Oñatiko lagun batzuk sortutako Kultur Elkartea

2016(e)ko azaroaren 14(a), astelehena

"Oñatiko hitzarmena"

PERTSONAIAK: Agertokian azaltzen diren eran, 2009ko emanaldian:
Lope Araotz, kontzejuko eskribaua
Juan Estibaliz, ohiko alkatea
Santxo Gartzia Garibai, ganboatarren buruzagia
Gartzia Ruiz Murgia, oinaztarren buruzagia
Demetrio Loperena, mandataria
Juana Sudube, herritarra
Domingo Arregi, herritarra
Maria Mendizabal, herritarra
Federiko Arrieta, herritarra
Pero Belez Gebara, Oñatiko kondea
Iñigo Belez Gebara, aurrekoaren semea eta oinordekoa
Konstanza Belez Gebara, kondearen emaztea
Rodrigo Merkado Zuazola, apezpikua
Joanes Garibai, Santxo Garibairen semea
Petra Garibai, Santxo Garibairen emaztea
Madalen, Petraren ahizpa
Leandro Igarzabal, Zubillagako olajauna
Genobeba Zañartu, herritarra
Anbrosio Zumalde, herritarra
Dominika Murgia; Gartzia Murgiaren emaztea
Manuel Lezesarri, herritarra
Benedikta Agirre, herritarra
Migel Baltzategi, Donostian bizi den oñatiarra
Andres Iturralde, iltzegina

PARTEHARTZAILEAK
TXIRULARIAK
Aitor Atxa, Mikel Biain, Nagore Bikuña, Unai Bikuña, Irati Fernandez, Irati Lete. ARTXILAUDA ETA DANBORRA
Joxe Mari Anduga, Pedro Mari Igartua.
BERTSOLARIAK
Xabier Bikuña, Itziar Iriondo, Karmen Iriondo, Eduado Korkostegi.

LEHEN EKITALDIA - Batzarrean
Lope Araotz: Jabier Atxa
Juan Estibaliz: Andres Zabala
Santxo Gartzia Garibai: Antton Mari Elortza
Gartzia Ruiz Murgia: Migel Anjel Agirre
Demetrio Loperena zalduna: Xabier Altzelai
Peru, beste zalduna: Luis Astigarraga
Juana Sudube: Maribi Korkostegi
Domingo Arregi: Enrike Olalde
Maria Mendizabal: Beatriz Igartua
Federiko Arrieta: Migel Anjel Zarketa

BIGARREN EKITALDIA - Kondearekin
Eskribaua, Ohiko alkatea, Garibai
Pero Belez Gebara: Ixidro Palacin
Iñigo Belez: Gaizka Palacin
Konstanza Belez: Mailo Torrealdai
Rodrigo Merkado Zuazola: Jexux Odriozola

HIRUGARREN EKITALDIA - Garibaitarrak
Eskribaua, Ohiko alkatea, Garibai
Joanes Garibai: Jon Elortza
Petra Garibai: Karmen Biain
Madalen Garibai: Mainttoni Biain
Leandro Igarzabal: Mitxel Mujika
Genobeba Zañartu: Arantzazu Garcia
Anbrosio Zumalde: Luis Mari Arabaolaza

LAUGARREN EKITALDIA - Uribarritarrak
Eskribaua, Ohiko alkatea, Murgia
Dominika Murgia: Maritxu Baños
Manuel Lezesarri: Santi Lizarra
Benedikta Agirre: Ana Mari Markuleta
Migel Baltzategi: Juan Mari Elortza
Andres Otadui: Jon Irizar

BOSGARREN EKITALDIA - Hitzarmena
Eskribaua, Ohiko alkatea, Kondia, Garibai, Murgia
KORUA: AMAIERAKO ABESTIA
Jabier Agirrebaltzategi, Karlos Agirrebengoa, Antonio Alonso, Iñazio Arkauz, Felix Arregi, Leonor Astigarraga, Mertxe Elkorobarrutia, Iñazio Enparanza, Roberto Errasti, Jesus Mari Igartua, Angel Iturbe, Mari Eli Lauzurika, Jabier Odriozola, Joxe Mari Odriozola, Txaro Uribetxeberria, Enkarna Urmeneta.

ANTOLAKUNTZA
Testuak eta zuzendaritza: Iñazio Irizar & Jerardo Elortza.
Komunikabideak: Jabier Altube.
Harreman instituzionalak: Antton Mari Elortza.
Diruzaina: Jabier Atxa.
Musika: Iñaxio Ibarrondo.
Jantziak: Oñatz dantza taldea, eta Lantzen.
Megafonia: Kirkil.
Agertokia: Pako Campo, Elias Igartua, Andres Aberasturi, Benjamin Billar, Jexux Etxeberria, Luis Maiztegi, Anjel Maiztegi, Andres Osinaga.
Diru bilketa Argentinako GKErako: Jose Antonio Urteaga.
Babeslea: Oñatiko udala

AKZIOA ETA DEKORATUA
Lan hau herri antzerkien arloan kokatuko genuke, pertsonaia askok hartzen dutelako parte, eta printzipioz herriko plazan edo antzoki batean emana izan daitekeelako.

Bost ekitalditan egituratuta dago, eta berauen arteko lotura bertsoen bidez egiten da, denbora tarte hori eskenatokia apur bat aldatzeko erabiliz. Antzerki honen akzioaren oinarrian antzinako jauntxoen eta herritarren arteko tirabirak eta eskumen-borrokak daude. Bestalde, herrikoen eta kanpotarren interes kontrajarriak ere ageri dira, oinaztar eta ganboatar leinukoek ordezkatuta.

Euskal Herrian XVI. mendea dinamismo handikoa izan zen. Merkataritzak izugarrizko indarra hartu zuen Ameriketako aurkikuntzarekin, eta ondorioz burdinari eta itsasontziei lotutako industria oparoa garatu zen. Horrez gain, garai hartan Euskal Herriko lehen unibertsitatea ere eraiki zen Oñatin, eta letra gizon, eskribau eta kontulari bikain ugari sortu ziren.

Testuinguru horretan dago girotuta antzerkia. Akzioari dagokionez, esan kondearen eta herritarren hitzarmena benetan gauzatu zela 1542. urtean, nahiz eta hemen jasotzen diren gertaera guztiak ez izan zehazki urte horretakoak, aurreko hamarkada batzuetakoak ere kontuan hartzen baitira.

Dekoratua oso soila izango da, enparantza nagusiko oholtzan antzeztuko delako, udaletxearen aurrealdean. Eskenatokiaren atzealdean hamasei aulki egongo dira, bi ilaratan, herritarrak parte hartzen duten ekitaldietan, eta aurrerago aulki-patroia ekitaldi guztietan. Bazter batean, eskribauaren mahaia eta aulkia. Aulki-patroian jesartzen dena izango da ekitaldi horretako antzezle nagusia: alkatea lehenengoan, kondea bigarrenean eta bosgarrenean, eta oinaztar eta ganboatar jauntxoak beste banatan. Aulki-patroiaren aldamenean beste mahai txikiago bat egongo da, xakean jokatzeko kondearen ekitaldian, edo fruta-otzararekin eta beste hainbat etxeko gauzekin betetzeko beste ekitaldietan.

Kondearen bi ekitaldietan ez da herritarrik izango, eta ondorioz ezta aulkirik ere atzealdean. Herritarren hiru ekitaldietan eskuin aldean kokatuko da eskribaua; kondearekin egiten diren bi ekitaldietan berriz, eskribaua ezkerrean egongo da.

Zahar kutsuko doinuz osatutako bertsoak agertoki aurrealdean kantatuko dira, bertsolariak oholtza txiki batera igota daudela. Ikusleek bertsoak eragozpenik gabe entzun ditzaten, hiru gaztek hosto berdez apainduta egongo den hamar metroko oihal zuri handi bat jasoko dute, bertsolarien eta agertokiaren artean.

Atzealdeko bazterretan lorontzi handi bana egongo da, jaisteko eta igotzeko dauden eskaileraren alboetan. Eta baita antzinako sei bandera ere, kondearen, ganboatarren eta oinaztarren armarriekin.

Parte-hartzaileek beraien mailari edo lanbideari dagozkien jantziak eramango dituzte soinean, eta ia guztiak osagarriren bat: oinaztar eta ganboatar jauntxoak ezpata bana, euren emazteek oihalak josten aritzeko tresnak, iltzeginak saskia, olagizonak kurrika handi batzuk, etab.

Amaierako hiru ahotsetarako kantarako berriz, agertokiko atzealdean beste bi oholtza txiki ipiniko dira, abeslari guztiei aurpegia ondo ikusi ahal izateko.

Antzerkia hasi baino hamar minutu lehenago, sei txirularik eta laute batek, danbor baten laguntzaz, bertsoen doinu zaharra joko dute behin eta berriz, garaiko girora hurbilduz joateko.


"BERTSOAK - HASIERAKOAK"

Aloña Mendi aldamenean
leku zabal ta lasaian,
Makalena egunean gaude,
Giro eder ta alaian,
ohitura zaharrari eutsiaz
jaietako antzerkian.

Artista kaskarrak garela
zuek ondo dakizue,
baina gure euskara jatorra
berriz entzungo duzue,
erakutsiko dizueguna
asko gustatuko zaizue.

Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dugun gaia,
Oñatin pasatu zen orain dela
bostehun bat urte ia;
historia gogoratuz
goratu dezagun herria!


LEHEN EKITALDIA - BATZARREAN
1. Agerraldia

(Agertokian jende-multzoa ageri da: batzarrean parte hartzen duten oñatiarrak dira, batzuk aurrealdean jesarrita, eta besteak atzean zutik. Urtero antolatzen da, behin gutxienez, eta bertaratu direnen artean daude herriko maiorazko kaletarrak eta auzoetako hamabost alkateak, batzuk euren emazteekin. Beste hauek ere bertan daude: ganboatarren Ahaide Nagusia Santxo Gartzia Garibai, eta oinaztarren Ahaide Nagusia Gartzia Ruiz Murgia.)

ESKRIBAUA:... (Irmo, eskuinean akta-liburua daukala) Jaun andre agurgarriok, batzarkide eta herritar guztiok, oñatiar maiteok... Lope Araotz batzar honetako eskribaua naizen aldetik, eta 1542. urteko maiatzaren hamabigarren egunean, ondorengo hau egiaztatzen dut: urte beterako ohiko alkate izateko bozketan Juan Estibaliz izan dela irabazlea.

Agur eta ohore, Estibaliz jauna!... (Txalo artean, alkate berria zutik zegoen lekutik aurrera dator, eskribauaren parera, bere inguruan daudenei eskua eman ondoren, eta baita eserita dauden jauntxo eta maiorazko guztiei ere. Ikusleek eskuaz agurketan ditu, irribarretsu) Derrigorrezko itauna egin behar dizut, Juan Estibaliz: onartzen duzu zeure borondatez Oñatiko ohiko alkate izatea ondorengo urte betean, datorren urteko maiatzeko batzar nagusira arte?

ALKATEA: (Irribarrez, eta tente) Bai, onartzen dut. Beste hiru bider ere ohiko alkate izandakoa naiz, eta jakinaren gainean nago zeintzuk diren nire betebehar eta ardurak. Horregatik, neure borondatez onartzen dut... (Batzarkideei irribarretsu begiratuz, eta jauntxoen parean zeremonia apur bat eginaz, erreberentzia keinu modukoa). Eta aurrekoan esan nizuen legez, ohore handia izango da niretzat.

ESKRIBAUA: Ordenantzek diotenez, batzarkide guztien testigantzaren aurrean bost kapituluren berri eman behar dizut ohiko alkatetzaren makila hartzen duzun momentuan: (Ordenantza-liburua zabaltzen du, eta mahai gainean utzita, alkateari eskua hartu eta bertan ipintzen dio, zabalik. Buruz jarraitzen du, urte askoan egin duen zeremonia berberarekin).

- Lehenengoa: Oñatiko antzinako usadioan ohiko alkatea urte baten ganboatarra izaten zen (Santxo Gartzia Garibai seinalatzen du eskuaz, eta hau jaiki egiten da jendeak ikusteko. Berehala jesarriko da), eta hurrengoan oinaztarra (Gartzia Ruiz Murgiak ere portaera bera jarraitzen du, seinalatua izan ondoren), eta herriaren mesederako eskubide hori batzarraren izenean utzi zutela hala adostuta.

- Bigarrena: Zure alkate-izendapena Oñatiko kondeak onartu behar duela.

- Hirugarrena: Beste bi alkate ere badirela herrian, alkate nagusia kondeak berak aukeratutakoa, eta ermandadekoa.

- Laugarrena: Ohiko alkatea izateaz gain, herriko epailea ere bazarela, eta

- Bosgarrena: Herritar guztiak ordezkatzen dituzula, kaletar nahiz auzotarrak, maiorazkoak zein maizterrak, Oñatin bertan eta hemendik kanpora.

ALKATEA: (Eskua ordenantza-liburuaren gainean ipinita) Aipatu dituzun bost kapituluak eta gainontzeko guztiak hartuko ditut kontuan. Zin egiten dut batzarkide guztien aurrean eta eskua ordenantza liburuaren gainean daukadala.
(Eskribaua, liburua hartuta, bere mahaira joango da. Han paper baten idazten hasten da, eta batzarkide bateri belarrira zerbait esango dio. Hau berehala irtengo da, atzeko aldetik).


2. Agerraldia

MURGIA: (Murgia zutitzen da. Dotore eta patxadan erdira dator, eskua alkateari luzatuta) Zorionak ohiko alkate Juan Estibaliz jauna! Urte emankorra eta probetxugarria izan dezazula.

ALKATEA: (Esku biekin Murgiaren eskuina hartuz, abegitsu) Estimatzen da, Gartzia Ruiz Murgia jauna. Une honetan ezin dizut besterik agindu, leiala, zentzuduna eta ondradua izango naizela baino.

MURGIA: (Pozik, eta jauntxokeriaz) Ez dago gaizki esanda, alkate jauna. Aurrekoetan ere zugan jarritako konfiantzari ondo erantzun diozu, eta ziur naiz oraingoan ere eutsiko diozula karguari komeni zaion eran. (Bere lekura doa esertzera)
(Garibai zutitzen da)

GARIBAI: (Murgiaren antzera egingo du dena, bera ere jauntxoa dela garbi geratu dadin) Zorionik beroenak, nire partez ere! Murgiak esan duenarekin bat nator (Eskua luzatuz).

ALKATEA: Estimatzen da, Santxo Gartzia Garibai jauna (Aurrekoari emandako tratamendu berdina).

GARIBAI: (Erdian, zutik eta tente, bere jauntxo izaera argi erakusten duela. Murgia eskuinaz seinalatuz)... Denok dakizuenez, Murgia jauna eta bere leinukoak oinaztarrak diren bitartean, garibaitarrok ganboatarrak gara, Oñatiko Gebara kondea bezalaxe. Eta berak bidali berri didan izkribu honetan dioenez (pergaminoa eskribauari ematen dio), Kontzejuarekin bilera bat egin gura du. Hurrengo astean dator Oñatira uda pasatzera, eta uztailaren 12rako egin digu deia.

MURGIA: Zer nahi du oraingoan?

GARIBAI: Iragango urteetako auziarekin amaitzea, berriro epaitegietara joan barik.

ESKRIBAUA: Laster amaituko lirateke auziok, konderriko bizilagunon eskubideak onartuko balitu, lehenagoko handinahiak alde batera utzita.

ALKATEA: Eskubideak zeinenak diren, horixe da betiko koska... Bi hilabete eskas geratzen zaigu bilera-egunerako, eta geure artean behintzat konformidade batera ailegatu beharko ginateke, bere aurrera joan aurretik.

MURGIA: Ganboatarrak eta oinaztarrak batera etortzea ezta sarritan ikusi, ezpatekin ez bada.

GARIBAI: Ez da oraingoa ezpata-garaia.

ALKATEA: Denok elkarrekin akordio bila jardun beharrean, oinaztarrak alde batetik eta ganboatarrok bestetik elkartzea hobe litzateke. Eta ondoren batzarrera ekarri zeuek erabakitakoa... Beste alde batetik, zuen leinukoak ez diren arazoak, geure artean eztabaida genitzake oraintxe bertan. Eta ondo baderitzozue, uztailaren 12a baino lehen ez-ohiko batzar berri bat egin denok batera, gaurko moduan.

ESKRIBAUA: Aurrekoetan ere egin izan dut eta, nahi baduzue, prest nauzue elkartzen zaretenean esandako dena idatzita jasotzeko.

GARIBAI: Abisua bidaliko dizugu. (Bere leinukoei keinua eginda) Goazen ba, gaur hemen erabaki beharrekoak ikusita daude.

ALKATEA: Eskribauarekin batera neu ere joan naiteke zuen juntara, eragozpenik ikusten ez baduzue behintzat. Gurago dut halako erabaki herrikoietan denon parte-hartzea bultzatzea, eta gehienon jakituria jasotzea. Kondearen aurrean akordioaren puntuak ezartzeko orduan, zilegitasun handiagoa izango da.

GARIBAI: Ondo da. Zatozte biok.

MURGIA: Gure bilerara ere etorri, Oñati guztiko alkate izendatua izan zara-eta.

(Garibai, Murgia eta euren leinuko guztiak alde egiten dute, astiro astiro)


3. Agerraldia

(Zaldun mandataria sartzen da, zaldia lagun bati utzi ondoren. Eskribauarengana doa zuzen)

ALKATEA: (Aurretik eskribauak idatzita zuen papera eskura emanaz) Demetrio, mesedez joan hakit Arabako Gebara herrira Pero Belez Gebara kondearen gaztelura, eta esaiok Oñatin ohiko alkate berria aukeratu dugula esan. Sinatu dezala agindu hau bere onarpenarekin, eta bueltan ekarri egidak ahalik eta agudoen.

ZALDUNA: Eta kondea... herrian ez badago?

ALKATEA:(Eskuak zabalduz) Bilatu, dagoen lekuan dagoela!

ZALDUNA: Aurreko urtean ere barregarri ibili ginen, lau edo bost egun bai... Gebara herria ez ezik, Zalduondo, Barria, Larrea, Marieta eta beste hainbat herri pasatu genuen, Bitoriaraino... Habiarik habia ibiltzen da hori.

ALKATEA: (Patrikatik txanpon batzuk hartu eta zaldunari emanaz) Eskupekoren bat behar baduk, esan egidak garbi. Kondearen kontuak bere-bereak dituk, eta hik hobe duk isilik egotea!

(Mandataria pozik doa kanpora, dirua kontatuz)


4. Agerraldia

(Juana zutitzen da. Beste parte-hartzaileak libre geratu diren aulkietan jesartzen diren bitartean)

JUANA: (Hasieran urduri xamar, baina laster lasaituko da. Alkateari zuzentzen zaio) Juana naiz, Martin Sudube Mendiko kaleko saskigilearen andrea... Denok dakizuen moduan, maiorazko-etxea... Gure gizonaren kofradia Oñatiko handienetakoa da, iltzeginenarekin batera.

ALKATEA: Zer daukazu ba batzarrean esateko?

JUANA: Kondearen Zumeltzegi dorrera joateko, bi bideetatik bata gure bebarru paretik pasatzen da. Eta ez da neuk bakarrik daukaten arazoa, badira beste batzuk ere egoera berean.

ALKATEA: Esazu lasai, emakumea.

JUANA: Bi alaba ditugu, adin onekoak biak, eta kondea edo bere semea, euren morroiekin dorretxera joaten direnean gure etxe ondoko bidetik, lotsa gutxirekin batera eta bestera begira dabiltza beti... Eta ez ni edo Martin nire gizona agurtzeko.

ALKATEA: Gauzak lasai hartuko ditugu, Juana... Zer esan gura duzu kondea eta bere semea zuen atari paretik doazeneko horretan?

JUANA: Begirada lizunak agertzen direla jauntxo horien aurpegietan… (Lotsatu xamar geratu da)

ESKRIBAUA: Bota lasai. Hemen diozuna bertan geratuko da.

JUANA: Alabak ezin dira etxetik irten, kondea eta bere semea Oñatin daudenean.

ALKATEA: (Batzarkideei begira) Beste norbait iritzi berekoa da?

(Pare batek eskua jasotzen du).

ESKRIBAUA: Ezkonberriarekin oheratzearena oso antzinako kontua da, eta kondeak oraindik ere beretzat aldarrikatu arren, azkenengo auzian argi geratu zen ez zuela inongo arrazoirik. Gogoan daukat oraindik hiru puntuko erabakia. Lehenengoak honela zioen... (Alkateak azkar mozten dio).

ALKATEA: Ondo da, Lope. Ez dago zertan batzar guztietan erabakiak gogoratzen hasi.

JUANA: Beharbada kondeari berari ere akordatu eragitea komeni da...

(Bere lekura itzultzen da Juana, soseguz).


5. Agerraldia

ESKRIBAUA: (Papera eskuan zabal zabalik daukala) Alkate jauna, badakizu zer eskatzen duen konde... horrek?

ALKATEA: (Serio, ahotsa jasoz) Lope, ez gaitezen berba baldarrekin hasi, batzar denboran behintzat.

ESKRIBAUA:
(Denei begira) Badakizue zer nahi duen? Bere aitajaunak Iñigo Belez Gebarak zituen eskubideak berreskuratzea. Eta gainera, 8.000 dukat jasotzea. Baldin eta hori onartzen badugu, abian dauden auziok Valladolideko Errege Kantzelaritzatik erretiratu egingo dituela dio, eta ez dituela berriro soldaduak gure aurka bidaliko.

DOMINGO: (Zutitu odoren, ironiaz alkateari begira, eta eskua burura eramanaz) Hori ez dago burutik sano! 8.000 dukat ematea denon artean! Nondik, baina?

ALKATEA: (Hau ere barre antzean) Ameriketara joandakoren batek hango urrea ekartzen ez badigu!

ESKRIBAUA: Aurten bete dira berrogeita hamar urte Cristobal Colon Indietara joan zela, eta oraindik behintzat, urrea edo zilarra ekartzea baino, hemen egindako iltzeak eta erremintak eramatea izan da gehiago.

ALKATEA: (Esku biak zabalik, baketsu) Utz ditzagun bake santuan urrutiko intxaurrak...

MARIA: (Zutitu egiten da. Etxe oneko anderea dela berehalaxe igartzen zaio. Erdira datorrela...) Maria Mendizabal nauzue, Hernani etxekoa... Nire ustez hemen XVI. gizaldian gaudela onartu behar du kondeak, feudalismo-denborak iragan zirela.

ESKRIBAUA: Jakin, badaki. Ondotxo gainera. Baina ez zaio komeni.

MARIA: Orduan jauntxok gerrarik gerra ibiltzen ziren, beti elkarrekin burrukan. Baina garai haiek joanda daude. Orain dela bi urte hasi ziren Oñatiko unibertsitatea jasotzen eta, hura bukatu bitartean, nire etxean lau ikasgela moldatu ditugu, hiru maisuk berrogei gazteri klaseak emateko. Kondeak hori ikusi gura ez badu, bere arazoa da.

ALKATEA: Arrazoia izan dezakezu, Maria... Kondeari gizartea antzinako eran mantentzea komeni zaio.

MARIA: Atzerabiderik ez dago... (Pentsakor, alkateari) Rodrigo Merkado Zuazola herriko seme aberatsak emandako diruarekin hasi ziren unibertsitateko eraikuntza-lanak eta gure etxeko klaseak. Apezpikua da eta pertsona jantzia, elizan nahiz gortean hartu-eman onak dituena.

ALKATEA: Eta zer ikusi dauka horrek gure gaiarekin?

MARIA: Jakina daukala! Berari ere kontzejuko batzarrera etortzeko eskatzea ez legoke gaizki, ezpata-garaien ordez kultura eta jakinduria nagusitu daitezen.

DOMINGO: Ondo esanda, Maria. Gainera, Zuazola obispuak unibertsitatea jaso eragiteko lain baldin badauka, kondeari emateko ere ailegatuko zaio.

MARIA: Nik ez dakit kondeari dirua zergatik eman behar zaion. Unibertsitatea egitea gauza handia da herriarendako, kanpoko ikasleak ekarriko dituelako, eta horren ondorioz, aberastasuna Oñatiri.

ESKRIBAUA: Zuri behintzat bai!

MARIA: (Serio) Kondeari dirua emateak, berriz, badakizue zer dakarren: Madrileko gortera joango dela gastatzera, edo soldadu gehiago kontratatuko dituela, beste kondeekin harrokeriatan jarduteko ez dakit nongo gerratan.

ALKATEA: (Gauzak bere onera ekarri nahian) Bere diruarekin egiten duena ez da gure kontua.

DOMINGO: Berearekin egiten duena, oraintxe esan duzu ondo. Baina ez gurearekin.

MARIA: Hemen bi eratako joerak ikusten ditut nik: alde batetik Arantzazun gure aitajaun-amandreen garaian Rodrigo Baltzategik Ama Birjina aurkitu zuenean, komentu eder bat egin zuten.

ALKATEA: Noraino joan zara oraingoan?

MARIA: Gure gurasoen denboran Juan Lope Lazarragak Bidaurretako eliza bikaina eraiki zuen, monasterio, ostatu eta guzti; hori gutxi balitz, Zubikoan ere beste komentu bat jaso da.

ESKRIBAUA: Bai, eta San Migel parrokian klaustroa eta kapila dotorea Zuazolak berak. (Irribarrez) Inbentarioa egin behar dugu orain ala?

MARIA: (Eskribauari) Entzun Lope. Gure belaunaldian, geure mesederako, unibertsitatea egiten ari gara. Non ikusi da Oñati bezalako herri kulturik Euskal Herri osoan? Ez dago inguruetan maila honetako ikastetxerik!

ALKATEA: Bizilagunez Gasteiz eta Donostia baino gutxitxoago izan arren, Oñati tamainaz handiagoa da baso eta mendi guztiak kontuan hartuz gero (Harroxko, ikusleei begira). Eta eraikuntza kultural eta erlijiosoen sailean, lehenengoa izango da unibertsitatea amaitutakoan.

MARIA: Horixe nioen. Alde batetik kultura eta jakituria lantzen dihardugun bitartean... (Domingok mozten dio, zakar xamar)

DOMINGO: Bestetik kondea dugula, bere soldadu, eskubide eta handigurarekin. Eta hori gutxi balitz, beste jauntxo batzuk ere bai, ezpatak ateratzeko gertu, ganboatarrak eta oinaztarrak.

MARIA: Nik uste dut ziklo hori amaituta dagoela, eta mentalitatea aldatu beharko dutela bai kondeak eta bai jauntxoek. Jokabide horiek orain dela ehun urtekoak dira, joan zen gizaldikoak.

ESKRIBAUA: Hau ere jasoko dut? Murgia eta Garibairi ez zaie gustatuko.

ALKATEA: Zirriborroan soilik. Amaieran ikusiko dugu zer pasatu garbira.

MARIA: Gaur egun gizartea helduagoa eta bestelakoa da, eta begirunea zor digute. Pertsona inteligente moduan hartu behar gaituzte, eta ez dezatela itxaron euren aginduetara itsu-itsuan makurtuko garenik.

ALKATEA: Ez dute esan ezpatak ateratzeko prest daudenik.

DOMINGO: Gure aurrean duten indarraren erakustaldia egiteko gogoaz zeudela ematen zuen.

ESKRIBAUA: Mariarekin bat nator neu ere. Ezpatok baztertu eta Oñatitik atzerrira bazoaz, kultura eta eraikuntza nobleak ikusten dituzu lurralde aurreratuetan. Duela gutxi, Loiolako Ignaziok Aita Santuari Jesusen Konpainia eratzeko estatutuak aurkeztu zizkion. Hori dela-eta, iaz elizgizon batzuekin Erroman izan nintzen.

ALKATEA: Berriro kontatu behar diguk kapilarena?

ESKRIBAUA: Hango San Pedroren basilika ikaragarria eta hango eskultura eta pinturak ikusiko bazenituzte, Zuazolaren unibertsitate berriari ongi etorri beroagoa emango zeniokete. Eta Erromako kapera sixtinoaren parekoa egitea erregutu Zuazolari. Hangoa bai kategoria! Migel Angel handia, Leonardo da Vinci, Rafael...

ALKATEA: Inork ez dik hori ukatuko, Lope. Baina mesedez... (Serio) Gu biok ez gaituk inoren alde agertu behar.

MARIA: Hori ez da horrela, alkate jauna. Herriaren alde agertu behar duzu. Oñatiren mesederako diren gauzak defenditzea dagokizu, horretarako izan zara aukeratua-eta.

ALKATEA: Ados egonda ere, ez zitzaidan gustatuko berriro Valladolidetik bueltaka ibiltzea auzitan kondearekin.

DOMINGO: Feudalismoa aspaldiko gauza dela onartzea bere esku dago.

ALKATIA: Ondotxo zekik berak hori, Domingo, ondotxo gainera... Beste norbaitek badauka ezer esatekorik?


6. Agerraldia

FEDERIKO: (Zutitu ondoren, erdi aldera etorriz) Federiko Arrieta naiz, Goribarkoa. Kondearen eskubideak diren ala gureak diren, nik ez daukat zalantzarik. Kondeak Oñatin uda bakarrik pasatzen du, eta Gebarako herrian negua. Ondo irizten dionean dator eta doa. Eta lursail guztiengatik urte osoko hamarrena ordaintzen diogu.

DOMINGO: Berak gero hortik zehar gastatzeko, gorteetako jaietan.

FEDERIKO: Euskal Herritik kanpora ere sarritan izaten da, batean Madrilen, hurrengoan Flandesen. Eta gu auzitara eramaten gaituenean ere, Euskal Herritik kanpo izaten da, gehienok ezagutzen ez ditugun hizkeretan dauden lege-liburuekin.

ESKRIBAUA: Zalantzarik badaukazu, hizkuntza-kontuetan lagunduko dizut.

FEDERIKO: Nire eskaera gure aitak berak egiten zuena da: ez ote gara nagusiak geure erara bizitzeko, inoren babes barik? Zer ematen digu kondeak, geuk ez daukaguna?

MARIA: Kultura eta jakituria behintzat, ezer gutxi.

DOMINGO: Bere soldaduekin babesa ematen digula esaten du? Baina nork eskatu dio hori?

FEDERIKO: Eman, buruhauste galantak ematen dizkigu horrek! Kendu ostera... Gipuzkoako ermandadean sartuta egongo bagina, bertako foruak izango genituzke.

ALKATEA: Gipuzkoako anaidian sartzeko ahalegina egin genuen orain dela urte batzuk. Ez gaitezen berriro hasi.

FEDERIKO: Orduan lortu ez bagenuen, ganboatarrek mendean dituzten herrietan bere alde egiteko eskatu zuelako izan zen.

ALKATEA: (Eskribauari) Lope, sartu ezak Federikok dioen Gipuzkoako ermandadean eskaera ere zerrendan... Beste norbaitek badauka esatekorik?... (Batzarkideek buruarekin ezetz diote, edo geldi daude) Horretan utziko dugu gaurkoz batzar hau.

ESKRIBAUA: Hitzarmenaren gainean norbaiti zerbait gogoratzen bazaio gaurtik aurrera, etorri besterik ez dauka. Hemen izango nauzue herritarron iritziak jasotzeko prest.

(Guztiak agertokitik joan doaz, astiro-astiro eta giro onean)


"Bertsoak - Kondearenak"

Batzarrekoek hautatu dute
Juan Estibalitz alkate,
jauntxoak eta herritar batzuk
jardun dute ase arte,
hitzarmena prestatzen baitute
makina bat buruhauste.

Pero Belez Gebara kondea
udan dator Oñatira,
bere ondasun eta lursailak
zaindu ta kontrolatzera,
ganboatarrak aspalditxotik
bere bandokoak dira.


BIGARREN EKITALDIA – KONDEAREKIN

1. agerraldia

(Zumeltzegi dorretxea, muino baten gainean eraikia, Oñatiko edozein lekutatik ikusten da. Gebaratarren leinuaren ikurra da, eta beren indar, ahalmen eta nagusitasunaren erakusle. Agertokia dorrearen bigarren solairuko areto zabala edo harrera-gela izango da. Bertan egiten ziren gebaratar eta ganboatar leinuen ekitaldi sozialak, beste konde batzuei edo ospe handiko bisitariei harrerak. Han gauzatzen zituzten su-etenak, ezkontza-kontratuen akordioak, etab)

(Kondea eta bere semea xake-partida bat jokatzen ari dira, alkatea eta eskribaua sartzen direnean)

ALKATEA:... Arratsalde on, Pero Belez Gebara Oñatiko konde jauna (Burua apur bat jaitsiz eta erreberentzia moduko bat eginaz), eta Iñigo Belez Gebara bere semea (Erreberentzia-keinu txiki bat. Eskribauak berdin egingo du)

KONDEA: (Zutitu gabe, dagoen aulkitik) Ongi etorriak zarete, Juan Estibaliz alkate jauna eta Lope Araotz eskribau jauna... Eta momentu onean, gainera. Oraingoa hirugarren xake-jokaldia dugu, eta aurreko biak (Semea eskuaz seinalatuz) Iñigo semeak lege onean irabazi dit. Zinez pozik egotekoa da gure ondorengoak gu adina badirela ikustea!

ALKATEA: Estimatzen dut, konde jauna.

KONDEA: Santxo Gartzia Garibaikoari ere etortzeko esan nion, baina apur bat beranduago. Lehenengo zuek biokin berba egin gura dut... (Eskribauari) Eta hik, jaso hemen esaten den guztia. Bihar bertan gurako nikek euskarazko eta gaztelaniazko izkribuok, gero Valladolideko nire eskribauari erdarazkoa bidaltzeko.

ESKRIBAUA: Aurrekoan moduan? Ondo ulertu zituen Vázquez de Saavedra lizentziatu jaunak nik idatzitakoak?

KONDEA: Oso ondo. Portatu hintzen, Lope. Oñatik beti izan dik eskribau bikainen ospea Madrileko gortean eta Gaztela osoan. Hor dituzue, esaterako, Juan Lopez Lazarragakoa, Errege Katolikoen eskribau eta kontularia izandakoa. Han aberastu zuan pikaro halakoa, Bidaurretako monasterioa eta eliza egiteko lain lortu arte.

ESKRIBAUA: Eta hantxe duzue lurperatuta, Juana Ganboa bere emaztea zenarekin.

ALKATEA: Garibaik azken batzarrean zure izkribuaren berri eman zigun, eta bilerak egiteko asmotan gabiltza, ea oraingoan denok batera gatozen. Oinaztarrek eta ganboatarrek euren aldetik egingo dituzte, eta batzarrean jaso genuena leinukoak ez direnen egarriak dira.

ESKRIBAUA: Hango eskaera guztiak jasota ditut. (Izkribua zabalduz) Nahi duzu irakurtzea?

KONDEA: Jakinaren gainean nagok. Bazeukaat nork informatu. Zeure iritzia jaso gura nuke, alkate jauna. Badakizu akordio batera ailegatzearen gaia neuk proposatu dudala, Valladolideko kantzelaritzan auzitan ibiltzea denontzat oso garestia delako... Hobeto berba eginda konpontzea.

ALKATEA: Oñatiko alkate eta epaile naizen aldetik... (Kondeak moztu egiten dio).

KONDEA: Barkatu Estibaliz, baina zu ohiko alkatea zara. Alkate nagusia neuk izendatzen dut, eta gero ermandadeko alkatea ere hor dago.

ALKATEA: (Erdi lotsaz) Egia da. Baina zuk alkate nagusi izateko beti kanpotarren bat izendatzen duzu, Oñatirekin zerikusi gutxi duena, eta ermandadeko alkateak berriz, izen hori gorde arren, aguazil-lanak betetzen ditu.

KONDEA: (Serio, handitasunez, gauzak bere lekuan jarri guran) Nik izendatutako alkate nagusia da gorengo agintaria Oñatin.

ESKRIBAUA: Hitzarmenean horren gainean zerbait aldatzea ere eskatzen da.

KONDEA:... (Pentsakor) Zeren truke?

ALKATEA: Errespetu osoz, konde jauna, baina zu bi edo hiru hilabete bakarrik egoten zara Oñatin, uda partean.

ESKRIBAUA: Ez beti. Gerraren bat dagoenean Flandesera edo Afrikara joan izan da.

ALKATEA: Alkate nagusia, berriz, epaiketaren bat denean soilik agertzen da... Gauzak nahastera gainera, ez duelako euskaraz jakiten. Hemen herriko egunerokotasunean gobernatzen, beste batzuk gabiltza.

KONDEA:... (Asmatu ezinik, baina bere autoritateari eutsi nahian) Orain arterakoan ez didazu ezer berririk esan, Estibaliz.

ALKATEA: Aurreko txandan alkate egon nintzenean ere eskatu nizun (Zalantza apur batekin, baina ahots sendo samarraz) Herritar guztientzako lotsagarria da Jaumendin ipinita duzun urkabea. Plaza nagusitik garbi ikusten da, eta zure agintekeria-seinaletzat hartzen dugu... Mendeko egiten gaitu. Eta gure kontrako jarrera erakutsi dizugunean, hor bidali izan dituzu tropak eta soldaduak.


2. agerraldia

IÑIGO: (Zutitu egiten da. Lasai, daukan adinerako) Arbasoengandik datozkigun eskubideak dira. Horiek jasotzen dituen lehenengo dokumentua 1149koa da... (Tonu onean) Ez dira nire aitak asmatutakoak.

ESKRIBAUA: Dokumentua behintzat bai. Guk beti pentsatu izan dugu paper hori XII. gizaldian baino askoz geroago asmatutakoa dela. Eta historian zehar, urteak joan ahala, eskubideak eta betebeharrak ere aldatuz joaten dira... Duela gutxi Italian egon zara; han ere orain dela laurehun urtekoak dira legeak eta bizimoldeak?

IÑIGO: Oinarrizko legeak mantendu egiten dira egokiak direnean. Oinarrizko matematikak edo astronomiak irauten duten era berdinean. Florentziako unibertsitatean pasatu dut urtebete, eta aurrekoa Anbereskoan... Benetan diotsut han ere badirela kondeak eta dukeak, erregeak eta jauntxoak, antzeko legediarekin.

ALKATEA: Badakit alkate nagusia dela hemen epaile garrantzitsuena ere, eta auziak daudenean Valladolideko Txantzilleriara jotzen dugula. Baina oso noizean behin izaten da. Oñatin eguneroko martxan neu naiz epailea, eta kontraesan ikaragarria da eten barik Jaumendin zuen urkabea ikustea, Oñatikoak egon beharko lukeen tokian.

KONDEA: Lehen ere itaundu dizuet... (Esku biak zabalduaz) Zeren truke?

ESKRIBAUA: Zortzi mila dukat eskatzen zenuen izkribuan.

KONDEA: Hori dirua besterik ez duk. Hitzarmenean beste gauza asko zeudek.


3. agerraldia

(Kondearen emaztea, Konstantza, Rodrigo Merkado Zuazola eta Garibai sartzen dira, umore onean hizketan)

KONDEA: Ongi etorriak izan zaiteztela, Rodrigo Merkado Zuazola apezpiku agurgarria, eta Santxo Gartzia Garibai. Zeuon zain geunden, arratsalde eder honetan (Bere emazteari) Konstantza, emazte maitea, agindu diezu zerbitzariei jatekoa eta edatekoa ekartzeko gure gonbidatuei?

KONSTANTZA: (Euskara jasoan egiten saiatuko da) Galdetu diet, eta ez dutela ezer nahi.

ZUAZOLA: (Hau ere hizkera ederrean, ondo ahoskatuz eta ozen. Zuazola oso pertsona dotorea dela ikusten da, eta ibileran eta egoteko eran igartzen zaio horrelako lekuetara ohituta dagoela) Eskerrik asko, Pero Belez Gebara konde jauna. Atsegin handia izaten da zuregana etortzea.

GARIBAI: Unibertsitate berriko lanak ikusten egon gara aurretik. Martxa onean doaz.

ALKATEA: Herria aztoratuta dago. (Zuazolari, inbidia-puntu batekin) Ez da sekula halako ondorioak ekarriko dituen lanik egin hemen. Hirurehundik gora ikasle etorriko dela entzuten da!

ZUAZOLA: Baliteke. Momentuz Hernani etxean hasi direnak berrogeita hamarren bat dira, hiru irakaslerekin.

KONDEA: (Interesatuta) Zer dihardute ikasten, apezpiku jauna?

ZUAZOLA: Une honetan legeak eta teologia. Baina eraikuntza bukatzen denean, kanonak, arteak, gramatika eta medikuntza ere ikasi ahal izango dira. (Dakartzan planoak zabaltzen ditu, kondeari erakusteko) Planoetan, goiko solairuan hamabi maisurentzako gelak egitea aurreikusi da.

KONSTANTZA: (Kondeari, abegitsu) Honako bidean Zuazola apezpiku jaunari komentatu diot gure seme Iñigorekin Florentziara joan beharko lukeela bisitan, hemengoa amaitu aurretik hango unibertsitateko errektorearekin berba egitera. Han ondo egindako gauzak hemen aprobetxatzeko. Medicci ospetsuak dira hango mezenasak, eta nire ustez Bolonian, Pisan eta Florentzian dago gaur egun Europa osoko maila onena letretan, artean, kulturan, musikan, matematiketan eta astronomian. Handik ikasi beharko genuke.

ZUAZOLA: Asko estimatzen da zure gomendioa, kondesa andrea (Iñigori, adeitasunez) Hainbesterainoko maila altua dago, Iñigo?

IÑIGO: Nik konparatzerik ez daukat, ez ditudalako ezagutzen Valladoliden dauden ikasketak. Baina egia da Anberes baino gehiago dela gaur egun Firenze. Italian ikasketa eta kultura maila oso goian dago.

ZUAZOLA: (Apaltasun-itxuran, baina hala ere dotore) Ni Avilako apezpikua besterik ez naiz, eta ezin dut Medicci-tarrek mugitzen duten dirutzaz ametsik egin. Koadro bakarreko unibertsitatea egitera noa, 5.200 oineko azalekoa, eta dorreak fatxadan bakarrik dituena. Ezingo duzu konparatu. Garaiera ere, Bidaurretako monasterioarena baino apalagoa izango du, Lazarraga gortean kontulari ibilita nire aldean aberats baitzen.

KONSTANTZA: Baina zuk eskarmentu handiagoa duzu, aurretik ere San Migel parrokian klaustro ederra eta zeure hilobirako kapera ikusgarria jaso eragin dituzulako.

ZUAZOLA: (Pozik, eta harro) Ez dagokit niri esatea, baina Oñatiko herriaren historian egongo dira gutxiago egindakoak... Eta arrazoi-puntua badaukazu. Esperientziak asko balio izan dit, parrokiako obrei eskerrak badakidalako nolako neke eta burukominak sortzen dituzten proiektu berriek.

KONSTANTZA: (Irribarrez, eta abegikor) Barkatuko didazu gai berberarekin teman jarraitzen baldin badut, baina benetan diotsut, maisu eta eskultore nagusiak Italiatik ekarriko bazenitu, ospe gehiago izango luke zure unibertsitate horrek.

ALKATEA: (Konstantza eta Zuazolari)... Oraingo gai nagusia hitzarmenarena da. Horren gainean, apezpiku jauna, baduzu iritzirik?

ZUAZOLA: Hitz eginda konpontzea beti hobe dela... Valladoliden auzitan jardundako pertsona noble ugari daude hazienda guztia galduta. Auzitan ibiltzea baino hobe edonolako konponketa... (Guztiei begiratu ondoren, kondeari) Larregiko ausardia ezpada, truke bat proposatuko dizut, Pero Belez Gebara... Palentzia aldean badago Torquemada izeneko herri eder eta handi bat, Oñati bezalakoa bai, eta Valladolid-etik hurrean. Herri hori erosteko aukera bikaina dut aurten...

KONDEA: (Azkar) Zu Oñatirekin geratu eta ni Torquemadarekin?

ZUAZOLA: Erregearengandik eta gortetik hurrago egongo
zinateke.

KONDEA: (Ez zaio ideia asko gustatu, baina ez du hori agertu nahi) Pentsatzeko kontua litzateke... Dena dela, Oñati baino hobea beharko du izan, nik hemen lursailak, eliza, olak eta errotak ez ezik, Zumeltzegi dorretxe ederra ere badudalako. Gainera... Iñigo eta seme-alaba gehienak hemen jaioak dira.

ZUAZOLA: (Alde onak bilatu asmoz) Han ez zenuke kontzejuarekin eten gabeko sesiorik izango.

KONDEA:(Gaia aldatu nahian) Zuazola apezpiku jauna, apur-apurka joan gaitezen. Gauean unibertsitatearen gainean jardungo dugu, eta hurrengo batean herri... horri egokituko zaio; nola esan duzu?

ZUAZOLA: Torquemada.

KONDEA: Denerako astia izango da, uda amaitu aurretik.
(Zuazolak aldetzera doala adierazten du, lasai. Konstanzak Zuazola ateraino laguntzen du, eta berarekin doa).


4. agerraldia

GARIBAI: Konde jauna, zuzen zabiltza gaurkoan ere, kontzejuko akordioari buruz jardun behar dugula diozunean. Alkateak batzarrean esandako zerbait azaldu dizu?

KONDEA: Hango berri ondo dakit.

ALKATEA: Eta zer irizten zaizu?

KONDEA: Kondea izango ez banintz, neuk ere berdintsu jokatuko nukeela. Baina kondea naiz, eta zu garibaitarren jauna... Hemen bakoitzak berea zaindu behar du... (Alkateari eta eskribauari). Eliza eta bion artean hamarrena kobratzen badugu, lurrak, basoak, baserriak eta olak gureak direlako da.

ESKRIBAUA: Nahikoa arrazoi.

KONDEA: Oñati konderria denez, San Migel parrokia ere geurea da, eta hango abata, parroko biak eta gainerako abadeak geuk izendatzen ditugu... Elizan, lehenengo ilaran geu jartzen gara... Zinez diotsuet, Espainiako eta Frantziako gorteetan badirela ni baino askoz hazienda handiagoa izanik, soldadu eta kapitain gehiago mantentzen dituztenak.

GARIBAI: Zuri ondo badoakizu, ganboatarroi ere ondo joango zaigu... Baina Oñatin egonezina ere badago.

KONDEA: Nire aitajaunak ohiko alkate Andres Jauregiri egin zionagatik diozu?

ALKATEA: Hemen ez da ahaztu zure alkate nagusiak herriak izendatutako alkate ohikoari neurriak hartzea. Lotsagarria izan zen enparantza erdiko pikotan eskua jostea eta bi ordutan hantxe odoletan edukitzea.

KONDEA: Aurretik ezagutzen zuen hark nolako zigorra zegoen alkate-makila kondearen oniritzirik gabe hartzen duenarentzako.

ALKATEA: Eta Lope Santa Marinakoari mingaina moztu zitzaionean eta gero Oran-go gerrara deportatu?

KONDEA: Karlos erregea Flandesetik lehenengo aldiz etorri zenean, noble batzuk hara joan ginen honanzko bidaian laguntzeko. Gaizki dago hori? Oñatiri kalte edo mesede egiten zion?... (Serio, eskribauari) Lope, jaso gero ondo esatera noana, betiko garbi gera dadin (Garibai eta Estibalizi) Lope Santa Marinakoak lapurrak eta mozkorrak ginela bota zuen jendearen aurrean... Ez dut ukatuko parrandaren bat egin ez genuenik, horretarako gara nobleak-eta, baina... (Alkateak moztu egiten dio)

ALKATEA: Errespetu guztiarekin diotsut, lau berba egiteagatik halako zigor gogorra ezartzea, desegokia iruditzen zaidala.

GARIBAI: (Aspertu samar elkarrizketak hartu duen bidea ikusita) Mesedez, ez hasi orain oso noizbehinka eman izan diren zigor guztiak aipatzen.

ESKRIBAUA: Jendeak ez ditu halako indar-erakustaldiak ahazten.

KONDEA:... Ez gara kirtenak. Oñatin eta Gebaran oso pozik bizi gara gehienok.

IÑIGO: Nik ere jolas lagun asko hemengoak eta Gebarakoak ditut (Florentziako unibertsitatean ikasi duen diplomaziaren ariketa praktiko bat eginaz). Oñatin neure herrian nagoela sentitu eragiten didazue beti.

KONDEA: (Garibai eta Estibalizi, errespetuz) Nik neuk, Andres Jauregi nahiz Lope Santa Marinakoa estimatzen ditut, baina ez genituen pertsonak zigortu, haien ideiak edo ekintzak baino.

ESKRIBAUA: Jarrai dezagun hitzarmenarekin...

KONDEA: Ondo da, eskribau jauna. Azter ditzagun kondizioak...

(Denak heltzen diote gaiari, eta horrela amaitzen da agerraldia, etenda. Bertsoak hasiko dira)


"Bertsoak - Ganboatarrenak"

Bere interesak gorde guran
dihardu Gebarakoak;
urkamendian betetzen ditu
zigor eta kastiguak.
Bere asmoen berri eman du
Zuazola apezpikuak.

Santxo Gartzia Garibai ei da
kondearen lagun mina,
bere ondarea handitzeko
egiten du ahalegina,
Lope Agirrek bidali dio
Urre-kontu atsegina.


HIRUGARREN EKITALDIA - GANBOATARRAK

1. agerraldia

(Agertokia garibaitarren harrera-gela izango da. Santxo Gartzia Garibai, Petra bere emaztea eta Madalen honen ahizpa, eta euren semea Joanes daude bakarrik. Bi gizakumeak zutik, eta Petra nahiz Madalen bere ahizpa jarrita, brodatzen eta euren artean hitz egiten. Aulkiak prest dituzte gelan, jendea bilerara datorrenerako)

GARIBAI:... Joanes, seme, gaurko eguna garrantzitsua izango duk gure garibaitarren interesendako, eta erne entzuteko eskatu behar diat. Heu haiz etxe honetako maiorazkoa, eta gu ez garenean garibaitarron leinua bere lekuan mantentzea gustatuko litzaidakek.

JOANES: Eta ahal bada zuk utzitako hazienda gehitu, zeuk gurasoengandik jasotakoarekin egin duzun moduan... Aita, zenbat aldiz gogoratu behar didazu gauza bera? Arlotetzat hartzen nauzu, ala?

(Petra zutitzen da)

PETRA: (Semeari, goxo baina serio) Gere aitonari “Entzun eta isilik, ez zegok halako mutilik” esatea gustatzen zitzaion. Joanes, gurasoei... errespetua beti.

GARIBAI: Ez diat hori esan, Joanes. Ezta gutxiagorik ere. Eta txarrera hartu baduk, aldez aurretik barkamena eskatzen diat. (Ibilian, semeak ondo uler dezan, beste era batera esateko asmatzen) Baina gauza batzuk oso oso garbi edukitzea komeni zaiguk, heuri, neuri eta guztioi.

JOANES: Gaurko bileran, nik berbarik egitea komeni da ala ez?

GARIBAI: Gutxi. Oraindik behintzat, utzi niri gure ondasunak eta ganboatarren politikak defenditzen. Hiri egokituko zaik betebehar hori ni falta naizenean.

JOANES: Ganboatarron politikak diozu... Ala kondearenak?

GARIBAI: Hara seme, hemen zailtasun bikoitza zeukaagu. Alde batetik gure leinukoak eta gure baserrietako maizterrak zaindu bihar dizkiagu. Baina kondearekin ondo egotea ere komeni zaiguk, Espainiako eta Ameriketako ateak zabaltzen dizkigulako, eta gerora negozio handiak hor zeudek, ez Oñatin edo inguruetan. Alde bata ala bestea bakarrik defendituz, epe motzera ezegonkortasuna eta zatiketa zetozak.

JOANES: Neurria bilatu behar, kondearen eta ganboatarren interesen artean.

GARIBAI: Jakina.

PETRA: Bilera egin aurretik, ganboatar maiorazkoekin egonda zaude? Ez dut gero etxe honetan eztabaidarik gura. Lehenengo konpondu arazoak bakarka, eta gero egizue denon arteko junta.

GARIBAI: Badakizu ez natorrela bilera publiko batera aurretik bost maiorazkoekin konforme jarri barik... (Joanesi, zuzenean) Epe motza eta epe luzea bereiztea komeni duk, imajinazioa erabiliz, eta hori bilera baten egiterik ez zegok... Onena badakik? Lope Agirrek Ameriketatik bidali didan azkenengo izkribua erakutsi zieat, eta han dagoen urrearen eta zilarraren berri bazeukatek.

PETRA: (Eskua burura eramanda) Ene... Erruki hango indioak, kirten horrekin.

GARIBAI: Lope Agirre ez da hain kirtena izango, eskribitzen baldin badaki.


2. agerraldia

(Madalen jaiki eta erdira datorrela)

MADALEN: (Astiro) Ni ere ahizparekin bat nator, Lope Agirre ondotxo ezagutzen dut eta. Araotzetik Oñatira kalera jaisten zenean, ez genuen inguruko gazteok bakerik izaten.

GARIBAI: Ez egidazu esan halakorik, Madalen. Ondo majo ibiltzen zineten mutilon arrimura zuek, auzo guztietako jai eta erromerietan.

MADALEN: Beste batzuekin baliteke pozik ibiltzea, baina Lope Agirre benetan zen kirtena. Dakidanez, Pedro Urtsua nafar konkistatzaile ospetsuarekin omen dabil han, eta harexek errendituko beharko du apur bat.

(Madalen jesartzera doa)

PETRA: Amerika deskubritu zutenak itsasgizonak eta marinelak ziren, abenturazale samarrak bai beharbada, baina oraingoak baino pertsona ondraduagoak. Zoritxarrez, azkenengo hamarkada hauetan, jende xehea eta baxua doa gehien bat.

GARIBAI: Zer uste duzu ba, maiorazkoak joango direla?

PETRA: Indio gizagaixoak. Hemendik doazenak urrea eta zilarra, lurrak eta agintea ezer egin barik eskuratu gura dute. Eta Gaztelako erregeari urrea ekarriz gero, berehalaxe dituzte hango tituluak eta karguak. Berdin berdin zaie milaka indio akabo, edo esklabo hartu eurontzat lanean. Ez dago eskubiderik.

JOANES: Hemen gura ez diren gaizkileak ere joango dira orduan.

PETRA: Denetik, zoritxarrez.

GARIBAI: Horretxegatik komeni zaigu ba merkataritza indartzea, jende zentzuduna ere ikustea itsasontzietan. Denok irtengo ginateke irabazten. (Otzaratik sagar bat hartzen du, lasai).

JOANES: Aita, eta honetaz kondearekin berba egin duzu?

GARIBAI: Aurreko asteko bileran soilik. Horrek bereari eusten ziok. Gainera, zaila ikusten diat Murgia aurrean egonda ezer ganorazkorik lortzea, kondea oinaztarrekin oso gaizki konpontzen baita.

JOANES: (Erdi lotsaz)... Gauza bat proposatu behar nizun, aukera badaukazu... kondearekin negoziatzeko.

GARIBAI: Ez duk erraza izango.

JOANES: Bueno... Ama jakinaren gainean dago... Badakizu, Larregoiko Ixabelekin nabil hartu-emanetan, eta kondeak beretzat erreklamatzen duela ezkonberriaren eskubidea.

GARIBAI: Garibaitarrokin ez duk ausartuko.

PETRA: Ez naiz batere fidatzen kondearekin eta bere semearekin.

JOANES: Gu gara garibaitarrak, ez Ixabel. Aita, hobe zenuke kondearekin gauzak argitzea.

PETRA: Eta ez bakarrik garibaitarrak garelako. Nola ausartzen da baina, XVI. gizaldiaren erdian holako jauntxokeriekin? Badakigu jakin emakumeak mantentzen dituela Oñatin bertan, Zalduondon, Salbaterran, Bitorian eta baita Valladoliden ere, beste nobleen parean egoteko. Ez dauka nahikoa?

GARIBAI: (Serio, semeari) Ez duk ausartuko, hago lasai...


3. agerraldia

(Garibaitarrak datoz. Dozena bat pertsona sartzen dira, Garibairen leinukoak eta ganboatarrak. Alkatea eta eskribaua ere taldean dira. Batzuk jesarrita eta beste batzuk zutik geratzen dira. Joanes bere aitaren aldamenean egongo da, apur bat atzerago, zutik).

GARIBAI: Ongi etorriak zarete guztiok. Alkatea eta eskribaua batzar denetara joatea erabaki genuen, kondearekin ezta urtero hitzarmenik egiten-eta.

ALKATEA: Garibai jauna, azaldu diezu hemen elkartutako ganboatar guztiei kondearekin izandako bileran esandakoa?

ESKRIBAUA: (Prestu, akta-liburua zabalduz) Han jasotako akta irakurri dezaket hala gura bada.

GARIBAI: (Azkar) Lasai, Lope, luzeegi joko luke dena irakurtzea eta (Alkateari) gainetik behintzat azaldu diet.

ALKATEA: Pertsona zibilizatuen moduan auziak konpontzeko garaia badela uste dut.

(Leandro zutitzen da)

LEANDRO: Zubillaga auzoko Leandro Igarzabal nauzue, eta bertako olako nagusia. Beno, nagusia lanerako, jabeak kondea bera eta zeu zaretelako.

GARIBAI: Nire partea kondearenaren laurdena besterik ez duk.

LEANDRO: Onartzen dut zuri hori esatea dagokizula, maiorazkoa izango banintz neuk ere horrela egingo nukeelako berba. Baina eguneroko joan-etorrian gauzak aldrebesagoak dira. Ameriketako itsasontzietarako iltze asko behar direlako edo nobleak gerrarik gerra dabiltzalako, gurean lana asko gehitu da aspalditxoan, eta soldatak berriz lehenetan daude.

ESKRIBAUA: Lana ez zaizue faltako. Iaz Argelen gerran itsasontzi dezente galdu zian Espainiako armadak, eta aurten Frantzia eta Espainiaren artean berriro hasi dituk borrokan. Eta diotenez, Ameriketan Orellanak itsasoa bezalako ibaia aurkitu omen dik. Ez duk urruti ibiliko urre eta ospe bila joandako Lope Agirre oñatiarra ere. Beharko dituk, bai horixe, zuek egindako armak eta lantzak aurrerantzean ere.

ALKATEA: Nire ustez oletako lanorduek zerikusi gehiago zeukatek uraren ugaritasunaz iltze eta armen kantitateaz baino. Ez nabilek esaten ur-alditan lan neketsua eta zikina ez denik, baina lehor-denboran tabernan ondo bapo egoten ere badakizue.

LEANDRO: Guk beti daukagu zeregina, alkate jauna. Mendian ikatza egin edo handik jaitsi, Goierritik minerala garraiatu, edo Altzolatik Bizkaikoa denean. Beti dago zerbait. Eta iltzeak bidali egin behar dira Debara, Zumaiara edo Bermeora... Eta armak egiteko burdina-totxoak Toledo edo Flandesera, han lantzeko.

ESKRIBAUA: Sarri hitz egin diagu arazo honen inguruan, Leandro... Ez diat oso ondo ulertzen zer eskatu ahal zaion kondeari.

LEANDRO: Jornalak igotzea, ondotxo dakizu.

GARIBAI:... Dirutza handia mugitu behar duk ola bat martxan edukitzeko. Minerala eta ikatza erosten, olako makineria eta malatuak behar den moduan mantentzen, soldatak ordaintzen, bidalitako materialak era txukunean kobratzen. Ez duk hik uste bezain erraza.

LEANDRO: Langile barik ez zen han martxarik izango.

GARIBAI: Eta materiala erosi edo bezeroak eduki barik ere ez.

LEANDRO: Gurea da garrantzitsuena.

GARIBAI: Inoiz izan haiz Toledon edo Flandesen bezeroekin prezioak eta marjinak negoziatzen? Zergatik uste duk kondearekin ondo egotea komeni zaigula?

LEANDRO: Garibaitarren mesederako, ez langileengatik.

GARIBAI: Sarri esaten zioat kondeari Espainiako erregearen eta Alemaniako printzeen laguna izatea ondo dagoela, baina baita Frantziako Frantzisko erregearena ere. Zertarako?

ESKRIBAUA: (Azkar) Zuen olako produktuei ahalik eta irteerarik onena emateko.

LEANDRO: Nire iloba, Urrusolako Eugenio, Ameriketara doa Andres Urdaneta itsasgizon ospetsuarekin hurrengo udaberriko espedizioan. Urrea baldin badakar... ola erosiko dizuet.

GARIBAI: Zumaiako armadore batek ezin izan zidaan bi itsasontzi egiteko egur dena ordaindu, eta bazkide bihurtuko ninduan Indietako bere merkataritza-konpainia baten. Kanpotik begiratuta erraza ematen dik, baina itsasontzi denak ez dituk Ameriketara ailegatzen, eta itzulerakoan ere batzuk hondoratu egiten dituk. A zer nolako galerak!

ALKATEA: Artisauen soldatarena eta baserritarren hamarrena lotu genezake, kondearen hitzarmenean sartzeko...

(Leandro jartzera doa, patxadan)


4. agerraldia

(Genoveva zutitzen da)

GENOVEVA: (Garibairengana doa, irmo) Genoveva Zañartu naiz... Dakizuen legez, gure bigarren semea, Martin, hargina da. Aspalditxoan Iruñean dabil lanean hango katedralaren handitzeak direla eta. Maisu ospetsu eta onekin ikasi izan du. Baina berak dioenez, aprendiz garaia igaro zaio. Hurrengo lana Araiako parrokian egingo du, eta hara maisu moduan doa.

ESKRIBAUA: Zer dela-eta jasoko dut aktan zure seme Martinen ibilerak? Ez dugu behingoan amaituko, gauzak sustraitik kontatzen hasten bagara.

GARIBAI: (Serio) Hik heure lana egik, Lope. Auzoko maiorazko etxekoa duk gure Genoveva.

GENOVEVA: Orain dela bi urte hasi ziren unibertsitateko obrarekin, eta peoiak eta langile arruntak herrikoak dira, baina maisu denak kanpotarrak. Arkitektoa ere Gaztelatik ekarri zuten. Bidaurreta egin zenean ere berdin gertatu zen. Kanpotarrak omen dira hemen onak, eta bertakoak asto-lanerako soilik.

GARIBAI: Urruneko intxaurrak hamalau... Arrazoi osoa daukazulakoan nago. (Alkateari) Zuazolarekin egon beharko gaituk. Bertakoak izan gaitezen aurrenekoak, eta hemengoak nahikoa eztirenean bakarrik kanpotarrak ekarri.

ALKATEA: Zuazolak erabaki beharko du hori, obrak berak ordaintzen ditu-eta. Arkitektoa Valladolideko Gurutze Santuaren kolegioa eta Salamancako Irlandarren kolegioa egindakoa omen da.

ESKRIBAUA: Uste dut Zuazolarekin egon aurretik Piarres Picart eskultore eta maisuarekin egotea komenigarriagoa litzatekeela. Burgoseko katedraleko zinborrioa berak egin du, eta Zuazolak estiman dauka.

ALKATEA: Baina lanen arduradun nagusia Domingo Gerra da. Ez dut ulertzen.

ESKRIBAUA: Picart San Martin ermitako aldarean lanean ibili zenean, Murgialdaiko Katalinarekin ikusi zuten (Irribarrez) Ezkontzeko direla entzun dut, eta hala balitz, oñatiarren alde egingo luke.

GENOVEVA: Murgialdaiko Migel gure senarraren adiskidea ere bada... Gainera, Zuazolari herriko-semeak ospetsu izatea ere interesatuko zaio, bera goraipa dezaten. Hartara, Oñatiko mezenas nagusia bilakatuko litzateke.

ALKATEA: (Garibairi) Konforme. Saiatzea denontzat komenigarria izan daiteke.

ESKRIBAUA: Dena dela, Zuazola hortik zehar asko ibilitakoa da, Madril eta Erroma, Paris eta Toledo ezagutzen ditu, eta ez da edozein artistarekin konformatuko.

GENOVEVA: Ez da nik esateagatik, baina Panplonako katedralean dabilenak, badauka nahiko meritu irabazita.

GARIBAI: (Genovevari) Zin egiten dizut ahaleginduko garela... (Elkartutakoei begira) Beste zer edo zer esatekorik norbaitek?... (Genoveva jartzera doa, astiro)


5. agerraldia

(Anbrosio zutitzen da)

ANBROSIO: (Kezkatuta)... Guk ordaintzen ditugun zerga eta hamarrenekin kondeak musika- eta dantza-jaialdiak antolatzen ditu Zumeltzegi dorretxean. Eta noizean behin ez bada ere, uste dut jende gehiago gonbidatu beharko lukeela. Edo behintzat, guk ganboatarrok lehentasuna izan.

ALKATEA: (Irribarrez) Bereziki Arabako neska gazteak datozenean?

ANBROSIO: Orduan ere bai... Joan zen asteko jaialdian kanpoko trobadoreak zeuden, Italiakoak edo ei ziren, eta nire lagun-taldekoak gogoarekin geratu ginen joan ezinda. Oso musikari onak ei ziren... (Jesartzera doa, baina berriro itzultzen da)

ALKATEA: Ondo da...

ANBROSIO: (Anbrosiok mozten dio, ganoraz) Eta ez hori bakarrik. Okerragoa ikusten dut nik inguruko herrietakoak adarra nola jotzen diguten ikustea... Zergatik joa behar dugu Zumeltzegi inguruko errekatxoetara txantxikuak isiltzera kondea siestan dagoenean? Kondepekoak izatea nahiko izango ez balitz moduan.

ESKRIBAUA: Horrek ez zeukak garrantzirik.

ANBROSIO: (Esku biak gerri parean zabalduz) Nola ezetz. Niri Anbrosio Zumalde deitu beharrean Mondragoi edo Bergaran, Anbrosio txantxikuarra esaten didate...

(Jesartzera doa, lasai)

GARIBAI: Ondo da... Hemendik eta uztailaren hamabira arte zer edo zer baldin baduzue, nire jauregiko ateak beti zabalik izango dituzue, eta etorri gura duzuenean...

(Parte-hartzaileak astiro-astiro zutitzen dira, kanpora joateko, euren artean hitz egiten)


"Bertsoak - Oinaztarrenak"

Txantxiku hots egiten digute,
ez da hain izen zakarra.
Garibai beti ei da denekin
tratuan oso azkarra,
baina orain oinaztarrekin
dauka konpondu beharra.

Oinaztarren buru da Murgia
ezta halakorik inon,
kondearekin tratua_eginda
gauza_ ikusten du ilun;
foruak ekartzeko borrokan
nahiago du berak jardun.


LAUGARREN EKITALDIA - OINAZTARRAK

1. agerraldia

(Agertokia Murgiatarren harrera-gela izango da. Gartzia Ruiz Murgia uribarritarren ahaide nagusia, bere emaztea Dominika arropak atontzen, eta leinu-kide batzuk aulkietan jesarrita eta besteak atzean zutik, bilera hasteko prest daude)

MURGIA:... (Erdira datorrela, lasai, konfiantzaz) Oinaztar leinu-kide guztiok, ongi etorri... (Lekua hartzen doaz etorritakoak. Murgia erdian, tente) Kondearekin hitzarmen bat sinatu behar dugula-eta, aukera aparta daukagu geure eskubideak eta nahiak bateratzeko.

ALKATEA: Atrebentzia ezpada, Murgia jauna, azaldu dizkiezu hemen elkartutako oinaztar guztiei kondearekin izandako bileran eztabaidatu genituen gaiak?

ESKRIBAUA: (Prestu, akta liburua zabalduz) Hango akta eta ondoren jasotako iritziak irakurri nitzake, hala nahi baduzue.

MURGIA: (Azkar, horretan has ez dadin) Estimatzen da, eskribau jauna. Baina jakinaren gainean daude deialdia pasatu nienetik.

ALKATEA: Pertsona zibilizatuen moduan aritzeko sasoia badela uste dut, Valladolidetik bueltaka auzitan ibili gabe.

DOMINIKA: (Azkar) Kondearekin egin behar den hitzarmena eztabaidatzen hasi baino lehen, nire ustez badugu herri honetan aldez aurretik konponduko beharreko auzia, eta ez makala.

MURGIA: Baina andrea... (Esku biak gerrira eramanda) Beti kontu berdinarekin zabiltza. Entzunda daukagu askotan zure kalamatrika.

DOMINIKA: Gaur hemen egon daiteke norbait entzuteke, eta (Senarrari) zuk gura ala ez, esatera noa: kondea konde, herritarrok hobeto moldatu beharko ginateke elkarrekin, leinuei erreparatu barik. Sarritan nahikoa da bata oinaztarra edo ganboatarra dela jakitea, besteak gaizki hartzeko. Herritarron artean eguneroko bizimoduan ez litzateke behar halako bandorik.

MURGIA: (Emazteari begira) Lasaiago hori esanda?

DOMINIKA: Eraman ezinak alboratzea komeni zaigu... Hauxe zen dena.


2. agerraldia

(Manuel zutitzen da)

MANUEL: (Urduri xamar) Manuel nauzue, Lezesarri goikoa... Nere uste apalean, hitzarmen honek ez du ezer konponduko, herriko giroa gaiztotu besterik ez. Txakur bera, beste lepoko batekin!

ALKATEA: (Eskribauari) Esandako dena jaso, Lope... Baina hitz egokiekin.

MANUEL: Kondeak, galdutako agintea berriro eskuratuko du, eta Oñatin lehenetara itzuliko gara, modu ezin itsusiagoan. Oinaztarrok eta ganboatarrok, arazoari aurre egin beharrean, bakoitza bere etxaldea defenditzen...

ALKATIA: Horretan gabiltzak aspalditxoan, Manuel.

MANUEL: Kondea berriz aginte-lekuan, beste inon ez dakielako egoten. Eta gainera, ez du onartzen beste inon jartzea, betiko aulki-patroian ezpada. Herritarrok ostera, betiko moduan, kale gorrian. Eta jauntxoak, ahul euren jarreretan, nortasun eta ausardia barik (Murgiak moztu egiten dio).

MURGIA: (Haserre xamar, entzun duen azkenengo esaldiarekin) Ezin dituk gauzak beste postura batera agertu? Zergatik diok jauntxoena? Zer espero duk nik egitea?

MANUEL: Zuk eta Garibai jaunak beti men ez egitea kondeari.

MURGIA: Ez noak Garibairen zereginetan sartzera, bera ganboatarren buru delako. Baina oinaztarrok egin zioagu aurre kondeari iragoko mendeetan. Eta ez gaituk orain aldatzen hasiko.

ESKRIBAUA: Nik jasoa dut oinaztarrek eskatu zutela ofizialki Gipuzkoako ermandadean sartzea.

MURGIA: (Erdian, tente) Neuk eskatu nuen, oinaztar denon izenean. (Manueli begira) Garbi gera dadila.

MANUEL: Esan dudana ez zen zure aurkako ezer... baina nire ustez, hitzarmen hau atzerapauso galanta izango da Oñatiko herriarentzat.

(Manuel bere lekura doia, jesartzera, astiro).


3. agerraldia

(Benedikta jaikitzen da)

BENEDIKTA: (Lasai, jendeari begira, erdi aldera etorriz)... Niretzat, herri honek errespetuan oinarritutako hitzarmena merezi du, eta horretxegatik, eskubide-berdintasuna eskatzen dut. Jaiotzez denok gara berdinak legearen aurrean.

ALKATEA: Baina batzuk maiorazko-etxean jaiotzen ditun, eta beste batzuk maizterrarenean.

BENEDIKTA: (Ez zuen uste alkateak hori esango zionik. Apur baten zalantzan egon ondoren) Kondeak ez dauka zertan guri alkate nagusi bat ezarri, geuk aukeratutako ohiko alkatearen gainetik. Ez dauka zertan bere legeak betearazten ibili, Gipuzkoako ermandadeko foruak hor egonda. Euskaldunok geure foruak ditugu, eta hor ez da ez erregerik ez konderik kabitzen.

ESKRIBAUA: Balego eta balitza...

ALKATEA: Herritarrok elkartuko bagina, errespetuz tratatuko gintuzkete.

BENEDIKTA: Kanpotik datorkiguna erdara eta lege arrotza besterik ez da. Oinaztarrok geurea defenditu behar dugu, geure kultura eta hizkuntza, geure izatea.

ESKRIBAUA: Orain arteko dokumentuek herritarren eskubideak baino gehiago, kondearen pribilegioak jasotzen dituzte, gehienak gebaratarren aginduz izatziak izan baitira... (Irakurtzera moduan doa).

ALKATEA: (Liburua eskuarekin itxiz) Eskribaua, mesedez eta faborez!

ESKRIBAUA: Hitzarmen hau oso garrantzitsua delako, gure ondorengoentzat aurtengo urtea mugarri bat izango da. Atzera-bueltarik izango ez duena, eta eskoletan ikasiko dute 1542. urteko hitzarmena.

BENEDIKTA: Ez nator zurekin bat, eskribau jauna. Nik ez dut kondearekin traturik gura, beste euskaldun guztiak dituzten foruak baino. Oñatiarrok zer gara, bigarren mailako kondepekoak betiko?

ESKRIBAUA: Gatzaga eta Aretxabaletak kondepeko izateari utzi ziotenean lortu zuten hori.

BENEDIKTA: Leiztarrak egin bazuten, guk zergatik ez?

ALKATEA: Gipuzkoako Anaiartea aitatu duzuenez, (Seinalatuz) hemen da gurekin Migel Baltzategi, eta berak azalduko digu nola izan zen eskaera.


4. agerraldia

(Migel zutitzen da)

MIGEL: (Lasai eta dotore) Ni Oñatikoa izan arren, Donostian bizi naiz, eta Gipuzkoako Anaiarteko kidea naiz aspalditik. Guk arbasoen legeak mantendu ditugu, eta euren arabera hartzen ditugu erabakiak auziak daudenean.

BENEDIKTA: Zertara dator orduan kondea bere hitzarmen horrekin?

MIGEL: Leku guztietako kontuak dira. Oñatin gertatzen da, eta baita Espainian, Frantzian edo Italian ere. Handiak berea gura izaten du. Aurreko baten erregearen izkribu batek zera zioen, bere iritziz Espainiako erreinu guztiak lege, usadio, ohitura eta epaitegi berdinekin arautzea izango zela onena, Gaztelako legeen arabera denak gobernatuz, mundu osoko aurreratuenak eta egokienak direlako.

BENEDIKTA: Ez didazu erantzun, Baltzategi jauna.

MIGEL: Foruak bi esangura nagusi ditu, elkarren kontrakoak. Alde batetik foruak herri baten ohiturak dira, idatziz jasoak eta legearen indarraren bitartez ezarriak. Bigarren esangura berriz, forua agintari batek, gure kasuan kondeak, emandako hitzarmen bat da. Beraz, lehenengoa eskubide bat da eta bigarrena, aldiz, pribilegio bat... Foruak aplikatzeko batzar nagusian elkartzen gara Gipuzkoako herri guztietako ordezkariak... Oñatikoak izan ezik.

BENEDIKTA: Berdin dit Gipuzkoako batzarretan edo Arabakoetan parte hartu, baina nonbaiten egon behintzat.

MIGEL: Nire laguntasuna izango duzue...

(Migel bere lekura doa berriro, dotore, jendea agurtuz)


5. agerraldia

ALKATEA: Aurreko baten Zuazola apezpikuak proposamen bat eskaini zion kondeari, Palentziako Torquemada herriaren truke Oñati libre uztea.

MURGIA: Hori ez du inoiz onartuko kondeak. Asmatzea ere!

BENEDIKTA: Hitzarmenari zerbait ona ikustekotan... Hemen nork agintzen duen garbi geratuko dela izango da.

MURGIA: Oinaztarrok beti egin dugu borroka foruen alde.

BENEDIKTA: Kondearekin auziren bat dagoenean, herritar gehienok Gipuzkoako ermandadearekin egon arren, kanpoko legeekin epaitzen gaituzte. Eta konforme ez bagaude, oso urruti izendatutako juezak bidaltzen dizkigute.

ESKRIBAUA: Eta azkenengo erremedioa... Kondeak beti izango ditu soldaduak eskura, orain hurrengo epaiketaren ondoren gertatu zen bezala.

BENEDIKTA: Kondearen asmo bakarra Gaztelako aristokraziarekin ibiltzea da.

ALKATEA: Joan zen astean izan genuen batzarra ganboatarrekin, eta ados jartzen bazarete, hitzarmenean herritarren desio gehienak sartu ahal izango dira.

MURGIA: Ez duzu ahaztu behar ganboatarrak kondeari Oñatiko jabe nagusia izaten laguntzen diotela modu erabakigarrian. Noren zerbitzura dago Garibai bera?

BENEDIKTA: Garibai diozu? Negozioa non, burua han... Bizitza honetan negozioaren gainetik pertsonak jarri behar dira. Eta hitzarmenean gauza bakarra aipatuko nuke: gu pertsona libreak garela geure etorkizuna erabakitzeko, eta geure herri honetan oñatiarroi bakean uzteko eskatuko nioke. Joan dadila gortera betiko, guri bakean lagata.

(Benedikta bere lekura itzultzen da, astiro)


6. agerraldia

ESKRIBAUA: (Zutitu eta erdira datorrela, Murgia eta alkateari zuzenduz batez ere) Aktan jasota daude orain artekoak, eta uste dut berriro Garibairekin egon beharko ginatekeela... Dena dela, eskertuko nizueke falta diren beste gai batzuk ere aztertzea: diruarena, errekarena, eta ezkontza egunekoa.

(Andres Otadui zutitzen da. Oso gaztea da)

ANDRES: (Bere lekutik) Eskribau jauna, mesedez beste gai bat... (Erdi aldera datorrela) Andres Otadui naiz, iltzeginen kofradiakoa.

ESKRIBAUA:... (Apur bat harrituta, hain gaztea izanik jaiki eta erdi aldera doala ikustean) Aitak ez dik etortzerik izan?

ANDRES: (Erdian, serio, gaztea izan arren badakielako zer esan, eta nola) Bederatzi urterekin hasi nintzen aitaren errementerian lanean... Eta hamalaurekin utzi nion aprendiz izateari.

ESKRIBAUA: (Harrituta, baina errespetuz) Heure izenean egiten duk berba, ala kofradia guztiarenean?

ANDRES: Kofradia guztiaren izenean. Ameriketako itsasontziak direla eta ez direla, geroago eta lan gehiagorekin gabiltza. Baina irabaziak antzekoak dira, prezioak mantendu eta petxak igo dizkigutelako. Hitzarmenean kondearen petxen jaitsiera sartzea ez legoke gaizki.

ESKRIBAUA: (Idazten bukatuz) Jasota zegok, Andres. Uste diat beste kofradiak ere bat egingo dutela. Baina jauntxoak eta errenteroak dauden bitartean, petxak beti egongo dituk.

ALKATEA: (Harritu xamar hau ere)... Iltzegin ofizioa hain agudo ikasi baduk, Olaitturrin jasotzen diharduten unibertsitatera joan beharko duk laster!

ANDRES: Nahikoa eta larregi daukat nik sutegi ondoko kale bazterretan eta Bidebarrietako plazatxoan...

(Andres eseri egiten da berriro)


7. agerraldia

ALKATEA:... Beste zerbait? (Guztiei begira) Beste norbaitek?...

(Denak isilik jarraitzen dute)

MURGIA: (Eskribauari) Diruarena diozunean, Kale Barrian gertatutakoaz diharduzu?

ALKATEA: Bai. Kondeak herriko artisauen zergak dirutan eta baserritarren hamarrenak jenerotan jasotzen ditu, baina gero hondamendiren bat dagoenean ez da laguntzera etortzen. Kale Barriko sute ikaragarria suertatu zenean, etxeak berriro jasotzeko herri guztian batu genuen dirua, eta lau behartsuk kenduta, beste denok eman genuen... kondeak izan ezik.

MURGIA: Hor ez dago eztabaida beharrik. Eman dezala besteon moduan.

ALKATEA: Eta beste bi gaiak?

MURGIA: Ubao errekarenari edozeinen aurrean eutsiko diot. Nor da konde harro hori beretzat bakarrik eskatzeko erreka bat? Hemen beti ibili gara amuarrainetan herri osoan, inork neurririk hartu barik... (Berotuta) Ez diogu sekula onartuko!

ALKATEA: (Trankildu guran) Kondea oso gogor dago baietzean. Bere arbasoen eskubidea dela dio.

MURGIA: Gezurra galanta! Bere arbasoek eta berak eskubide osoa izan dute beti arrantzan egiteko, baina ez bakarrik Ubao errekan bakarrik, Oñatiko erreka guztietan ere bai! Beste herritar guztien moduan!

ESKRIBAUA: Auzitan sartuko zaitu ezezkoa badiozu, eta urkamendian amaituko duzu.

MURGIA: Hara, bere betiko arrazoi ustela. Nirekin ez bazaude, auzia eta soldaduak.

ALKATEA: Garibairekin egon beharko zenuke.

MURGIA: Ez daukat asmorik halako huskeriagatik harengana mesede eske joateko.

ESKRIBAUA: Bera ere zure premian egon daiteke.

MURGIA: Garibai, niri zer edo zer eskatu baino lehenago, goseak hilko da!

ESKRIBAUA: Oraingoan ez, kondeak bere semearen neskalaguna begiz jota omen dauka-eta.

MURGIA:... Ezkontza-gauerako?... (Ozen, alkateari begira) Zeuk eta eskribauak egin dezakezue tratua Garibairekin, nire izenean?

ALKATEA: Jakina.

ESKRIBAUA: Ez duzu zertan bere jauregira joan beharrik. Geuk adostuko genuke errekarena ezkontza gauarenagatik.

MURGIA: Izango du ausardiarik Garibaik kondeari kontra egiteko?

ESKRIBAUA: Zergena ere komentatuko diogu, kofradia guztien izenean. Eta... (Beldur antzean) Kondeari 8.000 dukat ordaintzearena ere erabaki behar da.

MURGIA:
(Haserre, bere onetik irten beharrean) Ezta marabedi bakar bat bera ere. Batere ez, entzun?

ALKATEA: Garibaik dio kondeak 8.000 dukat eskatu baditu, 6.000rekin konformatuko dela.

MURGIA: (Serio) Batere ez! Batere ez!... (Jende guztiari zuzenduz, irribarrez) Oinaztarrok, honela amaituko dugu gaurko bilera hau.

(Alkatea eta eskribaua euren gauzak jasotzen hasiko dira, eta etorritako jendea ere alde egiteeko jaikitzen da)


"Bertsoak - Hitzarmena"

Gipuzkoar ermandadekoek
dituzte lege osoak;
kondeak beretzat gura ditu
errekak eta basoak;
aurre egiten ez badiote,
sortuko dira_arazoak.

Egun handia iritsi da-ta
hitzarmena dago gertu,
azken tirabirak konponduta
eztabaidak ezin ahaztu,
iritzi asko eman da Oñatin
eta denak ezin poztu.


BOSGARREN EKITALDIA - HITZARMENA

1. agerraldia

(Agertokia Zumeltzegi dorretxearen harrera-gela izango da berriro, aurrekoan ikusi den eran jantzita. Kondea tente dago, erdian, eta beste guztiak bere atzean eta zutik. Eskribaua bakarrik dago bere mahaian jesarrita, aurrealdean bi akta-liburu dituela, eta idazteko eran)

KONDEA:... Hemen elkartu gara hitzarmena sinatu behar dugunok... Ongi etorriak zarete nire dorretxera.... Gura duenak izan du aukera puntuak aldatzeko, eta uste dut egin duguna ondo dagoela. Neuk behitzat ondo ikusten dut. Hik, Garibai?

GARIBAI: Ezkonberriena kentzeko eskatuko nizun.

KONDIA: Zer dela eta ezin dizkiet utzi nire ondorengoei neuk jasotako eskubideak?

ALKATEA: Antzinako kontuak direlako. Gure arbasoak beste garai batekoak ziren, artean Gipuzkoako ermandadeak ez zuen indarrik, Amerikak deskubritu barik zeuden, Oñatin ez zegoen unibertsitate-asmorik... Gizartea aldatuz doa, eta eskubideak eta ohiturak eguneratu egin behar dira.

GARIBAI: Derrepentean larregi aldatzea ere ez da komeni. Guk geureari eutsi behar diogu.

MURGIA: Nik ere... errekan arrantzan egitearena kentzeko eskatu nuen.

KONDEA: (Haserre) Hori onartu ezean burua moztuko nizula aginduta daukat!

ESKRIBAUA: (On beharrez) Hara, Pero Gebara konde jauna, nahi adina leku dago denontzat arrantzarako eta...

GARIBAI: Murgiak burua ondo dauka lepo gainean.

ALKATEA: Nork ordaindu behar dizkizu bestela eskatu zenituen 3.000 dukatak ba?

KONDEA: Nola? Nik 8.000 eskatu nituen. Eta gutxi zirelakoan gainera. Zer gura duzue, Oñatiko kondea gortean barregarri geratzea? Toledora edo Anberesera bazoaz, besteen tamainan ibili behar duzu, soldadu nahiz diru aldetik. Bestela etxean geratzea hobe.

ALKATEA: Oñatiarron kontura ez duzu inora joan beharrik. Gu nahikoa gara geure burua ordezkatzeko.

KONDEA: (Kostata eutsiz, bere onetik ez irteteko) Hik zer diok, Lope?

ESKRIBAUA: Oinaztarren eskaria jakina da, Gipuzkoako ermandadearen alde daudela, herritar gehienen antzera.

GARIBAI: Ganboatarrak ez gara hain setatiak. Ondotxo dakigu Oñatik kondea izateak nolako onurak ekartzen dizkion Oñatiri.

ALKATEA: Hemen gehiengoak erabaki behar du.

KONDEA: Horretara joango bagina... (Murgiari begira) Zeure maizterrak ere laster hasiko zaizue jabetza-agiriaren eskean.

MURGIA: (Ez zuelako halakorik uste) Ez kezkatu nire ondasunekin!

KONDEA: Ez zarete ohartzen inguruan ez dagoela Oñati bezalako herririk? Denak daudela gure inbidian?

ESKRIBAUA: Jakituria eta monumentu aldetik, nabarmena da hori.

ALKATEA: Baina foruen eta eskubideen aldetik berriz, barregarri hartzen gaituzte kondepekoek.

GARIBAI: Pentsatu duzue inoiz kondearengatik direla Oñatin aberastasunok, Bidaurreta eta Santa Ana, Parrokia eta Unibertsitatea? Dena bata bestearekin lotuta doala? Joan inguruko herrietara, joan Donostiara edo Gasteizera, ea non dagoen hemen baino bizimodu hobea.

ESKRIBAUA: Hori ez da egia biribila. Herriak ere makinatxo bat lan egin du oraingo egoera honetara hel gaitezen. Horregatik, neurria hartu behar diegu herritarren kargei, konde jauna. Kale Barriko sutea izan zenean ere, zuk nahikoa lan zenuela soldaduak mantentzen, eta ez zenigun ia sosik eman.

KONDEA: Azken hitza doakizue... Aurtengoz 4.000 dukatekin egingo dut, baina datorren urtean zerga-kontuak berriro aztertu beharko ditugu, eta baita hamarrenak ere.

ESKRIBAUA: Lege-kontuarena ere aztertzeko dago.

ALKATEA: Nik epaile-lanean jarraitu behar baldin badut, eta ohiko alkatearen betebehar garrantzitsuetako bat horixe da hain zuzen ere, Jaumendin duzun urkamendia kendu eta kontzejuarena ipiniko dut. (Seinalatuz) Lotsagarria egiten zaigu plazatik zure aginte-marka egunero han ikustea.

KONDEA: Jendeari nire presentzia adieraztea garrantzitsua da. Sekula ez dezatela ahaztu Oñatiko konderrian bizi direla.

ESKRIBAUA: (Traturen baten bila) Hori bide-erdian geratuta konpon daiteke.

MURGIA: (Serio, eskumarekin kondea seinalatuz) Bide-erdirik ez dago. Oñatiko herriak agintzen du, ala berak.

ALKATEA: Zergatik ez dugu kentzen betiko? Bota eta erre! Ez kondearen eta ez alkatearen urkamendirik ez litzateke gehiago herritarren begi-bistan egongo.

KONDEA: (Zalantzakor) Urtebeterako proba egingo dugu. (Eskribauari) Lope, hitzarmenean garbi gera dadila urtebeterako dela.

ESKRIBAUA: Halaxe izango da. Zaude lasai, konde jauna.

KONDEA: (Garibai eta Murgiari) Ez sekula ahaztu gizarteko egiturak bata bestearen arrimuan irauten dutela. Nireak moteltzen saiatzen bazarete, zeuenak makalduko dira hurrengo.

ALKATEA: Mondragoi eta Bergarako maiorazkoak, Azpeitiko eta Tolosako jaunak hemengoak beste badira, foruei eskerrak.

GARIBAI: (Murgiari begira) Aurtengoz... Hitzarmen hori sina dezagun.

KONDEA: Luzaroan irautea gurako nuke.

ALKATEA: (Kondeari eta Garibairi) Zuei egoera dagoenetan mantentzea komeni zaizuelako.

KONDEA: Denoi, alkate jauna, denoi... (Eskribauari) Eskribau jauna, prest dituzu hitzarmenerako kopiak?

ESKRIBAUA: Biak gertu, jauna... Bata zeuk gordetzeko, eta bestea neuk.

KONDEA: (Pozik) Nire eskribau partikularrarentzako beste bat erdaraz behar dudala.

ESKRIBAUA: Ez zait ahaztuko.

ALKATEA: Horixe ezetz...

ESKRIBAUA: (Zutituz)... Nik sinatu dittut kopixa bixak... (Kondiari begira, abegikor)... Sinatzera, lehenengo etor zaittez zeu, Pero Belez Gebara Konde jauna...

(Kondea dotore doa, pauso tentez eta patxadan. Jezarrita sinatzen du, ohituta dagoela adieraziz)

Orain Santxo Gartzia Garibai jaunak sinatuko du...

(Garibai ere dotore doa, pozik, berarentzat hitzarmen ona delakoan)

Orain Gartzia Ruiz Murgia jaunaren txanda da...

(Hau ez doa hain arpegi alaiaz, berak ez zuelako nahi kondearen esku hainbeste eskumen uztea)

Eta azkenik, Oñatiko herritar guztien ordezkaria den Juan Estibaliz alkate jauna...

(Hau ere nahiko pozik doa, baina ez lehenengo biak beste)

Eta ondoren eskatuko nizueke... (Ikuslegoari begira, agertokiaren erdi erdian)... Txalo bero bat sinatzaile guztiei, 1542ko egun historiko honetan...

(Eskribauaren atzean, Murgia ez ezik beste laurak lerroan egongo dira, eta eskuma jasoko dute jendea agurtzen)

(Hala, giro onean doaz, korua taularatzen den bitartean).


Gebaratarra kondea_zelako
mantendu gura_eskumenak,
jauntxoak ere baziren hemen
ganboatar ta oinaztarrak.
Txantxikuarron urte luzeko
borroka ta eztabaidak,
mila bostehun ta berrogeitabian
izan zituzten etenak,
baina herrian ez ziren ase
askatasun-egarriak.

Antzerkia amaitu da eta,
jende prestu ta jatorra,
etorri zaretelako denoi
benetan gure eskerra.
Hurrengoan ere asmatuko dugu
zerbait zuzen edo_okerra,
zaletasuna dugun artean
biziko da_euskara zaharra;
afalordua heldu zaigu ta
zuentzat gure agurra!

º

iruzkinik ez: