotoreek bertako jendearen maila erakusten dute. Eta gu unibertsitatea galduta!

ALKATEA: Horrek arduratzen gaitu, itxita dagoela!

MARIA: (Argi) Nola konpondu izan dira bada gure aurrekoak, hainbeste denboran iraun ahal izateko, Oñati inongo probintziatan sartu barik?

ALKATEA: Bi berbatan esateko, gaur egun edozein gauzatarako influentzia handia behar izaten da. Gainera, azken garai hauetan aldakuntza ugari izan ditugu: matxinadak, iraultzak...

MARIA: Aitzakia zaharrak dira horiek.

ALKATEA: Zaila da Oñati bezalako herri txiki batek unibertsitatea mantentzea.

MARIA: Txikia, herri txikia. Eta orain artekoan, handia? Beste batzuk indartu eta gogortu diren neurrian, gu makaltzen eta nanotzen goazela iruditzen zait. Noizkoak dira Oñatiko monumenturik ederrenak, Unibertsitatea eta Parrokia? Noizkoak Bidaurreta eta Arantzazu?

ALKATEA: Garbi dago Gipuzkoarekin elkartu ezkero, ez digutela laguntasunik ukatuko.

MARIA: Nire familian urruneko salerosketako komertzioan jardun zuten beti. (Tente, petral samar) Itsasontzi ingelesek eta portugesek aurrea hartu arte.

ALKATEA: Barkatuko didazu, baina zuen komertzioa, (Zalantzan, ziurtasun larregi barik) ez da kontzejuaren ardura.

MARIA: Komertzioa ondo badoa, mediku eta eskribau, maixu eta botikarioak ere igarriko dute.

ALKATEA: Orain artekoan iraun dugu behintzat.

MARIA: Gipuzkoan sartzearen aldekoak gara etxean, zeharo. Aparte bizita ez dago etorkizunik.

Tente, aulki-patroian jesartzera doa.


SEIGARREN EKITALDIA – ERABAKIA

Alkateak Migel eta Madalen gonbidatzen ditu oholtzara. Bostak hau daudenean, alkatea agertokiaren erdira joan ondoren, berbetan hasten da, solemnitatez.

ALKATEA: Guztiok entzun dugu gaur hemen esan dena. Beste barik, bakoitzak aukeratu dezala gure herriaren onerako egokien irizten diona. Nork dio Oñati Gipuzkoako probintziarekin elkartzea ez dela komeni?

Banaka batzuk eskua jaso dute, han eta hemen, baina ez dira dagoen jendearen laurdenera ailegatuko. Astiro astiro, alkateak kontatzen ditu eta bere paperetan jaso.

Hamalau izan zarete... Eta orain, nork dio Oñati Gipuzkoako probintziarekin elkartzea komeni dela?

Gehiengo nabarmenak jasotzen du oraingoan eskua. Garbi dago. Hala eta guztiz, alkateak berriro kontatu egingo du, paperean jaso aurretik.

Hirurogeita hemeretzi izan zarete. Baiezkoak nagusitu dira. Hau ikusi ondoren (Pozik), hemendik aurrera benetako gipuzkoarrak izango garela esan daiteke.

Baiezkoak txaloka hasten dira.

Honek ospakizun dotorea merezi du. Soinua eta txistua izango da denontzat enparantzan, eta goazen bertara!

Pozik, alkateak eskua ematen die goian daudenei.


BERTSOAK – AMAIERAKOAK
Doinua: Misiolari baten moduan

Kondepekoak izan eta gero
mende pila luzeetan,
oñatiarrok sartu_egin ginen
Gipuzkoako Juntetan.
Jauntxo faltarik ez dugu izan (b)
ondorengo urteetan,
garai gogorrak pasatu arren
harrez gero_herri honetan,
lanerako grina ez da moteldu
txantxikuarron bihotzetan.

Gure lantxoa bukatu da eta,
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan ere asmatuko dugu (b)
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra;
jai giro_ordua heldu zaigu eta
zuentzat gure agurra!