Oñatiko lagun batzuk sortutako Kultur Elkartea

2016(e)ko azaroaren 14(a), astelehena

"Korrika"

KORRIKA 17 - 2011

2011ko apirilaren 3an, Korrika 17ren barneko ekintza kultural bezala, Donostiako Doka Kafe Antzokian Gipuzkoako Euskalaketa lehiaketako, hau da euskarazko bakarrizketa lehiaketako, kanporaketa egin zen.

Bi bakarrizketa izan behar ziren, gehienez zortzi minutukoak.

Bertan Andres Zabalak eta Ana Mari Markuletak hartu zuten parte, ondorengo bi lanekin. Testuak eta zuzendaritza Iñazio Irizarrenak izan ziren.


1- IPARRA
(Antzeztokia Zozobarro Txiki ostatuko jantokia izango da. Oihala altxatzerakoan, aurreko aulkiko bizkarraldean jesarrita dago. Aulkian, etzanda, gitarra. Patxadan, eskuinarekin topa egiteko eran duen edalontzia jasoko du, abesten hasten denean).

Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

Ez ikaratu dagoen artean,
jan eta edan gaur gogotik,
hustutzen bada ekarriko degu,
berriro lehengoko tokitik.

Glu, glu, glu, glu, (Jendeari abesteko keinua eskuekin eginaz)
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

Zoragarria! Benetan gustatzen zait abesti hau gaurko moduko egunetan. Jakina, duen errepika errazarekin,
Umorea da gauzik onena,
nahigabeak ditu ahaztutzen,
uju ta aja hasi gaitezen,
euskal doinuak kantatutzen.

Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu,

(Aurreko aldean, ikusleei)


Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu… (Estreinako biak soilik abestuko ditu)

Edozeinek kanta dezake. Ez al da hola? Nik behintzat, sarritan abesten dut, eta ez dago halakorik afalostean giro alaia sortzeko...

(Edalontzia mahai gainean utzita, berriz aurrera dator)

Gaur bertan, izan dira hemen barreak eta algarak, elezahar eta esaera ederrak, amaigabeko kantu ekinaldiak… Bikainenetakoa, Zozobarro Txiki honetan izan dugun afaria!

(Ezkerrerantz bizpahiru pausu ematen ditu, argi-fokoa berarekin doala. Emanaldi guztian erabilera honek jarraituko du, jantokia maila apalago baten mantenduz)

Eta zuek galdetuko duzue... “Zertan ari duk Joxe Mari zaharra hor goian, bera bakarrik?

Badakizue zer gertatzen den?... Ia hirurogeita bat urte eduki arren, bihotz gaztea eta kementsua daukadala oraindik, eta gorputzak dirauen bitartean, aupa mutilak!

(Lasai, eta umore onean)
(Gitarra eskuan hartu ondoren, mahaira doa)

Ez daukat gaztetako ahotsik, normala denez… Orduko eta oraingo bizipozak ere, desberdinak dira… Baina Joxe Mari zaharrak azkeneraino jarraitzen du ia beti… Beti ez esatearren.

Nire gaztaroko kide gehienak, jaioterritik irten gabe bizi izan dira, apal eta baketsu. Herriko neska fin batekin ezkondu, seme-alaba mardulak ekarri, eta zahartzaroan, egunak lasai igaro.

Nolako aldea, bizimodu horren eta nik eramandakoaren artean (Eskuinarekin seinalatuz) Espainian, Frantzian, Italian, Alemanian, Portugalen, Bretainia Haundian, Argentinan eta Uruguain ere egonda nago, eta aski dela deritzot, ni bezalako euskaldun soil eta eskola gabearentzat.

Horrela ba kontuak... Txit pozik nago. Ez dakit entzunda daukazuen… Badira hiru urte Ameriketatik etorri nintzela, familia han utzita, denok batera itzultzeko dirurik ez genuelako. Eta nahiko larri aritu naiz orain arte. Beraiek han, ni hemen...

Alabaina, laster datozkit alaba biak lagun egitera, eta pitinka, guztiok bilduko gara berriz Urretxun denbora gutxi barru (Patrikatik familiaren argazki zaharkitua atera, eta ikusleei erakusten dio, Anjela emaztea eta alabak bereziki seinalatuz) Anjela maiteak eta biok zortzi seme-alaba ditugu, eta denak daude etortzeko irrikan! Berriz elkarrekin!


Gaur egun Euskal Herri guztian ezagutzen naute, (Mahai ertzean jesartzen da. Ezkerreko oina lurrean mantenduz eta bestea airean duela)... askotan jardun dudalako nire gitarrarekin “Gernikako arbola” (Akorde bat jotzen du)... eta beste hainbat abesti abesten, baina hogeita... (Eskuina burura eramanda, pentsatuz) Bai, hogeita hamahiru urte arte ez nintzen horretan hasi.

(Pozik)

Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu,
Glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu, glu.

(Edatera egiten duenean, edalontzia hutsik dagoela konturatzen da.)

Hau bukatu da, eta bete egin beharko... Berehala natorkizue. Itxaron pixka bat...

(Gitarra lehengo lekuan uzten du, kontu handiz. Edalontzia hartzen du ondoren, eta barrurantz egiten du lasai, “Off ahotsa” entzuten den bitartean)

“...Afari honetatik bi astera hil zen Joxe Mari Iparragirre, biriketako pneumonia baten ondorioz, Zozobarro Txiki ostatuan bertan.

Aldean zeraman ondasun apurrak Anjelari utzi zizkion. Gitarra zaharra, ostera, Zubiria adiskideari.

Emaztea eta seme-alabak, behartsu jarraitu zuten, Ameriketan…”

(Musika hasten den eran, argiak moteltzen doaz, erabat itzali arte)



2- OTSAILAREN 15eko GUTUNA

(Aita, jarrita dago, idazten bezala. Ohera joan aurreko erritualari jarraituz, alabari gaueroko gutuna idazten dihardu. Ia amaituta dauka. Mahaian soilik argazki-marko bat dago. Ikusleak atzeko aldea ikusten du, argazkia norena den jakin gabe.)

(Irratia ipinita dago. Ken Zazpi taldearen “Ortzemuga begietan” disko trinkoko 0.6 "Hemen gaude" abestiaren azken esaldia entzuten da, 3’ 15’’ tik 3’ 45’’-raino. Honako letra du:

... Maite genituen gauzengatik
erori ginen preso
baina gure maitasuna oraindik
ez dago preso, ez dago preso...
)

(Aitak irratia itzaltzen du, eta zutitu ondoren mahaiaren aurrera dator, gutuna irakurtzera doan eran. Irakurtzen hasten da)

Otsailaren 15eko gutuna... Gabon, alaba maitea...

(Apal)

Zer moduz? Dena ondo? Patioa tokatu zaizunean, eguraldi ona izan duzu?

Ahaztu baino lehen, goraintziak Jon Ander eta Maiteren partez. Eta Agurtzanek besarkada handi handi bat bidaltzen dizu. Eta mila musu… Pediatrarengandik zetorren bere alabatxoarekin. Oso polita… Kontuak egiten dizkienei irribarrez erantzuten hasia dago.

(Alde batera eta bestera dabil, lasai, patxadan)

Atzo ere komentatu nizun… Atzeko Kaleko lanak hasita daude. Oinezkoentzat jarri nahi dute goiko aldea, eta amaieran dotore geratuko ei da… Makina bat buruhauste sortu dute lanok dagoeneko. Norabideak aldatu egin dituzte, eta bertakoak ez diren gidariak nahastuta dabiltza.

Igandean amari ipini nizkion loreak primeran daude. Eguerdian izan naiz, eta zutaz ere hitz egin diot, jakina. Bihar ur apur bat botako diet, hobeto mantentzeko.

Gaurko egunkariak azalean dakarren argazkia ezohikoa da. Lau atzerritar ageri dira, Brian Currin eta bake-prozesurako beste taldekide batzuk, “Nazioarteko Harreman Taldea” osatzen dutenak … Egunkariko titularrak honela dio: “Bakerantz laguntzeko gertu”...

Laukoteko bata emakumea da, Nuala O´Loan baroisa... Inoiz entzun gabe nuen izen hori, Nuala. Zuri ezaguna egiten zaizu? Emakume jatorra dirudi. Egunkari-azalean irribarrez ageri da. Barruan, seigarren orrian garatzen dute berria, eta beste bi argazkietan ere ageri da, lasai, tenple onean. Datorren asteko bisitan eramango dizut.

Gaur prentsaurrekoa emango dutela dio egunkariak. Ingelesez izango da... Ikasketa guztiak erdaraz egitea derrigortuta geunden nire belaunaldikoek, eta kostata ailegatu naiz gure euskara maitean idazten jakitera… Baina euskalakari soila naiz, ordea... Bestela, pozik joango nintzateke Bilboraino hauei entzutera.

Hiru edo lau gai omen dituzte agendan, eta zuen egoerarena ere horien artean dago… Bihar kontatuko dizut zehatzago... Laster dator udaberria... Ea denontzat den!

(Apal, begiak beteta)

Egun bat gutxiago falta da hurrengo larunbateko bisitarako... Irrikaz nago berriro zu besarkatzeko.

(Ia negarrez)

Agur maitea... Nire bizipozik handiena izaten jarraitzen duzu...

(Mahaira hurbiltzen da, begiak beteta, azken bi letrak idaztera, zutik. Amaitutakoan, berriro irakurriz, goibel)

Eutsi goiari...

(Mahaian dagoen alabaren argazkiari musu bat ematen dio, goxo... Negar malko bat ateratzen zaio.)

(Lehengo irratitik, Ken Zazpi taldearen “Ortzemuga begietan” disko trinkoko 0.8 "Itsasoa gara" abestiaren azken esaldia entzuten da, 4’ 11’’ tik 4’ 40’’-raino. Honako letra du:

... Eta ez galdetu inoiz zer galdu genuen
negar egin genuenean
malko haiei esker
orain itsasoa gara...”
)

(Abestia amaitzen denean, aita badoa, astiro.)


iruzkinik ez: